top of page

BELTZ GUZIAK EZ

DIRA BELE

( Gotzon Garate  oroimenean )

 

PUSKA

BELTZAK

aitzinekoak...

Iazko gisa berean sasoi honetan, leitzen harrapatu nau ilbeltza xuriak, (H)ilbeltza beltzak. Jainkoaren bideak asmaezinak baitira zinetan eta penetan, ez dakit zer deabruk ekarri didan halako testua, gure etxeko ordenagailu pantailara lehenbiziko, paper xurira gero. Istanteko, ez dut erran delako deabru hori identifikatzen asmatu, alegia, ordenagailu pantailara ipuin bihurri hauxe ekarri didan sorgin, azti edo iratxoa. Leitu dut testua, hala ere, eta jakin dut:  San Martinen estutasuna du izena ipuinak.

 

“San Martin errementaria zen. Behin, ari omen zen mailua esku batean, kurrikak bertzean burdin goriari joka, tiriki-tauki-tauki, mailuaren hotsa, tiriki-tauki-tauki, mailuaren hotsa, kolpe txarren bat jo, nonbait, eta dioska hasi zen, Jainkoaren kontra, deabruari hoska. Eta, bizitza honetan eta bertzean ohi denez, deabrua etorri, eta San Martin damutu! Eta hasi omen zen San Martin, aitzakia beti merke bila. Ernegatuta zegoelako ekin omen zion Jainkoaren kontra. Ez zela benetan ari. Deabruak, orduan, gaizki erranen ordainetan, kristautasunaren misterioak errateko agindu omen zion”.

 

Eta deabruak: “Errak bat!”, eta San Martinek, santu naizen honek…

 

ERRAK BAT!

 

[Aranjuezko kontzertuaren lehen notak]

 

Eta zerengatik ekarri dut Aranjuezko kontzertua Anizeraino? Ezin ote nezakeen hobeki kantatu Joseanton Artzeren Baztan, Mikel Laboaren hura? Burura etortzen zaigun lehenbizikoa da, nola etorri baitzitzaion Elurre Iriarteri, iaz, Eako poesia egunetan egin zuen hitzaldi mamitsuan. “Landa eremua literaturak kontatua” zuen solasaren titulua Elurrek, eta hor ari da, landa eremuko herri ttikietako deskribapenak zertan diren, zeinen ilun prosan, zeinen eder poesian. Eta dio Elurrek: “Burura etorri zitzaidan lehendabiziko poema zuei etorriko zitzaizuen bera izan zen, Artzerena. Mikel Laboak kantatzen zuen, eta euskal kantagintzari esker, maiz gertatu den bezala, arras ezaguna zaigu”.

 

Gerokorik ez dakit zer egin zuen Elurrek, kantatu ote zuen, ausarki, edo leitu zuen, bertzerik gabe…

 

Joseanton Artzeren, Mikel Laboaren Baztan ederra goiti-beheiti, nik Aranjuezko kontzertua Anizen…

 

Baina, bertzenaz, egin nezakeen Gotzon Garateren herrikoek, elgoibartarrek, egin zuten gisan, Izarren hautsa kantatu, edo, kantatu ez balin bada ere, irudiei laguntzen jarri.

 

 

ERRAK BI!

 

[Google. Gotzon Garate. Bizitza bat argazkietan]

 

Ez bada irri, irribarre egin dut Gotzon Garateren irudi albumari laguntzen dion doinua aditurik. Izarren hautsa, Xabier Leteren poema, Mikel Laboak musikaturik. Akordura heldu zait Gotzon, Bilboko Euskalduna jauregi punpeziazkoan, areto nagusia jendez mukuru, lehenbiziko lerroan eroso jarririk gu, pauso batera musikariak… eta gure laguna lo! Hargatik loratu zait ezpainetan, irria ez bada, irribarrea Gotzonen irudiak ikusi ditudanean musika-areto erraldoi hartan lotara goxo eraman zuen Mikel Laboaren ahotsak lagundurik.

 

Puskaz hobeki zuketen argazki horiei Aranjuezko kontzertua erantsi! Erran nahi baita, gitarra harturik Gotzonek berak behin eta berriz eta aunitzetan jo ohi zuen doinua.

 

Gotzon Garate gitarra zahartxo bat hartuta, harako Iparragirre haren gisara. Patziku Perurena idazle finak ere gitarra harturik oroituko zuen Gotzon Garate behin halako artikulu batean. [2008ko uda, «Gotzon Garateri Goizueta aldetik», Diario Vasco]. «Goizuetan ezagutu zintudan, han 1971-72 aldean. Auzoan abudo ikasi genuen Errero baserrira fraile alai umezale bat etortzen zela. Hagitz ongi oroitzen naiz oraindik, igande arratsalde batez Erreroko sukaldean nola kantatu zenizkigun haur kanta xoragarri batzuk, zeure gitarra eskuan zenuela”.

