​
​
“IMAJINATZEN DUT pandemia batek segurtasun falta totala eragiten duela, etsipena barreiatzen, duintasuna abolitzen. Nik, behintzat, halako izurrite pandemiko bat imajinatu nuen Otto Pette girotzeko. Iraganaz idazten dugunean ere, gaurtik idazten da. Gaur dakigunetik, ez garai hartan zekitenetik. Nahi izango ez bagenu ere, gaurko begiradak beti aurkitzen du bere neurriko behatxulo bat aspaldiko auziak kontakizun bihurtzerakoan”, idatzi nuen pandemia baino urtebete lehenago (FORUM hitzaldiak, 2019).
MUNDUA EZ DA JADA IZANGO pandemiarik ezagutu ez bagenu bezalakoa. Sekulako errepasoa ematen ari zaigu koronavirusa. Gure tokian jartzen. Gutariko bakoitzak heriotzaren hurbila sentitu du gizabanakoa diluitzen ari den masa akritikoaren zilborrean.
Nondik datorren ez dakigun hats hotz bat garondoan.
Noiz bukatuko da amets beltza?
Birusa menderatu eta hainbat urtera ere (menderatuko genukeen kasuan) sinetsi nahi ez genuena sinesgarriagoa izango zaigu, larrutik probatu dugulako: uste genuen baino hauskorragoak gara.
Esaten dugu –aitortzen dugu– hauskortasunaren kontzientzia jaio (edo esnatu?) zaigula gure barruan. Hala ere, memoria selektiboa baita…
JAKITEZ, bagenekien izurriteak, plagak, pandemiak ziklikoak direla. Naturak ekarriak. Zientzialariek gertagarritzat jotzen zuten pandemiaren bat, eta iragartzen ere ari ziren laster ezagutuko genuela bat. Hemen dugu. Pandemiaren aurrean erakutsi izan dugun gure jarrera, sarritan arduragabea eta ez batere solidarioa, ezin zaio halabeharri egotzi, mundua kudeatzeko gure baldarkeriari baizik. Manipulazioa, arerio politikoen kontrako arma, autoritarismoa, balizko errudunen ehiza, solidaritate falta, txibato lana…
Gu kutsatzeaz gainera, pandemiaren eraginetako bat da gure kontraesanak ipurdi bistan jartzearena. Naturak, haserretzen denean, badaki gu biluzten.
BATEK DIO: “PANDEMIA EZ DA INFERNUA, pandemiaren gure kudeaketa baizik”. Lagunak zuzentzen dio: “Pandemia infernua da, pandemiaren gure kudeaketak indartua”.
Ez dira ados jartzen.
NEGAZIONISTA BAT ezagutu nuen atzo: eguzkiaren existentzia ukatzen zuen berorik ez pasatzeko.
FERNANDO FERNÁN GÓMEZEK jokatzen duen pertsonaiak honela diotso José Luis Cuerdaren “Tximeleten hizkuntza” filmeko mutil koskor bati:
“Infernua ez dago gure munduaz haraindi. Gorrotoa, krueldadea, hori da infernua”.
​
BIZITZARI ZENTZUREN BAT emango liokeen bizitzeko aukera bat: infernuak hartu gabeko eremuak babesten saiatzea. Florentziako gazte batzuk Fiammetta jauretxean bildu ziren. Kontu kontari pasatzen zuten denbora, hamar egunez hamarna ipuin kontatu zioten elkarri. Literatura, izurritearen kontrako antidoto.
​
Ipuinon bilketak Dekameron aparta utzi zion geroari. Sufrimenduari ihes egiteko modu bat? Bai eta ez. Bocaccioren hitzaurreak garbi uzten digu helburua: “irakurleen penak distraitu nahi ditut istoriookin”. Literaturak, besteak beste, oinazea arintzen du.
Horrelako zerbait egin omen dugu gutariko askok konfinamendu garaian.
