top of page

Beltza generoari begira, baina gero eta argiagoa emakumeontzat

 

PUSKA

BELTZAK

Elizondon, (h)ilbeltzak gonbidatuta emandako hitzaldirako idatzitako testua, Emakumea eta genero beltzari buruzko mahaingururako (2018ko urtarrilaren 20an)

aitzinekoak...

JIM THOMPSON

NERE BAITAN

      Miel.A. Elustondo

 

​

Literaturan sortu zen genero beltza

 

Literatura beltza deitzen duguna XX. mendeko genero bat da, bete-betean, nahiz eta aitzindariak XIX. mendean egon. The Black Mask aldizkarian Estatu Batuetan eta Gallimard etxearen serie beltzean jartzen dugu generoaren hasiera, XX. mendeko 20. hamarkadan.

 

Raymond Chandlerrek definitu zuen beharbada hobeto, haren errepaso historikoa eta analisia egiteko idatzi zuen saiakera bikainean. The simple act of murder (1950) elementu kriminalaren inguruko literatur lana direla esan zuen. Poliziak, lapurrak, mafia, hiltzaileak, epaileak. Horiek dira genero beltzaren ohiko pertsonaiak. Heroia, Chandlerren hitz gogoangarrietan, erromantikoa da, sakonean. Hiriaren iluntasunarekin ezin duela bukatu dakien kontzientziadun gizon gogor eta sentimentala: “por estas calles mezquinas tiene que andar un hombre que no es mezquino, que no está empañado ni tiene miedo”.

 

Testuinguru sozial-ekonomiko-politiko batek sortzen du nobela negra: alkoholaren debekua, krimen antolatuaren goraldia, kapitalismoaren krisi latza, hirietako desberdintasun sozialen eta krimenaren igoera. Krimenaren analisia, beraz, hiriaren analisia ere bada. Eta, askotan, kapitalismoaren analisia. Gehiago ere bai: hiriaren iluntasunaren analisia den neurrian, gizartearen iluntasuna bilatzen du eta gizabanakoarena. Ustelkeriaren kateari segika gizartearen egituren kritika egiten dute maiz. Polizia ustela dela deskubritzen du nobela beltza bere hastapenetan. Eta gero deskubritzen du justizia sistema ere ustela dela. Eta politikoak. Eta Eliza. Belztasunaren unibertso osoa dago literatura beltzean.

 

Unibertso hori maila handi batean maskulinoa izatea normala da: poliziak, fiskalak, epaileak, politikariak, detektibeak. 1920an edo 30an edo 50ean pertsona horiek gizonezkoak ziren. Unibertso horretan emakumezkoon paperak bi izan dira, historikoki: biktima edo femme fatale. Kritika feministak aspaldi seinalatu zuen madonna / puta paradigma, beste behin ere.

 

Baina lerro zabal hori hasieratik da dirudien baino konplexuagoa. Izan ere, literatura beltzaren historia guztian gaude emakumeok, geure osotasunean. Bai emakumeon eskutik zein gizonen eskutik. Lehen emakumezko detektibea gizon batek sortu zuen. Oso hasieran. Mrs. Gladden, Andrew Forrester-ek, 1864an. Eta, zer esanik ez, emakumeok idazle izan gara, generoaren hasieratik bertatik. Egon zen lehen belaunaldi bat, ia nobela beltzaren sorrerari berari lotua, hor sartu behar ditugu, XIX. mendearen bukaeran jaiotako bi andre. Bata, Agatha Christie, munduan egon den idazle ezagunenetako bat -historian irakurriena!-. 2013an oraindik ere El asesinato de Roger Acroyd bere nobela aukeratu zuten 600 kritikoren artean inoiz idatzi den nobela beltzik onena. Bestea, ez hain ezaguna Dorothy L. Sayers. Biak gerra arteko literaturaren maisuak genero honetan. Eta haien ondorengoak asko dira: P. D. James eta Ruth Rendell, Patricia Highsmith.

