​
1.- Nobela beltzaren sorreran hiria dago, industrializatzearen garaia, baserri guneetatik hirietara saldoan migratzen zuten laborari haurren proletarizatzea… XIX. mendean gertatu zen energia termikoaren iraultza horrek klase apalenen miseria areagotu zuen, bai eta honen inguruan (klase sozial lanjerosa zela erraten zuten burgesek) ernatzen hasi ziren fantasma ezberdinak: kanpainetatik zetozenak salbaiak ziren, ongi ikasiriko burgesiako neskak bortxatzen zituzten, burgesen ongi-izatea lehiatzen zuten biolenteki. Gaur egun ere jende-kategoria batzuentzat (buhameak, ijitoak, rom delakoak), zenbaitek baliatzen dituzten argumentuak… bestea beti lanjerosa da.
XIX. mendekoa, hau ere, hirietako karriken elektrikaz argitzeak giro berezi batez idatzi zitekeelako ideia hazi zuen idazle askoren buru-muinetan, argiaren eta ilunaren arteko jolasean ari izanez. Horrelakorik ez zegoen baserri guneetan, han etxeetako suteaz eta gelaz gela eramaten zen ezko-argiaz besterik ez zen gauaren erdian hara hona ibiltzeko! Halatan, istoriorik larrienak sutondo xokoan kontatzen ziren, haurrak izutuz eta adinekoak daldaraziz. Hirietan eta kanpainetan bazen betidanik gauza latzak narratzeko ohitura bat, krimenik odoltsuenak, jende harreman lizunenak, ipuinik sinestezinenak!
Baina XX. gizaldian, hiria gal leku bat bezala presentatzen zuten kontserbadoreek, apezek, lekuan lekuko notableek: baserri eremua bake bukolikoaren paradisua zen, eta hiria arimak erratzen uzteko toki likitsa. Euskal Herrian ere bai, iparraldeko Eskualduna edo Herria astekarientzat bederen. Nobelak, bereziki ere nobela beltzak, munduan zehar, irudi hori indartu zuen. Kanpainetan, biolentzia, aitzinako mendeetakoa zen, mitologikoa, jainko ezberdinen garaikoa, Basajaun, Mari edo Ttarttaloren denborakoak adibidez -ez zituen debaldetan elementu hauek baliatu Dolores Redondok bere Baztango trilogia ardazteko.
Bake bukoliko giro horretan bizi ziren laborari edo artisauak gainera, tolesgabeak ziren, inozenteak, gaizkia zer zen ez zekiten, elizaren manamenduak hurbiletik jarraitzen eta obeditzen zituzten. Krimenak bakanak ziren, eta hiltzaileek askotan hirira ihes egin zezakeen gordetzeko. Usteak gaur arte irauten du, eta frankotan harritzen gara, duela gutxi agitu gertakari latzen haria askatzen duten kontakizunak, egiazki makiavelikoak direlarik muntaia kriminalak, (H)ilbeltza honen karietara ikusi dugun bezala, hainbat herritan kokatu istorio antzeztuetan, egia ala ez-egia izanagatik!
Hirietan ala kanpainetan, krimena funtsean, balizko oreka sozial baten haustea da, eta justiziara bideko ikerketa, zuzentasunaren eta behialako orekaren berriz lortzeko modua! Gauaren eta argiaren arteko borrokak egundainokoan imajinazioa akuilatu du gainera…
​
2.- Hargatik, gure gogoa ase bete duten nobela gehienak, historian zehar, baserri guneetan garatzen dira. Etsenpluak anitzak dira, baina hurbilenak baizik ez ditut aipatuko: sekula hiritik pasatu gabe Mantxako lautada biluziak bere zaldun eromenaz ttakatzen ditu On Kixote erraldoiak, eiheren edo erroten, artaldeen, ardandegietako zatoen edo bidean dabilen bizkaitar gazte baten kontra borroka delarik. Cervantesek pertsonaia paranoikoa erabiltzen du kritika soziala bideratzeko, jakinez hiriak handitzen zihoazen unean, zaldunak zirela orduan baserri guneetako hondar aristokratak. 1605 eta 1615 artean idatzia izan zen, agian 1554an publikatu zen Lazarillo del Tormes Salamancako umezurtz pobrearen eratorri pikareskoaren arrakastaren ildotik.
