Izara beltzeko izarrak
Zinema beltza ?
Film noir ?
Nino Frank kritikari frantziarrak erabili zuen lehen aldiz “film noir” izendapena 1946an.
Estatu Batuetako Hollywoodetik heldu ziren film batzuei paratu zien izengoiti hori, bertze film motetatik urruntzen zituzten ezaugarri bereziak zituztelakoz.Ordutik film beltza izena mundu guzian hedatu zen Estatu Batuetan ekoiztutako film berezi horiendako.
Baina hala izanagatik, film beltzek Ameriketatik kanpoko bertze zenbait iturritatik ere edan zuten.II. Mundu Gerran, Alemaniatik ihesi Estatu Batuetara joandako zinemagileengandik batez ere ( Fritz Lang, Robert Siodmak edo Michel Curtiz tartean). Zuzendari hauek, alemaniar espresionismoaren partaideak ziren eta pertsonaien egoera psikologikoa kontuan hartzen zuten argiztapen teknikak eraman zituzten Holliwooderat. Horren adibide garbiena Langen “M,Dusseldorfeko banpiroa” (1931) maisulana da.
Ez ditugu atzentzen ahal, haatik, errealismo poetiko frantziarrak , erromantikoa eta fatalista, edo italiar neoerrealismoak izan zuten eragina.
Dena dela, ukaezina da zinema beltza erabateko produktu amerikarra dela, XX. mendeko 30. hamarkadan zeuden moralitate kodeen aurkako erantzuna edo MacCarthismoaren aitzinean askatasunaren defentsan altxatutako izpirituarekin arras lotua.
Artea da egoera itolarri hartatik ( erabat ezkorra) ihes egiteko jendeak hartzen duen bidea, eta egokiena zinema. Film batean erailketa bat ikusten ahal da ondoriorik jasan gabe; beraz, film hauek biolentzia, hilketa eta lege guzien urraketarekin jolasten dute.
Pertsonaiak, debekuaren mugetan, ongitik gaizkira joan-etorrian dabiltza etengabe. Dena dela, beraiek uste duten baina ahulagoak dira, gaiztakeria izugarrienak burutzeko gai, horrelakorik ez uste arren.
Era berean arras indibidualistak dira , horregatik bertze edozein generoko filmetan baino gizatiarragoak (errari, zalantzati, gaizto edo kontraesankorragoak) eta ikusleari dena argi edo mamitua eman beharrean, bere horretan erakusten zaizkio pertsonaiak eta ez du sekula asmatuko benetan nolakoak diren, ez behintzat filma akitu artio.
Anitzetan maitasuna agertzen zaigu amesgaizto horren irtenbide bakarra, baina ez ohiko moduan . Ordura artio beti etxean lotuta zegoen emakumea, 30. hamarkada horretan karrikarat aterako da langabezia eta gerra dela eta, ondorioz, maskulinitatearen eredu indartsua desegonkortuko du. Hori islatzen dute film beltzeko emakume anitzek. Maitasunaren betiko ikuspegia ( amodioa, ezkongaialdia, ezkontza,…)aldatzen da eta sexualitatea agerikoa da. Garbi gelditzen da emakumeak suntsitzaile, anker edo maltzurrak izaten ahal direla eta edozer gauza egiteko prest daudela nahi dutena lortzeko, bertzeak bertze maiteminduaren itxura . “Maltako belatza” edo “ Shangaiko dama” filmak ikusi bertzerik ez dago.
Film hauetan, irrazionalitatearen eta amesgaiztoaren artean mugitzen dira pertsonaiak orokorrean, eta edozein momentutan esnatzeko zorian daudela iduri duen arren, ez da horrelakorik gertatzen sekula, haien zoritxarrerako. Patu beltzeko pertsonaia ilunak, egoera ilunetan, helburu ilunekin, zuri-beltzeko argiztapen itzaltsuan,…nola ez ba “film noir” goitizena?. Badago hoberik?
aitzinekoak...