Zinema beltzaren zuzendari nagusiei eskainitako tartea,bertze benetako bi talenturekin akituko dugu. Zinemaren historiari eta “Noir” generoari film zoragarriak eskaini dizkioten Billy Wilder eta Orson Welles ospetsuak izanen dira. Hor geldituko dira, aipatu gabe, bertze maisu aunitz, Otto Preminger edo John Huston ahantziezinak, bertzeak bertze. Baina zerrenda hau sobera ez luzatzeko, hemen hondarreko biak.
BILLY WILDER
​
Austrohungariar inperioan sortu zen 1906ko ekainaren 22an. Hitlerrek boterea hartu zuelarik, Berlindik Pariserat joan zen ihesi judua zelakoz. Bere bizia salbatu zuen, baina bere familiakide aunitz Auschwitzen hil zituzten, horien artean ama. Bizipen hauek pertsonen eromena eta fanatismoa zuzenean bizitzera behartu zuten, eta honek mundua eta jendartea mesfidantzaz begiratzera eraman zuen.
Parisen, Peter Lorre aktorea ezagutu eta elkarrekin Estatu Batuetarat joan ziren. Han gosea eta egoera latzak pasa eta gero,lana lortu zuen, gidoilari gisa, Paramount zinema ekoiztetxean. Horrela hasi zen zinemaren munduan, eta bere ibilbide oparoan 60 pelikuletarako gidoiak idatzi eta 26 film zuzendu zituen.
Billy Wilder bere komedia garratzengatik baldin bada ere ezaguna( The apartemant 1960, Some like it hot 1956, Irma la douce 1963, The seven year ich 1955,….),bertze generoetan ere erakutsi zuen bere jeinutasuna. Gerra-zinema pelikulak, gizarteko gaiei buruzkoak, musikalak,espioitzakoak, thriller psikologikoak, eta nola ez, film beltzak ere zuzendu zituen.
Wilderrek arras ekarpen garrantzitsuak egin zizkion zinema estatubatuarrari: bere argumentuen paradoxak; maisutasunez erabiltzen zituen ironia eta biraketa harrigarriak; garrazkeria eta samurkeria nahasteko trebetasuna; erabiltzen zituen elkarrizketa gatzdun eta zorrotzak, eta inguratzen zion mundua behatzeko zuen begirada kaustikoa. Komedia irrimangarrienetatik film beltzetaraino, zinismoa da nagusi bere lanetan. AEBetako “american way of life”aren kritika zorrotza egiten du, sarkasmo eta ironia fin eta argiarekin. Noizbehinka, bere filmetako pertsonaiak zitalak izatetik pertsona zuzenak bilakatzen dira; horrekin jendea ez dela kanpotik agertzen den bezain zintzoa, edota uste dugun bezain makurra erakutsi nahi digu. Errealitatearen ikuspegi honek ohore anitz ekarri zizkion (21 hautagaitza eta 6 Oskar sari ), baita polemika anitz ere.
Zinema beltzari dagokionez, genero horretako pelikularik hoberenetakoak ere bereak dira. Bere idazkariak ezkutuan irakurtzen zituen kriminalei buruzko aldizkarietatik, “Noir”eko harribitxirik handiena sortu zuen: Double Indemnity, 1944koa;Estatu Batuetako zinema beltzaren kintaesentzia. Gero, 1950ean, handitasunari eta gainbeherari buruzko lan mingots eta aparta, eta Hollywoodeko alde tragikoari begirada garratza den Sounset Boulevard etorri zen.
Wilderrek irudia gauzak errateko, sentitzeko edota jendartearen edertasuna eta miseria erakusteko erabili zuen.Gaur egun, zinemaren historiako zuzendari handienetakotzat hartzen da.
