top of page

Fritz Lang zuzendari handiaren ondoren, bertze bi maisurekin jarraituko dugu : Howard Hawks eta Raoul Walsh.

 

HOWARD HAWKS

 

Benetako izena Howard  Winchester  Hawks  zuen. Izen-deitura bitxi horien gibelean, zinemaren munduan hasi artio, hainbat lanbide  izan zuen ipurterrre  bat aurkituko dugu:  hegazkinlari, auto lasterketari edota  hegazkin eta automobil diseinatzaile. Horregatik, ez da harritzekoa bere pelikuletako pertsonaia nagusien artean hainbertze abenturazale izatea,  beti muturreko egoeraraino eramanda , gainera.

​

Baina, 1896ko maiatzaren 30ean , AEBtako Indiana estatuan sortutako zuzendari honek ez zuen abenturazko generoa bakarrik landu;musikalak, westernak, komediak, melodrama, film belikoak edo introspekzioa jorratzen duten filmak ere egin zituen.Horien artean ahantziezinak diren Red river (1948) westerna, Bringing up baby (1938) komedia,Gentleman prefer blondes (1953) musikala edota  basapizti ehiztarien  Hatari (1962)  ditugu.

 

Eta nola ez, beltza ere maisuki landu zuen. Berak eman zion hasmenta gangster filmen generoari 1932an Scarface filmarekin eta gero, 1946an, zinema beltza gailurrerat  eraman zuen The big slip pelikularekin.1944n  To have and have not pelikula ahantziezina errodatu zuen.Film honetan, Lauren Bacall aktorea aurkitu zuen eta zinemazaleen iruditegian betirako gelditu den Bacall-Bogart bikote paregabea sortu zuen.Pelikula  zoragarri  hau bere lagun Ernest Hemingwayren errelato batean oinarrituta dago.

​

Bertze lagun eta kolaboratzaile bat William Faulkner izan zuen;  bortz pelikulatako gidoiak  idatzi zizkion eta bertze anitzetan lagundu.

 

Bere lanek ziurtasuna, garbitasuna eta sentiberatasuna adierazten dute; baita bizitasuna eta dinamismoa ere, ekintza eta entretenimenduari lehentasuna ematen baitie. Hawksek ikuslearekin harreman zuzena bilatzen du eta, ikusle hutsa baino gehiago, ikusten duena bizi dezan nahiago du.Akabaila lasairik gabeko istorioen kontalari hutsa da eta era guztietako zoritxarrei aitzin egin behar dieten pertsonaiak dira bere protagonistak.Zuzendari anker eta gupidagabea da; baita samurra nahi duenean ere.Indarkeria, aunitzetan azaltzen bada ere, ez da funtsgabea izanen, ekintza konkretu baten  erantzuna baizik. Bere filmetan ez du egundaino gorrotoa, gaizki-erratea edo inbidia azalduko; diru-gosea, mespretxua edo mendekua, bai.

​

Bere planoak xumeak dira, baina ez horregatik errazak, eta kamera mugimenduak, beharrezkoak. Hawksen filmetako elkarrizketak biribilak eta zorrotzak dira. Atrezzo eta arroparen sinpletasuna eta aktoreei paperak betetzerakoan ematen zien askatasuna  ere aipatzekoak dira.

​

Azpimarratu beharrekoak dira bere filmetan agertzen diren emakumezko pertsonaiak, inguruan duten gizonezkoen giroari  aurre egiteko izaera eta nortasun handikoak direlakoz.

​

1977an hil zen,baina zinemazaleen memorian bizirik dirau, batetik, ondu zuen filmografia bikainari  esker eta, bertzetik, aktoreei eskatzen zien teknika eta profila gaur egungo zuzendari eta antzezleendako eredugarriak izaten jarraitzen dutelakoz.

​

​

RAOUL WALSH

 

Zinemagintzako zuzendarien artean  narratzaile handienetako bat dugu Raoul Walsh.

 

New Yorken sortu zen 1887an.Unibertsitatetik pasa ondoren antzerkian hasi eta Shakespearen zale bihurtu zen.

 

Zinemaren munduan  aktore lanetan hasi zen, eta horrela jarraitu zuen 1929an auto istripu batean begi bat galdu zuen artio.

 

Zuzendaritzan  zinema mutuan hasi zen 1912an Life of Villa filmarekin, non pelikularen protagonista, Pancho Villa bera izan baitzen.Garai berekoa da  Bagdadeko lapurra, 1924an errodatutako pelikula ahantziezina.Solasa sartu zen ondoko filmen artean Errol Flynn aktorearekin egindako pelikulak goraipatu beharra dago. Baita  They died with their boots on (1941) eta Gentleman Jim (1942) ospetsuak ere.1947ko Pursued westerna izaten ahal da bere filmik hoberena eta liluragarriena.

​

Denborarekin zinemaren izar  bihurtuko ziren Rock Hudson eta John Wayneri bere lehen papera  eskaini zien, Fighter squadron filmean(1948) lehenari eta The big trail filmean (1930) bigarrenari .

 

Tempo lasaiak eta indartsuak maisuki tartekatzen ditu Walshek bere filmetan .Paisaiak erakutsi beharrean kamerarekin deskribatu egiten ditu eta traman modu laudagarrian integratzen ditu.

 

Bere filmek kutsu tragikoa dute, greziar edo Shakespiren tragedien antzera, eta pertsonaien psikologia modu azkar eta eraginkorrean  eraikitzen du.

 

Baina Walsh  genero beltzean egin dituen filmengatik izan da bereziki laudatua.Film horietan Estatu Batuetako krimenaren historia laburbiltzen du.Denen artean lau dira aipagarrienak, historia ikastaro izateaz gain, zinemagintza erakustaldi magistralak direlako :The roaring twenties (1939), High Sierra(1941), White heat (1949) eta The enforcer (1951).

​

Film hauetan boterearen eta botere honen adierazpena den basakeriari buruzko hausnarketa zoragarria egiten du.

 

Pelikula hauetako  protagonistek antiheroiak dira eta ikuspegi ziniko,erromantiko,desengainatu eta fatalista azaltzen dute.Baina Walsh bere  pertsonaiekin solidarioa azaltzen zaigu, horien  bizitzako hanka-sartzeak desenkusatu beharrean, zori hobea behar lukeen etika bat aitortzen dielakoz.Rol hauek antzezteko ordura arte ezezagunak ziren Edward G. Robinson, James Cagney edo Paul Muni aktoreak aukeratu zituen.Ordutik,  arrakasta eta ospea ezagututu zuten.

 

1980an hil zen.

​

​

Hoberenak

​

Double Indemntity

​

Femme Fatale

​

Chinatown

​

Liluragarriak

​

Gilda

​

Zuzendariak 1

​

The big heat

Argazki

beltzak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page