top of page

Nola sortu kriminal bat (nahi gabe) I

Edurne Elizondo

PUSKA

BELTZAK

Izen bereko mahai ingurua antolatu genuen 2025eko ilbeltzean eta Edurne Elizondo kazetari gisa aritu zen. Aspaldi ikasi genuen errealitateak fikziorako pistak ematen dituela. Hontakoan berriz, komunikabideetan kriminalak nola sortzen diren erakutsi zigun Edurnek. Hauxe duzu orduko laburpena:

​

Hedabideek zer erran handia dute kriminalak sortzeko prozesuan. Arra-zis-hetero-patriarkatuaren pean bizi gara, eta botere harremanek zehazten dituzte kriminalak sortzeko prozesuak, bai eta kriminala botereduna denean ere, haren jarduera zuritzeko prozesuak. Kriminala botereduna denean, hedabideak isildu egiten dira. Nagore Laffageren kasua da horren adibide: Jose Diego Yllanes Opuseko psikiatrak hil zuen Laffage, baina hedabide batzuetan datu hori ez zuten aipatu ere egiten, eta, are, epaiketa gertatu arte, ez zen haren irudirik zabaldu.

​

Bertzelakoa da egoera kriminala zapaldutako kolektibo bateko kidea denean. Gertaerekin batere loturarik ez duten xehetasunak zabaltzen ohi dira. Pertsona migratzaileen kasuan, haien jatorria nabarmentzen da, delitua kolektibo osoarekin lotzeko asmoz. Kriminala pertsona arrazializatu bat denean, pertsona arrazializatu guztiak bilakatzen dituzte arduradun; kriminala pertsona zuri bat denean, berriz, pertsona horrek du, bakarrik, egin duenaren ardura.

​

Sentsazionalismorako joera dute hedabide anitzek, eta Polizia erabiltzen dute iturri gisa, bertsio ofizialari erabateko zilegitasuna emanez, eta inolako jarrera kritikoa erakutsi gabe.

​

Ingurumenaren esparruan, ekoterrorismoaren auzia hagitz deigarria da. Aroztegiko auzipetuen kasuan ere, ingurumenaren eta lurraren defentsan ari diren arren, kriminaltzat jotzen dituzte. Gizakiz bertzeko animalien eta ingurumenaren alde ari diren ekintzaile anitz jo dituzte ekoterrorisatzat. Ekoterrorismo hitzak zama astuna du atzean. AEBetako Merkatu Askearen Defentsarako Zentroko presidenteorde Ron Arnoldek asmatu zuen, 1982. urtean. 1991. urtean, argi utzi zuen Arnoldek bere asmoa zein zen, The New York Times- en argitaratutako adierazpenetan: "Gu ailegatu arte inork ez zuen uste ekologistak arazo bat zirela. Gure helburua da mugimendu hori suntsitzea eta desagerraraztea". Argi utzi zuen ingurumenaren eta animalien aldeko aktibistek arlo horretako industriari kalte egiten ziotela. Eta bazter utzi behar zituztela.

​

Andy Stepanian estatubatuarrak hiru urte eman zituen Ameriketako Estatu Batuetako espetxe federal batean. Hiru urte kartzelan, webgune batetik animalien eskubideen alde lan egiteagatik. Andy Stepanianek eta bertze bost pertsonak zigor hori jaso zuten, animaliak erabiltzen dituen Huntingdon Life Sciences (HLS) laborategien aurkako boikota bultzatzeagatik.

​

Espainiako Estatuan ere izan da animalien aldeko ekintzaileen aurkako errepresioa: Euskal Herriko, Espainiako eta Galiziako hogei pertsona baino gehiago auzipetuta daude 2011. urteko udan hasitako prozesu batean. Galizian jarri zen martxan operazio hori. Ustez bisoi amerikarrak askatzeko hainbat ekintza antolatu izana egotzi zien epaileak Equanimal eta Animalien Berdintasuna taldeetako aktibistei. Hasieratik, "poliziaren azpijokotzat" jo zuten atxilotuek haien kontrako operazioa. Azkenean, auzia artxibatu egin zuten, baina bertze animalien aldeko mugimendua nabarmen moteldu zen. Izua zabaldu nahi zuten, ekintzaileak kriminalizatuz, eta lortu zuten, neurri batean.

