Double Indemnity hilketa perfektuaren frustrazioa modu biribilean kontatzen digun filma da. Alfred Hitchcockek ikusi zuelarik hau erran zuen : “Double Indemnity ondotik, zinemaren bi hitz garrantzitsuenak Billy eta Wilder dira” .
​
Zinema beltzaren hastapenetako filma, Double Indemnity (1944), hiru talenturen elkarketatik heldu da : James M. Cain, Raymond Chandler (biak nobela beltzaren ezinbertzeko idazleak) eta Billy Wilder zinema zuzendaria.
​
James M. Cain, filmak oinarri izan zuen nobelaren egilea, hasmentako zinema beltzaren idazle garrantzitsuenetako bat da.Zenbait film esanguratsuen gidoiak berak idatzitako eleberrietan oinarritu dira, tartean: Mildred Pierce edo The Postman Always Rings Twice .
​
Filmak oinarri izan zuen nobelak urteak pasa zituen Hollywoodeko bulegoetan bueltaka, ezin zela film bihurtu ospearekin garai hartako zentsurarekin egin zuelako topo.Zergatik eta nobelako protagonisten krimena zigorrik gabe gelditzen zelakoz eta bi pertsonaien harreman adulteroa inmoraltzat jotzen zelakoz; baita, hilketa bat nola gauzatu kontatzen zuelakoz ere.
​
Wilderrek ,nobelak liluraturik eta arestiko denaren jakitun , gidoia bere kabuz idaztea erabaki zuen. Horretarako, Cain bera nahi izan zuen laguntzaile, baina honek konpromiso aunitz zituela eta, bertze idazle bat proposatu zioten: Raymond Chandler. Chandler garai hartan bere lehenbiziko nobelak argitaratu ondotik ospea lortzen ari zen idazle bat zen. Gero nobela beltzaren maisua izatera iritzi zen.
​
Chandler eta Wilderren arteko elkarlana infernua izan omen zen. Hala eta guztiz, han eta hemen aldaketak eginez, nobela gainditu zuen gidoi borobil bat idatzi zuten , James Cain bera harritu zuena .Maisulana den gidoi honetan, moral faltsu eta sentimentalismorik gabeko hitzekin,pertsonaiek bere arima beltzaren barnealdea erakusten digute, zinemako gidoigintzan eredugarritzat hartzen diren elkarrizketa mingarri eta garratzen artean. Fatalidadeak maneiatuta , inoiz damurik erakutsi gabe, beren patu ekidinezina estoikoki jarraituz, erabat normalak diren pertsonak dekadenteak eta perbertsoak izaten ahal direla erakusten digu.
​
Wilder zuzendariak , austrohungariar inperioan sortuak, nazismotik ihesi Hollywooden akitu zuen bere ibilbidea. Amerikar zinemari egin zion ekarpenik handiena bere adimena izan zen. Filmen argumentoetan paradoxa, ironia eta biraketa harrigarriak erabiliz sei Oskar sari irabaztera ailegatu zen.
​
Aktoreei dagokienez, ohikoak zituzten rolak erabat aldatuz, Wilderren zuzendaritzapean gorena jo zutela aitortu behar da.
​
Barbara Stanwyckek , melodrama eta komedietan ospea zuenak ,halako pertsonaia gorrotagarrria antzezteak bere karreran izan zitzakeen ondorioen beldur zen. Zalantza handiak izan zituen, Wilderrek “aktorea ala arratoia, zer zara!?”galdetu omen zion artio; orduan, onartu eta bere karrerako arrakastarik handiena lortu zuen. Interpretazio eta estilo paregabearekin, emakume erakargarri eta arriskutsua edo bertze modu batera ezagutzen den “femme fatale” ahantziezinetako bat antzeztu zuen.
​
Fred MçMurrayk, beti komedia aktorea izanik, film honetako paperean adierazten duen anbiguitatea film gehiagotan aprobetxatu behar zela erakutsi zuen.
Edward G. Robinsonena, berriz, alderantzizko bidea izan zen. Beti gangster edo gaizkile paperetan ohitua, pertsona on eta mundutar baten rola jokatzen du hemen. Detektibe klasikoen deduzitzeko gaitasuna erakusten du eta tramaren pertsonaia ezinbertzekoa bilakatzen da.
​
Filmatzean detaile guztiak zehaztasunez aukeratu ziren: espainiar estiloko etxea, auto motak, objektu txikienak…pertsonaien izaera ongi definitzeko.
Filmean iluntasuna muturreraino eramana da. Argiztapena, garai hartako “glamourra” alde batera utzita, kontrasteetan murgiltzen da momenturik tragikoenak goratzeko , atmosfera astun eta neketsu bat lortu eta zinema beltzaren fotografiarik ederrenetakoak eskaintzeko.
​
Double Indemnity genero beltzetik haratago doan filma da. Wilderrek autore zinemaren adierazpen distiratsuenak lortu zituen 107 minutuko film honetan. Literatura eta film beltzaren esentzia eta atmosfera maisuki landu zituen, Oskarretarako zazpi izendapen lortzeraino.
​
Lagunok, ikusi eta ikasi.