Jon Alonsok segur aski aipatuko ditu nobela beltzaren apaingarri nagusiak. Nire solasa pertsonaien nortasunak arakatzearen bidetik joango da eta ez naiz luzatuko, sarean xehetasun anitzez gehiago sarean atzematen ahalko delako. Bartzelonako Unibertsitateko ikerle batzuek MUNCE orrialde aberatsa zabaldu dute Mujeres y Nobela criminal en Espana izenburu pean.
​
Bi ildotatik lerratuko da gaurkoa: batetik gizonezko detektibeen ereduaren zehaztea eta bestetik emakumezkoena, bereziki lesbiana nortasuna plazara ekartzen duten ikerlariena. Ez da hemen gaiarekiko jakintza osorik eskainiko neronen irakurketetan bermatuz moldatu dudalakoan egungo mintzaldia.
Elizondon naizenez gero nahi nuke bizirik zeneino behin baino gehiagotan gurutzatu nuen Mariano Izeta idazlea gogoratu eta omendu. Nobela beltzaren sailean, euskaraz, aitzindarietarik dugu Dirua Galgarri (1962) eleberriarekin. Uste dut egun hauetan lan horren berrargiztapena aurkezten duela Baztango Udalak.
Derradala hasteko Greziako tradizioan finkatuko nituzkeela ikertzaile nobelaren oinarriak. Alabaina Edipo Errege antzerki saioa norberaren jatorriaren bilakuntza tragikoa da. Umetxo zenean, oinak loturik, gurasoek Edipo abandonatu zuten eta mendian aurkitu zuen Korintoko familiak ez zion egiarik salatu. Delfoko esfinxaren erranetan bermatuz egin zuen izurriteak setiatu Tebaserainoko bide ankerra: jakingabean, Laios bere egiazko aita erail zuen eta Jokasta benetako amarekin ezkondu zen. Madarikatzearen arintzeko inkesta bat eraman zuenen, Tiresiasek ireki galdera ilun bakoitzari erantzun zohargia emanez. Ondorioz begiak zulatuko zituen agrafoz, halaz maingu ibiltzeaz gain itsutasuna pairatuz Antigona gidari.
​
Nobela beltzetako pertsonaia guztiz gehienak Edipo bezala desklasatuak dira jendarte mailan. Poliziak direnean, behiala egin huts baten edo sistemarekiko kritikotasunarengatik baztertuak dira. Poliziak ez direnean kazetariak, mediku forentseak, abokatuak edo gurean nola erakunde armatuetako kide ohiak dira ofizioz. Harpe nahasiak diruditen bulegoetan dabiltza lanean, gaizki beztituak dira, familia bizitzarik ez dute edo bikoteak zein haurrek arazoak sortzen dizkiete, gorputz makalak dauzkate. Funtsean, sozietateko irabazleak baldin baziren, ez zitezkeen gai eta kasu zikin, likits, gutxietsi eta ahantziei interesatuko. Benjamin Black (John Banville) irlandarraren Quirke forentsea halakoxea da, halaber George Simenon erraldoiaren Maigret inspektorea, efikazia ahanzten ez duen bihotz beraztua arras, adinean hara joan arau.
​
Iparreko nobelaren moldea ez doa seinale hauetatik kanpo are gutxiago Arizonako Navajoaren edo Australiako aborigenen artean ikertzen tematzen direnena: halakoxeak dira Indridasonen Erlendur (Islandiakoa), Hennig Mankellen Wallender (Suediakoa), The Killing telesaileko Sara Lund (Dinamarkakoa), Fred Vargasen Jean-Baptiste Adamberg (Frantziakoa) edo Tony Hillermanen Joe Leaphorn adinekoa eta Jim Chee gaztea (Navajoar erreserbakoak) zein Arthur Upfielden Bony (Australiako Bushekoa) inkesta-egileak. Wallender eta Erlendur adibidez dibortziatuak dira, bizitza beraz ikerketan iragaten ahal dute sendi bekaitz oztoporik gabe, arazoak alabekin dituzten arren.