 

Gugandik hurbilagora etorrita. Espainia Estatuan: 1979an Lourdes Ortiz idazleak, Picadura mortal idatzi zuen eta emakumezko detektibe bat jarri zuen protagonista. Egun, 60tik gora emakume daude literatura beltza idazten Espainiako Estatuan. Era guztietakoak dira baina, tamalez, maiz egin behar diote femicrime etiketari aurre. Alegia, emakumeezkoena izateagatik literatura horrek sailkapen bat merezi duela dirudi, nahiz eta gizonezkoekin ez litzatekeen hori pasatuko.

 

Gaur egungo nazioarteko egoerari dagokionez, ezin dut gehiegi esan. Baina mugarri jarriko nuke generoaren ikuspuntutik daukan garrantziagatik Millenium saga, izan zuen arrakasta ikaragarria oso albiste pozgarria da kontutan izanda Lisbeth Salander misoginia arerio bezala identifikatu duen aingeru mendekatzailea dela. Indarkeritik bizirik atera dena, zaurituta baina boteretsu. Belztasunaren unibertsoan generoa sartu da, azkenean. Heldu dira autore batzuk esatera krimenetik hirira eta gure arimara eta kapitalismoaren sustraietara heldu ginen bezala patriarkatuara iritsi behar garela esatera.

 

Bide horretan, eta barkatu transgresioa, The Fall telesaila ere sartuko nuke. Telesail feminista bat inoiz ikusi ez dudan bezalakoa.  Proposatzen du feminitatean dagoela botere bat sarri gutxietsi egiten duguna, autodefentsa feministaren ikuspuntutik biktimaren lekua birdefinitzen du eta identifikatzen du lehen aldiz psikopata hiltzailearen pertsonaia misogino bezala. Baina ez dut telebistaz hitz egingo, zinemagintzaz baino. Literatura beltzak laster aurkitu zuelako zinemagintzan leku bat. Literatura beltza bera aberastu zuena eta harekin batera zinemagintza.

​

Zinemagintzara pasa zen gero… zorionez!

 

Hollywood-eko zinemagintzari buruz arituko naiz, beti ere. Gehien ezagutzen dudana  baita. Daukan erreferentzialtasuna ikusita espero dut analisia baliogarria izatea.

 

Literatura beltzak 30. hamarkadan egiten du salto, gutxi-gora-behera Hollywoodera. 40-50. hamarkadak dira bere aro historiko gorena eta zinemagintzaren historiako aberatsenetako bat, bide batez. Nik aro horren gorazarre egin nahiko nuke, gainera. Ea batzuk nirekin ados zaudeten!

​

Zineman ere ez da erraza beltza zer den esatea (thrilerrak? Espioien pelikulakk? Mafiosoenak? Detektibeenak?) baina edukien aldetik literaturaren definizoa eta Chandlerrena jarraitu genezake erabiltzen. Estiloaren aldetik aipagarriena expresionismoaren eragina litzateke. Itzalen erabileran ikusiko dugu eragin hori, giro ia fisikoak sortu nahi dituen zuri beltzezko argazkigintzan. Fritz Lang izango litzateke Alemaniatik estilo hori ekarri zuen generoaren aita (M El vampiro de Düsseldorf psikopaten lehen pelikula litzateke, oso gomendagarria). Aipatu genitzake baita ere Robert Siodmak, Otto Preminger eta Michael Curtiz, besteak beste. Sailkapen klasikoak dio The letter, William Wyler-en eskutitza dela generoan lehena (Bette Davis protagonista, gizona hil duen emakumea da protagonista) eta Orson Welles-en Sed de mal litzateke azkena (Janet Leigh da emakume protagonista, gaizkileek drogatu egiten dute bere senarraren izen onarekin bukatzeko). Urte berean egiten da Vertigo, non Kim Novak den ustez biktima dirudien emakume gaiztoa.

 

Erdian pelikula bikainen zerrenda ziragarria dago: El halcón maltés, El embrujo de Shanghai, Perdición, Laura, Tener y no tener, Gilda, El cartero siempre llama dos veces, La dama de Shanghai, Cayo Largo, El tercer hombre, Extraños en un tren, Niágara, El crepúsculo de los dioses, La noche del cazador.