​
HAINBAT PANDEMIA
​
Justinianoren izurria, 541-542, Eurasian. 25-50 milioi hildako
Izurri Beltza, 1347-1351, : 75 - 200 milioi hildako
Baztanga, 1520, Europa eta Amerika: 56 milioi hildako.
Gripe espainiarra, 1918-1919, mundiala: 40-50 milioi hildako
VIH/SIDA (1981 - gaur arte), mundiala: 25-35 milioi hildako.
Ébola pandemia, 2013-2016an, mundiala. 11.323 hildako
Covid 19 pandemia, 2019-…, mundiala. 5.100.000 hildako.
​
“ESPEZIEN SUNTSIPENA, habitat naturalen galera eta klima aldaketa eragiten dituzten indarrek berek eragingo dituzte pandemia berriak etorkizunean.” (IPBES, Bio-dibertsitateari buruzko Gobernu arteko plataforma).
GERRA BAT PIZTU BERRI balitz bezala zen: hiztegi belikoa zerabilten osasun-adituek, politikari eta kazetariek, jendeak; momentu haien eszena hunkigarrienak jasotzen zituzten hedabideek; giharrak eta bihotza, batez ere bihotza. Leher egiteraino (lehertzeraino) egiten zuten lan gure osasun zaintzaileek. Gerra berriko heroiek. Dena zen onezia, dena zen adore eta energia, gogotik iraun zuten diziplinak eta egoera gainditzeko esperantzak. Ematen zuen nobletasun halako bat jabetu zela gutaz.
Konfinamendua bukatu zenean, hainbatek gerra bukatu balitz bezala hartu zuen arnasa, eta ez tregua baten moduan. Maiatzetik hasi eta Gabonak arte, uda barne, hesiak jarri zituzten hondartzetan sartzeko. Suizidio kolektibo baten ataria ematen zuen eszenifikazioak. Baina hesiek iradokitzen zuten eszena makabroa kenduta, ezer gutxik adierazten zuen benetako egoera: hesiaren alde bateko hondartzak, gainezka; hesiaren beste aldeko terrazak, malekoiak, kaleak eta herriko plaza mukuru. Ero-festa baten anfiteatroa ematen zuen errealitateak. Momentu batean musukoak ia guztiz desagertzeraino, eta musukoekin, segurtasuna.
Baina udaberriko pozaren hostoa laster zen udazkeneko orbel.
Eskarmentua irakasle txarra da nonbait, eta giza borondatea, aldiz, pattala.
​
“NIRE GURASOAK orain hilabete pare bateko haiexek al dira? Gurekin etxean, gurekin ikasten, gurekin jolasean, gurekin kezkatuta. Serio-serio hitz egiten digute gertatzen ari denaz; heriotza eta gaixotzeko arriskua aipatzen dizkigute. Auzoko aitona bat hil dela; osaba lanik gabe geldituko dela seguru asko; dena bukatzen denean, jende askok problema larriak izango dituela. Guk ere bai. Uste dute ez garela enteratzen, baina gertatzen dena da orain bi hilabeteko inozentzia galdu dugula. Mundua aldatu zaigu kolpean. Edo, hobeto esanda, beste modu batean hasi gara begiratzen gurasoei, munduari”.
HIL DA HALAKO, joan da urlia. Eta jakin ez ditugunak.
Hilobiak oraindik fresko daude, baina zifren metek ez dute jada izutzen. Ez dute Erdi Aroan hildakoekin osatzen zituzten su-meten eragin koertzitiborik. Hil-kanpaiak iristen ziren hiri osoko eliza guztietako kanpandorreetatik. Exorzismotik asko zuten suak eta hil-kanpaiek. Espiaziotik ere bai.
Espiazioa, guk? Zer egin dugu gaizki? Zer ikusia dugu guk etorri zaigun patukeriarekin?
BA OMEN DATOZ TXERTOAK eta denak kontent. Infernuaren erdian, baikortasunari dei.
Cacambok, Voltaireren Kandido nobelako morroiak, baikortasun hitza entzun du. Lehendabiziko aldia da, berria zaio guztiz.
