top of page

ARNALDUR ETA ERLENDUR

                        Reykjavikeko komisaldegi nagusiko Erlendur Sveinsson ikertzailearen konpainian ezagutu nituen Islandiako paisaiak, jendeak eta ohiturak, hango herritaren marrazo hartzituarekiko gostu neurtu ezina barne, brennivin xorta batez lagundurik alabaina.  Nobelaz nobela, deskubritzen den gizon berezia da, isila, tematia, memoria handikoa eta bere haurtzaroan elur galerna baten karietara, anaia txikia desagertu izanaren errua ekartzen duena bihotzean zama antzera.

 

                        Eramaten dituen inkestak oro egiazki interesgarriak dira, Islandiako lurrak senditzen baitira bizidun zaurituen haragietan zartatzen, krima mutuetarainoko minak eragiten, egoera familiarrak nahasten eta istorio zahar kasik ahantzien urmaela zizkolatsuak inarrosten, aipatzen ez diren gertakariak irakurlearen begi pera aurtikitzeko bezala, jakin dezan, guzti-guztia!

 

                        Erlenduren asmatzailea, Reykjaviken kokatzen den Arnaldur Indridason idazlea da, historia ikasi eta kazetaritzan zaildua. Islandia erdi mortuaren maneran, haize indartsuek biluzi estiloa erabiltzen du: lurraldearen eta idazkeraren arteko ezkontza ezinbesteko hori miresgarria zait, literatura, beltza izanagatik, hizkuntza ere baita, hizkuntza baino ez funtsean.

itxaro borda

Argazki

beltzak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page