top of page

   1974an errodatutako “ Chinatown”  zinema beltz klasikoari omenaldia egiten dion  film   ilun, bortitz, dotore eta duina  da.

​

   Roman Polanski zuzendaria, garai hartan modan zegoena “Rosemary´s baby” edota “Che?” filmak errodatu ondotik , literatura beltzean (Hammet, Chandler,…) inspiratu zen filmatzerakoan. Baina ez zuen horien mimesia egin nahi izan, horregatik,  kameraren gibelean jarri eta apaltasuna  eta atrebentzia nahasiz,  tentsioz beteriko giro berezia   sortu zuen. Aitzinetik  jarritako kode guztiak hautsiz , ikuspuntu garaikide bat eman zion , eta zinema klasikoaren zuzendariek bere garaian ezin izan zuten gordinkeria gehitu ere.

​

   Film samin honen  gaia boterea eta ustelkeria da. Iduriz errespetagarriak diren zital batzuk,  sosa  pilatu nahian, nahi duten guztia lortzeko  duten gaitasuna erakusten duena.

​

   Pelikula  Los Angelesen girotuta dago eta ura da filmaren  protagonista  nagusia, esanahi  eta sinbologiaz beterik. Hiria   basamortuan eraikita dagoenez,   ura menderatzen duenak boterea du. Kasu honetan,  Noah Cross (John Huston) pertsonaia megalomanoak uraren hornikuntza manipulatuko du , aberasteko eta etorkizuna menperatzeko. Urak edo bere gabeziak filmaren kontakizun osoa bustiko du,  bai  handitasunean (urtegia), bai  txikitasunean, bere garrantzia azpimarratzeko.

Bertze protagonista beroa da.Zeru beti urdinak, egun eguzkitsuak, lur okre edo gorri-horiak, espainiar estiloko eraikuntzetan berotasunetik ihes ezin duten barnealde ilunak, edota itzal marroi zikin, hautseztatu eta likatsuetatik  gordetzeko gai ez diren haizegailuak edo pertsianak dira nagusi.

​

   Filmak,   Oscar sarietan, F.F. Coppolaren  “ The Godfather” (“Aitabitxia”) filmarekin lehiatu behar izan zuen, eta horregatik, merezitako 11 izendapenetatik  bakarra irabazi zuen,  Robert Towneren gidoiarena. Zinemagintzako idazle eta adituen artean zinema iparramerikarraren historian gidoirik biribilena. Dena den, harribitxi hau  idazle eta zuzendariaren arteko gatazka latzaren  emaitza da,  Polanskik  Towneri  aldaketa garrantzitsuak eginarazi zizkion eta.

​

   Polanski eta aktore nagusien arteko liskarrak ere filmaren legendaren zati handi bat dira. Jack Nicholson eta Faye Dunawayren divismoak eta zuzendariaren izaera iskanbilatsuak  aunitzetan talka egiten zutelakoz.

​

   Jack Nicholson,   J.J. Gittes  detektibearen  paperean,  filmeko eszena guztietan agertzen da eta hauek gehienetan  bere begiekin ikusten duenarekin   hasten dira.Bogart eredutzat hartu eta haratago eramango du, eta ziniko itxurarekin agertzen bada ere, esku artean duen kasuarekin bukaeraino iristeko prest dagoen gizon jatorra  baino tristea dela ikusiko dugu. Bere  antzezpena  ezinbertzekoa da “Chinatown” film beltz arrunt bat baino gehiago  izateko , Nicholsonen karrerako paper garrantzitsuenetako bat izateraino.

​

   Faye Dunawayk,  garai hartako aktore gatazkati eta bikainetakoak,  rol lazgarri, sentsual eta zorigaiztokoa modu erotiko eta zoragarrian jokatzen du.

​

   John Hustonen lana ere  sekulakoa  da eta  bere presentziak pantaila betetzen du.  Pertsonaia doilor eta tamalgarri bat antzezten du.

​

   Polanski berak ere, paper ttiki baina ahantziezinezkoa betetzen du .

​

   Film honek  argi erakusten digu “Noir” izateko  zuri-beltzean  ez dela  izan beharrik.John A. Alonzo fotografia zuzendariak  bere ibilbideko gailurra jo zuen  pelikula  honekin, egiterakoan hartutako arriskuak  eta gauzatzeko zailtasunak kontuan hartuta. Lankideek  zinema historiaren fotografiarik eder eta dotoreenetakoa dela uste dute.Kolore hori eta okreen laguntzaz  eta gehienetan naturatik ateratako argiarekin, argitasun neurtu eta sotila lortzen du, eta   filmari ukitu  aztoragarri eta errealista ematen dio.

​

   Bukatzeko,   ezin da ahantzi  bertze bi konpositore  gibelerat  bota ondotik , Jerry Goldsmithek,  10 egunetan bertzerik ez,  ondu zuela filmaren  musika bikaina.Bere tronpetaren doinuak  beharrezko tenplean jartzen gaitu eta aberastasun materialez beteriko , baina barnealde ezdeuseko  mundu  bat idurikatzen du, eta filma malenkoniaz blaitzen du.

​

   “Chinatown” zinema beltz purua da, maitasunez zuzendua, urteak pasatuta ere, besaulkian ahozabalik utziko zaituena .

       

 

Argazki

beltzak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page