Irakurle gisa, usatu gara, eskolatik haste, hirietako giroetan pasatzen ziren nobelak leitzen. Frantses literatura gehienbat ziudadeetan errotzen da. François Rabelais (1494-1553) medikuaren Pantagruel (1532) eta Gargantua (1534) Bordelen, nahiz eta bere erietxeko gaixoetatik zenbait baserritar jatorrizkoak ziren. Voltairen Candide (1759) delakoa Westfaliako gaztelu batean hasten da eta munduaren itzulia egiten du, Lisboa eta Cádizen barna, makurrez makur, norberak bere baratza lantzekoa duela zoriontsu izateko ondorioztatzeko! Sare berdinaz baliatuz irakurtzen ikasteko G. Brunok izenpetu Bi haurren Frantziako Itzulia (1887) hartan kanpaina gutxi zegoen, hiri txiki andanak aldiz bai. Baserritar haurrak ginen eta gure eskola liburuetan, hiria baizik ez zen laudatzen… hiria, progresua, nahi bagenuen zerbait izan, bizi ginen lekuak eta hizkuntzak abandonatu beharko genituelako mezu subliminalarekin.
George Sand (1804-1876) anderearen La mare au diable (1846) eleberriak lehen aldiz baserri giroko kokapenaren dasta eman zigun: Berry eskualdeko nekazal jendartea agertzen da bete betean nobela hortan, roman champêtre deitzen zena orduan, maitasun istorio bat bada, igel kantariz izugarri bilakatzen den deabruaren urmaelaren deskribapenak, gauez, leitzen genuenean gugan halako zirrara pizten zigula. Sandek (alias Aurore Dupin) nahi zuen literaturari esker Berry aldeko ohituren lekukotasuna eman, idealizatua bistan dena, lanjer naturalez hanpatu bukolikotasuna bermatuz, industrializatzearekin desagertze zihoazelako. Inpaktatu ninduela oroitzen naiz eta etxe inguruko natura, ilunpean, George Sanden irudietarik ikusten hasi nintzen, idazle bihurtzeko xendran sartuz. Alaina!
Alain Fournier-en (1886-1914) mentura eta adiskidantza nahasten duen Le Grand Maulnes (1913) Sologne eskualdean eta Bernard Clavelen (1923-2010) Malataverne (1960) Jura mendietako hiru adoleszenteen dramaren tramarekiko (adineko emazte haren hilketa egiazki gertatu zen 1950 irian Lons-Le-Saunier hiri bazter batean) nobelak ere landa eremuetan agitzen dira. Heriotza eta tragedia isurtzen da, bi lan hauen baserritar muinetara.
Euskal Herrian ere gauza bera da. Edozein dela hizkuntza gainera. Erraiak bihurtzen dizkiguten idazkiak ala nobelak, landa eremuetan oinarrituak direnak dira. Hemen halaber adibideak biderkatzen ahal nituzke baina Bernardo Atxagaren bi lan baizik ez ditut aipatuko: Obabakoak (1988) ipuin bilduma eta Soinu jolearen semea (2003) eleberria, biak, industrializatze aitzineko Asteasu litekeen Obaba asmatuzko gune batean pasatzen dira. Berdin, Daniel Landartek Elkarren publikatu zuen Aihen Ahula (1978) memoria liburuko zipriztinak. Nahiz eta 1980ko hamarkadetan literatura hiritartzea aldarrikatzen zen, eta Gotzon Garate bezalako batek Bilbo beltza deskribatu zuen NY bailitzan, gure irakurle gustuak landa eremuetan zedarrituak ziren.
3.- Nobela beltzen idazleak landa eremuari interesatzen zaizkio hain zuzen ere landa eremu hori desagertzen, bizidunez husten doan momentuan. Hiriaren maila bereko interesaz ari naiz, ezen jada aipatu dugun ikuskera bukolikoa aspalditik indarrean dagoelako. Hiritarrak bere burua, zibilizatutzat dauka, betunez eta beiraz inguraturik, segurtasunean senditzen da, salbo, belar, mamu, abere edo karrikak zulatzen dituzten sustrai bihurriekiko zuhaitzetatik urrun. Erraten da, hirietan diren berde-gune salbaiak jendeek hondakindegitzat hartzen dituztela, ez dutelako berdetasun horren errespeturik; alderantziz, mespretxua eta handikeria baizik.
Mundu mailan oraino lau bizidunetatik bat landa eremuan bizi da. Aldaketarik handienak sortalde opulant honetako lur muturrean gertatu dira, bigarren mundu gerratik hona. Frantziako zenbakiak kontuan edukiz, herrialde ezberdinen joera antzekoa dela baimenduz, 2017an jendetzaren %20 baizik ez zen kanpainetan bizi, horietatik % 3.5 baino ez delarik laborantzan aritzen, 1980an % 8an zelarik. Argiki ikusten da, nekazariak minorian direla mundu erruralean, gehiengoa hirietan lanean ari den rurbanoez osatua dela. Hitz berria asmatu da errealitate horren agertzeko, rural eta urbano hitzak uztartuz. Euskal Herrian ere gertatzen da kanbiamendu semantiko eta sozial hori.