 

Batean, haur kanta xoragarriak Erreroko sukaldean Patzikuri eta gainerako ume multzoari. Bertzean, Aranjuezko kontzertua Deustuko unibertsitateko gelan, guri.

 

ERRAK HIRU!

 

Edo, “Errak hiru, wikipedia!”

 

Gotzon Garate Goiartzun (Elgoibar, 1934 – Bilbo, 2008) euskal idazlea, hizkuntzalaria eta apaiz jesulaguna izan zen. Abertzalea zen, eta areago euskaltzalea.  

 

Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Filosofian doktoratu zen, Innsbruckeko Unibertsitatean Teologian  lizentziatu, Deustuko Unibertsitatean Filologia Erromanikoan, eta Fribourgeko Unibertsitatean Marxismoan espezializatu.

 

1976an Euskal Filologia ikasketak abiarazi zituen Deustuko Unibertsitatean, hura izanik ikasketok abian jartzeko lehen saioa unibertsitate batean. Euskal Filologia katedraduna izan zen, eta eskolak eman zituen.

 

Oso maiz joaten zen AEBetara, New Yorkera bereziki, literatura eskolak jasotzera. Hango latinoamerikar jatorriko bizilagunekin spanglisha ikasi zuen, Indiara egindako bidaietan hindia, eta Moskun, errusiera. Errusiako egonaldietan, Leninen jatorrizko idatziak ikertu zituen.

 

Orotara bederatzi hizkuntza zekizkien: euskara, espainiera, latina, greziera, frantsesa, errusiera, ingelesa, alemana eta hindia.

 

1967tik aurrera, euskal atsotitzen biltzeari ekin zion. 2004an, Atsotitzak liburuan argitaratu zituen.

 

2005ean Argizaiola saria eman zioten Durangoko Azokan, kultura arloan egin zuen lanaren esker onez.

 

 

ERRAK LAU!

 

Axala dut wikipedia, ordea, barnago behar dugu Gotzon Garateren ilunbeen bihotzera helduko bagara. Hasteko, jo dezagun Auñamendi entziklopedia, peko erreka jo duen biltegia, euskara jendakiaren kultur gogo, ahal eta ezinak begien bistara ekarri dizkigun egitasmotzarra.

 

“Irakasle eta euskal idazle. Elgoibarren jaio zen 1934ko irailaren lehenean. 2008ko urriaren 8an hil zen Bilbon, 74 urte zituela.

 

Jesuita, Loiolan eta Bartzelonan ikasi zuen. 1955ean hasi zen euskaraz idazten. Kolaborazioak ditu Jesus-en Biotzaren Deya, Eusko Gogoa, Egan eta Zeruko Argia aldizkarietan.

 

Jesuita [!] eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea. 70eko hamarkadan Euskal Filologia fakultatea sortu zuen bertan. Egun, katedraduna da aipatu fakultatean. Filosofian doktore Madrileko Konplutentse unibertsitatean, Soziologia marxista ikasi zuen Friburgoko Unibertsitatean, eta 70eko hamarkadan marxismoaren gaineko zenbait lan publikatu zituen Gero argitaletxean. Horien artean dira Karl Marx y los nacionalismos separatistas (Gasteiz, 1974); Marx eta Nazioa (Bilbo, 1972); Marxen marxismoa (Bilbo, 1971); Marxen ondoko errebisionismoa (Bilbo, 1974); Maoren marxismoa: maoismoa (Bilbo, 1977); Esku leuna (Donostia, 1978); Muskilak (Bilbo, 1980); Lehortean (ipuinak, Bilbo, 1980); Lenin eta Nazioen Autodeterminazio eskubidea (Bilbo, 1980), eta beste zenbait narrazio.

 

1981ean Resurrección Maria Azkue nobela saria jaso zuen Izurri Berria lanarekin, droga giroko detektibe nobela. Idazkera arina du, euskara batuan.

 

Filologiari dagokionez, Erdarakadak publikatu zuen, non gaztelaniaren lexiko-sintaxiek euskarari egiten dioten kaltea erakusten baitu. Arlo honetan, dena den, 27.173 Atsotitzak. Refranes. Proverbes (Bilbao Bizkaia Kutxa) du lanik handiena. Atsotitzok hamaika baserritako jendearekin hitz eginez bildu zituen eta, horrez gainera, euskarazkoak beste zenbait hizkuntzatakoekin konparatu zituen.

 

Euskal literaturaren aztertzaile ere nabarmendu da, Euskal elaberriaren historia (Gero) publikatu baitzuen zenbait liburukitan.

