Duela aste pare bat Baztango irakurle taldearekin Iruritan izan ginela Fernando Rey eta biok Horace McCoyren Hobe nuen etxean gelditu (I Should Have Stayed Home) nobela ospetsua aitzakia hartuta solasean. 2002an argitaratu genuen igela argitaletxean, Fernando Reyk itzulita, nik Luces de Hollywoood izenburupean lehenbizikoz 1980 inguruan irakurria nuen nobela. Igela argitaletxerik izango zenik amets egiten ez nuenean itzuli nuen McCoyren lehen nobela (eta gerora osperik handiena emango ziona: Zaldiak akatzen ditugu ba... izenburuarekin), eta 1989an argitaratu genuen Sail Beltza abiatzean.
Aspaldiko «laguna» nuen McCoy, Hammett bezala, Chandler, Jim Thompson edo James M. Cain bezala, Bruguera argitaletxeak 1991n sortutako Club del Misterio bilduman irakurri nituenez geroztik. Are lagunagotzat neukan McCoy Xavier Comak La novela negra saiakeran Jim Thompson[1] handiari eskainitako atalean esaten duena irakurri nuenean, hori izan baitut nire “Biblia” Sail beltzeko idazleak eta obra itzulgaiak hautatzerakoan:
​
«Alde batzuetan Horace McCoyrenarekin pareka daitekeen curriculum vitaearekin, hots, alderraitasuna, marxismoa, alkoholismoa, bakardade literarioa, James Myers Thompson (1906-1977) bat dator McCoyrekin bere nobelen zentzu sozialean eta bere konnotazio ideologikoen azalpen gordinean»
​
Dashiell Hammetten Cosecha rojarekin abiatu zen bilduma hartan batera agertzen ziren McCoyren ¿Acaso no matan a los caballos? eta Luces de Hollywood nobelak. Bilduma horretako 13. zenbakia zen; egokiera hutsa, seguru aski, baina zenbaki hori ez zegoen batere gaizki aukeratua bietan ageri diren galtzaileen istorio horientzat. Izan ere, horixe baitira McCoyren istorio gehienak, galtzaileen istorioak, eta horien bitartez gizarte amerikar gupidagabearen argazki suharra egiteko modu bat (klase-borroka esan beharko nuke, eta agian asmatuko nuke, orain zaharkitutzat jotzen den terminologia hori erabilita). Horixe dio McCoyren lanei buruz Claude Mesplède adituak La première génération du roman noir[2] saiakera laburrean: «Ez zaigu agertuko, ez gangsterrei, ez poliziari edo burgesiari erasoko dien heroi mitikorik, baizik eta berak bere istorioen bitartez salatuko duen gizarte horrek mutilatutako gizon edo emakumeak».
​
Zaldiak akatzen ditugu ba... nobelaren hitzaurrean gauza bertsua dio Peter Collins (Joseba Urteaga)k: : «Scott Fitzgeraldek Hollywoodeko izarren (The Last Tycoon) gaziak eta gozoak kontatzen dizkigu, besteak beste; baina Horace McCoyk ez dizkigu izarren istorioak kontatu nahi, baizik eta Depresioaren garaian beheko mailan zegoen jendeak egiten zituen ahaleginak bizitza aurrera atera ahal izateko, eta, zergatik ez, Dreamland horretan bere ametsak lortzeko, eta bere istorioetan kritika zorrotza egiten du sistemaren eta klase altuen doilorkeriaz mundu basati hura gordinki islatuz. Eta, aldi berean, berari dagokionez, nobela hau bere barruko desioen eta anbizioen arteko gatazka konpontzeko saio bat ere izan zitekeelakoan gaude».
​
Bi alderdi horiek azalduko dira, beraz, McCoyren nobeletan. Batetik, sistemaren eta handi-mandien doilorkeriaren kritika zorrotza, eta, bestetik, bere barruko desioen eta errealitatearekin bizi izan zuen etengabeko gatazka: osorik bere idazle-karrerari emana bizi nahi zuen, baina Hollywoodeko gidoilari-lanetan ( bere hitzekin esateko “puta-lanean”) jardun behar zuen. Gorroto zion studio handien eta izar bihurtutako aktoreen inguruan sortutako munduari, baina, aldi berean, diruak eskuak erretzen zizkion, eta hantxe segi behar lanean. Eta ederki baliatu zuen, bere nobelak idazteko, han ikasitakoa eta hango giroa barrutik ezagutu izana. Nolabaiteko arrakasta ere lortu zuen. Gidoilari gisa, zuzendari handientzat lan egin zuen, hala nola Henry Hathaway, Raoul Walsh edo Nicholas Ray. Idazle gisa, Frantziako existentzialistek eta zenbait idazle ospetsuk estimazioa zieten goraxeago aipatu idazle horiei, eta horren ondorioz Gallimardeko Série Noire bilduman berehala egin zioten lekua Mcoyren nobela gehienei. Estatu Batuetan ere pulpetako idazle hoberenei bezala –James M. Cain, Dashiell Hammett...— Alfred A. Knopf argitaratzaile handiak egin zion lekua. Beraz, haren nobeletan agertzen diren zine-munduko estra gehienen aldean, esne-mamitan bizi zen McCoy.
