top of page

SINESGARRITASUNAREN AUZIAZ, BERRIZ ERE

 

PUSKA

BELTZAK

aitzinekoak...

        Hemen bertan argitaratu nuen, hainbeste denbora ez dela, ESPIOIEN NOBELAK, BELEN GOPEGUI, SINESGARRITASUNAREN AUZIA izeneko artikuluxka bat. Artikuluak Gopeguiren Tiro bat kontzertuaren erdian saiakera aintzat hartzen zuen. Artikuluaren tesia horrela laburbiltzen zen: “guk fikziozko produktu bati sinesgarritasun osoa emateko, beharrezkoa da, aldez aurretik, gure baitan zertidunbre ideologiko batzuk ongi finkatuak izatea”.

​

        Artikulua gero paperean ere argitaratu nuen, beste hainbat materialarekin batera.

​

        Oraingo honetan artikulu horretan defenditzen den tesia berretsiko lukeen beste adibide bat jarri nahi dut. Adibidea edo liburua, ez da oraingoan nobela beltz bat, Leonardo Padura idazle kubatarra baten nobela batetik hartutakoa baizik.

​

        Barka ezazue, beraz, nobela beltzetik pixka bat aldentzen banaiz oraingo honetan; baina zilegi bekit nobela beltza kari hasitako gogoeta, beste nobela klase batekin osatzea, behingoagatik. Gainera, Padurak badauka generoarekin harremana, hainbat nobela beltz idatzita dago-eta, justu hau bestelakoa bada ere.

​

        Paduraren liburua La novela de mi vida da. Ez dago esan beharrik, Padura arrakasta handiko idazle saritua da, gaztelaniazko literaturan oso ezaguna.

​

        La novela de mi vida bi planotan eratuta dago: batean XX. mendearen bukaeran gaude. Fernando Terry izeneko idazle bat, Madrilen exiliatua bizi dena, Kubara itzultzen da denbora tarte labur baterako; bertan, denbora horretan, bere bizitzako ikerketa literario nagusia burutzea espero du: Jose Maria Heredia Kubako poesiaren eta are literaturaren sortzailearen nobela ezezagun bat aurkitzea. Terryk liburu horren bila egiten dituenak kontatzen dira plano batean; beste planoan, Herediaren paper inedito horiek kontatzen dutenaren berri ematen da. Heredia Kubako literaturaren sortzaile nagusia ez ezik, independentziaren alde engaiatutako pertsonaia izan zen, XIX. mendearen hasieran.

​

        Liburu mardula da, 350 orri inguru ditu, eta Padurarenean ohi bezala, oso ongi idatzia.

​

        Terry protagonistaren atzerriratzearen inguruan oinarritzen da liburuaren trama potenteenetako bat: izan ere, traizionatu zutela, eta traizio horrengatik atzerriratu behar izan zuela uste du. Are, traidorea bere inguru afektibo eta intelektuala osatzen zuten lagunetako bat dela sinetsita dago; eta Kubarako itzulera, Herediaren nobela topatzeko bakarrik ez, traidorea nor izan zen deskubritzeko baliatu nahi du, baita ere. Lehen esan bezala, liburuaren interesa, neurri handi batean, trama horren garapenean datza.

Zergatik atzerriratu da, ordea, Fernando Terry, liburuaren protagonista? Zer egin du Kubatik alde egin behar izateko?

​

        Entresaka egin dut, irakurketa bukatu eta gero, ikusteko, zehatz, non eta zenbat hitz egiten den kuestio enojoso honetaz. 18 orritan aipatzen da zer edo zer asuntuaz (24., 25., 26., 27., 58., 59., 76., 77., 78., 79., 80., 81., 128., 129., 130., 131., 132., eta 133. orrietan, zehatz, eta uste dut ez zaidala orririk eskapatu kontaduria honetan). Ongi uler bedi, 18 orri horien gaia ez da Terryren atzerriratzea; daturen bat ematen da Terryren atzerriratzeko arrazoiei buruz, besterik ez; dialogoren bat edo are parrafo oso bat eskaintzen zaio gaiari, baina 18 orri horietan gaiari buruz eskatzen zaizkion lerro guztiak elkarren segidan jarriz gero, ez dut uste multzoak 3 orri baino gehiago harrapatuko duenik.

Beraz, hona hemen lehen datu esanguratsu eta interesgarria: 3 orri aski du Padurak, 350 orriko obra batean, liburuaren oinarri argumentaletako baten zimenduak jartzeko.

Eta zer egin du Terry gaixoak Kubatik alde egin behar izateko? Honako hau:

Bere adiskide handi batek lantxa bat hartuta isla utzi nahi zuela jakin, eta abisurik ez ematea agintariei.

​

        Hori da behintzat Poliziak leporatzen diona. Terryk ukatu egiten du. Gaizkiulertu bat dela uste du.

