AURREIKUSI ZITEKEEN?
​
Danele Sarriugarte:
​
Konfinatu gintuztenean, berehala etorri zitzaidan gogora Unai Elorriagaren ipuin bat, «Ortozik eta zikin», Iturria liburuan agertzen dena. Hemen irakur dezakezue: http://susa-literatura.eus/liburuak/narr13010. Ipuin horretan konfinamendu bat kontatzen da, gurearen antzekoa, gurea gertatu aurretik. Zer neurritan dago edo egon liteke aurreikuspena literaturan, idazteko orduan? Balio dezake etorkizuna aztertzeko, etortzeko dagoenaz mintzatzeko?
Elixabete Garmendia:
Deskubrimendua izan da literaturatik zenbateraino –eta nolako zehaztasunez– landu den pandemiaren gaia historian zehar. Nola pandemian esperimentatzen ari ginena neurri handian kontatuta zegoen jada zenbait literatur lanetan.
Errepikatzen diren osagaiak daude: ziurgabetasuna eta beldurra, konfinamendua edo berrogeialdiak, bakartzea, mesfidantza besteekiko, inguruarekiko, giza-talde eta toki batzuekiko (oraingoan, zaharren egoitzak/ gazteen bilkurak). Eta halako zigor sentipen bat, garai batean Jainkoak bidalitakoa eta gaur egun naturak, planetak.
Hainbat kontakizunek ziotena eta istorio distopikoetatik egindako iragarpenak egia bihurtuta ageri ziren, errealitatean mamituta.
IZURRIA LITERATURARAKO GAI
D.S. Batzuek diote pandemiaren gaia mendebaldeko literaturaren jatorri-jatorrian dagoela, Iliadan: Zeusek erabaki zuen giza-jende gehiegi zegoela, eta Apoloren geziek zabaldu zuten epidemia bat sortu zuen… halaber, aipatzen dute Tucidides (Atenasko izurria) edo Justiniano (izurria)… Zer dela-eta? Zer bide eman dezake izurriak literaturarako? Zer beste gai lantzeko aukera eman dezake? (Gerra, gosea, boterea…)
​
E.G. Izurria, gerra, gosea, kataklismoak… literaturarako gai klasiko eta luzituak dira, maila unibertsalean. Idazle batzuek hartuko dituzte tremendismotik, beste batzuek konjuru modura, edo barrua askatzeko, irakaspenak ateratzeko, gogoeta egiteko, aldaketak proposatzeko…
​
​
IZURRIEI BURUZKO LIBURUAK
​
D.S. Izurriei buruzko liburu pila bat dago, eta bi hizlariei izurrien eta gaixotasunen bueltan idatzi diren lanen zerrenda bat bidali genien (zerrendak ez du exhaustiboa izateko asmorik eta ez dugu ahazten ikuspuntuak eta interesak anitzak direla).
​
Zerrenda horretan daude, besteak beste, Daniel Defoe (“Izurriaren urtea”), Alessandro Manzoni (“I promessi esposi”, “Storia della colonna infame”), Albert Camus (“Izurria”), Susan Sontag (“Gaixotasuna eta bere metaforak”), Jean Giono (“Husarra teilatu gainean”), Jens Peter Jakobsen (“Izurritea Bergamon”), Katherine Ann Porter (“Zurbila zaldia, zurbila zalduna”), Axel Munthe (“San Michelleren historia”), Louis-Ferdinand Céline (Semmelweis medikuari buruz egindako doktoretza tesia), Josep Pla (“Kaier grisa”), Gabriel García Marquez (“Amodia koleraren denboran”), Jose Saramago (“Ensayo sobre la ceguera”), Andu Lertxundi (“Otto Pette”)…
E.G. COVID-19a iritsi zenean lehen hartutako liburua –aspalditik zintzilik neukana– hauxe izan zen: Josep Plaren Koaderno grisa.
Hasiera ezagun horrek harrapatu ninduen bete-betean: “Nola hainbeste gripe dagoen, unibertsitatea itxi egin behar izan dute. Harrez gero, anaia eta biok etxean bizi gara, Palafrugellen, familiarekin. Bi estudiante alfer gara”.
Identifikatua sentitu nintzen neurri batean: gu, hiru ahizpa eta familiako beste kide batzuk, Zeraingo baserrian konfinatu ginen. Gure kasuan alferkeriarik ez zegoen: basoa garbitzeari ekin genion 2020ko martxoan. Lehen egunetako noraez hartan erremediorik onena izan zen, benetako sendagaia.
Ironia konpartituz ere sentitu nintzen Plarekin: “Orain, azkenean, poza ematen du Katalunian bizitzeak. Adostasuna erabatekoa da. Jende guztia bat dator. Denok izan dugu, dugu, edo nahitaez izango dugu, gripea”.
