Film bat egitean, anitz dira parte hartzen duten profesionalak eta pelikula bat ikusi ondotik, gustuko izan ala ez, denok aipatzen dugu aktoreen lana, gidoia, fotografía, musika…Gehienok, neurri batean edo bertzean, esparru horiek balioztatzeko gai izaten gara, eta horietatik guztietatik baloratuenetakoak aktoreak izaten dira. Horiena da ospe handiena, mito bihurtzeraino.
​
Baina badago pertsona bat publikoak gutitan hartzen duena kontuan eta ezinbertzekoa dena: zuzendaria. Ikusle anitzendako ezezagunak izaten dira eta anitzek ezingo lukete bizpahiru izen baino gehiago gogoratu.Baina zuzendaririk gabe ez dago filmik.Bera da pelikula baten sokak eusten dituen masta. Zuzendari on batek gidoi eskas batekin edo erdipurdiko aktoreekin film on bat egin dezake, alderantziz zaila izanen da.
​
Arestian aipatutako guztiarengatik eta batzuk aipamen berezia merezi dutela uste dugulako, Izara Beltzeko hurrengo Izarrak beraiek izanen dira.
Lehenbizikotz, erran beharra dago ez dela egon orain artio genero beltzerat arruntean atxiki den zuzendaririk. Badira bereziki abentura ( Howard Hawks ) edota suspentsea ( A. Hitchcock) jorratu dutenak, baina beltza, zuzendari guztiek bertze generoen artean landu dutena izan da.Horien artean badira film bat baino gehiago egin dutenak ( Fritz Lang ) , edota film bakarra egin eta betirako ospea izan dutenak ( Tay Garnett ,The postman always rings twice).
​
Zinema beltza gailurrera eraman duten zuzendari anitz aipatzen ahal ditugu , baina hasmenetarako bat aukeratuko dugu, denen artean maisu eta aitzindari izan delako.
FRITZ LANG
​
1890eko abenduaren 5ean Vienan sortu bazen ere, bere zuzendari lana Alemanian hasi zuen 1918 aldera. Ordukoak dira bere film arrakastatsuenetakoak ,Metropolis, Dr. Mabuse edo M, Dusseldorfeko banpiroa.
​
1933an zuzendu zuen Das testament des Dr. Mabuse pelikulan errealismo eta genero fantastikoa nahasi zituen, gero, Estatu Batuetan eginen zituen genero beltzeko pelikuletan agertuko zen nahasketa bera.
​
Film hau Alemanian debekatuta egon zen nazismoaren aurkako metaforatzat hartu zelako.Hala eta guztiz ere ,Hitlerren propaganda zerbitzuko burua zen Joseph Goebbelsen gonbita jaso zuen errejimen berriaren zinema zuzendari ofiziala izateko.Horren ondorioz, Alemaniatik alde egin zuen bere emaztea han utzirik.
Ameriketan bigarren bizitza bat egiteko aukera izan zuen eta Hollywoodeko zinema beltzean eragin zuen Alemaniatik etorritako bertze zuzendari batzuekin batera.
Alemaniar espresionismoa ( dekoratuak, itzalak, kontrapikatuak,…) eta zinema beltza bateratu zituen bere ikuspuntu berritzailearen bidez; ondorioz, bere filmetan zuri eta beltzeko kontrasteak oso nabarmenak dira.Bertzalde, bere baitako demonioak eta Estatu Batuetako alde iluna miatu zituen.Zinemaren historiako zuzendari irudimentsuenetako bat izatera ailegatu zen.
​
Hollywoooden ,hasmentan ez zuen zorterik izan, bi urtez itxoin behar izan baitzuen bere lehen proiektua aintzinera eramateko.Baina gero, zinema beltzan ahantzezinak diren pelikula sorta bat errodatu zuen: You only live once (1937), The woman in the window (1944), Scarlet Street (1945), Secret beyond the door (1947), The big heat (1953), Beyond a reasonable doubt (1956) edota White the city sleeps (1956).
​
Bere filmetan agerikoa da kritika soziala, justiziarekiko zalantzak eta bere garaiko gizabanakoaren babesgabetasuna.Fritz Lang errebelde bat izan zen eta pertsona marjinal eta behartsuen ikuspuntutik abiatuta, bere pelikula guztiek unibertso anker baten aurka jendakiak egin behar duen borrokaz solastatzen dira.Azkenean, onerako edo txarrerako, arau zuzeneko bidetik aldentzen diren guztiek, engainu sendoago eta indartsuago batekin eginen dute topo: ordenaren indarrak.Hauek errealitatea bere onera eramanen dute, arrazoia eduki ala ez.
​
50eko hamarkadaren akabailan , estudioetako zenbait irizpide komertzialen aurka zegoelako, ekoizle europar baten eskaintza jaso zuelako eta Ekintza Antiamerikarren Aurkako Batzordea zela eta, Europara itzuli zen zenbait film errodatzera.Han filmatu zituen bere azken pelikulak .Egonaldi horretan Frantziako Nouvelle Vagueko zuzendariek ,Cahiers du cinéma aldizkariaren bitartez berarekiko mirespena adierazi eta zabaldu zuten.
​
Los Angelesen hil zen 1976an ,baina bere itzala oraindik zuzendari anitzengan antzematen ahal da.