Egun hauetan McCoyren nobelei eta pertsonaiei[3] buruz eskuratu dudan lan estimagarri bati esker jakin dudanez, gazterik ezkondu zen, Loline Scherer batekin, eta seme bat izan zuten 1925ean. Dibortziatu, eta berriro ezkondu zen, baina laster baliogabetu omen zuten ezkontza hori. Bigarren emazte hori nor izan zen jakiterik ere ez omen da izan gaur egun arte, hala diosku aipatu liburu horren egileak hitzaurrean. Pentsatzekoa da neska gurasoen oniritzirik gabe ezkondu zela, eta ez zela familia pobrekoa izango. Dena dela, bigarren ezkontza labur horren ondoren, berriro ezkondu zen, oraingoan Helen Vinmontekin --ezkontza hori onartzen ez zuen petrolio-jabe aberats baten alaba--, eta bi seme-alaba izan zituzten, Amanda eta Peter.
​
Ikusten denez, McCoyk bere gora-nahiari eutsi zion, eta azkenean –nahiz eta ez dakigun zein neurritan— lortu zuen bere helburua. Honetaz irakurle taldekoekin solasean ari nintzela, aipatu nien Robert L Galek aipatzen zuela Horacen seme Peter McCoy Nancy Reaganen kabinete-buru izan zela aldi batez, eta bururatu zitzaidan igelak sinatu zuen lehenbiziko kontratua Zaldiak akatzen ditugu ba... euskaratzekoa, norbaitek sinatu behar izaten duenez –batzuetan idazleak berak eta besteetan haren oinordekoak edo agenteak— agian bi seme-alaba horietako norbaitek sinatua izango zela. Robert L Galek Peter McCoy 1945an jaio zela aipatzen du. Eta hurrengo egunean gure kontratuen artxibora jo, eta to! hantxe zegoen argi eta garbi Peter McCoyren sinadura. Ez Peterrena bakarrik. Bi anai-arrebena. Amanda arrebarena, ordea, ezkondua izango denez, senarraren deiturarekin ageri da (Amanda M. Dunn). Hor ageri dira, argi eta garbi, biak, orain dela 30 urte pasatxo, guk gure lehen liburua argitaratu baino lehenago eta McCoyren oinordekoek handik hilabete batzuetara sinatutako kontratuan.
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​
Kalkulatuz adinarengatik agian oraindik biziko direla, Interneten galdera egin, eta hona zer azaldu zen:
https://people.com/politics/biggest-surprises-about-nancy-reagan-from-new-book/
Hor agertzen den esteka horrek ekartzen duen informazioan behera joanez gero, Nancy Reaganen biografia baten harira (Lady in Red, an Intimate Portrait of Nancy Reagan) gure kontratuan sinadura ezarri zuen gizona agertzen zaigu, oso soineko (gorri) dotorea jantzia duen AEBko lehen damaren aldamenean (“Just before Prince Charles and Princess Diana's wedding”, dio argazki-oinak.
Ronald Reagan 1982-1989 urteetan izan zen AEBetako lehendakari. Guk 1989an sinatu genuen kontratua, eta bistan da Peter McCoy, petrolioaren munduko haundi-maundiren batekin ezkonduta –aitaren ildoari jarraikiz—, oso gora iritsi zela Hollywood eta politikaren mundua hain ederki uztartzen dakien gizarte amerikarrean. Aita, ordea, bere bizitzako azken urteetan arrakasta dezentea lortu arren –ondo ordaintzen zioten Hollywoodeko estudioetan, haren liburuen tiradak ere ez ziren nolanahikoak, bere nobelak eta gidoiak film bihurtuak ikusi zituen—, xentimorik gabe hil zen –patrikan sartu ahala ateratzen omen zitzaion dirua--. Hala, haren alargun Kathleen Dohenyk saldu egin behar izan omen zituen senarraren liburu eta jazz-diskoen bildumak, hobiratzea eta zorrak ordaintzeko. Galtzaile izaten ohituegia zen, nonbait, gure McCoy, arrakasta-egoeran irauten ikasteko.
​
​
Xabier Olarra
​
​
[1] Kasualitate hutsa izan liteke (baina ez dut uste) J. Thompsonek bere Ihesako protagonistari Doc McCoy deitu izana.
[2] Ikus le roman noir américain, Europe, revue littéraire mensuelle, août-septembre 1984 – 664/665
[3](Characters and Plots in the Novels of Horace McCoy Robert L. Gale, AuthorHouse, Boomington, 2013)
BELTZ GUZIAK EZ DIRA BELE
( Gotzon Garate oroimenean )
​
​
ILBELTZEKO HITZ
BELTZAK
SINESGARRITASU-NAREN AUZIAZ, BERRIZ ERE
​
​
BELTZA GENEROARI BEGIRA,....
​
LANDA EREMU
BELTZAK
​
​