Sinesgarritasuna, edo egiantza (beste batzuek erabiltzen duten hitza ere aipatzeagatik) fikzioaren eta literaturaren badintza ezinbestekoa da. Nekez egiten ahal zaio kritika gogorragorik ipuin, nobela edo errelato bati, ez dela sinesgarria esatea baino.
Sinesgarria eta egia ez dira gauza bat eta bera, ordea. Hainbestetan esan izan denez, sinesgarria eta egia bereiz doaz. Sinesgarritasunak ez du behar egia, ez ezinbestez gutxienez. Alicia lurralde miresgarrian literarioki sinesgarria da, baina ez da egia, inondik inora.
Sinesgarritasunak zerikusi handiagoa leukake, egiarekin baino, idazleak irakurlearekin egiten duen itunarekin: idazleak jokaleku bat eta joko-arau batzuk proposatzen dizkio irakurleari (mota guztietakoak: ideologikoak ere bai); honek onartzen baditu, eta idazleak, bere aldetik, markatu dituen arauak errespetatzen baditu, sinesgarritasuna lortzen da.
Belen Gopegui idazle madrildarrak dio, ordea, sinesgarritasuna eraikitzea lan ideologikoa dela, batez ere.
Adibide bat jartzen du baieztapen hau ilustratzeko, zinemaren mundutik hartua, Das Leben der Anderen (2006) filmetik hartua, zehatz esateko (gaztelaniaz La vida de los otros izenarekin pasatu zen).
Filma aski ezaguna da ingelesezkoa ez den pelikula onenaren Oskarra irabazi zuelako, eta Berlingo harresia erori bezperan gertatutako intriga bat kontatzen du. Gopeguik dio RDA zenaren egitura politiko eta administratiboa ezagutzen duenak badakiela filmean kontatzen direnak ezinezkoak zirela errealitatean (RDAko Kultura Ministro batek Stasi polizia sekretuari aginduak ematea, zehatz esateko, ezinezkoa omen zen; azaldu ere egiten du zergatik). Baina azpimarratzen du, hala ere, filmean kontatzen dena mendebaldeko publikoari guztiz sinesgarria egin zitzaiola.
Honaino, ezer berririk ez: esan dugu, dagoeneko, sinesgarritasuna eta egia bereiz doazela.
Baina kontuz, ez gara Alicia lurralde miresgarrian liburuaz ari. Esan behar da, kasu honetan, filmak kontatzen dituen gertaerak erakunde administratibo eta politiko erreal batean gertatzen direla (RDA, hau da Alemaniako Errepublika Demokratikoa deitzen zen hartan), eta gainera errealismoarekin kontatzen dituela, edo errealismo pretentsio batekin.
Beraz, Gopeguiri kasu egitera, gertatu ezin ziren gauza batzuk errealtzat pasarazi omen dizkigute, edo nahi izan dizkigute. Hau da, gezurraren eta manipulazioaren atarian geundeke. Eta guk sinetsi, produktuak sinesgarritasun osoa zeukalako.
Honetara doa Gopegui, azken finean: guk fikziozko produktu bati sinesgarritasun osoa emateko, beharrezkoa da, aldez aurretik, gure baitan zertidunbre ideologiko batzuk ongi finkatuak izatea. RDA zenean Estatuak etengabe espiatzen zituen hiritarrak litzateke, kasu honetan, den-denok barruan daukagun zertidunbre ideologikoa.
Gatozen orain nobela beltzaren esparrura.
Har dezagun, esaterako, Andrea Camilleriren Uraren forma (Igela, 2012; baina jatorrizkoa 1994koa da). Nobela hau da Montalbano komisarioa protagonista duen sailaren lehena. Intrigaren pizgarria hauxe da: Silvio Luparello ingeniaria hilik aurkitu dute autoaren barruan, toki apartatu batean, prakak eta galtzontziloak jaitsita. Bihotzak huts egin omen dio. Luparello ez da edonor. Aitzitik, Camillerik azaltzen duenez, Luparello eraikuntzaren alorrean historikoki negozio izugarriak egindako familia baten azken gizon fuertea da, politikari demokrata-kristauak bigarren plano diskreto batetik menderatzen dituena eta bere konfiantzazko abokatuaren bidez mafiarekin harremanak dituena.
Presa dago kasua ixteko. Kasuaz arduratzen den epaileak Montalbanori deitzen dio, hau esateko:
“Begira, komisario jauna, ez dut inolako arazorik aitorteko presio handiak jaso ditugula kasua ahalik eta lasterren ixteko, bai nik, bai fiskalburuak, bai Gobernuaren ordezkariak eta bai polizia-zuzendari probintzialak”.
Honaino, arazorik ez: handiki bat itsuski hil da eta kasua azalpenik eman gabe ixteko presionatzen dituzte autoritate lokalak. Konforme.
Montalbanok, aldiz, bi egun gehiago eskatu dizkio. Epaileak jakin nahi du zertarako behar dituen bi egun gehiago.
Camillerik hauxe idazten du orduan:
“Ez zion kontatu bere eskariak ez zuela inolako oinarririk, edo, hobeto esateko, oinarri bakarra irudipen bat zuela –ez galdetu zergatik edo nolatan–, hain zuzen ere bera baino azkarragoko norbait zebilkiola ziria sartu nahian”.
Azkenean Montalbanok aitzakia eskas bat asmatzen du, eta epaileak onartu.
Eta guk sinetsi.
Ordea, inork sinesten ahal du herrixka bateko hirugarren mailako polizia baten oinarririk eta funtsik gabeko susmoak oztopa dezakeela indar faktikoen borondatea bete dadin, bi egun baino ez bada?
Alabaina, gaur egun argitaratzen diren nobela beltzen % 90ak honelako hasierak eduki ohi dituzte. Esango nuke premisa ideologiko honetan oinarritzen direla: sistema ustel batean bizi gara, baina sistemaren barruan badira ustelak ez diren heroiak, kasu batzuetan egia jakitea eta justizia egitea ahalbidetzen dutenak.
Izango da sinesten duena benetan, igual. Nire kasuan, nik “sinesten” dut komeni zaidalako: bestela nobelarik gabe geratuko nintzatekeelako. Alegia, onartzen dut idazleak proposatzen didan premisa (edo pakto, edo ituna), gezurra dela jakinik ere.
Baina sinestetik “sinestera”, bada aldea.
Kritikari batzuek, ordea, sinesgarritasun ezaren zigorra inarrosten dute oraindik, Camilleriren Uraren forma nobelarena bezalako premisetatik urruntzen diren proposamen literarioak epaitu behar dituztenean. Euren eskema ideologikoetan sartzen ez dena sinesteko gauza ez, eta “sinesteko” gogo gutxi, nonbait. Hau da, konturatuta edo konturatu gabe, kritika ideologikoa egiten ari dira, sinesgarritasunaren mamua paseatzera ateratzen dutenean.
Eta horixe da nik hemen esan nahi nuena.
Jon Alonso
Beltzaren koloreak liburutik hartuta