“–Zer da baikortasuna? –esan zuen Cacambok.
“–Helas! –esan zuen Kandidok–, dena gaizki doanean ongi dagoela baiesteko lehia duk”. (Ibon Sarasolaren itzulpenean).
​
SEKULA BURUTIK PASATU izurrite batez idaztea, harik eta Otto Petterekin gurutzatu nintzen arte burutazioen labirintoan. Erdi Aro lauso batean kokatu nahi nuen nobela, eta, ideiak artean lanbro huts zirenean, garbi neukan nobelak boterea izango zuela ardatz. Otto Petteren ardurapeko ziegetan izurria barreiatu da. Otto Pettek bere alde erabiliko du bere erruz gertatutakoa:
​
“Izurriteaz zerbait zekiten sendagile, barber zein zorne-sendatzaileek esandako oro aztertu nuen […] katedraleko dokumentu eta pleguen artean”. Horixe egin nuen neuk ere. Informatu, bildu, bildutakoa egokitu. Material hark guztiak konbentzimendu bat txertatu zidan: epidemia guztien kontakizuna beti bera da oinarrian, bai gaitzari dagokionez, baita gizakion psikologiaren zurubiko goi-beherakoetan ere. Morfologia aldatzen du birusak, ez izaera. Mutazioak bihurtzen du hain arriskutsu, baina gu ez gara mutatzen: txertoa bilatzeaz kanpo, botereak –guk emana– beti berdin erantzuten du: interes propioz, elkar hartu gabe. Eta birusa garaile ateratzen da. Ezagutzen den mikroorganismorik txikiena eta bakunena nagusitzen zaio unibertsoaren zilborra omen garenoi.
Fikziozko izurriaren hurbilak ez ninduen kutsatzen, egoera eta erreakzio latzenak bilatzen nituen kontakizuna indartzeko, ordenagailutik jaiki bezain laster bukatzen zen biktimekiko enpatia. Nire imajinaziotik irtendako eszenaren batek harrapatzen ninduenean, emozioa estetikoagoa zen etikoa baino, salbu tortura bezalako eszena mingarrienetan. Fikzioa zen. Izurria –gosea eta gerra bezala– liburuetan eta fikzioan ezagutzen nuen. Nork esan behar zidan ez nuela mundualdia bukatuko pandemia bat larrutik bizi gabe?
Bera da orain gure egunerokotasunaren plaza, konfinatuta bizi naiz etxean, kutsaduraren kezkak bizi nau, ezin ditut maite ditudanak besarkatu, telefono-deiak jasotzen ditut halako laguna hil dela edo halako senidea larri dagoela esanez.
Arrisku-taldean omen nago.
​
DEFOEREN IZURRIAREN URTEKO EGUNKARIA hartu dut apal haustu batetik. Laster topatu dut bila nenbilena:
“¬–Gaita-jotzaile gizagaixoa naiz. Non nago?
“–Non hagoen? Ba, begira, hilotzen gurdian hago, eta lurperatu egin behar haugu. “–Baina ni ez nago hilda, ezta? –jakin nahi izan zuen gaita-jotzaileak”.
Hilean bizian bezala dago gaita-jotzailea hildakoen gurdian. Izurriak jotako hil hurren bat da? Zoro buru-ments bat da, hildakoen erdian lo egoteko? Total hordi dago akaso? Beharbada bai, beharbada hori guztia da. Gaita-jotzaileak berak aitortu ez du ba gizagaixo bat dela? Baina bizirik daudenek begiratzen duten moduan zuzendu ditu begi gorri buiatuak bere ingurura: eta ikusi duena da hilotzez inguratua dagoela gurdi barruan. Eta ikusi ditu gurdizainak ere, izurriz kutsatzeko beldurrez. Eta ikusi du handik hurbil dagoen hilotz-meta sekulako bat sutan.
​
Izuz zur dago gizona.