Hirietan ere bizitza ezinezkoa da, kutsadura, jendetza, berdetasun eskasa oreka psikologikoa bermatzeko, baina bertan errotuak, langile eta enplegatuak, klase ertainekoak, batetik, hiriaren irudi baikorraz kontziente dira, mugimendua, progresua jada erran dugu, hirian dago, eta bestetik, landa eremuetara ohatzera joateko amets azkarrak dituzte, horrek laneko lur galera eragiten baldin badu ere (autobideak, errepideak, supermerkatuak, etxe-sailak…) bi eremuen artean bizitzea xedea, batean lana eta bestean loa eta ausa. Horrek funtzionatzen du autoen erregaiak merke diren bitartean, garestitzean sistema guztia da hausten, krisian sartzen, gaur egun Frantziako horiz jantziek erakusten diguten bezala. Egia erran, landa eremuetako bizitza soziala arras desagertu da, zerbitzu publikoek, eskolek, postek, hiri handiagoetako eri edo zerga etxeek bezala, ateak ixten dituztela!
Egia da, nahiz eta hiritar bakoitzaren bihotzean baserritar izaeraren nostalgia bat dagoen, hiritarrek ez dituztela ulertzen baserri guneetan bizi direnen arazoak. Hiritarraren baitan, neurri baterainoko ongizate materiala mantentzea helburu duen burges bat dago kuzkurtua, langile klasekoa izanagatik, dominatzailea eta bere jatorriarekiko ahalke aitor-ezinez hanpatua. Gainera, ingurumenaren kezka ekologikoaren ondorioz, dagoeneko laborariak orokorrean, kutsatzaile inpenitente gisa ikusten dira, lurretara isurtzen dituzten biozida pintak direla medio, bazterrak zikintzen, suntsitzen eta erretzen dituztela arraiki, hirurehun euro irabazteko hilabetearen buruan.
Nobela beltza mundu erruralean kokatzean, ez dira bakarrik hirietako problematikak jorratzen. Landa eremuetan bada milaka gai, edozein genero literarioren bidez lantzeko. Horretaz oharturik, hamabost urte hauetan, Drome eskualdeko Saillans herri txikiak (H)ilbeltza honen pareko festibal bat antolatzen du Harripeko aingira izenarekin. Halaber, Vieux-Boucau herrian, Landetan, “Le polar se met au vert” ekitaldia egiten da, iraila oroz. Polar erruralaren edo noir rural kutsuko obren egileak gonbidatzen dituzte, gehienak amerikarrak. Baina jada, literatura frantsesaren abar bat ari da garatzen alor horretan. Natura ez da bakarrik ingurune bat, pertsonaia bat baizik, eta nobelako pertsonaiak baldintzatzen ahal ditu.
​
​
4.- Ameriketatik etorria bezala presentatzen digute nobela beltz erruralaren funtsa. Alabaina, han natur writing sail bat bada, arrakastatsua, zeinetan natura eta jendea elkarrekin handitzen, ontzen eta galtzen diren. Jon Krakaueren Into the wild aipa nezake, hemen Alaskako natura handiosa hiltzailea izan daiteke eta hirietako bizitza kontsumistaren ereduaren kontrakoa, Sean Pennek liburuaz egin zuen filma ederra aintzakotzat hartzen badugu. Ekologia politikoaren sortzailea izan ziren Henry Thoreau, Emerson edo Jim Harrison ere aipatzen ahalko nituzke: idazki hauetan, pertsonaiak urriak dira, bat edo hiru gehienez, eremu hertsiko naturak eta jendeen arteko isiltasunak betetzen dituela orrialdeak. Batzuetan ez da istoriorik ere, salbu espazioa eta pertsonaiaren barne-gogoeta, Peter Frommen Indian Creek hartan bezala!
Sortaldeko estatuetan (Rocky Mountains aldean) bizi diren idazle horientzat natura ispilu bat da, pertsonaia oso bat, eta ez dira laborariak, are gutxiago ekologistak. Birilitatea dute azpimarratzen, ehiza bezain arrantza maite dute, Hemingway ondoak dira, baina naturaren bakartasunaren erdian. 2005ean sorturiko Gallmeister argitaletxean publikatuak dira gehienak. Astiro-astiro, Atlantikoaz bestaldetik datorkigun moda berri horrek hainbat herritako laborari-idazleak (écrivain-paysan delakoak hots) errehabilitatzea lortzen dute, publiko zabalaren begietan.
