top of page

     Emakume fatalak  zinema beltz klasikoan liluragarriak, gaiztoak , gizonak manipulatzen dituztenak, zigortuak,…  agertzen zaizkigu.

​

     Gilda ez, ba.Gilda emakume fatal berezia dugu.

​

     Filmaren balio guztien gainetik legenda eta mito unibertsala bihurtu den pertsonaia da. Rita Hayworthen erotismo basatiak (eskularruaren estrip-teasea) edo bere erakargarritasun hipnotikoak ( satin beltzezko soineko estu batez jantzita), belaunaldi bat baino gehiagoren  amets sexualak bete zituen eta edertasunaren eta sentsualitatearen jainkosa bihurtu zuen.

​

     Filmaren iragarki kartelak “Gilda bezalako emakumerik ez da sekula izan “ zioen, eta hala izan da. Denboraren poderioz denok zahartzen gara, baina Gildaren  xarmak jarraitzen du, gure zinemazale ametsetan gelditzeko sortu zelako.

​

     Gildak edertasuna, indarra eta kalteberatasuna  adierazten du, baina, era berean, etsitzen ez duen emakumearen erretratua da. Amorru, haserre eta indarrez borrokatzen da  bera zauritu duen eta menderatu nahi duen gizonaren aurka. Borroka honetan  protagonistak probokazioa eta eskandalua sortuko du. Generoen borroka filmaren kontaketaren giltza bihurtzen da, eta  bere  interesa eta handitasuna honetan datza. Eskularrua kentzen hasi eta lepokoa erauzten bukatzen den strip-tease famatua (zinemagintzako eszena ospetsuenetakoa )aparteko gerra oihua da. Bertzalde,ikuslea hunkituta gelditzen da Gildak, halako batean, “Arrantxo bat izanen banintz, nire izena Inoren Lurra izanen  litzateke” erraten duenean, baina definizio bat baino probokazioa delarik  ohartzen denean, arima hormatzen zaio.

​

     1946ko filma dugu “Gilda” eta munduko hainbat lekutan lotsagarritako  hartu ziren pelikularen zenbait eszena  eta  estatu anitzek zentsuratu egin zuten, tartean Espainiak , Elizak “larriki arriskutsua “izendatu baitzuen. Hala eta guztiz ere, ikusle errekorra  lortu zuen.

​

     Eta ezin dugu ahantzi  Gildaren gibelean dagoen pertsona: Rita Hayworth.

​

     “Gilda”k  eskarmentu gutxiko aktorea zen Rita Hayworth  Hollywoodeko diva nagusienetakoa izatera eraman zuen, Marilyn Monroen ondotik. Ez zuen axola  hasiberria izateak eta abesten ez jakiteak,  inor ez  bezala mugitzen baitzen. Gainera, bere edertasun formaletik haratago,  ikaragarrizko indar eta anbiguotasuna  eman zion  pertsonaiari.

​

     Horretarako, Charles Vidor, filmaren zuzendariak,  dramaturgian  baino gehiago Hayworthen gorputz ataletan oinarritu zen  pertsonaia eraikitzeko: adatsean, irribarrean, besoetan edota bizkarrean. Gilda  Ritaren alde fisikoen baliabideez osatu zen. Bere adats ilegorri distiratsua astintzen duenean, pantaila erotismoz eta bizitzaz  nola betetzen den ikusi bertzerik ez dago.

​

     Era berean, film hau bere karreraren  gainbeheraren hasmenta izan zen, ez zuelako egundaino sex-symbol  arrakasta hori errepikatu ahal izan .”The lady from Shangai”, “Cover girl” edo “Separate tables” pelikuletan bere aktore balioa erakutsi zuen,  baina,  hala ere, bere bizitza pertsonaleko arazoak zirela medio,edo gazte pairatzen hasi zen  Alzheimerragatik,  gero eta film kaskarragoak egin zituen.

​

     Gainera,  Gildak Rita  irentsi zuen. Hainbertzeraino ze aunitzetan errepikatu  zuen: “Nire zorigaitza da gizonak Gildarekin oheratu  eta nirekin iratzartzen direla”.

​

     Filmaren arrakastak pelikularen benetako balioak altxatu zituen. Filma genero beltzeko sotilenetakoa dela erraten ahal dugu, eta gaur egun bere edertasuna eta konplexotasuna mantentzen jarraitzen du. Oroimenean ezabaezinak jarraitzen duten sekuentzia eta elkarrizketak ditu. Pelikulak edertasun bitxi eta ia- ilunaz gain,perfekzio formal paregabea eta zeharkako eta anbiguotasunaren domeinua erakusten du. Film eder eta uste baino konplexuagoa den hau arretaz ikusi behar da xarmanki egindako lan zinematografikoa dela ohartzeko. Akitutako gidoirik gabe hasi zen errodatzen, eta pertsonaien ibilbiderik gabe (inor ez baita dirudiena), noraino eta nola helduko ziren jakin gabe. Elkarrizketa batzuk muntaketan gehitu ziren,  eta hain ospetsuak  diren saio musikal “Put the blame on Mame” eta “Amado mio”, filmaketaren bukaeran gehitu ziren.

​

     Protagonistaren edertasuna azpimarratzen duen  lehen planoz beteriko argazki paregabea Rudolph Matérena da. Kamararen mugimenduak ere zoragarriak dira,  garai hartarako baliabide harrigarri, ausart eta  berritzaileak erabiliz (dado jokuaren  lehen sekuentzia ikusi bertzerik ez dago).

Glenn Ford , George Macready ( aipatzekoa hitz-erdika adierazten den bien arteko homosexual harremana) eta Steven Gerayren  (Tio Pio) antzezpenak apartak dira,  Hayworthen gabeziak maisuki babestuz.

​

     Baina,  erran bezala, Gilda ez da  zinema beltz klasikoan  agertzen den ohiko emakume fatala. Gildak ez du  Johnnyz baliatu nahi,eta baliabide guztiak menderatu baino, bera  berenganatzeko erabiliko  ditu,  maite duelako,  eta bertze femme fatalen aldean,  bukaeran  ez da zigortua  izango.

​

     “Gilda” tarteka zineman gertatzen den elkartze magiko horietako bat da,  film onak  baino , legendak sortzen dituen horietakoa,   “Casablanca”, edota “Gone with the wind”en antzera.

Hoberenak

​

Double Indemntity

​

Femme Fatale

​

Chinatown

​

Liluragarriak

​

​

Argazki

beltzak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page