​
Momenturik txarrenean tokirik desegokienean egokitu izana da gaita-jotzailearen tragedia. Gurdian dauden hilotz guztiak ere ez al ziren gaixotu momentu txarrenean tokirik desegokienean kutsatzeagatik? Ez zuten ezer egin, ez zuten ezeren errurik, ez zuten ulertzen zergatik tokatu zitzaien izurriaren biktima izatea. Hilda daude.
​
Gaita-jotzailea dardara batean dago, izuaren ahoan, argitu ezinik bizion aldean ote dagoen ala arima alderraien eremuan.
–Baina ni ez nago hilda, ezta?
​
​
“[RIEUX DOKTOREAK] haurraren garrasia ahulagoa zela igarri zuen, geroz eta ahulagoa zela isildu egin zen arte. Inguruan aiene-hotsa berriro hasi zen, baina apalxeago, eta amaitu berria zen borrokaldiaren urruneko oihartzun modura […]. Aho zabalik, nahiz eta mututurik, haurra nahasitako maindireen hondoan zetzan, bat-batean urriturik, aurpegian malkoen arrastoa ageri zuela.
“Paneloux [apaiza] ohe ondora hurbildu zen eta bedeinkapen seinalea egin zuen. Gero jantziak jaso eta irten egin zen erdiko pasilotik. [… … …] “Rieux aretotik irteterakoan, hain pauso azkarrez zihoan, eta halako itxura zeraman, ezen Panelouxen ondotik pasatzerakoan, honek besotik heldu baitzion.
“–Tira, doktore –esan zion.
“Mugimendu bortitz beraz, bueltatu zen Rieux eta oldarkeriaz bota zion:
“–Ah, [ume] hau behintzat errugabea zenuen, ondo asko dakizu hori!”. (Albert Camus, Izurria, Imanol Tapiaren itzulpenean).
​
​
EZ DAGO GIZA GOGO eta eldarnioez asko jakin beharrik, pentsatzeko pandemia bezalako kontingentzia madarikatu bat aukera ona izan daitekeela automatak izateari utzi eta konbibentzia baten alde zibikoak lantzeko, minimo sozialak koipeztatzeko, gezurra baztertu eta kritika orekatua sustatzeko. Baina giza animoa ahula baita, kostatu egiten zaigu erreakzionatzen, alarmari eusten, sektore ahulenen egoera kontuan izaten.
“Dakidan gauza bakarra da –dio Rieux doktorearen Tarrou adiskideak– egin beharrekoa egin behar dugula izurripean ez jarraitzeko, horrexek, horrexek bakarrik bultza gaitzakeela bakearen itxaropena izatera, edo behar bezala hiltzera bere faltan […]. Guztiok daramagu izurritea geure baitan, zeren ez baitago inor, inor mundu osoan, horretatik libre dagoenik. Eta erne egon behar dugula atsedenik gabe, minutu bakar batean ere oharkabean erori gabe, beste baten aurpegira arnas hartzera bultzatuak izan ez gaitezen eta infekzioa kutsatzera. Mikrobioa, horixe da naturala den bakarra. Beste guztia, osasuna, zuzentasuna, garbia izatea, borondatearen ondorio dira”.
Tarrauk dioenetik urruti, komunitatearen alde egin ordez, borondate zibil beraska baten mende gabiltza, iparrik gabe, arestian “suizidio kolektiboaren atarian” nork bere desioa banderatzat hartuta.
Bitartean, koronabirusak jende edadetua zigortu du gehien. Itsuenek ere ikusten zuten urria zela modernitate ostearen eta liberalismoaren zaharrenganako arreta. Baina pentsio-sistemak autonomia ematen zienez, zaharrenganako interes falta maskaratuta geratzen zen. Maskaratuta eta plaza publikotik aparte, bizitza aktiboari molestatu gabe.