Indiar erroekiko idazleek anitz erabiltzen dituzte natur writing horren kodeak, erreserbetan kartzelatuak izanagatik, espazio zabalak dauzkate beren kontakizunen kokatzeko. Minnesotako Louise Erdrich (1954) baten ipuinek eta nobelek (Haizearen isiltasunean, 2012) Ojibwa tribuko herritarren naturarekiko talken lekukotasunak ekartzen dizkigute, tragedia handiak, beltzetan beltzenak eta nehor ez ikertzeko! Berdin Louis Owenen lanarekin. Besteak beste. Idazle amerindiarrek ekarri dutena zera da: naturaren ankertasun eta presentzia indartsuaren hariari amerindiarren kezka kulturalak, dramak, nortasunaren inguruko galderak, langabezia, familien desegitea, alkoholismoa eta zapalduek jasan ditzaketen mila gaitz lotzea.
Antropozenoaren garaian gaudenez, pentsatzen dugu, natura ez dela deus gizakiaren eragina, ekina edo moldakuntzarik gabe. Industrializazioaren balentriak orain apaltzen doaz eta ohartzen gara on baino kalte gehiago oparitu digula progresuan itsuki sinesteak. Haizea norabidez aldatzen ari da. Landa eremuari sorkuntza boterea zilegitzen diogu eta laborari-idazlea ez da oximoron bat, baikorki kontsideratzen den egoera bat baino. Beltzaren alorra lantzeko (euskarak bederen bere hiztegian atxiki du nekazal munduko hiztegia, jendarte post industrialari aplikatuz) ez da baitezpadakoa laboraria izatea, bistan dena, baina nork hobeki aipatuko du handitasun naturalaren eta natura horrek berak hazten dituen mehatxuen (fantasmak?) artean dantzan dabilen mundu horren tragedia?
​
​
5.- Azken denbora hauetan han eta hemen antolatzen diren polar rurala ardatz duten festibalek, nahasten dituzte beltzaren eta berdearen koloreak, kolore inproblable bat sortuz, jakinez beltza, zuria bezala, ez dela koloreen espektrografietan agertzen! Horregatik dira hain bereziak ekitaldi hauek, neurri batean, sortaldeko irakurle eta literatura beltzaren zale batentzat, baserri guneak eta krimarik latzenak inkonpatibleak iruditzen zaizkiolako! Mundu errurala mundu infantilea zaio, unibokoa, inozentea.
Hiritartuak landa eremuari onartzen dion urrako bakarra honakoa izango da: errealitatearen azpian ukan dezake bizitza sekretu eta malefiko bat, gorago aipatu dugun Dolores Redondok ederki ustiatzen duena Baztango trilogian, bai eta Maiatzen argitara eman zuen Bihotz ebatsiak nobelan Pierre Mestrot iparraldeko idazleak. Lehenak, Barandiaran batek teorizatu eta orraztu euskal mitologiako pertsonaiak erabiltzen ditu, eta besteak, Zugarramurdiko sorginen inguruan dakiguna oro, gaur egungo arazoak jorratuz. Karia horretara, Pierre De Lancren (1553-1631) Tableau de l’inconstance et instabilité de toutes choses (1607) liburua, obra beltzen sailean ematen ahal genuke. Bertan Bordeleko epaileak ikerketa arraiki eramaten du, sorginkeria zantzuak emazteetan islatzeko eta bere tribunaletan suaz gaztigatzeko, krimaren eragilea deabrua delarik hemen, eta lekua, sasi-hiria, sasia eta hiria.
Euskaraz bezala, frantsesez izkiriatuak diren landa eremuetan kokatu nobela beltzek, imajinazioaren lautadetatik ezabatuak uste ziren lurraldeak berriz deskubritzen laguntzen gaituzte: adibidez, Benoit Minvillek Nièvre aldea agertzen du, eta Antonin Varennek Creuse delakoa, jendez eta zerbitzuz hustuena den frantses departamendua. Soziologia, geografia, historia, ohituren zama eta literatura konparatua dantzan eman behar dira fenomeno horren esplikatzeko. Beltza alabaina, naturari buruz idazteaz harago doalako eta beltza gune batean (hiria izan ala landa) krisia egoera baten erakusle datorrelako. Nobela beltzak landa eremuez sinesten dena hausten du, bizitasun garaikidea sartuz, baketsua eta kasik inertea susmatzen zen eskualde batean.