​
Ezaugarriak berdinak dira, nobela beltzaren eredua munduan barna hedatzen baldin bada ere. Greziako Petros Markarisek, Maliako Moussa Konate eta Modibo Keitak, Magrebeko Yasmina Kadrak, Botswanako Alexander Mc Call Smithek edo Italiako Camillierik saileko izen handien bideari jarraitzen diote. Edgar Allan Poeren Ebatsiriko Gutunaren atzetik zihoan Charles Auguste Dupin, Dashiell Hammetten Sam Spade, Humphrey Bogartek zinean betikotu Chandleren Philip Marlowe edo Patricia Highsmithen Tom Ripley detektibeek ondorengo oparoa eduki zutela ezin ukatu. Gustuak eta jaidurak biderkatu dira dagoeneko.
​
Erantsi beharra daukat dagoeneko idazle haboroxeenak beltzaren alorra –arrosarena baino gehiago...- jorratzen joan direla. XIX. mendean garatu zen literatura normalak ez du irudiz sozietateek ekoizten duten miseria, injustizia, zikinkeria, zapalkuntza, klase borroka islatzen. Burgesiaren bizimoduak dira agertzen ardurenean, sortzaileen munduko kezka ertainak oroz bat. Eta nobela beltzak egunerokotasun dorpea, likitsa, ustela gatibatzeko ahala dauka. Herriek eta populuek jasaten dituzten arrangura etno-sozialak ere nobela arruntetatik at daude. Atenasko Petros Markaris idazleak Xaristos astinomikoa (polizia greziarrez) asmatu zuen herrialdeak 2008az geroztik setiatzen eta ustiatzen duen krisia ekonomikoaren sarraskiak aipatzeko krimen likits, odoltsu eta ugarien bidez.
​
Euskal Herrian lehen bilakuntza eleberria Amabost egun Urgainen izan zen 1955an Jose Antonio Loidi Bizkarrondo-ren eskutik. Beranduago plazaratuko ziren Mariano Izetaren, Gotzon Garate eta Xabier Gereñoren lan jarraituak. Txomin Peillenen obra zenbait ahantzi gabe. Ondotik etorri idazleek, zenbaiten aburuz Euskal Herrian sinesgarria ez den amerikar zein europar ezaugarriekiko detektibearen figura osatu zuten. Jon Arretxek berrikitan Touré ikerlari senegaldar immigratuaren ekinak paperean etzaten ditu, Bilboko San Frantzisko auzo aniztunean.
​
Jendeak ere hausnarrari xendra zulatzen dion irakurketa mota hori hobesten du, erraza, hurbila, aitzinean soilik geltokietako kai-ertzetan leitzeko balio omen zuena. Trena orokortu zenean, aiduru egon behar zen eta halatan hazi zen literatura bat, merkeago, bai dirutan eta bai edukietan: 1907an Gaston Lerouxen Rouletabille pertsonaia ospetsu egin zen Le Mystère de la Chambre Jaune egunkarietan astero azaltzen zihoan kontakizunarekin.
​
Literatura beltzaren eta ikerkuntza nobelaren lurraldea berehala hartuko zuten emazte idazleek. Hasmentan soilik ingeles hiztunek, eta dagoeneko edozein hizkuntzetako izkiriatzaileek. Agata Christie (1890-1976) mitikoak Hercule Poirot eta Miss Marple detektibeen figurak sortu zituen. Heriotza Nilo Ibaian eta beste hamaika lan euskaraz irakurtzen ahal dira aspalditik. Agata Christiek bidea zabaldu zien Dorothy Sayers, PD James (Adam Dalgliesh eta Cordelia Gray), Ruth Rendell (Wexford inspektorea) Sue Grafton bere alfabeto kriminogenoarekin (Kinsey Milhone), Patricia Cornwell (Kay Scarpetta forentsea), Asa Larsson suediarra (Rebecka Martinsson abokatua), Yrsa Sigurdadottir islandiarra, Londresko auzo lasai batean errotzen den Jane Casey irlandarra (Maeve Kerrigan detektibea), Dolores Redondo (Amaia Salazar, Baztanen bertan zirikari) eta Carme Riera handiari. Zerrenda ez da hemen bukatzen.
