top of page

Izara beltzeko izarrak

LITERATURA

ETA ZINEMA BELTZA ESKUTIK

aitzinekoak...

XX. mendeko 30eko hamarkadan, AEBetan sortu zen nobela beltzak alimaleko arrakasta izan zuen. Irakurleen harrera bero horren arrazoien artean bi hauek nabarmentzen ahal dira:  garai hartako egoera sozial eta politikoari egiten zion kritika zorrotza eta ukitzen zituen gaien egungotasuna.

​

Literatura mota horren arrakastak, nola ez,  garai hartako zinema-zuzendari eta ekoizleen arreta piztu zuen, eta Hollywood horietako nobela anitzez baliatu zen bere filmetarako, zinema beltzaren iturri oparoena bilakatzeraino. Interes hori justifikatzen duten arrazoien artean  aipatutako biak daude, baina badira bertze hainbertze: lehenbiziko pertsona erabiltzea; denboran egiten dituen jauziak; “zinematografikoak” deitzen ahal ditugun  muntaketak; agertzen diren  elkarrizketa azkar, zuzen, ziztatzaile eta zorrotzak, edota narrazioak zatikatuak izatea. Baina, arrazoi gehiago ere badira: pertsonen portaera erakusten dutela; ekintzetan oinarrituta daudela; polizia-txosten itxura hartzen dutela; gertakizun baten kontakizun garbi, azkar eta laburrak direla, edo, erabiltzen diren eremu, ekintza eta mugimenduak zinema-lenguaia errazten dutela.

​

Nobela beltza zinemara moldatzerakoan, generoaren mamia, alegia, istorioen anbiguotasun morala eta kritika soziala errespetatu egiten da. Hortaz, ongiaren eta gaizkiaren arteko mugak lausotu egiten dira errealitate kriminal baten aitzinean. Eta, noski, bere pertsonaia ikonikoak ere mantendu egiten dira: errekurtso gutxikoa, baina argia den detektibea; arropa estu, gerruntze lirain eta adats luzeko emakume erakargarri eta manipulatzailea; eta, nola ez, seduzitua izanen den  gizon-objektua, pasioen jostailu izateak gizon-biktima bihurtuko duena.

Bertzalde, elkarri lotuta egin duten ibilbide horretan, nobela eta zinema beltzaren historia batera aldatzen joan dela erraten ahal dugu. Nobela beltzaren abiapuntua, krimena, sexua eta indarkeria guztiz agerikoa den “hard-boiled” (gogortu artio egosia) liburuetan aurkitzen dugu; baita gangsterrei buruzko nobeletan ere. Hala ere zinemara egokitu ziren lehendabiziko errelatoak “crook story” (gaizkileen istorioak ) izenekoak izan ziren. Honen erakusle garbia William R. Burnetten  High Sierra nobelan oinarrituta, Raoul Walshek  1941ean egin zuen izen bereko filma dugu, gangsterren garaiaren akabaila xarmanki islatzen duena. Film honen gidoia John Hustonek idatzi zuen, eta ondotik, Dashiell Hammeten Maltako belatza nobelaren filmaketa zuzentzeko enkargua jaso zuen. Aditu aunitzendako pelikula hau izan zen zinema beltzaren aro klasikoari  hasmenta eman ziona. Film honetan agertzen da lehenbizikoz zinema beltzean hain esanguratsua izanen den detektibe gogor eta berekoiaren pertsonaia ; baita emakumearen estereotipo berri bat ere, “emakume fatala”, aunitzetan bere aurkari maskulinoari protagonismoa ebatsiko diona.

​

1944. urtetik aitzin, aliatuek II. Mundu Gerra irabazi zutelarik , nobela beltzaren gaien muina aldatu egiten da eta korronte  berri bat sortzen da, jende arrunten kezkak azaleratzen dituena. Analisi soziala alde batera utzita, hiltzaileen prozesu psikologikoak ikertzen dira (ez ahantzi  psikoanalisiaren garapenaren garaian gaudela). Hor dugu adibide gisa Otto Premingerren Laura filma (1944), Vera Casparyren izen bereko nobelan oinarritua, edo Billy Wilderren Double indemnity (1947), James M. Cainen nobelaren egokitzapena.