 

2000. urtean, nobela beltzari buruzko azterketa argitaratu zuen, Atzerriko eta Euskal Herriko polizia eleberria, euskarazko polizia nobela ez ezik, amerikarra eta europarra  ere aztertzen baititu bertan.

 

Nobela beltza landu du ondoko lanetan: Esku leuna (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1978, Irun Hiria saria 1977), Goizuetako ezkongaiak (Leopoldo Zugaza, 1979), Elizondoko eskutitzak (Gero-Mensajero, Txomin Agirre saria, 1977), Izurri berria (Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1984, Resurrección Maria Azkue saria, 1981) eta Alaba (Elkar). Jon Bidart detektibea asmatu du, eta Euskal Herrian gertatu ohi da ekintza. Bere polizia nobeletako bat, Goizuetako ezkongaiak, oso irakurria izan da eta 1997an hamargarren edizioa zuen.

 

Bestalde, New Yorkeko egonaldietako literatur kronika idatzi du New York, New York (Elkar, 1988) izenburuarekin”.

 

ERRAK BORTZ!

 

Erranak erran, alabaina, bertzela behar dugu Gotzon Garateren ilunbeen bihotzean beltzaren bila barneraino nahi bada. Jo dezagun, erratekoz, gure idazlearen heriotza orduan Felix Ibargutxi kazetariak eskribitu zuenera. 2008ko urriaren 9an Donostiako Diario Vasco egunkariaren kultura orrialdean gara: “Gotzon Garate hil da, lehen Euskal Filologia Fakultatea sortzeko ausardia eduki zuena. Euskarazko eleberri beltzen arloan ere aitzindaritzat hartua izan da. Gaur izango da hileta elizkizuna, Deustuko Unibertsitateko kaperan”.

 

Betikoa beti, honezkero ongi jakinak ditugunak eskribitu zituela Gotzon Garatek eskribitu zigun Ibargutxik: marxismoaren gaineko liburuak, erranairu bildumatzarra, literatura lanak… Eta, erratekoz, literatura lanei denaz bezainbatean hauxe zioen kazetariak:

 

“Nobelagile moduan ere nabarmendu zen Gotzon Garate. Euskarazko nobela beltzaren aitatzat hartu izan da Jose Antonio Loidirekin batera. Jon Bidart izeneko detektibea sortu zuen. Hauek dira Gotzon Garateren eleberrietako batzuk: Elizondoko eskutitzak (1977), Esku leuna (1977), Goizuetako ezkongaiak (1979) eta Izurri berria (1984). Idazlea harro zegoen bere polizia eleberriez. Adierazi zuenez, «Horiek dira eleberri batzuk, intelektualek nahiz kaleko jende arruntak irakurtzen dituztenak». Euskal eleberrigintzaren historia ere idatzi zuen, eta beste bat eleberri beltzarena”.

 

Euskarazko egunkari Berria-n, gisa honetara eskribitu zuten titularra A. Kamio eta A. Bilbao kazetariek: “‘Defuntu onak uri ona’, atzoko euritan hil zen Gotzon Garate”. Bistan da, Gotzon Garatek atsotitzak biltzen egindako lanari aipu eginez: Defuntu onak, euri ona. Titularraren peko, hauxe eskribitu zuten Kamio eta Bilbao kazetariek Berria-n:

 

“Gaixotasun larri batek eraginda hil zen atzo Bilbon Gotzon Garate idazle, filologo eta euskaltzalea. Euskal Filologiaren aitak, ama hizkuntzaren aldeko kontzientzia ardatz hartuta, 30 liburu idatzi zituen, horien artean eleberriak, kronikak eta saiakerak. Nobela beltzaren idazkuntzan aitzindarietako bat izan zen, eta euskal atsotitzei eta esakuneei buruzko azterketa mardula burutu zuen. Euskal Herriko sortzailerik irakurrienetakoa izan da azken urteetan”.

 

ERRAK SEI!

 

Berria-tik leitzen ari naiz oraindik, Gotzon Garateren heriotzaren ondoko artikulutik, baina txepetxaren gisan, adarrik adar, xaltokako ibileran. Hauxe leitu dizuet:

 

“Elgoibarren jaio zen, 1934an, hamaika anai-arrebetatik gazteena. Etxekoen artean beti euskaraz jarduten zuten arren, ez zuen hizkuntzaren gaineko kontzientziarik hartu Durangon batxilergo ikasketak egiten hasi zen arte. Ordutik, euskararen aldeko lanean aritu izan da beti, eta atzean 30 liburu baino gehiagoko bilduma mardula utzi du, Euskal Herriko kultura panoraman sortzailerik irakurrienetakoa izatera iritsiz. Tartean ditu eleberriak, saiakerak eta kronikak. Bera izan zen euskal nobelagintza beltzean aitzindarietako bat, eta bost polizia eleberri idatzi zituen, euskaldunen alfabetatzerako ezinbesteko suertatu zirenak.