​
Emakume ikerlariek gizonezkoen antzerako ibilbideak dituzte, are gogorragoak, krimenak partikularki itsusiak direlarik. Sentsibilitate femeninoaren eta hilketa zein bahiketa ankerren arteko kontrastea hazten da askotan. Familia eta sexual bizitzarik edukitzeko astirik ez duten emazteak dira gehienak, erran dugunez, orduak ikerketari ematen dizkiotenak, buru-belarri gaia arakatzen tematuz, inguruarekin haserretzeraino, ertzeko poliziak, abokatuak, forentseak, Philip Marlowen manerako detektibeak edo Amaia Ezpeldoi bezala zaborretako eta hiri-garbiketa langile.
​
Sozialki deus galtzekorik ez duten pertsonaiak, hots.
Irudi luke nobela beltza jendarteko minak, zapalkuntzak, botere jokoak eta noiztenka zorionak fikziora pasatzeko baliabide egokiena dela. Populuaren zati estigmatizatuak halatan generoaz jabetu ziren beraien egoerak gehiengoari erakusteko. Liburu batek alaina ez du mundua aldatzen, gauza jakina da, baina munduaren eta bestearen, arrotzaren (norberaren baitakoa maiz) ikusteko moduak biguntzen lagundu dezake. Ameriketako beltzek, amerindioek eta laurogeiko hamarkadaz geroztik gutxiengo homosexualek berenganatu zituzten ereduaren giltzak.
​
Ez dut guztia ezagutzen dudalako pretentsiorik. Ez dut askotan leitu gizonezko gay detektibe ohoretsurik daukan eleberririk, lesbianekikoak aldiz bai, eta mintzaira ezberdinetan. Hargatik 1942an sortu eta CFDT sindikatuko ordezkari izan zen Dominique Manotti andereak 1995eko bere lehen lanean, hiru nobeletan marraztuz joango zen Theodore Daquin polizia homosexualaren pertsonaia eraiki zuen. Frantsesez bederen bakarretatik da. Irudiz, ezen nola definituko genuke Sherlock Holmes abilaren eta Watson kuttunaren arteko harremana? Arthur Conan Doyle jenialaren hitzetan garatzen da denboraren poderioz halako giro homo-erotiko bat, elkarrekin bizi dira egunak eta orduak tiran, senar emazte zaharren pare pataskatzen direla, egiazko bikotea osatuz. Moldea errepikatu da anitzetan literaturan, ez bakarrik beltzean. Oroigarriak dira alabaina On Kixote eta Santxo Pantza ere.
​
Alor horretan, nahiz eta Lesbianen ikusgarritasun eza azpimarratzen den ikerketa serios frankotan, nobeletan ageri-agerian dabiltza Adelaida Duarte Bartzelonan, Lauren Laurano New Yorken edo Amaia Ezpeldoi Euskal Herrian zehar. Batzuk baizik ez aipatzeko. Fikzioak errealitatearen zakarra salbatzen bailuen kontrastearekin jolastuz. Lola Van Guardiaren (Isabel Franc katalanarraren izengoitia da), Sandra Scoppettonen edo Amaia Ezpeldoiekiko nire nobeletan ghetto homosexualetako bizimoduak deskribatzen dira, plazaratzeko zailtasunak, gizarte hetero-patriarkalaren larderiaren ondorioz homosexualitatea gordean gauzatzeko ahaleginak, askatasun nahikundeak, garaipen eta galera partekatuak, jendartearen bilakaerak, maitasun lesbikoak ere noski. Gaiak ez dira eskas. Gorputzaren, krimenaren eta hizkuntzaren –edozein izanik, ezen homosexualitatearen ardatzekoa beti minorizatua datzalako...- arteko loturak sozietalak dira, nahiz eta zenbaiten aburuz gauza horiek isilean geratzea hobe luketen.