Musukoak –maskarak– jarri behar izan ditugunean hasi gara ezagutzen zahar askoren bazterketa, bakardadea, babes falta. Pandemiak non joko latzenen, eta helduenentzat bideratutako zaharretxeen sisteman, orduan jabetu gara zaharren egoitza asko –bakar bat gehiegi da– azken orduaren itxaron-gela dela soilik, eta ez giza duintasunaren bermea lehenetsiko duen espiritu sozial baten sala.
​
ORDU TXIKIAK. Gauerdiaren osteko orduak. Pluralean. Bi hitzok entzun eta ordu txikiak parrandarekin lotzea, bat. Laket zaigu espresioa. Gau-giro semantiko berean sartzen dira pekatu txikiak, neska txikiak, bizio txikiak, dosi txikiak ere.
Baina badira txiki-laburretik gutxi duten orduak. Ospitalekoak esate baterako. Txiki-laburretik gutxi dute gaixo baten eta hura zaintzen ari den senidearen orduek, gauaren erdian haur-minetan dagoen amarenek, azken ainenetan dagoen hil-hurrenarenek.
Oinazeak luzatu eta luzatu egiten baititu orduak, nor ez da errukitzen? Ordu txikiak deituko diegu halako zirkunstantzietako orduei ere? ‘Ordu txikitan hil zitzaigun amona’ esango dugu?
Ordua labur da poz giroan, luze oinazean. Apart ederra galegoek esaten dutena sufritzen ari denarengatik oro har eta hiltzeko zorian dagoenarengatik batez ere eta bereziki:
–Oxalá que teña unha hora pequena…
Doakiola labur azken ordua, laburra izan dadin samina ere.
(Irakurlea ohar bedi hasierako espresioaren pluralak –ordu txikiak– parrandaren luzamendua duela helburu. Galegoenak, berriz, singularrean hartzen du indarra ¬–unha hora pequena–, sufrimendua laburtzea helburu).
​
​
ZUK, GUTXI-ASKO, ezagutzen dituzu herritarrak, bistaz badarik ere, edo erreferentziaz, baina apenas duzun hildako gutxi batzuen berri. Isilik joan dira, asko eta asko hurbilenen agurrik jaso gabe. Lazgarriak dira entzuten ari zaren istorio batzuk. Ba omen da zaharretxetako egoiliarrik jateari utzita hil denik. Ahuleriaz. Etorkizun beltzagatik. Panikoz, bertako langileak jantzi behar izan dituzten musuko eta gainerakoengatik. Izan omen da suizidiorik ere. Ahoz aho dabiltzan kontuak dira. Ahapeka. Hedabideetara iristen ez diren tragedia anonimoak.
Kontatu dizute laurogeita bost urteko agure baten kasua ere. Ez zenuen ezagutzen; anaia bazenu bezala hunkitu zaitu. Ospitalean hil omen da, bertan ia hilabete isolatuta egon ondoren. Hildakoak oso hurbil zeukan senide hurkoena, laurogeita hiru urteko anaia: aldameneko gelan, tabike bat tarteko. Hura ere, koronabirusak jota.
Erizainei esker izaten zuten elkarren berri.
Bart joan-etorri askoren hotsak iritsi zaizkio alboko gelatik anaia gazteari. Goizarekin, erizaina sartu denean tentsioa hartzera, ‘Luis hil da, ezta?’ galdetu dio erizainari egun onik ere eman gabe. ‘Bai. Sentitzen dut’, erantzun dio erizainaren ahots-kraskak. Anaia gazteak ezpainak hozkatu ditu, sabaira begira jarri egon da lipar batez.
Begiak itxi ditu.
Txikitako hil-kanpai grabe solemneak entzun ditu bere kautan. Aurki, bere txanda izango da. Ez ditu entzungo.
​
ERDI AROKO KANPAIEK “harmonia” ematen omen zioten “hiriari eta zentzua hiritarraren fedeari”, dio Johan Huizinga historiagileak El otoño de la Edad Media liburuan.
