top of page

errak BAT

Leitzen harrapatu nau, atrapatu nau (H)ilbeltzak. Beltzak. Ilbeltza beltza, ilbeltza zuria erran beharko nuke, aste honetan gure herriko karrikak zuritu baititu elur beltzak. Eta, orai ere, zuriturik ageri baitu kaskoa gure herri gaineko Gorbeia menditzarrak. Arizkunen, horratik, beltza ilbeltza, (H)ilbeltza beltza.

 

Leitzen harrapatu nau, atrapatu nau, (H)ilbeltza beltza zikloak. Era guzietako saio eta ekitaldiak irakurri ditut programa guziz gehienbat ederrean. Baina horra desgrazia, eginkizun zinez perilosoan, arriskuz betetakoan harrapatu nau ilbeltzak. Leitu dudanak Jim Thompsonekin partekatzen dudan belztasunaren baitatik atera nau, errealitatera ekarri, makurki.

 

Leitzen harrapatu nau ilbeltza zuriak eta (H)ilbeltza beltzak. Errateko maneran, Anjel Lertxundiren Zu liburua leitzen: «[Idazlea hitzaldi bat egitetik zetorren] Autoan etxerantz zihoala, Cesare Pavesek hitzaldiak kritikatuz esandako hitzak etorri zaizkio gogora. Buruz dakizki. Tamalez, hitzaldi bat ematen duen ia aldiro etortzen zaizkio hitzok kontu eske:

 

“Zergatik egin hitzaldirik? […] Hitzaldi batetik sekula ez da kulturalki baliozkoa den ezer ateratzen; bertan entzun den oro, fruitua emango badu, liburuetan bilatu behar da…”.

 

Anjel Lertxundik Cesare Paveserekin batera erraten duenez, liburuetan, eta ez hitzaldietan, bilatu behar da kulturalki baliozkoa den ezer, edo deusik. Arizkunen, bistan da, liburu beltzetan. Erran nahi baita, hitzaldia hitz itzalia dela aunitzetan. Nirea hitz itzalia izan ez dadin, liburu beltzetatik aterako dugu kulturalki baliozko denik.

 

Goraintzi Cesare Pavese, goraintzi Anjel Lertxundi.

 

Aitzinerat Chandler, Cain, Hammett eta bertze guziok. Eta, partikularzki, gure jendaki Jim Thompson.

 

errak BI

Oroitzen naiz gazte ginela, eta unibertsitate adineko ikasketak egiten ari, azterketak liburutegian prestatzen, eta buruari atseden emateko gogoz, apaletan guri begira geneuzkan nobelak leituz deskantsatzen ginela. Artean ez baitzen Gotzon Garate Elizondon izana eskutitz eskribitzen, oroitzen naiz Xabier Gereñoren nobelak leitu genituela.

 

Xabier Gereñok bazituen bortz nobela argitaratuak –erran nahi baita, hamaika–, eta gezurrik ez dut hemen eta orain esaten: bata bertzearen ondotik leitu genizkion azterketa karga pisuak prestatzen genituen bitartean. Aringarri izan genituen, alegia. Bidenabar, gurasooi oharra: ez zen izan gainditu gabeko ikasgairik. Alegia, zuen neska-mutikoak enkas, inoiz, leitzen harrapatzen badituzue, eman guzizko lizentzia guziak, leitzen segi dezaten.

 

Unibertsitate ikasketak euskaraz egiten hasi ginen lehenak ginen, edo lehen haietarik. Euskaraz ari ginen estudiatzen, eta euskaraz genuen leitzen, antsiaz eta egarriz. Menturaz, ordu arteko agorraldi hura ase nahian ari ginen. Baina, inondik ere, ez zen aise, ez ginen ase errazak. Gure egarria itsaso urdin eta zabala zen. Gereñoren nobelak putzu txiki bat zitzaizkigun. Behar genuen gehiago, aunitzez gehiago, gure egarri hura aseko bagenuen. Eta segitu genuen leitzen, leitzen, leitzen. Hau, hori eta hura leitu genuen. Errateko maneran, leitzeko non zer harrapatu bizi ginen. Harik eta argitaletxeak heldu ziren, eta mantso-mantso, irakurtzaileoi irakurgaiak eskura jartzen hasi ziren. Horrela heldu ziren titulu berriak, orain guziz ajatu, maiztu eta zahartuak. Konparazione, bilduma halako batean, 30. titulua izan zen Karteroak beti deitzen du bi aldiz. James Cain egile, Xabier Olarra itzultzaile. 1985ean argitaratua euskaraz. Orduantxe aktibatu gure neurona, zeurona eta gainerateko eurona guziak. Ez dakit konprenitzen didazuen...