Munduan zehar egindako bidaietan ohartu zen eleberri mota hori dela gehien irakurtzen dena, istorioa nola amaituko den jakiteko intrigak eragiten baitu liburua esku artetik kendu ezin izatea. Ongi ezagutzen zuen Garatek eleberri mota hori eta idazteari ekin zion. Bere lanek arrakasta handia izan zuten (Zilarrezko gazteluaren kronika urratua, Elizondoko eskutitzak) eta polizia eleberriei buruzko teoria liburu bat idaztera ere iritsi zen (Atzerriko eta Euskal Herriko polizia eleberria).”

 

 

ERRAK ZAZPI!

 

Beltz zale gara (h)ilbeltza zaleok, eta zerutik jakina da, nola baitira nobela beltzetako pertsonaiak, fidagaitz, haiek bezain fidagaitz gara beltz zaleok. Honenbertzez, badakigu, ongi jakin ere: beltz guziak ez dira bele. Kasu honetan, duda bihirik gabe, beleberri edo nobele dira Gotzon Garaterenak: Esku leuna, Elizondoko eskutitzak, Goizuetako ezkongabeak, Izurri berria eta Alaba. Baina, irakurleok –Gotzonen maneran errateko, “irakurle jator maitagarriok”; nire maneran, irakurle beltz fidagaitzok–, bele beltz ote dira, egiazki, Gotzon Garateren horiek? Ikatza bezain beltz, zure begi-nini beltza bezain, ilun beltza bezain? Zein da Gotzon Garateren nobela beltzen hein edo neurria?

 

Oroitzen naiz leitu nuela, errateko maneran, Anjel Lertxundiren Zu liburuan: «[Idazlea hitzaldi bat egitetik zetorren] Autoan etxerantz zihoala, Cesare Pavesek hitzaldiak kritikatuz esandako hitzak etorri zaizkio gogora. Buruz dakizki. Tamalez, hitzaldi bat ematen duen ia aldiro etortzen zaizkio hitzok kontu eske:

 

“Zergatik egin hitzaldirik? […] Hitzaldi batetik sekula ez da kulturalki baliozkoa den ezer ateratzen; bertan entzun den oro, fruitua emango badu, liburuetan bilatu behar da…”.

 

Liburuetan, eta ez hitzaldietan, bilatu behar da kulturalki baliozkoa den ezer, edo deusik. Erran nahi baita, hitzaldia hitz itzalia da aunitzetan. Nirea hitz itzalia izan ez dadin, liburuetarik, Gotzon Garateren lanetarik aterako dugu, ahaleginak eginen ditugu ateratzen, kulturalki baliozko denik.

 

ERRAK ZORTZI!

 

Esku leuna liburutik, lehenbiziko orrialdea:

 

“Emaiok zakurrari hezurra, eta emazteari gezurra. Antiguako eliza jendez gainezka zegoen, gutxitan bezala. Ez zen harritzekoa, Errosario Iruarrizaga, Tomas Sarasketaren alarguna, oso ezaguna baitzen Donostia osoan.

Jon Bidart detektibeak ongi gogoan zeukan hilberria.

Emakume luze, ile-zuri bat zen, ongi egina, mehe-antza eta osasuntsua. Adinean aurreratua izan arren, soinez zauli eta gordina. Haren hankaje eder eta ibilera bizkorra! Aspertzeke, heriotza orduan lanean ari izandako emakumea zen hura!

Garai batean bikaintasunik ere ez omen zitzaion falta. Gero, ordea, gaitzak jota, aurpegia zarpuiloz bete zitzaion. Hari begiratu eta jendeak nahiko lan izaten zuen higuin keinuei eusten.

Baina Errosariorekin alditxo bat hitz eginez gero, laster geldituko zinen zorabiatuta haren izaera bero eta indartsuaz”

 

Errosario Iruarrizagaren heriotza dugu hasmentan, abiapuntu. Orrialde aunitz leitu aitzinetik jakinen dugu ez dela modu naturalean hil, hil dutela bertzerik. Berehala dugu Jon Bidart detektibea hilketa argitzeko lanetan…

 

Deigarri, erran dezadan, Esku leuna honetako atalek erranairu zaharra dutela beti goiburu: “Emaiok zakurrari hezurra, eta emazteari gezurra” horren ondotik datoz, bata bertzearen ondotik, hauek: “Emaitzak hausten ditu haitzak”, “Gaitz orok du bere gaitzagoa”, “Ausarki borrokatzea, erdi garaitzea”, “Aho estalian ez sartzen eulirik”, “Ahoan duenari min, eztia zaio samin”, “Itsasoak adarrik ez”… eta gisako perlak, nekez beltzak.