​

Aro historiko baten bukaera: emakumeontzat ona edo txarra?

 

Zergatik bukatu zen aro hori? Tira, 60. hamarkadatik aurrera bukatu egiten da estudioen aroa. Besteak beste, telebistaren zabalkundeak bultzatuta. Inoiz ez zen itzuli. Kopuruari begiratuta zinemagintzak ikusle asko galtzen ditu, inoiz berreskuratuko ez dituenak baina pantaila berrietako amortizazioaren bidea hasten du. Aldaketa tekniko ikusgarrien aroa da, hain zuzen ere, pantaila handiaren ikuskizunerako gaitasuna erabili nahi delako. Zinemaskopea, zinemarama, hiru dimentsioak…

 

70. hamarkada, berriz, “egilearen teoriak” markatzen du gehien bat, Frantzian indarra hartu zuen mugimendu baten hauspora. Belaunaldi berri batek (Godard, Truffaut…) erreibindikatzen du benetako egile bakar bat dagoela pelikuletan eta autore hori zuzendaria dela. Zuzendari belaunaldi berri bat sortu zen, oso interesgarria, telebistaren eragina ere bazuena eta gai sozialekiko interes bizia. Hala ere, esango nuke, perspektiba historikoarekin begiratuta, izan zuela albo eragin bitxi bat.  Egile bat indartu zen berez kolektiboa zen sistema batean eta egile horiek -kristalezko sabaiagatik- gizonezkoak ziren. Pelikula interesgarriak egin zituzten, zalantzarik ere, El Padrino Malas Calles, Manhattan, El cazador, Alien, La naranja mecánica, Chinatown. Robert Mulligan, Martin Scorsese, Stanley Kubrick, Francis Ford Coppola, Woody Allen, Terrence Mallick. Zinegile interesgarri asko heldu ziren, zalantzarik gabe, baina gizonen unibertsoan interesatuta zeuden (normala!) eta emakumezkoen pertsonai gogoangarri gutxiago utzi zizkiguten aurreko aroak baino.

​

Feminismoaren oldarrialdiaren urteak ere izan ziren, baina baita kontra-erreakzioarenak ere, “sexuen gerrarenak”. Bada teoriarik esaten duenak  gizonezko artistak emakumeengadik aldendu zirela, nolabait, ur handietan ez sartzearren beren baitara bildu zirela.

 

80. hamarkadan, neocon giroak ez zuen egoera hori hobetu. Pelikula “takileroak” / alternatiboak paradigma sendotu zen, estudioen urrezko aroan pentsaezina. 90. Hamarkadan, berriz, multinazionalak sartu ziren estudio handiatara eta diru asko ekarri zuten baina ofizio tradizionalen ahultzea ere bai eta gaur egungo nolabaiteko sistema pobreagoa, non ez diren sortzen urtean horrenbeste pelikula on eta telebistak hartu duen kalitatearen protagonismoa, nolabait.

 

Emakumeentzat azken hamarkadak Hollywood-en gogorrak izan dira, oso.  Konparatu Greta Garboren pelikulen zerrenda, Audrey Hepburnen pelikulen zerrenda, Katherine Hepburnen pelikulen zerrenda, Ingrid Bergman, Marlene Dietrich... eta Meryl Streep kenduta ezingo duzue halakorik aurkitu 90. hamarkadako aktoreen artean. Julia Roberts batek, duen talentuarekin, oso bestelako karrera dauka. Badago optimista izateko modurik, ostera. Telebistak aurrerapausu erraldoiak egin dituelako, kableari esker eta oldarraldi feminista ikusgarria eta hunkigarri gertatzen ari delako.

​

​

Zinema beltz klasikoaren alde

 

Ildo horretatik berreskuratzen dut, baita ikuspuntu feministatik ere, Hollywood klasikoa eta zinema beltza. Eta horretarako gaurkotu egingo nituzke kritika feministaren ekarpenak.