​

        Baina berdin da zer uste duen. Poliziak akusazioa egiten duenetik, bere bizitza maldan behera hasten da: unibertsitateko lana galtzen du (unibertsitateko irakaslea delako), bertatik kanporatzen dutelako. Ordura arte Kubako elite intelektual baten partaide izan bada ere, “desgrazian erori”, eta gero eta okerrago ikusita dago. Tabacuba aldizkarian ematen diote lana, zuzentzaile aritzeko, eta ematen du, une batez, litekeena dela horrek onbideratzeko balio ahal izatea; baina bai zera, aldizkariaren zuzendariek mota guztietako umilazioak sufriarazten dizkiote. Gauzak horrela, Fernando Terryk erabakitzen du isla uztea eta Madrilerako bidea hartzea.

​

        Une honetan garrantzizkoa da azpimarratzea Terryren gorabeherak ez direla kontatzen urrutiratze ironiko edo umoristiko batetik, ez horixe. Terry protagonista bete-betea da, protagonista serioa, irakurlearen identifikazio erabatekoa atzemateko helburua duen horietakoa.

​

        Poliziak jakinarazten dio zer larria den adiskidearen ihesi-nahiaren berri ez ematea gazteen prestakuntzaz arduratzen den batengan. Ahultasun une batean, Terryk aitortzen dio poliziari baietz, zerbait entzun ziola, baina ez zuela serio hartu. Aitormen horretatik hasten da Terryren gainbehera profesional eta soziala.

​

        Zer nolako umiliazioak pairatu zituen Terryk? Hau, esaterako (130. orria). Gaztelaniaz jarriko dut, susmoa baitut euskaraz jarriz gero norbaitek uste dezakeela itzulpena gaizki dagoela. Tabacuban lanean ari denekoa da:

“Pero el más refinado de los castigos a que había sido sometido era la obligación de permanecer ocho horas en la oficina de la redacción, aun cuando hubiera terminado su trabajo mil horas antes”.

​

        Zer inhumanoak diren komunista hauek! Puskaz hobeki eta libreagoki bizi dira kapitalismoaren funtzionarioak, ezta!? Hain libreagoki, ze zigor errefinatu baten biktima direla, egun batean bai eta hurrengoan ere bai, ez baitira konturatu ere egiten.

​

        Txistea dirudi, baina ez dago txiste baten moduan kontatua, berriz diot. 

​

        Nire iritzirako, aztertuz gero, aski makalak iruditzen zaizkit Fernando Terryren atzerriratzearen arrazoiak. Baina liburuari, liburuaren funtzionamenduari edo sinesgarritasunari berdin zaio, hau guztia, Fernando Terryren atzerriratzearen parte hori guztia aurreiritzi ideologiko honetan oinarritzen baita: Kuban ez dago askatasunik, eta erregimenen aurka daudenak gogorki erreprimitzen dituzte.

​

        Apriorismo hori iltzez eta giltzez finkatua izanik liburua irakurriko duten irakurle potentzial gehienetan, Padurak ez du talenturik gastatu beharrik, eta denborarik eta espaziorik ere apenas, bere planteamenduak sinesgarriak izan daitezen.

Hortaz, liburuaren sinesgarritasuna apriorismo ideologiko baten gainean bermatzen dira, hemen ere, Gopeguik esaten zuen bezala.

​

        Nire susmoa da beti gertatzen dela horrela, literaturak berezkoa duela funtzionamendu hori.

​

        Hau dena oso diskutigarria da, noski, badakit. Funtsean printzipalena dena mahai gainera ekartzeko, nik ez dut zalantzarik Kubako erregimenak, bahiketa urte luze hauetan, bere arerio politikoak zaindu, barrandatu, espiatu eta erreprimitu egin dituela. Are, prest nago onartzeko, baita ere, bidegabekeria eta injustizia handiak egingo zituztela, behin baino gehiagotan, bere burua defenditzeko ahalegin horretan. Zalantzarik ez daukat, ezta ere, erregimenaren arerio politikoak ere boteretsuak izango zirela, eta eskrupulu handirik gabe konspiratuko, makinatuko, gezurrak esango eta kanpainak antolatuko zituztela erregimenari minik handiena egiteko xedez.

​

        Arazoa da horietako bakar bat ere ez dela agertzen La novela de mi vida honetan. Terry inozo eta errugabe bat baino ez, Kubako aparatu errepresibo gogorraren aurrean, zortzi orduko jornada egitera behartuta, lana mila ordu lehenago amaitu badu ere.

​

​

​

Jon Alonso

​

JIM THOMPSON

NERE BAITAN

      Miel.A. Elustondo

 

NOBELA BELTZA ETA

SINESGARRITASUNA

             Jon Alonso

 

BELTZ GUZIAK EZ DIRA BELE

( Gotzon Garate oroimenean )

       Miel A. Elustondo

​

​

ILBELTZEKO HITZ

BELTZAK

       Itxaro Borda

 

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page