 

Deigarri, erran dezadan, amaiera, erranairurik gabekoa: “Azken hitza”, dio, eta handik ari gara orain, jauzi eta xalto: “Hamar urte pasa dira (…) Aurrean kontatu ditugun gorabeherak igaro ondoren, Gotzon eta Zorion ezkondu egin ziren. Haur bi ere badituzte, zein baino zein ederrago. Gotzonekin oso pozik bizi dela esan digu Zorionek. Azkenean, izenaren beteko adurra egokitu zaio. Iñaki Sarasketa Australian Louth herrixkan bizi da. Hau ere ezkonduta dago. Jatorriz ingelesa den emazteak lau haur eman dizkio. Beste sarasketatarrek lehengo bizimodua daramate. Itziar ez da ezkondu. Ez eta Jon Bidart ere”.

 

Harako “ezkondu ziren, haur aunitz izan zituzten, zoriontsu bizi izan ziren”.

 

Bego horretan, beltz. Omen. Esku leuna, 1977ko Irun Hiria Eleberri saria.

 

Neketan beltz.

 

Bitartean, Cesare Pavesek errana, Anjel Lertxundik euskarara ekarria, dut itsasargi: “Zergatik egin hitzaldirik? […] Hitzaldi batetik sekula ez da kulturalki baliozkoa den ezer ateratzen; bertan entzun den oro, fruitua emango badu, liburuetan bilatu behar da…”.

 

Noan bigarren nobela nobele, eleberri beleberriarekin: Elizondoko eskutitzak, 1977ko Domingo Agirre nobela saria.

 

“Lehen kapitulua. Nafarroa, Nafarroa, Euskal Herriaren giltzarria. Jon Bidartek bihotzean sartuak zituen hango lurralde eta jendeak. Ahal zuelarik, hara joaten zen bere oporraldietan.

Nafarroan zangoa ezarri orduko, asaben odola bere zainetan irakiten nabaritzen zuen. Jatorria hor omen dute euskaldunek. Nafarroa zabal, liluragarri horretan. Bai eremuz bai eskuartez Nafarroa duzue Euskal Herriko probintziarik aberatsena. Euskal Herrian beste inon ez bezala, hor aurkituko dituzue gizakiak oraindik zapaldu ez dituen basoak, beste mendietan galdu diren arbola motak, euskara hutsez mintzo diren errekastoak.

Nafarroak ditu Euskal Herriko mendirik garaienak, ibairik luzeenak, basorik handienak, ibairik kantarienak…”

 

Niri, honezkero, Nafarroako ibaiekin batera kantari hasteko gogoa eman dit: Nafarroa, arragoa…

 

Beltz, Nafarroa beltz.

 

Amaiera, 21. atala. “Jon Bidartek eskuetan hartu zituen izeba Olatzek eman zizkion eskutitzak. Bat Errazutik zetorkiola ikusirik, berehalakoan ireki zuen. [Karabineroen kuarteleko] Tenientearena zen (…) ‘Joan zen astean poz handi bat izan dut. Horregatik idazten dizut. Kapitain izendatu naute (…) Eskerrak zuri, Jon, korapiloa nik askatu nuela zeharo sinestuta dago Galarreta [Iruñeko polizia-etxeko nagusia] (…) Droga kontrabandoko arazoa ere nik ediren nuela areago uste du. Bi gezur horiek izan dira nire karreraren katalizadoreak. A! Lehengo egunean Edurne aurkitu nuen Mendi edanetxean. Inoiz baino ederrago iruditu zitzaidan. Ez dakit, bada, zenbat eta zaharrago ez ote ditugun begi zoliagoak gaztediaren edertasuna ikusteko. Aritzekin laster ezkontzeko asmoa duela esan zidan. Aurkitu al duzu beste sekretariaren bat? Ederki, Jon. Badakizu non duzun lagun bat. Baztanera itzultzen bazara, arren, zatoz gurera, hutsik egin gabe’”.

 

Erran nahi baita, etorri, edo joan, karabineroaren etxera.

 

Orduantxe bai, karabineroenean, eta karabineroenetik, nobela bat beltza.

 

Jainkoaren bideak asmaezinak baitira, karabineroen aipu akaberako honek Mikel Zabaltza ekarri dit gogora. Ez dakit Errazuko teniente bipilak korapiloa askatuko ote zukeen Orbaizetako mutila Intxaurrondoko guardia zibilen eskuetan betikoz galdu aitzinetik.

 

Horra nobela bat, aski beltza.

 

ERRAK BEDERATZI!

 

Eta, guztiaren gainetik, beltza daramate etiketa Gotzon Garateren lau-bost eleberrik, zeinak baitira Esku leuna, Elizondoko eskutitzak, Goizuetako ezkongabeak, Izurri berria, eta Alaba.