 

Zalantzarik gabe, zinema beltzarena femme fatale arketipoaren urrezko aroa izan zen, heroi bakartiaren arketipoaren aroa izan zen bezala. Madonna / puta dikotomia feministaren aktualizazioa, beraz. Gizonaren sexu grina manipulatuta, gizon hori tentaldira eramango duen Eva gaiztoa. Horixe da femme fatalea. Kritika feminista sortu zenean, 70. hamarkadan, bere tesi nagusietako bat era horretako dikotomiak agerian jartzea izan zen. Era berean, agerian jarri nahi zuen zinemagintza klasikoan protagonista nagusia, narrazioan, gizona zela, ia beti eta gizonen begirada hori hartzen zutela ikusleek ere. Sujektu horren zerbitzura zeuden beste pertsonaia guztiak haren desioaren objektu edo gorroaren objektu edo grinaren objektu bilakatzen ziren. Tartean, emakumeak. Desioaren objektu zuzenak izan zitezkeen (erreskatatu beharrekoak, biktimak, ezkontzeko modukoak) edo okerrak (zitalak, manipulatzaileak, oherako modukoak baina ohean arrisku handia zekartenak).

​

​

Feminismoarena oso analisi interesgarria eta baliogarria izan da baina, nire ustez, derrigor osatu egin behar da eta gaurkotu. Eta inolaz ere ez da sinplifikatu behar. Maizegi esaten zaigu emakumeoi, pelikula hauek nolabaiteko patriarkatuaren indar ilunek sortu dituztela emakumeok esklabotzeko eta mendean hartzeko. Arriskutsuak direla edo baztergarriak. Baina niri oso tristea irudituko litzaidake pelikula horiei balio guztia kentzea.

 

Horrek nire ustez adingabetu egiten gaitu emakume ikusleak. Izan ere, inoiz ez da esaten hori gizonei buruz, ezta? Nahiz eta pelikula horietako gizonezkoen pertsonaiak ere arketipikoak diren.  Heroi posible bakarra isila, zurruna, gogorra, emoziorik erakusten ez duena da, akziora deitua. Tentaldia zigorrarekin pagatzen duena eta mundua aldatzeko erantzukizuna bere gain hartu behar duena.

 

Egia da zinemagintza beltz klasikoan salbatu beharreko emakumeak edo suntsi nahi gaituzten emakumeak agertu direla eta oso espazio gutxi utzi zaigula. Eta egia da generoaren espektroan bi arketipo horiek proposatzen zaizkigula hierarkia patriarkaletan aurrera egiteko. Otzana edo puta. Eta ez dago ezer erdian. Salbazioa edo zigorra. Erredukzio horretan mugitu zen zinemagintza beltz klasikoa eta hori ikustea garrantzitsua da. Baina, hori esanda, esan behar da emakume zitalen katalogo ikusgarria, hordigarria sortu zuela zinemagintza beltz klasikoak. Eta hori egiterakoan emakumeei protagonismo izugarria eman zigula.

​

Niágara, Eva al desnudo edo El cartero siempre llama dos veces-eko emakumeek gizonak manipulatu nahi dituzte, haien senarrak hil ditzaten. Sexua erabiltzen dute horretarako, gizonak erotzen dituzte, arriskutsuak dira. Pelikula hauetan kondenatu egiten dira baina... liluragarriak izan behar direnez, lilura bat ere konbokatzen da haien inguruan.

 

Egia da pelikula hauek esaten digutela, “ui, kontuz emakumeekin”. Baina baita ere esaten dizkigute beste gauza asko: esate baterako, emakumeak ezin badu gizon bat hil ez delako aski indartsua edo ez delako hori gizartean duen lekua bilatu dezakeela hura hiltzeko modua. Emakumea indartsua da, beraz. Baditu bere moduak, izaki bat da, azkarra da, heldua da. “Kontuz emakumearekin” esaten dugunean emakumea berdintasun maila batean jartzen dugu, ez da haurra. Eta hori gauza handia da.