Polar horietan natura da krimenaren lekua, gorputza, hilketaren egilea ala biktima aldi berean. Biotopo osoa da hunkia, bizidun txikienetik handienera. Landa eremua, zaingabetua izanik, hirien zakarrontzia bilakatzen da askotan, autopistek eta aireportu erraldoi proiektuek (Notre Dame des Landes Bretainian) zirtzikatua, kutsatua, pozoitua, erdizkatua, desitxuratua. Erleek eta ehunka txoriek beraiek ezin dute jada bertan iharduki… Detektibearen ala landa eremura iritsiriko poliziaren ikerketa hirian baino denbora luzeagoan garatzen da. Denborarena halaber, krimenarentzat ere baliagarri da: trama batzuetan aitzinako hamarkadetan (edo mendeetan) obratu hilketa batean izan ditzake erroak gaurko egunean egindako krimen edo mendeku larri batek! Dena da posible.
Erran behar da landa eremua arras aldatu dela mende erdi honetan. Gure herrian berean beldurgarriak izan zitezkeen oihanak iradoki dira bulldozerrez eta laborantzaren industrializazioak gunearen irudia zibilizatzea lortu zuen: etxeetara ura eta elektrika ekarri zen, bideak makadamez estali ziren eta gauaren beldurra desagertu zen herri txikien bihotzetatik. Telebistak ordezkatu zituen arrats ilunetako ipuin eta istorio larri kontaketa saioak supazter zokoan, eta jendeen zein belaunaldien arteko solasen ironia galdu zen. Baserritarrak, dagoeneko, hiritarraren bakartasun sozial zama berdina jasaten du, landa eremuak hiritartu dira, ohituraz eta gustuz, eta behar bada horregatik dator nobela beltzak idatziaz pizten den eremuarekiko interes literario berri hori.
Landa eremuetan kokatzen diren nobela beltzek beste mundu bat izan daitekeela susmarazten dute zenbaitetan: ikuskera emozionalari irekitzen diote xendra, sentsibilitate ekologikoari, humanismo mota bati. Oraingoan, ele apalesgarriz izendatzen diren bobo (hiritar burges txikiak) delakoek dituzte kutsu horretako diskurtsoak eskaintzen, baina baliteke egoera larria izanez, beltzari esker, jende gehiagok ideia hauek partekatzeko ahala emendatzea. Nobelak beltzak, nobela konbentzionalak agertzen ez dituen krisia kordokak plazaratzen ditu, nobela mota bakarra da, gurean ere, jende arruntaren arazo arruntak literaturara pasatzen dituena.
Landa eta hiri eremuen arteko lotura fisikoa eta sinbolikoa autoak edo kotxeak egiten du. Autorik gabe, gaurko mendean bederen, ez dago landa eremuan bizi garaikiderik. Anitzeta, nobelak, auto istripuz hasten dira, edo hilotzak autoetan dislokatuak kausituz. Alde horretarik, ez da beltza, baina ezaugarri zenbait baditu, eredugarria iruditzen zait David Cronenberg zinegile kanadiar handiaren 1996ko Crash filma gore hura: autoa hemen, herioa eta desioa garraiatzen dituen baliabide zentrala da eta ikusgarria.
​
​
6.- Landa eremuaren problematika fikzioaren bahetik iragaten duten polar rurala izeneko idatz ildoaren irekitzaileez gain, kategoria horretan sartzen ahal dira gune horietako autoktono edo indigenen usantzak ardatz dauzkaten bi idazle gehiago, nik miresten (eta maite) ditudanak: Navajoar edo Hopi indioen erreserbako egunerokoa hain ederki eta xeheki azaldu zuen Tony Hillerman (1925-2008) amerikarra eta Arthur Upfield (1890-1964) ingeles-australiarra, Bony bere polizia xarnegua bush guneetako aborigenen artean ibilarazi zuena hogeita lau liburutan. Testu hunkigarriak dira, XIX. edo XX. mendean suntsitzear egon ziren jendalde amilduez izkiriatuak, hauen kuraia, kemena, jasaten zituzten eraso guztiei kontra egiteko baikortasuna erakutsi asmoz. Hemen ere, naturak leku handia du, bai eta indigenek duten naturarekiko hurbiltasun jakintsuak ere. Amaia Ezpeldoi sailari hasiera eman nion Hillermanen nobeletan ito ondoan, etnologia, hizkuntza eta gaurkotasuna uztartzen ahal zirela nuelako ikasi bertan. Eta didjeridoo musika entzunez aitzinatu naiz ene idatz lanetan, gaurkotasuna lurraren bizitzako kapa bat baino ez balitz bezala, urguiluz antropozenoa deitzen den naturaren aurka irabazle atera omen den garai hau deus ez bailitzan.
