​​Hilketa gaizto eta ankerra. Ez dago gupidarik, ez dago errukirik, ez biktimarendako, ezta hiltzaileendako ere. Nazka ematen diguten pertsonaia dohakabeak dira, baina aldi berean, erakartzen gaituztenak. Maitasuna gorroto bihurtuko zaien bi galtzaile. Hau da James M. Cain ( Annapolis 1892-University Park 1977 ) idazle estatubatuarraren Double Indemnity nobela apartaren mamia.
​
Cain kazetaritzan hasi zen, eta 1932an Hollywooderat aldatu zen gidoilari aritzeko. 1934an, The postman always rings twice bere lehenbiziko nobela argitaratu zuen, “toughwriter “ ( idazle gogorra) estiloari jarraituz. Zentsurak berehala debekatu zuen, edukiera ustez lizunagatik; hala eta guztiz ere, izugarrizko arrakasta izan zuen eta Caini bat-bateko ospea ekarri zion. Ondoko liburuak ere arrakasta handikoak izan ziren: Serenade (1937), Mildred Pierce (1941), Love´s lovely Counterfeit (1942) eta bereziki, Double Indemnity (1943).
​
James M. Cainen ekoizpen literarioa 70eko hamarkada artio luzatu bazen ere, nobela beltzari dagokionez, garrantzitsuena lehenbiziko hamar urteetako lana izan zen. Career in C Major eleberriarekin (1938) istorio melodramatikoak eskribitzen hasi zen, eta Bigarren Mundu Gerraren ondotik ez zuen nobela beltz gehiago eskribitu.
​
Cainek ez zuen detektibeak protagonista diren eleberririk idatzi. Ezta askatu behar den misterio bati buruzko istoriorik ere. Cainek erailketak, sexua eta bortizkeria deskribatzen dituzten nobelak idatzi zituen. Ahal zuen jende gehienarengana ailegatzeko moduko liburuak egitea zen bere helburua, fite irakurtzen ahal zirenak. Horretarako, liburu guztietako argumentuak, gaiak, pertsonaiak eta giroak antzekoak dira. Beti jende arrunta da, patua edota marjinazioarengatik krimenerat beharturik daudenak. Nobelen trama gehienek antzeko argumentua jarraitzen dute: gizon bat emazteki (fatala) baten sarean erortzen da; honek bultzatuta, ekintza kriminal batean nahasten da; akabailan, emaztekiak erabili egin duela konturatzen da. Hori dena hitz gutiko idazkera ausart eta zehatza baliatuz.
​
Sinpleak izanda ere, bere nobeletako gaiek eta giroek garaiko nobela eta zinemagintza beltzean eragin handia izan zuten. Europan ere, ospe handia izan zuen hemengo idazleen artean, tartean Albert Camus edota Cesare Pavese. Aipatu beharra dago, baita ere, Cain arras musikazalea izan zela, opera maite zuela bereziki, eta hori bere nobela batzuetan islatzen da: Serenade, Mildred Pierce, Career in C Major nobeletan batez ere.
​
Hollywooden, Paramount Picturesekin kontratu bat sinatu zuen gidoiak idazteko. Baina Cain pertsona zaila eta goibela zen eta berehala ekoiztetxeetako burokraziarekin egin zuen topo. Ez zen egundaino hango estudioetako ankerkeriarat moldatu. Hamabortz urtetan hiru gidoi bakarrik ekoiztu zizkioten. Alabaina, Hollywoodek, bere istorioen agertoki nagusia bilakatu zen California ezagutarazi zion. Bertzalde, hainbertze gorroto zuen toki honetan, sosketa egin zuen bere nobelen egile-eskubideengatik; horrek nobelagintzan aitzinerat egiteko behar zituen baliabide ekonomikoak eta erosotasuna bermatu zizkion, baita bere estilo literarioa finkatzen lagundu ere.
​
Garaiko arau moralak zirela eta, Cainen nobela anitz film bihurtezintzat hartzen ziren bere osagai sexualengatik. Nolanahi ere, Hollywoodek bere lan batzuk zinemaratu zituen, hori bai, modu desitxuratuan, zentsura zela medio. 1940an, Tay Garnettek The Postman always rings twice zuzendu zuen. Protagonistak John Garfield eta Lana Turner dituen film hau, genero beltzeko maisulanetako bat da. Lana Turnerrek, beti zuriz beztitua eta ilehori platinoz orraztatua, pantaila maisuki menperatzen du film osoan. Bigarren bertsioa Bob Rafelsonek egin zuen 1981ean. Oraingo honetan, protagonistak Jack Nicholson eta Jessica Lange izan ziren. Filma interesgarria da eta erotismo maila handiagoa du. 1943an, Luchino Visconti zuzendari italiarrak ere, bere lehen pelikula, Ossessione, nobela honetan oinarrituta errodatu zuen. Neorrealismoaren aitzindaria izan zen ikusi beharreko film hau.
​
Mildred Pierce, berriz, Michel Curtizek zuzendu zuen 1945ean, Joan Crawford protagonista zuela. Film zirraragarri honek Oscar sari bat irabazi zuen Crawforden lanarengatik. HBOk ere, 2011n, miniserie bat egin zuen nobela honetan oinarrituta. Zuzendaria Todd Haynes izan zen eta rol garrantzitsuenean Kate Winslet zuen. Luxuzko serie honek sari anitz irabazi ditu, tartean bost Emmy eta Urrezko Globo bat. Winsleten lana goraipatzekoa da.
​
Serenade Anthony Mannek pantailaratu zuen 1956an, baina bere film kaskarrenetako bat da.
​
Nalanahi ere, Cainen nobelen artean zinemaratzerik hoberena Billy Wilderrrek 1944an egin zuena da. Double Indemnity filma eredugarri izan den maisulana da, eta tartean, izan den emazteki fatal liluragarrienetako bat du, Barbara Stanwyck.
James M. Cain ez zen batere zinemazalea izan, eta industria horren inguruan zegoen guztia gaitzesten zuen. Horregatik, sorgin ehiza ailegatu zelarik, Marylandera joan zen babes bila hil artio.
​
​
​