Argazki
beltzak
Zinema beltzaren aitzindaria izan zen Fritz Langek, bere filmografian gehien estimatu zuen pelikula The big heat( 1953) da. Baita kritikariek ere, zinema beltzeko historiako hobenetakoa dela diote.
​
William P. McGiven izeneko kazetariak, benetako gertakarietan oinarrituta, 1952an idatzi zuen liburu bat moldatu zuen Langek filma egiteko. Liburu bihurtu baino lehen, McGivenek zazpi kapitulutan banatuta, “Saturday Evening Post” egunkarian argitaratu zuen. Fritz Langendako egunkariak beti izan ziren inspirazio iturri eta, film honek errealismo dokumentalaren eta gertaeren kroniketako estetikan zuen obsesioa agerian paratzen du.
​
Bertzalde, pelikula beltz batean espero dezakegun guztia eskaintzen digu:polizia korrupzio trama ilun bat,krimen antolatuan dabiltzan morroi gogorrak, polizia-agente ondradu jenio txarrekoa edota ezinbertzeko emakume fatala. Gau-pelikula bat da azken finean, non alemaniar espresionismotik edaten duten argiztapena eta argilunak diren nagusi, genero beltzak eskatzen duen giro anbiguo,ilun eta zorigaiztokoan.
​
Pelikula honek argi erakusten du Langen abilezia genero kriminalaren baliabideak menperatzeko, baita jendartearen ustelkeria morala erretratatzeko ikuspegi kritikoa ere.Garai hartan estatubatuarrek amesten zuten “American Dream”aren barnean zeuden orban sozialak azaleratzen ditu eta amets horretatik iratzarri eta erreakzionatzerat deitzen du.
​
Hori dena, garaiko indarkeria ekidin gabe.Film honetan agertzen den bortizkeria Langen filmografiako argiena eta izugarriena da. Baina ez alferrikako indarkeria; eguneroko elkarbizitzako balioek eta erakundeengan dugun konfiantzak porrot egiten dutelarik, garatzen den beldurra eta kezka agertzeko baizik. Gainera, gogorkeria hori, anitzetan planotik kanpo egonagatik, indarra galdu beharrean areagotu egiten da.Vincent gaizkileak (Lee Marvin) Debbyri (Gloria Grahame) irakiten dagoen kafetera betea aurpegira botatzen dioneko agerraldia antologikoa da eta, segur aski, garai hartako ikuslegoa anitz hunkituko zuen.
Filmaren bertze gai bat mendekua da eta Dave (Glenn Ford) protagonistaren bilakaera da pelikularen ardatza: polizia eredugarria eta senar zoriontsua izatetik, egoera gogor batek eraginda, amorru eta bengantza grinak jotako pertsona bilakatuko da.Herra eta indarkeriaren aitzinean, polizia izanagatik, gaizkile baten erantzun bera izanen du: gizon bortitz eta krudel moduan jokatuko du.Bertzalde, mendeku eta justizia bilatu nahi horretan, aurpegia itsusitu ondotik jainkosa menderatzaile bihurtuko den Debbyrekin eginen du topo.
Jendearen itxurakeria morala agerian paratuz ongia eta gaizkia kontrajartzen dira film osoan, pertsonaien artean nor den benetan zintzoa eta nor maltzurra nahasi artio.Nortaz fidatu? Hori ikuslearen zeregina izango da.
Dena den, bertze sentimenduek ere badute tartea film honetan. Adibidez, Lee Marvinek antzezten duen pertsonaiaren ankertasunaren aitzinean, Glenn Forden eta Gloria Grahamen pertsonaien artean sortzen den txera eta elkartasuna,emakume zaharrak Daveri ematen dion laguntza edota gerrako gudari-ohi lagunek ematen dioten babesa.
​
Pelikula honetan sinbologiak duen garrantzia ere azpimarratzekoa da.Fritz Langek 20ko eta 30eko hamarkadetako filmetan jo eta ke landu zuen gai hori. Film honetan maisutasunez, garden eta irmo erabiltzen du. Aski da Daveren alabaren mekanoa lurrerat erortzen dela ikustea , aitaren bizitza gainbehera doala ulertzeko. Baita gaizkileen aurkezpena egiten duelarik ere ; beraien arteko lotura agertzeko, telefono solasaldiak kateatzen ditu, amaraun ikustezin baten itxura eman nahian. Edota hasmentako eszena:gizon bat bizkarrez, pistola bat, esku bat, tiro hotsa eta eskutitz bat polizia plaka baten ondoan. Polizia baten suizidioa erakusteko modu zoli bat. Langek eszena hau aurrez errodatu zuen lehenbizikoz, baina zentsurak ez zuen onartu (polizia batek ezin zuen bere buruaz bertze egin garai hartan). Baina, azkenik, Langek erabili zuen elipsi horri esker, gertaeraren bortizkeria ageriagoa da.
Maisu austriarrak ustelkeriaren azterketa etiko zuhurra egiten du film honetan: nola hierarkia maltzur batek delitugile zitalak baliatzen dituen bere inguru guztia txontxongilo erara erabiltzeko eta boterearen hariak maneiatzeko. Fritz Langek The big heaten azaltzen digun jendartea naziek menderatutakoaren antzekoa da.Mafiaren buruek hiriaren maila guziak kontrolatzen dituzte eta jende arruntarendako ezinezkoa da garro horietatik ihes egitea.Etsaia etxe barnean dago.
Hondarrean, gainera, justiziak ez dakar derrigorrez garaipena.Filmeko protagonistek, bere ibilbidean elkartu izanagatik, bakarrik, isolatuak eta bere burutazioetan bilduak segitzen dute.
Azpimarratzekoa da gidoilariaren trebetasuna kontaketa hain modu trinkoan egiteko; horretarako elkarrizketa egoki eta bikainak, pertsonaien deskribapen zehatzak eta ekintza biziak erabiltzen ditu.
​
Zuzendaritza lana funtzionala eta ezin hobea da. Perfekziotik hurre dagoen plangintza xumearekin, mamiari ongi helduta, itxurakerietan denbora galdu gabe, ez dago plano bat bera ere alferrikakoa.
Antzezleei dagokienez, erran beharra dago Lang zuzendariak eta Sidney Boehm gidoilariak maisuki deskribatutako pertsonaiak antzezten primerako lana egin zutela.Glenn Fordek bere karrerako antzezlan hoberenetakoa egin zuen, eta bereziki, lehen plano hotz, barnerakoi,samin edo gogor bikainak eskaintzen ditu. Gloria Grahame eta Lee Marvin ere azpimarratu behar dira eta bigarren mailako pertsonaiak, erabat beharrezkoak eta ahantziezinezkoak, film osoari ukitu berezia ematen diotena.Bitxikeria moduan, protagonistaren emaztearen rola, Marlon Brandon aktore ezagunaren arreba zaharrenak (Jocelyn Brando) jokatzen du.
​
Musikari erreparatzen badiogu, haizezko eta harizko instrumentuz bakarrik osatutako orkestra baten pasarte erromantikoak, festa-girokoak, dramatikoak eta suspentsezkoak filmari beharrezkoa duen sakontasuna ematen diote.
Indarrean jarraitzen duen mezuarekin,lehenbiziko egunean bezainbertze hunkitzen duen maisulana dugu The Big Heat.Behar duen onarpenik jaso ez duen filma eta bertze batzuk bezain mitifikatua izan ez dena, baina ikusi beharrezkoa.
​
​
​
​
​
​
​