Arthur Upfieldek 1929 eta 1966 artean idatzi zituen hogeita hamar bat nobeletako pertsonaia nagusia polizia bat da, Napoleon Bonaparte, Bony deitzen dena. Bony xarnegua da, ama aborigena du eta aita europarra, ezezaguna, bere ama, zuriek asesinatu eta umea umezurztegi batera heltzean, Bonaparte gisa bataiatzen dute. Brisbaneko unibertsitateko kriminologia master bat dauka eta horrekin ikertzen ditu Australian zehar tokatzen zaizkion kasuak: hilketa garrantzitsua da, bai eta natura noski, bereziki Australiako bush zabalekoa, ahantzi gabe aborigena bizidun talde bakoitzaren ohitura kulturalak eta hizkuntzak. Bonyren itzaletik biziki gutxi ezagutzen dugun mundu batean sartzen gara, eta jendalde ibiltari gabetu horiekin bat egiten dugu.
Berdin suertatzen da Tony Hillermanen eleberriekin. Rocky Mountains erdiko Coloradoko Grand Canyon eskualdean sartzen gaituzte bere bi Navajoar polizia tribalek, Fours Corners (Colorado, Utah, Arizona, Mexiko Berria) aldeko Navajoar eta Hopi indioen kultura, ohiturak, gauzen izendatzeko manera isilak, munduaren garaikidetasuna bizitzeko moduak, denak ikasten ditugu, basamortuen mineraltasunari biziatzen gara, denbora berean inkesta pasionanteak nola askatzen diren segituz. Hillermanek aitortu zuen Upfieldekin zeukan zorra, batez ere natur writing beltzean etnologia sartuz. Hemen ere hogeita hamar bat liburu zenbatzen dira, aipatu dugun eremuaren bazter ezberdinetan kokatuak. Bi detektibe asmatzen ditu Tony Hillermanek: batetik Joe Leaphorn, adineko polizia tribala, Navajoar zaharra erran genezake, eta bestetik, Jim Chee gaztea, Navajoar tradizioa ikasi eta berreskuratu behar izan duena, eta berreskuratze prozesua jarraitzen dugu ikerketak argitzen dituen bitartean. 1986tik aitzina, bi polizia tribalak batera ariko dira hilketen misterioak zulatzen!
​
​
7.- Amaia Ezpeldoi Jim Chee-ren arreba europarra izan liteke. Tony Hillerman irensten nuen 90 hamarkada haietan, enetzat eredu bihurtu ziren bere lanak, Euskal Herrian gertatzen ziren eta aipatzen ez ziren landa eremuotako gauza zenbaiten idazteko. 1990-1992 artean Zuberoan pasatu zen SNGSO enpresaren gasodiaren inguruko aldekoen eta kontrakoen borroka, larria, baina aldi berean, literarioa. Urte haietan bestalde, Zuberoan ginen alaba eta biok, zuberera ikasten, bertako egunerokotasun urrian inplikatzen, ikastolan, adibidez. Munduaren erdian bezala, mundutik urrun. Sentsazio pertsonal bitxi eta bizipen kolektibo horiek nola idatzi hausnartzen hasi nintzenean, iruditu zitzaidan, nobela beltza zela bahe egokia horren kontatzeko. Hasieratik, eta zuberotarrez, Amaia Ezpeldoik detektibe rurala dela errepikatzen du eta bere iker eremua baserri gunea da, bai eta hiri txikiak, hemen Maule, Atharratze, Altzai eta Barkoxe.
Zuberoan, Amerikar sortaldean nola, espazio handiak badira, Haranbeltz bezalako oihan beldurgarriak Sohütako Hoki eta Barkoxe Larraja auzoen artean, betunezko etxe oinarrietan desagertu adineko emazte istorio larriak, ausarki kontatzen direnak, mendi handiak, haran hertsi eta mutuak, hizkuntza ironiko eta kultura zirraragarri bat edukitzeaz gain. Paisaiak Amaia Ezpeldoien ikerketak aitzina eramateko baliabideak dira, halaber, bere burutazioen eta marmaren ispilu. Bakean ützi arte, Bizi nizano munduan eta Amorezko pena baño, saileko hiru lehen nobelak (1993-2007) landa eremuetan (Zuberoa, Amikuze, Bardeak) gertatzen dira eta azken bietan, Baionatik abiatzen da (2007-2012) inkestak burutzeko, baina huts egin gabe landa eremuak zeharkatzen ditu beti bere urratsetan. Amorezko Pena Baño eta Jalgi hadi plazara biak Bardeetan bukatzen dira, Bony, Jim Chee eta Joe Leaphornekin lotzen gaituen gure desertu partikularra.