 

Anaia gehienari galdetu diot, berak ere leituak baititu Gotzon Garateren nobelak.

 

—Hi, zertan dituk beltz Gotzonen nobelak?

—Nire ustez, tartean hilketak gertatzen direlako.

 

[Sautrela, Beñat Sarasola, Izurri berria]

 

“Polizia nobela edo nobela beltzaren barruan sar daitekeen liburua (…) Gotzon Garatek esaten zuena, genero beltza edo polizia nobela zela munduan jendeak gehien irakurtzen zuena. Polizia nobela edo nobela beltza, euskaraz: Jose Antonio Loidi, Hamabost egun Urgainen, Xabier Gereño, Txomin Peillen, eta Gotzon Garate. Izurri berria, Gotzon Garateren laugarren nobela beltza. [!] Asko irakurria, argitalpen eta berrargitalpen asko izandako nobela. Abiapuntua, nobela beltz askotan ohi denez, hilketa bat. Bilbo, Guggenheim aitzineko hiria, droga. Hizkera. Marka izenak. Atsotitzak. Nobela beltzaren zaleek irakurtzekoa”

 

Polizia nobela edo nobela beltza.

Izurri berria, Gotzon Garateren laugarren nobela beltza.

Abiapuntua, nobela betz askotan ohi denez, hilketa.

Nobela beltzaren zaleek irakurtzekoa.

 

Ba ote? Ba ote? Ba ote?

 

 

 

ERRAK HAMAR!

 

“—Nire ustez, hilketak agertzen direlako”, anaia gehienaren erantzuna, Gotzon Garateren nobelak zertan diren beltz jakin nahirik guk inozo eta xalo, baina ez guziz inozo ez guziz xalo, egin galderari. Esku leuna, Elizondoko eskutitzak, Goizuetako ezkongaiak, Izurri berria, Alaba… Beltzak? Ba ote?

Leitu dudanez, polizia nobela beltzaren maisu Raymond Chandlerrek badu saiakera bat egina, The Simple Art of Murder (1950), [Arte sinplea, asesinatoa], non generoaren definizio hauxe ematen baitu: “Eleberri beltza, krimenaren mundu profesionalaren nobela da”.

 

Nobela beltzak badu bertze izen bat ere: Hard-boiled, gogor egosia, edo, menturaz, neurriz gain egosia. Gisa honetako nobela AEBetako Black Mask [Maskara beltza] aldizkarian argitaratu zen lehenbiziko, iragan mendeko 20ko hamarkadan, eta handixe hartua du beltz izena. Garaia gogoan hartzea komeniko da, noski: Lehen Mundu Gerra edo 14ko Gerla Handiaren akabantza, Lege lehorra –alkoholaren fabrikazioaren debekua AEBetan, 1919koa–, Depresio Handia, 1929koa. Hamarkada, horratik!

 

Nobela beltzaren izenari denaz bezainbatean, halaber, Frantziako Gallimard etxeak ere Série Noire [Sail Beltza] bataiatu zuen bere bilduma ezaguna. Horrekin batera, edo are –hori baino gehiago, nire uste zapalduan–, nobeletan ageri den giro ilun beltzetik hartua du izena generoak. Nobela beltzaren paisaia bera ere, maiz kara, hiri handietako bazter-auzo ilun zikin agintarien eskuek utzia da; erran nahi baita, garaiko polizia nobeletako jauntxo handikien etxe dotore eta jauretxeetatik aparte.

 

Nobela beltzak badu bertzelako ezaugarririk ere: nobelaren azken fina ez da, bertzerik gabe, korapiloa askatzea, misterioaren iluna argira ekartzea. Gure baitan gorderik ditugun pasio eta grina txar guziak jartzen ditu jokoan nobela beltzak: bortxa, amorrua, engainua, gezurra, baina zinismoa du begirada, emozio guzien gainetik, hotza da protagonista; morroi gogorra.  Nobela beltzean, bertzalde, zintzoen eta gaiztoen arteko marrarik ez da, protagonistak neketan dira irabazle, jende dekadentea da maiz kara.

 

Horixe dugu beltza. Beltzaren koadroa, definizioz.

 

“—Nire ustez, hilketak agertzen direlako”, anaia gehienaren erantzuna.

Hori baino gehiago da nobela beltza. Baina hori baino puskaz gehiago ez da Gotzon Garateren nobela beltza. Izurri berria nobelaren atarikoan eskribitu zigun:

“Arrazoi bat baino gehiago daude polizi eleberrietarako zaletasuna azaltzeko. Polizi eleberriak gehienetan heriotza eta hiltzaile baten inguruan ardazten dira, eta heriotza bizitzaren gertakizunik garrantzitsuena denez gero, berezko da hiltzailea nor den jakiteko grina sentitzea.