​

Hainbat kolektibok egin dute desobedientzia zibilaren alde Euskal Herrian, eta jasan dute euren jardueraren kriminalizazioa: intsumisoak, Itoitzekin Solidarioak, AHTaren aurkako ekintzaileak... Intsumisoen kasuan, gizartean lortu zuten babes zabalak eragin zuen mugimendu horren aldeko iritzi publiko bat, eta, azkenean, derrigorrezko soldaduska bertan behera uztea. Halere, bidean prezio garesti bat ordaindu zuten intsumisoek: espetxea ezagutu zuten anitzek; batez ere, Nafarroan.  Itoizko urtegiaren kontrako ekintzaileek ere badakite espetxea zer den. Badakite, halaber, kriminalizazioa zer den. Nafarroako eta Espainiako gobernuak hasieratik saiatu ziren herritarren arteko gatazka pizten, eta solidarioei buruz erraten zuten langileen interesen kontra ari zirela, eta Erriberako herritarrei ura ukatu nahi zietela. Ekintza buruten politika ezarri zuten, eta legeak aldatuz, eta kontrako sententziei muzin eginez, urtegia eraikitzea eta betetzea lortu zuten. Nor da kriminala? Lurra defendatzen duena ala suntsitu egiten duena?


AHTaren kontrako tartalarien kasua ere esanguratsua da. Yolanda Barcinaren kontrako tartakadengatik, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zituzten, eta bi urteko espetxe zigorra ezarri. Gisako ekintzak falta hutsak izan ohi dira edonon. AHTaren aurkako ekintzaileei, baina, aginteari atentatua egotzi zieten.

Logika berarekin ari dira Aroztegiko auzipetuen kontra ere: herriei hitza kendu diete, ingurumenaren aldeko ekintzaileak kriminalizatu egiten dituzte, interes ekonomiko jakin batzuen alde egiteko. Gizartearen babes zabala behar da logika eta dinamika horiek apurtzeko. 
 

aitzinekoak...

JIM THOMPSON

NERE BAITAN

      Miel.A. Elustondo

 

NOBELA BELTZA ETA

SINESGARRITASUNA

             Jon Alonso

 

BELTZ GUZIAK EZ DIRA BELE

( Gotzon Garate oroimenean )

       Miel A. Elustondo

​

​

ILBELTZEKO HITZ

BELTZAK

       Itxaro Borda

 

SINESGARRITASU-NAREN AUZIAZ, BERRIZ ERE

             Jon Alonso

​

​

BELTZA GENEROARI BEGIRA,....

             Irati Jimenez

​

LANDA EREMU

BELTZAK

             Itxaro Borda

​

HOLLYWOODEKO ARGI -ITZALAK

            Xabier Olarra

​

MIRANDE BELTZA

            Amaia Elizalde Estenaga

​

DAMIAN ARRUTI

            Gorka Arrese

​

PANDEMIAK ETA LITERATURA - I -

            Danele Sarritugarte eta Elixabete Garmendia

​

PANDEMIAK ETA LITERATURA - II -

            Anjel Lertxundi

​

GAIZKILEAK (H)ILBELTZAN -

            Beñat Hach Embarek Irizar (ZuZeu)

​

MARGA ANDURAIN

            Ainize Madariaga

​

AMAIUR BAT URTERO            Jon Alonso

​

EUSEBIO ERKIAGA

            Miren Agur Meabe

​

BATZARRETIK AKELARRERA

Asisko

 

LEON DE ARANIBAR

Juainas Paul Arzak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page