top of page

Argazki

beltzak

Lehen film beltza? Gehienentzat bai,  bederen.

 

Film beltz eredugarrienetako bat? Zalantza gutti dago hemen.

 

Film beltz hoberena? Ba ote da hoberenik?  Tira, adituendako ikusi beharrekoa, zalantzarik gabe. I

 

ZARA BELTZAREN IZARRAK atal honen  estreinaldian, film bikain hau aipatzea ezinbertzekoa iruditzen zait.Zergatik? Esanguratsua eta ahantziezina izateko hainbat osagai dituelako. Baita, erran bezala, lehenetakoa delakoz ere.

 

Filma  nobela beltzeko idazle  handienetako baten (Dashiell Hammett ) idazlanik ezagunenenean oinarrituta dagoelako.

 

Zuzendari eta gidoilaria John Huston maisua delako .

 

Aktore nagusien artean Humphrey Bogart, Mary Astor eta Peter Lorre daudelako. Gehiago behar?

 

John Huston zuzendari askorentzat (Wyler, Hawks edo Walhs tartean) gidoiak idazten hasi zen zinemaren munduan.  1941ean bere film propioa zuzentzeko tenorea zela erabaki zuen. Horretarako, Hammetten “Maltako belatza” eleberri beltza aukeratu zuen.Nobela honetaz baliatu zen berak idatzitako gidoia Warner Bross ekoiztetxeari eskaintzeko.Ondoren, aurrekontu txiki batekin filma egiteari ekin zion.

​

Sam Spade detektibea gorpuzteko Humphrey Bogart, artean aktore ia ezezaguna, aukeratu zuen. Bogart, urte berean, gangsterren filmen eta film beltzen artean zubia egiten duen High Sierra (Raoul Walsh ) pelikulan izan zen protagonista estreinekoz.Beraz, Maltako belatza  pelikulan izan zuen bere bigarren protagonista papera. Bogarten lanak antiheroi berritsu, zorrotz eta zinikoaren pertsonaia finkatu zuen ondorengo film beltz guztietarako. Hurrengo urtean, Casablanca (Michael Curtiz) pelikulan, pertsonaia bera biribildu  eta  Hollywoodeko gailurrera iritsi zen.

 

Hortaz, film berean, zinemaren historian izugarrizko ospea izango zuten zuzendari eta aktorea elkartu ziren, euren karrera arrakastatsuari hasmenta emateko.

 

Mary Astor primeran dago zinemaren historiako lehenetako femme fatalaren pertsonaian.

 

Peter Lorrek ere lan bikaina egiten du bere pertsonaia limurtzailea jokatzen, urte haietako pelikuletan disimuluan agertu behar ziren homosexual haietako baten paperean.

 

Filma erabat interesgarria, hipnotikoa eta erakargarria da  duen suspense bikainarengatik. Erritmoa, berriz, lasaia da,  horrela eskatzen duelako narrazio korapilatsuak, non jendartearen alde beltzena argiratzen den gordinean, samintasun eta ezkortasunez.

 

Pelikula Sam Spade San Frantzisko iriari bizkarra emanez hasten da, filmeko  lehen zigarreta liatzen ari dela emakume liluragarri bat  bulegora sartzen zaionean. Honen ahizpa bizizale ingeles batekin desagertu da eta non dagoen jakin nahi du.Hortik gezur, hilketa eta lapurretaz beteriko istorio korapilatsu bat abiatzen da, non era guztietako gaizkileek altxor baten jabe izan nahi duten. Spade baliatu nahi dute denek euren probetxurako, baina honek bizirik jarraitzeko ahaleginean, egoerari etekin gehiena ateratzen saiatuko da.

 

Filmak, oraindik ere,  garai bateko indarra eta mingostasuna helarazten ditu, zazpi hamarkada igaro diren arren. Pelikulan agertzen diren pertsonen morala zikina da. Ez dago ez onik, ez gaiztorik ; inor ez da inoren lagun ;  sosa, alkohol zurrutada edo zigarreta bat baino haratago ez dago deus.Zerbait gordetzen dute beti pertsonaiek, ez dira inoiz egiazaleak.Hori adierazteko etengabe erabiltzen dira enkuadre zoragarriak, argiztapen espresionistak eta argi-itzalak.

 

Akitzeko bitxikeria bat: filmaren sekuentzietan plano pikatu eta kontrapikatu anitz erabiltzen dira Bogarten pertsonaia mitifikatzeko eta handiesteko, baita bere garaiera txikia ezkutatzeko ere.

​

​

 

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page