Amaia Ezpeldoik ez du ukatzen ahal bere inspirazio amerikarra. Philip Marlowen zerbait dauka bere ibileran, neurri guztiak zaindu eta bixtan dena. Amaia Ezpeldoi, gustuz eta ohituraz, hiritarra da, nahiz eta landa eremuan sortua den, anaiak laborari dituela erraten du bere menturaldien bigarren urratsean. Gainera bere sor eskualdean inkesta bat eramaten du, sekula literaturan aipatu ez zen Amikuzen, eta Biduze ibaiaren isuri-haranetan barna, Bizi nizano munduan eleberrian. Eta hor Zuberoan bezala, inguruneak detektibeak daraman ikerketaren pertsonaia osoak dira. Landa eremuan garatzen dituen arazoak ekologikoak dira, ekonomikoak, bai eta desegiten doazen familia sareen desegiteari buruzkoak ere.
Euskararen tokia eta egoera ere anitz aztertzen dira liburu horietan, krimen nagusia hizkuntza baten azkentzea eta azkentzen uztea balitz bezala, abandonu linguistiko behartu horrek sortzen dituen gorputzen eta paisaien gaineko estigmak ikustera eramanez. Zubereraz idatzia da Bakean ützi arte eta Amikuzeko euskararen musikatik biziki hurbil dira Bizi nizano munduan nobelako dialogoak, asko, fonetikaz emanak direlarik. Zaraitzuko euskalkia (fantasmatua) agertzen da lehen atalean eta hirugarrena baturantz doan arren, Bardeak eta Zuberoa lotzen duen arku linguistikoan izan zitekeen balizko euskalki bat sartzen dut, arras asmatua, Amaia Ezpeldoiek hautematen duena gaua Bardeetako desertuan pasatzen duenean!
Ikusgarria da halaber ohartzea, Amaia Ezpeldoik nola bere hiru lehen ikerketetan ez duen agertzen, ahoskatzen, izendatzen bere lesbiana izaera. Hori egiten du Baiona eta Bilbon artean aurkitzen denean, hots hiri guneetan, hor segurtatzen baita anonimatua eta norbera bere gisara bizitzeko ahalmena. Hala ere, landa eremuan delarik, harreman homosexualak aitzina eramaten ditu, gordean, sekretuan, nehorri deus erran eta aitortu beharrik gabe. Landa eremuetan, Les Bascos elkartearen arabera, barnealdeko gay jende gazteek arazo handiak dituzte lekuan bertan, beren jaidura sexuala bizitzeko orduan! Baina hau beste istorio bat da… oro har, XX. mende bukaera eta XXI. gizaldi hasierako euskaldunok Euskal Herria nola kontsumitzen dugun ere ikusten da nobela horietan, adostasunak, kritikak, indiferentziak.
​
​
8.- Landa eremua hain da izan mitifikatua, gurean bertan, non fikzioaren bidez, edozein dela hizkuntza, berriz deskubritzen dugun, baserri eskualdeek aldaketa soziologiko eta kultural handiak jasan arren, bizirik irauten dutela, molde batean hiritartzen ari direla, gustuz eta ohituraz, beste herritarren eskubide eta ahalmen berdinak aldarrikatzen dituztela. Nobela beltz erruralak giro berriak eta bakanetan genozidio sozial eta ekozidio etengabe baten lekukotasunak ekartzen dizkigute, biak ala biak industrializatzeak eraginak. Mekanismo berak dira martxan, mundu osoko laborarien suntsitzeko, desjabetzeko, hauen lurretan gero, mundu laurden aberatsak gaur arte bezala kontsumitzen jarrai dezan, behar dituen bio-erregaiak eta genetikoki modifikatu soia alorrak ereiteko. Tragedia handiak errepikatzen dira denetan, guregandik hurbil, guregandik urrun, isiltasun dorpe batean.