​

Pelikula horiek modu kritikoan ikustea ongi dago, zenbat eta hobeto ezagutu sistema oso bat eta bere kodigoak indartsuagoak gara, hobeto identifikatzen dugu eta alternatibak proposatzeko eta konfrontatzeko aukera gehiago ditugu. Baina pertsonak ez gara folio zuriak, ez dugu mezu bat integratuko, edozein dela ere, aurrean jartzen zaigulako. Nik pelikula horietan jaso dudana ez da bakarrik patriarkatuaren programazio errepresiboa eta misoginia. Ez naiz panpina, ez naiz esklaboa, nigan eragin nahi duenak nirekin negoziatu behar du, seduzitu egin behar nau, engainatu, dena delakoa. Baina ez nau ukatzen eta ezin nau ezabatu.

 

Ez nago ados heldugabe bezala tratatzen gaituen kritika feministarekin, askotan. Badago kutsu hori, “kontuz”, bat eternoa. “Ez dakizue baina pelikula hau matxista da” esan nahi zaigu. Zentsurara jotzen duen bide bat zabaltzen ari da, gainera. “Hemingwayren fiesta? Ez irakurri, Hemingay matxista zen! Eva al desnudo? Ui, bi emakumeren arteko lehia patriarkalak. Matxista iruditzen zait, kanpora”. Era horretako interpretazioak errebizionistak dira, patriarkatuaren konplejidadeak sinplifikatzen dituzte gehiegi eta, bereziki, gutxietsi egiten gaituzte ikusle bezala. Ahaldundu beharrean.

 

Pelikula batzuk ze matxista ziren konturatzerakoan egia da disfrutatzeko gaitasuna galtzen duzula. Baina gutxitan gertatu izan zait. Orokorrean, maite izan dudan zinema defenditzen erakutsi dit feminismoak, ez maite nuena gorrotatzen. Hori feminismoaren bertsio mingarriagoa iruditzen zait eta mundua hain da gaiztoa emakumeekin, iruditzen zaidala feminismoaren lan nagusietako bat, inoiz ahaztu behar ez duena, zauriak osatzea dela, liberatzea, zorioneko izatea, zoriontsu izan gaitezen. Gauza askotarako dago feminismoa baina zauria osatzeko ez badago, ez dakit nik zertarako dagoen.

​

Beraz, zinema beltza eta bere emakume ankerrak erreibindikatzera nator. Jakinda patriarkatuak zeharkatuta daudela, gu guztiok bezala. Baina jakinda ez zirela patriarkatu absolutuan sortu, ni neu feminista bezala posible egin nauen patriarkatu berean baino. Erresistentziak posible egiten dituen zapalkuntzaren garaiak ziren, garai guztiak bezala. Askotan gertatzen da emakume boteretsu horiek direla pertsonaiarik interesgarrienak, osatuenak, konplexuenak, maitagarrienak. Nahiago Lauren Bacall El Sueño Eternon, Bogarten Philip Marlowe baino. Biak dira arketipoak, ze ez dezagun ahaztu (berriz diot) gizonak ere arketipo maskulinoak dira baina ez ditugu hain zorrotz begiratzen, ez gara hain gogorrak gizonekin (ze gauza arraroa, ezta?). Eta arketipoak dira, bai, baina ondo idatzitako arketipoak, espektro bat ere proposatzen digute, gizatasun bat. Pertsonaia horiek gainera aktore zoragarriek interpretatu zituzten -Ava Gardner, Barbara Stanwick, Hedy Lamarr, Lauren Bacall, Mae West, Jean Harlow, Greta Garbo, Rita Hayworth…- eta, beraz, ez ziren soilik gizonek sortutako prototipoak, zuzendaria edo gidoilaria edo ekoizlea ez direlako autore bakarrak, emakumeen sormenaren emaitza ere badira. Ez aipatzearren aktoreez gain pelikula horietarako lan egin zutela beste hainbat emakumek, beste hainbat ofiziotan. El sueño eternon bertan, gidoilarietako bat emakumea zen, Leigh Brackett.

