top of page

    Raymond Chandlerrek (1888-1959) 51 urte zituen The big sleep, bere lehenbiziko nobela,  idatzi zuelarik. Lehenbizikoa izanagatik,  alimaleko arrakasta izan zuen eta egilea, bat-batean, genero beltzaren puntako idazleen  artean kokatu zuen. Gaur egun, zalantzarik gabe, generoaren klasiko bat da.

​

    Nobela idatzi zenetik zazpi urtera, Howard Hawks zuzendariak eleberri honen zinemarako moldaketa eskatu zien garaiko Hollywoodeko hiru gidoilari hoberenetarikoei: Leigh Brackett (Rio Bravo, Hatari ), Jules Furthman (Rio Bravo, To have and have not) eta William Faulkner ( To have  and have not, Land of the Pharahos ). Ondorioz, The big sleep arras ongi idatzita, xarmanki zuzenduta eta ezin hobe antzeztuta dagoen film beltza da; baina, gisa berean, zinemaren historiako argumentu korapilatsu eta ulertezinena duen pelikula ere bada.

 

    Eleberrian, Chandlerrek horrela erabaki zuelakoz, irakurleak ez ditu jasoko  Philip Marlowe detektibe protagonistak  eskuratzen dituen baino argibide gehiago. Estrategia bera erabiltzen du Hawksek ere filmaketan. Sekuentziak Marlowen ikerketaren pasarteak bezala antolatuta daude. Horregatik,  Philip Marlowek eszena guztietan hartzen du parte, gertakariak argitzearren. Baina ez du helburua ongi lortuko; ez  Marlowek eta ez ikusleak  ikerketaren gaia zein den ez dutelakoz sekula asmatuko. Bertzalde, gidoiaren zenbait zatik ez dute tramarekin bat egiten, eta hainbat gertakizun  sortuko dira  ezerezean akituko direnak. Adibidez,  hasmentan gertatzen den hilketaren egilea nor den  ez da egundaino garbi geldituko. Zuzendariak berak ere ez zekien nor zen hiltzailea, eta, argibide eske, Chandlerri deitu ziolarik, honek: “…ta neronek ere, zer arraio dakit ba!!”, erantzun omen zion.

​

    Baina filmaren garrantzia ez dagokio  bere trama bihurriari, lortutako giroari baizik. Ekintza azkar eta elkarrizketa trebeen bitartez, eta argia eta iluna modu sotilean erabilita,  Hawksek,  maisutasunez,  giro  kriminal baten deskribapena lortzen duelakoz. Horrez gain,saldukeriek, hilketek, xantaiek eta perbertsioek amesgaizto antzerako bat osatzen dute. Horrela , azaletik itxura bikaina duen  maila altuko jendartearen estoldetan barneratzen gaitu.

​

    Filmaren tentsioa pelikula  iraun bitartean mantentzen da. Tiroketa, musu, maite-jolas, esaldi zorrotz eta hainbat egoera desberdinen  artean, ikusleak ez du  hatsa hartzeko astirik izanen, hori baitzen Hawksek gehien maite zuena.

​

    Solasak arin batean sortzen dira, Chandlerren nobelako elkarrizketa distiratsu, latz, lizun, erakargarri eta nahaspilatuak,  Howard Hawksek  eta Faulknerrek bikainki asmatu zutelakoz arintzen eta leuntzen. Aunitzetan, solasaldiek eduki erotikoko liskar dialektiko friboloetan akitzen dute. Ahantzi ezina da bi protagonisten  arteko  lasterketa-zaldien portaerari buruzko elkarrizketa; gibel-asmoz beteriko solasaldi paregabea. Mintzaldi lehor edo dibertigarri  hauek ez dituzte protagonistek bakarrik erabiltzen, bigarren mailako pertsonaienak ere filmaren tempoa mantentzen laguntzen dute.

​

    Filmatzeko modua xumea eta naturala da, kamara aktoreen begien alturan paratua. Modu soil honen bidez,  pertsonaiengandik hurbil sentiarazten gaitu; bat egiten dugu beraiekin  tramaren korapiloak askatzeko nahi horretan, gogo bizi eta enpatiaz, argumentuaren zailtasun guztien gainetik.

​

    Aktoreen antzezpenak sekulakoak dira; pertsonaiak ongi interpretatzeaz gain, ikusleek miretsiko dituzten arketipoak sortzen dituztelakoz. Filma 1946an errodatu zen ; baina Hawksek eta Warners estudioak pare bat urte lehenago,  ia talde berarekin ( Leigh Brackett falta zen), To have and have not  film ahantzi ezina errodatu zuten. Film  honetan  ikusleria  liluratu zuen aktore protagonista bikote bera mantentzea erabaki zuten The big sleeperako. Tartean, 20 urteko neskatoa zen Lauren Bacall eta 46 urte zituen Humphrey Bogart ezkondu egin ziren. Horrek , bien arteko tentsio txinpartatsu eta grina sexuala errazten eta areagotzen lagundu  zuen. Humphrey Bogartek Marlowen papera ezin hobe  antzezten du. Morroi gogor, adoretsu, sorgor eta lotsagabearena egiten du, baina aldi berean  zuzen, ironiko eta erromantikoarena ere. Hain dago benetako bere paperean, hain ongi adierazten du pertsonaia existentzialistaren bakardadea, non  pistola heltzean eta muturrekoak ematean duen ganora gutxia  barkatzen zaion. Bogart Marlow da.Horrenbestez, izan diren, diren eta izanen diren detektibe pribatu guztiak da. Lauren Bacallek, berriz, emakume fatalaren papera borobiltzen du. Handiustea, ziurtasuna, sentsualitatea,boterea eta klasea erakusten ditu; aldi berean, ez du inongo ahalkerik gezurretan  behin eta berriz aritzeko. Edozer eta edozeinen  gainetik dagoela sinesten du, horregatik, aita eta ahizparekiko harremana harrokeriaz bizi du  eta Marlowekiko maitasuna etsipenez onartzen du. Hau guztia  gutti balitz, ez dago zinemaren munduan  berak bezala bekaina altxatzen duen emakumerik.

​

​

    The big sleep film  bikaina da, benetan aparta, besaulkian iltzatua uzten zaituen horietakoa.

Hoberenak

​

Double Indemntity

​

Femme Fatale

​

Chinatown

​

Liluragarriak

​

Gilda

​

Zuzendariak 1

​

The big heat

​

Zuzendariak 2

Argazki

beltzak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page