top of page

     Zinema beltza  jazarpen baino pasio generoa izan dela erraten ahal dugu.Zerengatik, ba,  hori? Emakume fatalari esker. Baita  emakume hauen sorginkeriaz liluratuta bere irudi menderatzailea galtzeko  prest film hauetan agertzen diren gizonei esker ere , emakume boteretsu eta adimentsu hauei  gune ahalguztiduna ematen diotelako.

​

     Zinemak,  urte luzeetan , nahiz eta XX. mendeko arte modu berri bat izan,  ez du  lortu  nagusi izan den  tradizio misoginoko emakumearen irudia aldatzea. Arte berria,  baina mezu zaharkitua,  beraz . Gizonek  eta, hein handi batean, gizonendako egina . Hori dela eta, hastapenetatik giro puritauez kutsatua agertzen zaigu, eta  erakusten dizkigun  emakumeak onak, koitaduak eta otzanak dira.

​

     Ez luzerako, ordea, Estatu Batuetako zinemagileak azkar konturatu baitziren   sexuaren errentagarritasunaz,  eta ordura artioko emakume ileori zintzoek  baino, beltzaran maltzurrek  gehiago erakartzen zutela gizonezkoak.Baita   aktoreek  eduki zitzaketen  garrantziaz ere, alegia mitoak zuen indarraz.Hortik  sortu zen Hollywooden hain ezaguna egin zen   star –systema eta honekin batera jendartearendako eta bereziki emakumearendako jokabide eredu berriak  ezarri ziren. Emakume fatalak zinemaren industriak eraiki nahi zuen mitologia  hori borobiltzen lagundu zuen.

​

     Emakume pertsonaia hauek  beti toki likits, ilun eta ospe txarrekoetan agertzen dira, gehienetan gauez, ordura artioko emakume elizkoi eta etxekoandre zintzoaren kontzeptua hautsiz eta  arau moralaren  erregelak eraldatuz, sexu grina eta desira agerian utziz.  Zinemagile batzuen misoginia eta sukar-ametsen ondorioz, zinemaren emakume fatala pertsonaia errealista eta oniriko moduko baten antzera gauzatzen da, eta egunerokotasuneko ezkutuko desioak islatzen ditu.Jendartearen instintu makurrenak argiratuz, publikoak  enpatiaz eta mirespenez begiratuko ditu emakume gaizto, basa, eder eta hipnotizatzaile hauek.

​

     Emakume honen  xarma  tramaren protagonista maskulinoaren  irudi arrazoinatzaile eta garailearen  kontrajarria da.Gizon hau gutitan izaten da emakumearen helburua, bere beharrak edo nahiak betetzeko bitartekaria bertzerik ez.Emakumeak  berak erabakitzen du eta gobernatzen du bere burua eta gorputza,  eta honetaz baliatzen da gero bere helburuak zapuztuko dituen heroiaren inguruan  amarauna ehuntzeko.  Emakume fatala hotza eta ankerra da, jendarteak ezartzen dizkion arauen hauslea eta horretarako denetarik erabiltzen du : abestiak, elkarrizketa zorrotzak, betazal  jausialdiak, aldaka kulunkatzeak edota dantza limurtzaileak.  Zentsuraz beteriko garai  hartan, zinema beltza erakutsi baino  iradokitzearen artea gailurrera eraman beharrean aurkitu zen  , eta ezin da ukatu  horretan baduela xarma.

​

     Zoritxarrez,   emakume hauendako  filmen   akabailak beti zigortzaileak izaten  dira eta ordenak eta legeak  irabazten du .Horregatik,  beti ere ikuspegi matxista eta errepresibo baten begiradatik, emakume fatala ezin da onik atera, bere okerrak eta maltzurkeriak   zulorat bideratzen baitute ( ziegarat, heriotzerat…).

​

   Nolanahi ere, aipatu beharra dago pertsonaia honen agerpenak zinemagintzarendako garrantzia handia izan zuela, bai gidoien narratiban,  baita eremu dramatikoan ere  eta hurrengo urteetako zinemagintzarako emakume adimentsu,  aske, indartsu eta gutiziagarri  bati ateak ireki zizkiola.

Argazki

beltzak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page