 

errak HIRU

Urte batzuk lehenago, Tuteratik etxera bidean, udako bizikleta txangoan, Iruñean geratu eta ikusitako film beltz katu beltza baino beltzagoari istorioa eskura jarri zion liburua: alegia, Karteroak beti deitzen du bi aldiz. James Cain. Xabier Olarra. The Postman Always Rings Twice. Jack Nicholson, Jessica Lange.

 

Eta, arao eta birao!, beti bi aldiz deitzen duen karteroak, berriz deitu zuen Cainen nobela argitaratu ondoko urtean, nola deitzen duen gure postari antojagarriak gure etxean behin eta berriz eta aunitzetan. Eta 86an, gure bizi guziko erregaloa egin zigun postariak, munduari leiho bat zabaldu zigun. 1280 arima. Jim Thompson egile, Xabier Olarra itzultzaile. «Zorakeria hutsa!», erranen nuke nobelako istorioaz. Liburuaren kontrazalean, berriz, “aldrebeskeria” leitu dut. Horixe erran nahi nuen: “Aldrebeskeria hutsa!”. Eta bortizkeria, kirtenkeria, sexukeria eta umorekeria.

 

Ekarri gogora “Cesare Lertxundi”-ren, “Anjel Pavese”-ren solasak: «Hitzaldietatik kulturalki baliozko den ez ateratzekotan, liburuetan bilatu behar da». Horra 1280 arima. Jim Thompson. Xabier Olarra.

 

errak LAU

Argitaletxe hark bideari segitu zion. Elkar argitaletxea. Bakoitzari berea da kirtenbidea, omen, eta lehenago erran behar nuen James M. Cainen Karteroak beti deitzen du bi aldiz, Xabier Olarra itzultzaile, eta Jim Thompsonen 1280 arima, Xabier Olarra itzultzaile, argitaratu zituen konpainiaren izena. Elkar. Elkarrek hil arteraino, beltz hil arteko zuloraino lagunduko diguten tituluak jarri zizkigun eskura. Beltzetan beltz, 1280 arima.

 

errak BORTZ

Ez baitakit nola hasi solasean, hasi naiz jolasean. Eta jolasa baitut leitzea, leitzen hasi naiz. Eta hasi naiz hasmentatik. Eta hori da 1.280 arima, Jim Thompsonen lanik ezagunena, seguru. Jim Thompson, hemendik goiti, Jim zaharra, Thompson, nahiz Thompson zaharra. Hartu dut, beraz, 1.280 arima, ireki dut, baina ez han-hemen, lehenbiziko orrialdean baino, eta honela leitu dizuet:

 

«Bai, jauna, bai. Nik pozik egon behar nukeen, lasai eta patxada ederrean… »

 

errak SEI

Jim Thompson, Xabier Olarra. 1280 arima argitara ondoko urtean, Sail Beltza estreinatu zuen Igela argitaletxeak: Zaldiak akatzen ditugu ba. Horace McCoy. Xabier Olarra. Eta orduantxe arras belztu euskarazko literatura. Beltzak zirelakoan eman zizkiguten Jose Antonio Loidiren Hamabost egun Urgainen, Gotzon Garateren Esku leuna, Goizuetako ezkongaiak eta Izurri berria –baita Elizondoko eskutitzak ere–, Xabier Kintanaren Ta Marbuta… Kafea, kafe ez baina txikoria. Esnea, gaingabetua. Arabako Errioxako ardoa –urteko, ondu nahiz erreserba– urardotua. Ordea, egiazko kafea, esne osoa, ardo ez urardotua deskubritu genuenean, fini!, beltzean beltz, Igelaren Sail Beltza izan genuen gure bidaietan itsas argi: Galbidea, Ihesa, Kez egindako erretratua, Ez adiorik, Ttu eginen dut zuen hilobietan, Erloju handia, Betiko loa, Maltako belatza…