Baina tragedia batek, XIV mendeko izurritearen patuak kasu, eguneroko bizitzaren armonia eta fedea kraskatzen baditu? Ohiko kanpaiek ez bezala, hots net grabea dute hil-kanpaiek, haien erritmoa geldia da, solemnea, hilkutxen atzetik doan balizko segizio baten martxa markatzen dute, hots, hots, bizion oinok eginez, eta fededun direnei gogoraraziz benetako bizitza, betirakoa, hemengoak ez diren beste belaze batzuetan dagoela, inon egotekotan.
Gutariko askok ez ditugu entzuten. Urritu egin direlako baino areago, sekularizazioak haien entzungarritasuna gortu digulako, eta arreta jarriko bagenie ere, ez genukeelako jakingo grabeek zer duten anuntzio, alaiek zer ospatzen duten; egunerokoek, orduez kanpo, zer duten iragartzen.
PANDEMIAREKIN, ahotsa aldatu zaio naturari. Gauez argiago ikusten dugu zerua, egunez garbiago eta osasungarriago airea. Txoriek ere desberdin kantatzen dute azken aldian, garbi eta krispaziorik gabe, pandemia baino lehen burrundara etengabearen gainetik jardun behar izaten baitzuten. Konfinamendu hertsienaren garaian nabarmendu dira bereziki: ibilgailu, obra, jende gutxiago kalean; zalapartarik ez. Naturak ez du pandemia aurretik bezala ahalegindu beharrik bere arnasa entzunarazteko arreta jartzen duenari.
Lilurarik sarkorrena, ordea, ipurtargi batek eragindakoa joan den udan, Osinaga auzoan Iruñeatik gertu. Konfinamenduak eragindako ilundurak eraman gintuen bertako landetxe batera mende batzuk lehenago Decameroneko gazteak ere Fiammetta jauretxera nola: izurriak izua du bidaide.
Afaltzen ari ginen atariko zelaian. Gau nabarra zen, epela, haize lasaiak eragindako giroa.
​
Natura, nagiak ateratzen.
Argi txiki fosforeszente bat iruditurik mahaitik metro batzuetara, biloba txikiena eskutik hartu eta bertaraino eraman nuen. Belauniko jarri ginen belarretan. ‘Argia dauka ipurdian!’, irten zitzaion lilura, nik ipurtargi bat zela esan aurretik. Zutiturik, biloba mahaira itzuli zen korrikaldi baldarrean, albistea oihukatuz senideei. ‘Ipurtargi bat, ipurtargi bat! Argia dauka ipurdian!’. Laster nituen denak inguruan, ardaila alaian. Isiltzeko egin nien keinu: mirari txiki delikatuen ekosistemak isiltasuna du habitat naturala.
Ikusten ez bagenituen ere, ipurtargi arrak ez ziren urruti ibiliko, airean jira eta buelta behar zuten, hegoekin argi inarra eginez emea zegoen inguruan. Deigarria zen eszena pandemiaren erdian, gure arteko distantziak markatu behar tristean, honen eta haren heriotzak hizpide izan berri.
Arrei non zegoen adierazteko piztua zuen ipurtargi emeak bere argi fosforeszentea. Kopulatzeko, ernaltzeko, bizitza sortzeko, espezieak irauteko. Senideak hizketan hasi ginen zein berez etortzen den desioa, baina zailagoa dela desioaren kontrola. Eta zein gutxi mintzatzen garen horretaz. Ez dago horri buruzko eskolarik, esan zuen alabetako batek niri begira. ‘Nahiko lan nork bere bidea egitea, denbora guztian desioa izan gabe gidari eta ahots bakar’, pasatu zitzaidan burutik. Ordurako, ipurtargiaren distira berdexka hasita zegoen ahultzen, argi fluoreszentea itzaltzen. Gure presentziak ar hegalariak uxatuta inondik ere.
Metaforari zerion distira –xumetasunaren ederra– guztiz ilundu zen emearen argia guztiz itzaltzearekin batera.
