top of page

Izara beltzeko izarrak

TOUCH OF EVIL

 Orson Welles

aitzinekoak...

Touch of evil zinema beltzaren historiako  film hoberenetako bat izateaz gain, Orson Welles zuzendari handiaren  maisulanetako bat ere bada.

​

Wellesek 1948an, Estatu Batuetan ospe handia izanagatik,  Europarat jo behar izan zuen bere filmak askatasun osoz gauzatzera,  Hollywooden  komunista izatea leporatu baitzioten.

​

Hemen zegoela,  1958an, gero eta ezagunagoa zen  Charlton Heston izar berriak, film honen paper nagusia agindu ziotelarik,  ondoan  nahi izan zuen Welles. Universal ekoiztetxeak  Welles  protagonistakide  ez ezik  gidoilari eta zuzendari  lanetarako ere  hartu zuen, hori bai,  aktore lanarengatik bakarrik ordainduta. Horrela, Hestonek  Citizen Kane  filmaren zuzendariaren  bigarren film  hoberenean parte hartu  zuen. 

​

Touch of evil  pertsonaietan oinarritutako pelikula da, eta zuzendaria bi polizien arteko talkaz baliatuko da horien lan egiteko modua, morala eta etika aztertzeko. Filmak  Estatu Batuak  eta Mexiko arteko mugan dabiltzan polizien  istorio bat kontatzen du. Alde batetik, Mike Vargas (Charlton Heston ),  arazoz gainezka  dabilen polizia mexikar on eta zuzena dugu. Bertzetik,  Hank Quinlan (Orson Welles), polizia estatubatuar xenofobo eta ustela. Bi pertsonaia horien bidez  muga horretan gertatzen diren azpikeria kriminalak  eta poliziaren  nagusikeria eta gehiegikeriak kontatu eta kritikatzen ditu Wellesek.

​

Istorioa ez da batere originala , hala ere,  Welles handia medio, gidoi bikaineko  film distiratsu eta indartsu baten aitzinean gaude. 

​

Touch of Evil film barrokotako  hartzen ahal dugu,  hainbat bereizgarrirengatik:  enkoadraketa ausartengatik  pertsonaiak eta egoerak  nabarmentzeko;  angelu handiko objektiboa  erabiltzeagatik;  argien eta itzalen arteko kontrastearengatik,  giroaren ustelkeria morala azaleratzeko;  edota  kamararen mugimendu  harrigarriengatik; baita plano amaiezin,  akabailarik gabeko trabelling edo kontrapikatu ezinezkoengatik ere.  Espresionismo alemaniarrean oinarritu eta  zuri-beltzean filmatua,  argitasun bortitza eta kontraste indartsuak  erabiltzen ditu Tijuanako  atmosfera trinko  eta itogarria lortzeko. Wellesendako “nola” kontatu, “zer” kontatu bezain garrantzitsua dela erakusten digu  film honek. Horrela,  pelikula  esperientzia hunkigarria bihurtzen du  eta  ikuslea urduritasunean eta ezerosotasunean murgiltzen du. 

​

Kontuan hartzekoa da, baita ere, filmaren hasmentan dagoen sekuentzia-plano luzea. Eszena honek teknika menderatzeko Wellesek zuen gaitasuna eta eszenatze harrigarriak proposatzerakoan zuen ausardia  erakusten du. Hiru minutu pasatxo  irauten duen arren,  hamabortz egun behar izan ziren filmatzeko. Gaur egun mitikoa bihurtu den zinemaren historiako film hastapen hoberenetakoa da .

​

Protagonistak, lehenago  erran  bezala,  Orson Welles eta Charlton Heston badira ere, bigarren mailako lanean aritu ziren aktore ezagunak  ere aipamena merezi dute:  Janet Leigh, Marlene Dietrich, Akim Tamiroff, Denis Weaver eta Zsa Zsa Gabor.

Ahantziezina  Henry Manciniren musika bikaina ere,  jazza, afro-kubatar perkusioa, “honky-tonk” eta rock and rolla nahasten duena. Gainera, Wellesen bitxikeria, musika guztia off moduan aditu beharrean eszenan agertzen diren objektuen bitartez ( irratia, bozgorailua…) aditzen da.

​

Pelikula bikaina izanagatik, Universal ekoiztetxeari  arras desatsegina eta nahasia  iruditu zitzaion,  eta era doilor  eta zitalez moztu  eta kalitate urriko ekoizpen bezala estreinatu zuen,  kasik promoziorik gabe.  Pelikularen estreinaldian, AEBetan “handinahi”, “itxurati”, “likits”, “zabor”, “folletoi” eta horrelako hitzekin  izendatu zuten. Europan, ordea,  estreinalditik laudorio eta sari aunitz jaso zituen. Ezin akitu aipatu gabe, ekoiztetxearen zitalkeriagatik  hiru bertsio dituela (hirurak apartak  erran behar da). Dena den,Wellesek  nahi izan zuen bertsioak  bera hil artio itxaron behar izan zuen pantailetara iristeko .Gaur egun AEBetako National Film Registryn altxatua dago bere babesa segurtatzeko.

​

​

​

​

​

Hoberenak

​

Double Indemntity

​

Femme Fatale

​

Chinatown

​

Liluragarriak

​

Gilda

​

Zuzendariak 1

​

The big heat

​

Zuzendariak 2

​

The big sleep

​

Film noir-aren zirrikituak

​

Zuzendariak 3

​

Kareletik

Argazki

beltzak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page