“Polizi eleberri onak irakurterrazak izaten dira, ekintza bizia dute, ideologia gutxi, elkarrizketa asko, hitz batez esateko, jakinmina hasieratik azkeneraino pizten digute. Eskutan hartu eta ezin utzi. Hori da eleberri on bati buruz egin daitekeen goralpenik handiena.

“Badute, gainera, eleberri hauek beste alderdi on bat. Ez dute edan txarrik uzten. Beste eleberri askok, hoberenak preseski, irakurri ondoren bizitzari buruzko pesimismoa, etsipena edo makalkeria ernetzen digute. Goi mailako eleberriei tristura eta goibela darie. Polizi eleberriei, ez. Irakurri eta berehala ahazten dugu, pastel on bat jan eta biharamunean haren oroimenik ez dugun bezala. Horregatik, sarri gertatu ohi zaigu, aspaldi irakurri eta zokoan genuen polizi eleberria berriro eskuratu eta berriro atseginez leitzea”.

 

 

ERRAK HAMAIKA!

 

Gotzon Garateren nobela beltza, beleberri edo nobele, polizia eleberria, neketan beltz.

 

Arestian Gotzoni leituak azpimarratu ezinik ez genuke: “Polizi eleberriak gehienetan heriotza eta hiltzaile baten inguruan ardazten dira (…) berezko da hiltzailea nor den jakiteko grina sentitzea. Polizi eleberri onak irakurterrazak izaten dira, ekintza bizia dute, ideologia gutxi, elkarrizketa asko (…) jakinmina hasieratik azkeneraino pizten digute. Eskutan hartu eta ezin utzi. Hori da eleberri on bati buruz egin daitekeen goralpenik handiena. (…) Ez dute edan txarrik uzten. Beste eleberri askok, hoberenak preseski, irakurri ondoren bizitzari buruzko pesimismoa, etsipena edo makalkeria ernetzen digute. Goi mailako eleberriei tristura eta goibela darie. Polizi eleberriei, ez. Irakurri eta berehala ahazten dugu (…) sarri gertatu ohi zaigu, aspaldi irakurri eta zokoan genuen polizi eleberria berriro eskuratu eta berriro atseginez leitzea”.

 

Ba ote?

 

Eta alderantzira balitz?

 

“Nobela beltza ez da, nahitaez, heriotza eta hiltzaile baten inguruan ardazten (…) ez da hiltzailea nor den jakiteko grina apartekoa. Nobela beltz ona ez da beti irakurterraza, ez da beti ekintza bizikoa, ideologiaz zipriztindua dator, elkarrizketak ditu asko nahiz gutxi (…) Maiz kara, eskuetan hartu eta ezin utziko dugu nobela beltza, baina ez da hori nobela beltzari egin lekiokeen goralpenik handiena. (…) Edan txarra uzten du (…) Nobela beltz ona leitu eta ez dugu berehalakoan ahaztuko (…) Sarri gertatu ohi zaigu, aspaldi leitu eta zokoan genuen nobela beltza berriro hartu eta berriro atseginez, edo desatseginez, leitzea”.

 

Gotzon Garatek erran ez bezala –are, doi eta zinez bertzela–, balitz nobela beltzak duen balioa?

 

Ni, hasteko, bertzela delakoan nago…

 

Guziz bertzela delakoan.

 

 

 

 

 

ERRAK HAMABI!

 

Susa literatura argitaletxearen emailuetan leitu dut, ez nituen kontuak atereak. 40 urte dira Esku leuna eta Elizondoko eskutitzak argitaratu zituztenetik. Saritu zituztenetik, bederen. Kasik berrogei urte dira leitu genituenetik. Ez dakit, ordukoz, etiketa beltza zeramaten, edo kalifikatiboa gerora erantsi zieten. Beltza. Konbentziturik nago etiketarik gabe leitu genituela bi lanok, geroztikakoa dutela berniz beltza. Baina, orduan, orain berrogei urte, kasik leitzen hasiberriak gu, neketan eta penetan bereiziko genizuke zuria beltzetik, erran nahi baita, polizia eleberria nobela beltzetik.

 

Handik hona bidea egin du munduak.

 

Handik hona hogeita bost titulu osatu ditu gure Gallimard partikularreko Igela argitaletxeko Série Noire Sail beltzak. Erakutsi digu bide beltza. Beltzetan beltz, Horace McCoy, Dashell Hammet, Raymond Chandler, James M. Cain, Jim Thompson, Boris Vian, Chester Himes…

 

Edo, bertzenaz, nahiago baduzue, Zaldiak akatzen ditugu ba…, Postariak bi aldiz deitzen du beti, Maltako belatza, Ez adiorik, Betiko loa, 1280 arima, Uzta gorria, Juantxo Ziganda zenak itzuli Boris Vianen hura –Ttu eginen dut zuen hilobietan–, Amorruaren ume, Ihesa…

 

Beltzak. Beltzetan beltz. Beltz-beltzak.