​
ORSON WELLES
​
Orson Welles 1915eko maiatzaren 6an sortu zen familia aberats batean, Winsconsinen (AEB).Ibilbide oparo baten jabe, errenazimenduko artisten gisan, denetarik egin zuen: zinemako aktorea, zuzendaria, gidoilaria eta ekoizlea izan zen, baita marrazkilari trebea ere. Antzerkia indarberritu zuen, irratia berrasmatu , Picassoren laguna izan zen, Eleanor Roosevelti hitzaldiak idatzi zizkion...Hamar urterekin bere lehenbiziko antzezlana egokitu, ekoitzi, zuzendu eta protagonizatu zuen.16 urterekin Dublinerat joan eta antzerkian aritu zen. New Yorkerat itzuli zelarik, Broadwayen, Shakespearen obrak gorpuzteari ekin zion. Baina benetako ospea 1937an iritsi zitzaion, bere antzerki konpainiako aktoreekin CBS irratian eman zuen “Munduen gudua” irratsaioarekin. Hain izan zen errealista emankizuna , non entzuleengan izua eta konmozio izugarria eragin zuen. Milaka pertsona atera ziren karriketarat ihesi, estralurtarrak hirian zeudelakoan. Irratsaio honen arrakastarengatik, RKO ekoiztetxeak bi film egiteko kontratua egin zion 25 urte bertzerik ez zituela.
Citizen Kane izan zen bere lehen filma. Film honetan bera izan zen gidoilaria
( Herman J. Mankiewiczekin batera), ekoizlea, zuzendaria eta protagonista. Pelikula honekin Wellesek akabaila eman zion zinema klasikoari eta zinema modernoari ateak ireki zizkion; modu horretan, zinemaren historian bete-betean sartu zen.
​
Orson Wellesen zinema barrokoa da, asmo handikoa eta teknika mailan ausarta. Ordura artioko zinemagintzaren erregelak hautsi zituen, trama konplexuak eta ikusi gabeko argiztapenak erabili zituelakoz. Gainera, bizkitartean guti baloratuta zegoen erreminta nabarmendu zuen: kamera. Angeluen ikuspegi harrigarri eta enkoadraketa ausartekin probatu zuen, eta kamerari berezko begirada eman zion. Bertzalde, dekoratuek eta eszenografiak ere protagonismo berezia hartu zuten, espazioari rol komunikatzaile propioa eskaini ziolakoz, sentimenduei bidea emateko.
Horrez gain, aktore protagonista ere izan zen, bere eta bertze zuzendari aunitzen filmetan (The thir dman-Carol Reed,1949; Moby Dick-John Huston, 1956…). Interpretaziorako talentu harrigarria zuen, eta bere ahots ozen eta gorgarriak eta egundoko gorpuzkerak (150 kg pisatzera ailegatu zen), oholtzetan eta pantailetan nabarmenarazi egiten zioten. Lan horietatik ateratako dirua bere filmak errodatzeko erabili zuen.
Citizen Kane filmaren ondotik, The magnificent Ambersons (1942) ,The lady of Shangai (1947) eta Macbeth (1947) etorri ziren. Film hauek egin ondotik, Ekintza Antiamerikarren Aurkako Batzordea zela eta ekoiztetxeen presioarengatik Europarat alde egin behar izan zuen. Hemen zegoela, bertze film batzuen artean, The land of the basques dokumentala egin zuen BBC irrati-etxerako, 1955ean. 1958an, Charlton Heston aktoreak deituta,Touch of evil filma errodatzera itzuli zen Ameriketarat. Touch of evil bere bigarren film beltza da, eta Citizen Kane ondotik, bere filmik hoberena . Pelikula honek Shakespearen itzala duen mundu oniriko batean murgiltzen gaitu. Hasmentako sekuentzia-planoak (3 min. baino luzeagoa) zuzendariaren maisutasuna erakusteaz gain, eszenaratze eta mugimenduen antolaketan zuen nagusitasuna ere agertzen du.
Wellesen lehendabiziko film beltza The Lady of Shangai izan zen. Film honetan ikuslea amaraun erakargarri eta maltzur batean harrapatzen du.Pelikula honen bidez Rita Hayworthi (garai hartan bere emaztea zena) benetako aktorea zela erakusteko aukera eman zion. Bertzalde, ispiluen galerian gertatzen den eszena goraipatzekoa da.
Wellesen film beltzetako gaiak zorrotzak dira, eta sekula arrosa kolorekoa izanen ez den mundu batean barneratzen dute ikuslea. Jendarte kaotiko baten deskribapen bikaina egiten du, non poliziak ez duen deus egiten; horren aitzinean erantzunik zuzenena mesfidantza izanen da. Bertzalde, pertsonaien erretratu psikologikoak eta tramaren biraketa harrigarriak liluragarriak dira.
John Ford miresten zuen zuzendari erraldoi hau, gaur egungo zinemaren aita dela erraten ahal duguna, Hollywooden hil zen 1985eko urriaren 10ean.
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​