​

60ko hamarkadatik aitzin, literatura beltza, eremu ezberdinak berenganatu, eta genero desberdinekin nahasten da. Ondorioz, bere oinarrizko bereizgarriak ( erailketa, biktima, ikertzailea, suspensea eta ikerketa bera) disolbatzen dira eta idazle berrien eskutik ( Chester Himes, Donald Westlake, Bill Pronzini…), morfologia desberdineko nobela eta film gidoiak sortuko dira. Poliziek bertze irudi bat izango dute. Hondarreko urteetan izen ona galduta, orain pertsona apalak, nabarmenki demokratak edota arruntean frustratuak izango dira. Horren adibidea dugu Robert Pikeken Mute Witness nobelan agertzen direnak. Eleberri hau Peter Yatesek, 1968an, Bullit izenarekin filmatu zuen. Protagonistaren pertsonaia ere aldatuko da; orain artio irlandar, heterosexual arraza zurikoa izan bada, hemendik aitzinerat beltzak ere aurkituko ditugu (Chester Himesen nobeletan, adibidez); baita juduak edota homosexualak ere. Umorea edo sarkasmoa ere gehitzen zaio, erraterako, John Godeyen Never put off till tomorrow what you can kill today ( Ez utzi biharko gaur hil dezakezuna) nobelan . Gainera, zineman, kolorea eta teknologia berriak agertuko dira; baita indarkeria, sexu agerikoa, remakeak, retro gustua, serie-hiltzailea... ere. Horren erakusle bikaina dugu James Ellroyren nobelan oinarritutako Curtis Hansonen L. A. Confidential (1997) filma .

​

Zinemarendako ez da aski zuzendari, argazkilari eta aktore onak edukitzea. Bere intrigentzako egitura berezia, eta  elkarrizketentzako etorria behar du; horretarako, idazle apartak ezinbertzeko ditu. Tamalez, bere lan ikusezinarengatik, ikusleak gidoilarien ekarpena ez du aintzat hartzen , baina benetako zaleak ezin du ezikusiarena egin W.R. Burnett, Horace Mc Coy, Raymond Chandler, James M. Cain, Jonahtan Latimer eta bertze idazle anitzek zinemarako egindako lanaren aitzinean .Gainera, idazle hauen egoera Hollywooden “ezbehar” luze baten historia tristea izan  da. Zinemaren industriak filmak bere nahierara aldatu edo laburtu dituelakoz, eta zentsurarekin hamaika arazo izan dutelakoz. Mirari bat da bere nobelen egokitzapenekin kontent dauden idazleen adierazpenak aurkitzea. Arrangura ohikoagoa da.

​

Krimena gure bizitzaren atal saihestezina eta literaturaren gai indartsu bat da. Horregatik, nobela eta zinema beltza gaur egun ere eskutik eta arrakastatsu jarraitzen dute. Ez du literaturak indarkeria asmatu. Intzestua, ustelkeria edo anbizioa arruntak dira gaur egungo jendarte kapitalista honetan. Munduan dagoen justizia gabeziarengatik, poliziari diogun beldurrarengatik, edota boterearen mintzo gezurtiarengatik biolentziak idazle eta zinema zuzendariendako inspirazio iturria izaten segitzen du. Baina harrigarriena ez da hori, harrigarriena da jende gehienak gai horiek biziki maite dituela, eta horrek generoaren etorkizuna bermatzen duela.

​

​

​

​

​

​

​

Hoberenak

​

Double Indemntity

​

Femme Fatale

​

Chinatown

​

Liluragarriak

​

Gilda

​

Zuzendariak 1

​

The big heat

​

Zuzendariak 2

​

The big sleep

​

Film noir-aren zirrikituak

​

Zuzendariak 3

​

Kareletik

​

Touch of Evil. O. Welles

Argazki

beltzak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page