 

Gotzon Garatek nekez eskribitu zizun beltza. Behin –horretaz jabeturik, doike– izan zizun asmoa. Izurri berria-ren atarikoan diosku: “Orain dela hiru urte-edo [1981] egina nuen. Sunbillako Ixtola baserrian batez ere jardun nuen eleberri hau egiten. Borobiltzeko betarik ez, ordea. Iaz, udabidean, New Yorkera eraman nuen (…) Hantxe amaitu nuen (…) Bi hilabete eta erdi, jo eta ke, Bronx entzutetsuan, drogazale, puertorricotar jator eta emagaldu amoltsu askoren artean eman nion bukaera. Aldaketa handia izan zuen, ordea. Eleberria ia akiturik neukala, hauxe pentsatu nuen. ‘Zergatik eleberri beltzik egin ez?’ Eleberri honetako detektibea lehengoa zen, Jon Bidart, eta azken zoriontsua zeukan. Orduan, beste detektibe bat asmatu nuen [Haitz Zumeta], eta bukaera latza eman. Ez dakit asmatu ote dudan. Euskal Filologiako ikasle buruargi batek esan dit oraingo detektibea atseginago zaiola. Poztu egin naiz, eta Jon Bidarti ez diodala salatuko agindu diot”.

 

Oroitzen zarete, noski, anaia gehienarekin izan nuen solasa, Gotzon Garateren nobelak zertan diren beltz galderari berak emandako erantzuna:

 

“—Nire ustez, hilketak agertzen direlako”, anaia gehienak errateko maneran.

 

Gotzon Garatek errateko maneran, aldiz: “Orduan, beste detektibe bat asmatu nuen, eta bukaera latza eman nion nobelari”.

 

Gauzak errateko manerak dira, baina neketan beltzak… Sobera solastu naiz honezkero. Isilik behar dut. Behar dut kulturalki baliozkoa den ezer. Hortakotz, behar dut liburua hartu, nobela beltza hartu, eta leitzen segi, beltz. Solasak ez dezan leitzearen gustua galarazi. Horace McCoy. Hil-oihalek ez dute sakelarik. Oraindik euskarara ekarri ez den nobela bele beltzaren txanda dut.

 

Beltza, (H)ilbeltza beltza Baztanen.

 

 

 

ERRAK HAMAHIRU!

 

Hamahirugarrenik ez dago

Oilarrak kantatzen du munduan

Aingeruak zeruan

Jesu Kristori ipintzen (ez) diogu

Gure arima eskuan.

 

 

 

Oilarrak kantatzen du munduan

 

. Beltz guzik ez dira bele (bis)

animaliak abere

Garateren horiek dira

beleberri ta nobele (bis)

 

Lan frango egina Gotzon

Sabinok Aingeru Gotzon

abertzale ta euskaldun

gizona zen gozo ta on

 

Hogeita hamarren bat lan

idazle saiatua zan

nobelak eskribituak

baditu hemen eta han.

 

Nobela beltzak ditu bortz

ogi gogor, hagin zorrotz

elizondo nahiz sunbilla

amaiur aniz arraiotz.

 

. Esku leuna lehenbizi

leitu genuen gogo bizi

berrogei urte badira

ez nintzen oroitzen kasik.

 

Elizondoko eskutitzak

nahi duenak entzun bitza

nobela hauetan dira

Gotzon Garateren hitzak.

 

Goizuetako ezkongaiak

zer dio nire anaiak

hilketarekin akitzen

haren nobela beltz nahiak.

 

Eta Izurri berria

Gotzonek maite herria

laugarren polizi lana

ez zuen gauza berria.

 

Hondarreko da Alaba

jo hortaz denok aldaba

polizi nobela eta

beltza gauza bera al da ba?

 

. Guk beltza maite baitugu

jatorrizkoa seguru

erdipurdikeria ez

engainurik nahi ez dugu.

Gotzon Garate, ohore

idazle aski dotore

zuria beltza arrosa

zer axola zait kolore.

 

Biba zu Gotzon Garate

Nafarroa gure ate

Hilbeltza beltza Baztanen

izugarriak zerate

 

Hilbeltza beltza Baztanen

Evaren eta Adanen

Euskal Herrian ez baita

hemen bezainbertze kemen…

 

Miel A. Elustondo

JIM THOMPSON

NERE BAITAN

      Miel.A. Elustondo

 

NOBELA BELTZA ETA

SINESGARRITASUNA

             Jon Alonso

 

BELTZ GUZIAK EZ DIRA BELE

( Gotzon Garate oroimenean )

       Miel A. Elustondo

 

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page