 

Eta koadrila alegera osatu genuen. Bistan denez, etxekotuak genituen James M. Cain eta Jim Thompson, baina hauekin batera bertze hainbat lagun sartu zitzaizkigun supazterrera: Raymond Chandler, Dashiell Hammett, Horace McCoy, Ross Macdonald, Boris Vian…

 

Etxekotuak haiek, etxean bertan sortuak Xabier Olarra, Fernando Rey, Javi Cillero… eta Juantxo Ziganda, gazterik hila, baina beti bizirik, hark itzuliak baitira, beltzetan beltz, bi perla beltz: Boris Vianen Ttu eginen dut zuen hilobietan, eta Jim Thompsonen Ihesa.

 

errak ZAZPI

Ez baitakit nola hasi solasean, hasi naiz bila, oroitzapen ez galduen zakuan, jakina baita oroimena traidorea dela arras, eta ez dituela gogoan atxikitzen guk nahi ditugunak baino, minik egiten ez diguten iraganeko zirti-zarta gozoak bertzerik. Eta oroitzapen ez galduetan lehenbiziko, filmak ditut, telebista koloretakoa ez zen garaian ikusitako haiek, Humphrey Bogartek protagonizatzen zituen filmak. Ez ziren gangster pelikula, ezta poliziakoak ere. Detektibe pelikulak ziren, Humphrey Bogartenak ziren. Humphrey Bogart eta Lauren Bacallenak zirela behar dut erran. Betiko loa eta Maltako belatza, kasurako. Ez zitzaion axola Robert Mitchum aktore hotz, azkar eta gogorra izatea Ez adiorik filmean. Humphrey Bogarten jenerokoa zen hura ere. Eta, bertzalde, hor ziren beti Postariak beti deitzen du bi aldiz, Ihesa, Zaldiak akatzen ditugu ba… Filmak, filmak, filmak. Behin ikusiz gero gure garunak ere “ez adiorik” erran, Chandlerren eskolan eta maneran, eta betiko atxiki dituen pelikulak.

 

Arestian erran dudana: “beltz hil arteko zuloraino lagunduko diguten tituluak”.

 

Arestian erran dudana berriz erraten. Ez da gauza onik! Jendea gauzak berriz erraten hasten delarik, fini da.

 

Finitzeko garaia nuke.

 

Bi minutu.

 

errak ZORTZI

James Myers Thompson (Anadarko, Oklahoma, 1906). Caddo konderriko sheriff zuen aita. Lana galdu zuen diru-irregulartasunak tarteko. Ustelkeria diote. Errateko maneran, 31.000 dolarren goiti-beheitia diru-funtsetan. Ordu artio, 1.500 dolar zituen morroiak irabaziak.

 

Dirua sakelan, Texasera jo zuen Thomson familiak, petrolio-putzuetan fortuna egiteko guzizko intentzioan. Negozioak erreka jo zuen, ordea. Garai hartako Jimen bizipena da, adibidez, hamahiru urteko zela, aitatxirekin Dallasera egiten zituen itzuliak. Aitatxik erran izan zuenez, hantxe ikasi zuen Jim Thompsonek zigarro erretzen eta whiski edaten, bertzeak bertze. Aitatxiren mundu kontzepzioaren arabera, gizon egiteko nahitaezko urratsak.

 

errak BEDERATZI

Garaitsuan, Fort Worth-eko Texas Hotelean hasi zen mandatu-mutil. Bertatik bertara ikusi, ezagutu eta bizi izan zituen ustelkeria, bizioa eta zapokeria. Amarrua, tranpa eta gezurra. Bezeroen beharretara egokitu zen lanean. Moralitate guti-handiko eskariak eta zalantza bihirik gabe ilegalak zirenak bete zituen Jim gazteak. Hoteleko soldata baino aunitzez gehiago irabazten zuen. Zerbait bereziago nahi zutenek ere, aski zuten Jim mandatu-mutilari galdatu. Fite zen hura mexikarren auzoan barrena, belarra, koka edo heroina bila. Hilean 15 dolarreko soldata zuèn mutikoak, 300 irabazten zituen astean, bateko eta bertzeko eskupeko, joko errenta eta iruzur. “Dolly” izengoitia eman zioten, janzteko garestiak eta modakoak, inportazioko oinetakoak eta gisakoak ibiltzen zituelako.