Ultimes déchets (2015) nobela laburrean Amaia Ezpeldoi berriz itzuli da iparralde barnealdeko eremuetara, zaborren inguruko bere ikerketaren (elebiduna) karietara. Egoera are larriagoa kausitzen du, herri txikietan eta hiper-ruralitatearen ideia jorratzen hasten da, hau da, bizirik eta kementsu ezagutu zituen lekuak orain egiazko mortuak dira, eta horretaz baliatzen dira boteretsuak (hirietan ohatuak alaina) zabortegi, aintzira edo aireportu proiektuak xedatzeko. Baina hor daukate erraietan, Spinozak aipatzen zuen conatus delakoa, irauteko premia, eta iraumen horrek ekar liezaiekeen poza. Nobela osoan, paisaia sublimatua da, zikinaren urrin eta presentzia desitxuratzaileen indarrarekin kontrastatzeko bezala! Karia horretara Amaia Ezpeldoi detektibe hiper-rurala bilatzen da, bere irudirako eratu paisaia batean ekiteko: “Zikinen adoratzaileen ñapurkerietatik Bartak libre atxikitzeko, lurraldea ber biziaraztekoa zen, odol hotza isuriz hiper-erruralitatearen zainetara, horrela eufemizatzen baitziren jada gure kanpainetako basamortu humanoak: eskola bat sortu, sosa zutenentzat izan arren, oinez ibiltzeko bideak marraztu eta ekintza kultural ezberdinak antolatu.
​
Herritarrak konturatzen hasiak ziren, abandonuz eta utzikeriaz desertatu eremuek peskiza maltzurrean zeuden zikintegi promotoreak errotik interesatzen zituztela, hor zeudela enboskadan, muturrak nehoiz erakutsi gabe, goaitan, beraien artean murmuzikaz, arrastak karruskatuz : zer zuten bada herri baztertu horietako jende ezdeusek gure proiektuak salatzeko eta hauen kontra asaldatzeko? Aitzina joango gara, gure alde dauden gutxiengoak behar den bezala sariztatuz eta aurkari bilo luze likits horiek bortxaz zapalduz, gure erabaki unilateralak onartu eta amor eman dezaten arte.”
​
Euskaraz ere bada hainbat landa eremu, deskribatzeko geratzen direnak. Itsasoaren mundua halaber sartuko nuke giro horretan. Edorta Jimenezek, Mundaka eta Bermeo artean, ongi ezagutzen duena bidenabar. Baina gure eleberri gehienak hirietan errotzen dira, salbuespen batzuk salbu, Ernesto Prat eta bere Teileria eta gero zer (2017, Elkar) adibidez, edo Andoni Aizpuruaren Errauts (2011, Erein) Gipuzkoako Lazkao aldean errotzen dena. Euskal kultura, ziudadea deskubritzen ari da, onartzen ari da? Bilboren handitasuna, Jon Arretxeren sail beltz ezberdinetan, bai eta neurri ertaineko hiri zenbaiten eraginkortasun beltza. Baina gure oinarrian dagoen landa eremuen nostalgia bizirik dago beti, haur denborako oroitzapen gozo edo ilunen kontatzeko, hirietan bizi garen arren, landa eremuetara joatea amets dugulako egundainokoan. Ulertzekoa dena, gurean, bi eremuak biziki hurbil direlako elkarrengandik eta batak bestea, fikzioan ere (ikus bestela Saizarbitoriaren Martutene edo Lili eta biok, beltzak agian?) asetzen jarraitzen duelako.
​
Dena delakoan, eta ororen buru, landa eremuak hiriak bezala bere barne-bilakaera hazten segitzen du. Nobelagileen zeregina, kontestu horretan, beltza den baino beltzago tintatzea izan daiteke. Berriz deskubritzekoa dugun mundu bat da, bizi dena, kanbiatzen, modernitatearen uhinari tiraka. Beharbada, landa eremuari buruz, dinamikoki irudikatzearen medioz, beste ikuspegi bat sortuko dugu, beltzari esker, natura gure bizitzen ardatz berriz emateko baizik ez bada ere.
​
​
Itxaro Borda
2019, Baztan
Landa eremu beltzak
PUSKA
BELTZAK
2019ko (H)ilbeltzan HIRIA ETA LANDA EREMUAREN TRATAERA NOBELA BELTZETAN titulua zuen mahai inguruan parte hartu zuen Itxaro Bordak Edorta Jimenezekin, Ana Galarragak gidatua. Hauxe duzue bertan erran zuena testu bakar baterat egokitua.
​
Mariano Izetaz oroit.
aitzinekoak...
BELTZ GUZIAK EZ DIRA BELE
( Gotzon Garate oroimenean )
​
​
ILBELTZEKO HITZ
BELTZAK
SINESGARRITASU-NAREN AUZIAZ, BERRIZ ERE
​
​
BELTZA GENEROARI BEGIRA,....