​
IPURTARGIAK OSO EFIMEROAK dira izatez, eta are efimeroagoak hiri, herri, auzo eta errepideetako argi gero eta ugari eta indartsuengatik: gaua egun bihurtzerainoko gure obsesioak ez baitu azkenik, ipurtargiak aspalditik hasi ziren sufritzen guk eragin diegun pandemia partikularra.
‘Itzaltzen ari den inperio hori argi bat da ala ipurtargi bat?’, galdetzen du Borgesen haiku batek.
Mundua da Borgesen inperio dekadente hori, eta gero eta barneratuagoa daukat: kontu txiki (ustez) garrantzi gabeenganako arreta egunerokoak eta iraupen laburreko lipar galkorretan izaten ditugun intuizioek ematen diote, neurri handi batean, zentzu benetakoa, edo balizko zentzua, edo zentzu faltaren plazeboa inperio (gotorleku) bihurtu dugun munduari.
EZ DAKIT PANDEMIAK zerbait irakatsi digun: agian, ez dagoela zertan estresatu, lanak eta itomenak eta diruak ez dutela bizitza oso bat merezi. Zoaz, ordea, hitz goxo horiekin are aberatsagoak izatea beste helbururik ez duten aberatsengana.
Norbert Bilbenyk, etikako katedratiko katalanak, El idiota moral izenburua eman zion Hannah Arendten ‘gaizkiaren banalitatea’ kontzeptuaz idatzi zuen saiakeran ageri den pertsona zentralari, Eichmani. Gaizkiaren eta ongiaren artean bereizten ez dakienari deitzen dio Bilbenyk idiota morala, eta saiakerak totalitarismoaren portaera moralaz badihardu ere, kontzeptua aplikagarria da beste hainbat testuingurutan. Hara nola dirua beste etikarik ez duen neoliberalismoaren saloietan. Balbenyk dio idiota moral asko oso argiak direla. Halatsu dirua egitea beste helbururik ez dutenak: argiak direlako dakite, senez jakin ere, hobe dutela denborarik ez galtzea gaizkiaren eta ongiaren arteko hutsalkeriak pisatzen.
Krisietan beti gertatu ohi den bezala, aberatsenetan aberatsenak aberastu dira pandemia garaian ere.
​
PANDEMIAREN BIHOTZEAN, ezin segurtasunik sentitu hurbilenen ondoan; haiek ere ez ni hurbil nautela: ez dugu inoiz hainbeste sentitu maite ditugun bizien presentzia urruna, maitatzen segitzen dugun hilen ausentzia hurbila.
PANDEMIAK ez digu udaberria kendu, baina bai tik totalitarioak ekarri, boterearen hainbat jardunen bidez bezala negazionismoaren bidetik ere.
Ez da, ordea, dena hain beltza. Eutanasia legeztatu dute. Albiste guztiz bikaina pandemia oraindik kontrolik gabe dabilen sasoian.
PANDEMIA GARAIKO EGUNEK pandemia aurreko egunek baino luzeagoak ematen dute. Gaur ohartu naiz zergatik: oso luze jotzen du orduak pasatzen ikusteak orduak betetzen saiatu gabe.
​
​
​
Oharra: testu labur gutxi batzuk Bilbo Zaharra euskaltegiko Forum
hitzaldi-aldizkarian eta Berrian argitaratuak
dira
eta egokituak (H)ilbeltzako jardunaldian
izan genuen mahai-ingururako.
​
​
​
​
​
​
​
Anjel Lertxundi
​​
​
​
aitzinekoak...
BELTZ GUZIAK EZ DIRA BELE
( Gotzon Garate oroimenean )
​
​
ILBELTZEKO HITZ
BELTZAK
SINESGARRITASU-NAREN AUZIAZ, BERRIZ ERE
​
​
BELTZA GENEROARI BEGIRA,....
​
LANDA EREMU
BELTZAK
​
HOLLYWOODEKO ARGI -ITZALAK
​
MIRANDE BELTZA
​
DAMIAN ARRUTI
​
PANDEMIAK ETA LITERATURA - I -