 

Pertsonaia hutsa, gure mandatu-mutila.

 

Ez zen eskolara gehiegi joaten, baina ez zen kamutsa. Guti eginez bete ohi zituen eskolak agintzen zizkion lanak. Bi urte iraun zuen gauez hoteleko lanean, egunez eskolara joanez –edo joateko obligazioa zuela–, egunean 60 zigarro errez, eta guk bizi guzian edan dugun baino whiski gehiago edanez.

 

Hondarreko, kolapsoa. Leher egin zuen Jimen organismoak. Hemeretzi urte zituen. Urtea behar izan zuen onera etortzen. Hainbat lanetan baliatuko zituen Texas Hotelean ikasitakoak. Barka, ikusitakoak erran nahi nuen. Hor dira Now and On Earth, Wild Town, Bad Boy, The Getaway, Texas By the Tail, and Swell-Looking Babe…

 

errak HAMAR

1926ko udaberrian Thompsonek martxa egin zuen Fort Worthetik. Petrolio-putzuetan nahiz petrolio dorreen arrimuan sortzen ziren gisa guzietako esku-lanetan aritu izan zen. Ondoan izan omen zuen ama. Geroago, haiekin bat eginen zuen ordu arte alderrai ibilitako aitak. Aitak dirua ekarki, orduantxe ireki zuten negozioa: Thompson and Son. Negozioa ireki, negozioa itxi. Texas By the Tail narrazioan eskribituko zuenez: «Mutikoak limitera heldua zela erran zuen. Ez zitzaion geratzen ipurdia eta prakak bertzerik, eta bietan ere zuloa zuen ageri».

 

errak HAMAIKA

Buelta Fort Worthera. Hantxe beti Texas Hotela. Baina ehun dolarretan erosi behar izan zuen lan hura harrapatzea, han irabazten zen diruaren aldera.

 

1929an, Texas Monthly, lehenengo idazlana. Oild Field Vignettes. (Petrolio soroetako argazkiak) James Dillon izengoitiarekin. Thompsonek berak eskribitua da:

 

«Egun batean, hantxe ni, denbora pasa liburutegian. Texas hilabetekariaren alea hartu, eta azalean bertan, lerro bat: “Oild Fiel Vignettes. James Dillon”. Urtea ere bazen testu hura eskribitu nuenetik, gau hotz hormatu batean, Pecos-etan, linternaren argipean, txingorrak nikelezko koadernoan joka, eskularruak jantzita idazten ari nintzela. Hornigaien kamioiarekin igorri nuen herrira, bai fite ahaztu ere. Argitaraturik ikusi nuenean, editoreari deitu eta solasean iragan genuen bazkalondo osoa; gisa horretako aldizkaria zen. Ezin zidan dirutan ordaindu, baina, ordainetan, aholku pila galanta zuen niri emateko. Bertzeak bertze, hobe nuela neure burua hein batean eskolatu».

 

Aldizkariaren editoreari kasu egin, eskaria egin, eta Nebraskako Unibertsitatearen programa batean onartu zuten Thompson: ezohiko hezkuntza zuten ikasle berezientzako egitasmoa. Nekazaritza Eskolan eman zuen izena, nekazaritza ikasleen anaidiko kideen giroan. Finean, haietarik baitzen Thompson. 1931ko udazkeneko seihilekoan, Thompsonek ez zuen ikasten segitzeko dirurik. Tutoreetako batek hogeita hamar dolar utzi eta jo zuen aitzina. Ordea, orduan, Depresio handia AEBetan, eta pikutara Jim Thompsonen eskolatzeko asmoak.

 

errak HAMABI

1942koa du lehen nobela, Now and On Earth. Elementu autobiografikoz betea, hein handi batean. Gerokoan izango duen belztasunik gabekoa. Interesgarria, orobat, nahiz eta oroimenean galdua dudan. Alabaina, erran nahi nuena, 1949tik 65era hemezortzi nobela publikatu zituen. Tartean dira Hiltzailea nire baitan, Litxarreroak eta 1280 arima. 1972koa, berriz, Amorruaren ume.