​

​

Azkenean, gure genero kulturaren baitan ere, aro guztietan, egoera guztietan, zapalkuntza guztietan egon da emakumeak defendatzeko eta maitatzeko modua, egon dira emakumeak defendatu eta maitatu izan dituzten gizon eta emakumeak. Ez dezagun pentsa “gizon begirale-beraz-sujektu” eta “emakume-begiratu-beraz-objektu” horrek zinemaren historia anulatzen digunik feminista bezala. Edo emakume gaizto hauetan zein haien alternatiba bezala erabili nahi diren beste emakume guztietan ez dagoela emakume guztiontzako tresna erabilgarririk, ispilu ederrik, sendabiderik.

 

Ez baita horrela. Gure berrinterpretazioak egin ditzakegu, gure birrapropiazioak. Hartu kontutan pelikula batean patriarkatuaz ikasi dezakezuna, zalantzarik gabe, jakin non egin den jakin dezazun non jaso eta noraino. Baina ez ahaztu ikuslea zaren neurrian pelikularen parte zarela, ez zarela patriarkatuaren esklabo, ezin gaituela edozein mezuk programatu. Disfrutatu genitzake pelikula horiek. Gizakiak gara, aktiboak gara, ez begi patriarkal erraldoi baten esanekoak. Prozesu aktibo bat da narrazioarekin duguna. 

 

Nire ustez, pelikula hauek ez dira bakarrik emakumearen salaketa bat, bere gorazarre bat ere badira eta ez dira patriarkatua soilik patriarkatua eta bere tentsioak baino. Eta ez dira autore bakarrak sortutakoak, autore kolektiboa dutelako, batetik, eta autore kolektibo horretan beti dagoelako gutxienez emakume bat, aktorea. Baina bestetik, autorearen parte bat geu garelako. Geure begirada feminista bada, pelikula bera feministagoa da. Narrazio patriarkaletan aukera feministak daude, emakumeen alde bagaude. Alde horretatik, esan nahiko nuke emakume gaiztoek emakumetasunaren aukerak zabaldu dizkidatela eta liluratu nauten neurrian, ikusleok bestetasun fikziozko horiek maite diguten neurrian, maite izan ditudala. Eta salbatu izan nautela. Emakume bat gehiago maitatzea neure burua maitatzea delako. 

​

Azken hausnarketa bat

 

Duela gutxi irakurri nuen Bartzelonako unibertsitateko irakasle baten hausnarketa Expediente X telesailari buruz. Deskubritu zituen bere parte matxistak eta nora eraman zuen aurkikuntza horrek? Harrituko zarete: emakumea kritikatzera, Scully kritikatzera. Zera zioen, benetan maite behar dugu Scully, halako narrazio matxista baten parte hartu zuen emakumea? Nire erantzuna... bai! Ezer maitatu behar badugu Scully da. Eta narrazioa matxista bada, ba, are gehiago. Horrek bere posibilitateari are balio handiagoa ematen diolako. Nola ez dugu maitatuko Scully feministak bagara? 

 

Denok despatriarkalizatu behar dugu eta polita da ibilbide hori fikzioaren eskutik egitea. Pertsonaiak horiek nolakoak diren konprenitzerakoan patriarkatua ulertzen dugu eta ulertzerakoan gugandik aldendu dezakegu gu geu ez gaitezen pertsonaiak izan, pertsonak baino. Eta emakume horiek maitatzerakoan, edozein emakume maitatzerakoan -berdin femme fatale zein biktima- geure zauriak ere maitatzen eta ulertzen ikasi genezake. Eta, lehen nioen bezala, geure burua sendatzeko pausua eman genezake, geure burua hain gogor begiratzera eta hain modu eskasean tratatzera eraman gaituen misoginia barneratuarekin bukatzeko.

​

​

Irati Jimenez

​

NOBELA BELTZA ETA

SINESGARRITASUNA

             Jon Alonso

 

BELTZ GUZIAK EZ DIRA BELE

( Gotzon Garate oroimenean )

       Miel A. Elustondo

​

​

ILBELTZEKO HITZ

BELTZAK

       Itxaro Borda

 

SINESGARRITASU-NAREN AUZIAZ, BERRIZ ERE

             Jon Alonso

 

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page