​
Sandra Scoppetone (1937) izkiriatzaileak bere lesbiana gisako coming out delakoa 1970 irian egin zuen. Bikote lesbiana batez ari zen lehen liburua publikatu zuen 1978an Honakoak dira bukaera zoriontsuak oro tituluarekin, eta 1991tik hara Lauren Laurano detektibea lesbiana batekiko nobela beltzen saila abiatu zuen. Bost liburu osatu zituen hamar urteko tartean. Lauren Lauranok txokolatea gogoko du, New Jersey eta New Yorkeko artisten, legegileen, lesbianen zirkuluetako ezbeharrak ikertzen ditu eta andraidearekiko egunerokotasunaz mintzatzea maite du sobera.
​
Amaia Ezpeldoi sortu zen 1993an Lauren Lauranoren eta Tony Hillermanen ikerketa nobela etnikoetako Jim Chee navajoar polizia tribalaren modeloak bateratuz: seipazazpi menturalditan Amaia Ezpeldoi detektibeak euskal nortasuna inarrosten duten eskakizun minberak arakatzen ditu misterioak argitu bitartean. Nortasuna(k), jendartea(k), arazo ekologikoak, familiarrak, ekonomikoak... Halaber azken hogeikada honetako homosexualitatearekiko ikuspegi kolektiboaren lekukotasuna ekartzen du, ukatzetik aldarrikatzera. Azkenik nobela guztiak hizkuntza egoera baten jakile datoz, euskalkiak erabiltzen dira, asmakizun linguistikoak egiten, batua hondarrean arago horretatik iragazten dela burbuilari.
​
Bartzelonako ghetto lesbikoan gauak gauari dabilen Adelaida Duarte idazlea ere bilatzen eta kasuak argitzen trebea da saihetsean dabilkion fauna distiratsuaren laguntzaz. Lola Van Guardia izengoitiarekin publikatu zituen hiru eleberri pilpiratsu Isabel Franc (1955) narratzaileak 1997tik aitzina. Gazteleraz izkiriatu umore eta ironia handiko lanak dira, begi-kliska batez irakurtzen direnak: bertako lesbiana talde etsaien arteko bataila heroikoak azaltzen ditu, pertsonaia koloretsuak eta Kataluniako hiri nagusi anitzeko gay ibileren txinpartak.
Literaturari akats asko leporatzen ahal zaizkio, bereziki errealitatea zehatz ez islatzea eta klase ertaineko jendarteen testimonioa ekartzea gehienbat, kazetari eta irakasle ofizioetakoak direlako idazleak. Determinismo horretatik ihesik ez dago antza.
​
Nobelak beltzari dagokio beraz errealitate polifazetiko zikinaren lekukotasuna emateko eta behere mailako jendaldeak fikziora pasatzeko betekizuna. Hasieratik arrakasta ukan du genero honek, erraza zelako, intrigatsua eta irakurlegoaren izpirituak kitzikatzen zituelako eta ahoan bilorik gabe, egoera sozialak, politikoak eta ekonomikoak desmuntatuz harilkatzen. Islandia, Grezia edo Bartzelona xeheki eta hurbiletik ezagutzeko leitzen ditugu bertako izkiriatzaileen nobela beltzak. Badakigu gure kuriositate morbidoa aseko dutela, morbidoa eta geografikoa.
​
Herrialde bakoitzak krimenaren neurri eta naturari buruz duen ikusmoldearen berri eskaintzen digute gainera. Euskal Herrian demagun luzaz nobela beltza ez zen sinesgarria, sinesgarria ez den bezala ertzain bat positiboki agertzea edo frantses estatuko polizia batekiko Amaia Ezpeldoien amodiozko harremana fikzioan gauzatzea.
Literaturan… ezen telebistan Goenkale ohiko Nekane Beitiaren pertsonaiak sinesgarritasun ezaren mugak aspaldian gainditu zituelako. Euskarazko literatura, salbuespenak salbu, hizkuntzaren ahultasun beldurgarriak eta mende erdia iraun duen borroka armatuaren bukaeraren kudeantzarekiko eztabaida ezberdinek perlesiatzen dute oraindik.
​
Baina deus ez da betiko.
​
Itxaro Borda
Baztan-Baiona
2015
​