 

Aldi berean, Hollywoodera jo zuen, eta bi film egin zituen Stanley Kubrickentzat: The Killing eta Paths of Glory. Bertzalde, gure artean telebistak ezagutarazi ziguna, Ironside telesaila, Jim Thompsonen gidoia. Ezin ahantzizkoa, berriz, Sam Peckimpah zinema-zuzendariaren Ihesa filma, Steve McQueen eta Alie McGraw protagonista zituena. Ezinago eder.

 

1960ko hasieran izan zuen lehen bihotzekoa. Hala ere, fite lotu zitzaion eskribitzeari, nahiz eta zailtasun makurrak izan, ikusmen galerak eta bertze zenbait konplikazio.

 

Hamazazpi urtean bapore betean lan eginik, 1977an hil zen, bihotzekoak bata bertzearen ondotik izanda. Solasteko gai ez zela, eskribitzeko ere ez, frustraturik, jateari utzi eta hil zen hondarreko. Hileta-oharrean okerren bat izan, eta familia eta hurrekoenak bertzerik ez ziren izan hari betiko adio egiten. Jim zaharraren adiskide zahar batek erran zuena geratu da hileta hartaz: «Jim Thompsonen bertze istorio baten amaiera perfektua».

 

Hil-hurren, emazteari erraniko bertze perla bat: «Gorde ongi nire izkribuak, ongi gorde denak. Esperatu. Famatu izanen naiz hil eta hamar urte baino lehen». Txirritak erran zuena oroitzen naiz: «Gazte-gazterik hasi nintzan da, oraindaino bitartean / zenbait umore eder jarri det, Kantabriako partean / pixka batean ez naiz ahaztuko, sartuagatik lurpean / nire aipamenak izango dira, beste laurogei urtean».

 

“Nire aipamenak izango dira, beste laurogei urtean”, Txirritak, “Famatu izanen naiz hil eta hamar urte baino lehen”.

 

Gezurrik ez Jim Thompsonek.

 

errak HAMAHIRU

Leitzen harrapatu nau ilbeltza zuriak eta (H)ilbeltza beltzak. Errateko maneran, Anjel Lertxundiren Zu liburua leitzen: «[Idazlea hitzaldi bat egitetik zetorren] Autoan etxerantz zihoala, Cesare Pavesek hitzaldiak kritikatuz esandako hitzak etorri zaizkio gogora. Buruz dakizki. Tamalez, hitzaldi bat ematen duen ia aldiro etortzen zaizkio hitzok kontu eske:

 

“Zergatik egin hitzaldirik? […] Hitzaldi batetik sekula ez da kulturalki baliozkoa den ezer ateratzen; bertan entzun den oro, fruitua emango badu, liburuetan bilatu behar da…”.

 

Kasurako, Jim Thompsonen liburuetan.

 

Eta fini nire hitz itzalia.

 

 

 

Miel A. Elustondo

 

(h)ilbeltzak balio

 

hau da pandero berria (bis)

nevadatik ekarria

hementxe leitu ditugu

jim thompson za’rra’n berriak

jim thompson za’rra’n berriak

hau da pandero berria

 

ilbeltza elizondon beltza

ez da ziklo bat ezdeusa

hobe genuke euskaldunok

euskadik jakin baleza

 

gure kuttuna jim thompson

ez zuntzun eta ez zontzon

leitu haren liburuak

eginen dizuete on

 

hiltzailea nire baitan

koplarako nago gaitan

mila berrehun ta laurogei

arima behar goraipa

 

beltza gure jeneroa

zoro izan nahiz eroa

aste honek iraunen du

urte aunitzez geroan

 

banuen erran beharra

momentua da edarra

itzultzaileetan maisu

finena xabier olarra

 

hauxe nire aitormena

esan nezake’n onena

meritu guziak beti

hi! xabier olarrarenak

 

esker aunitz hiri patxi

salda aunitz, okela gutti

elurre ta gainerako

beltzari inoiz ez utzi

 

ilbeltza beltz arizkunen

solasaldi ta hizkune

heldu den urtean ere

beltzetan beltzen bilgune

 

gogo-bihotzez adio

ta irakurleak zer dio

nobela beltzak badauka

kulturalki_hainbat balio.

 

NOBELA BELTZA ETA

SINESGARRITASUNA

             Jon Alonso

 

Argazki

beltzak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page