Tristura tristea: “Gripeak jarraitzen du jendea hiltzen, inolako errukirik gabe. Egun hauetan hainbat hiletetara joan behar izan dut”. Eta segidan dio heriotzarekiko sentipenak “errutina administratibo” bihurtzen ari zaizkiola. Guri ere “errutina administratibo” bihurtu zaizkigu zahar-etxeetan hildakoen kopuruak eta abar.
Kontua da Josep Pla bidelagun aparta gertatu zitzaidala lehen aste haietan. Dena dela, badakizue, Koaderno grisa ez da pandemiara mugatzen, ezta gutxiago ere, hasierako pandemia aitzakia besterik ez da urteetan luzatu zuen obra total bat egiteko.
Hurrena, beste klasiko bati heldu nion: Albert Camusen Izurria-ri (Imanol Tapiaren itzulpena).
​
Obra horretan ere, identifikazioa aurkitu nuen, bizipenen deskripzioan: “Bai, zinez erbesteratzearen sentimena zen gure barnean etengabe generaman hutsune hura, hunkipen zehatza, atzera egiteko edo, aitzitik, denboraren ibilera azkartzeko desio arrazoigabea”. Eta jarraitzen du Camusek: “Hala, preso eta erbesteratu guztien oinaze sakonaz sufritzen zuten”. (Orango biztanleek, jakina).
Konfinamenduan preso sentitzen ginen etxe barruan, eta erbesteratuta, kale hutsetan. Hori espazioari dagokionez. Denborari buruz, denbora iragatearen sentipen bikoitza izan dugu; denbora txikle modura: batzuetan luuuze, eta errepikakor, aurrera egingo ez balu bezala. Hurrena, konturatzerako egunak eta hilabeteak joan direla ohartzen ginen, ihes egin zigutela inolako progresiorik gabe. Inguruan bati baino gehiagori entzuna diot aldi honetan, jende helduari batez ere: “urtebete lapurtu didate”.
Bestelako harremana izan nuen liburu honekin: Gabriel García Márquezen Amodioa koleraren denboran. Florentino Ariza protagonistaren aita ponteko homeopatak egiaztatzen du ”… amodioaren sintomak koleraren berberak” direla. Egia esan, ez dakit nola interpretatu baieztapen hori.
García Márquezek kolera izurritea han barrenean, hondoan, dagoen mehatxu modura erabiltzen du, lehen planora tarteka bakarrik ekarriz, eta orduan, baita umorezko tonuan ere. Esaterako, itsasontzian doazen bidaiari konfinatuek kartzelako ohiturak hartu dituztela dio, horien artean (ez naiz ausartu euskarara itzultzera): “la contemplación perniciosa de un paquete de postales pornográficas holandesas”.
Azkenean, ibaian zeharreko itsasontzian jarraituko dute Florentino Ariza eta Fermina Daza maitaleek, izan ere: “los tiempos del cólera no habían terminado, a pesar de las cuentas alegres de las autoridades sanitaritas”.
“Las cuentas alegres de las autoridades sanitarias”: horretatik ere egon da oraingo pandemian. Ez dakigu nola bukatu zuten protagonistek, koleraz ala amodioz hilda; edo biengatik.
Beste klasiko bat, Jose Saramagoren Ensayo sobre la ceguera.
Aurrekoaren alderantzizkoa gertatzen da obra hau: izurria izugarrikeriaren mugaraino eramaten du idazleak, irakurlea zanpatzeraino. Nik gainetik pasatu nuen liburuaren erdia eta, hala ere, botagurarekin bukatu nuen.
Eta hori izurria itsutasun zuri bat denean, argitsua! Gizartearen itsukeriaz ari omen da Saramago, gizakiaren degradazioa muturreraino eramanez. Literaturaren ikuspegitik maisulana da, baina ez dakit zenbateraino den eraginkorra. Nire kasuan behintzat ez, jasangaitza gertatzen zaidalako.
​
IZURRIEI BURUZKO LIBURUAK (II)
D.S. Badira, halaber, pandemiari buruzko liburu historikoak. Peio Monteanok, hain zuzen, Un enemigo mortal e invisible: Los navarros en la Era de la Peste (1348-1723) liburua argitaratu zuen iaz. Laurehun urteko izurritea. Jota geratu nintzen honen berri izan nuenean, egia esan. Elixabete, kontatuko dizkiguzu garaiari buruzko xehetasunak?
E.G. 2002an argitaratu zen lehenengoz liburua izenburu honekin: La ira de Dios: los navarros en la era de la peste (Pamiela). Peio Monteano historialariak –Atarrabiakoa da bera– XIV-XVIII mendeen artean, Nafarroan, bata bestearen atzetik jasandako izurriteak ikertu ditu. Lehenengoaren aurretik gosetea izan omen zuten, gainera, lurralde honetan. Izurri beltzarekin bi urtean Nafarroako biztanleen erdia hil zirela kalkulatzen du historialariak. Dena dela, alde on bat erreskatatzen du Monteanok: osasungintza publikoaren sorrera –edo hazia behintzat– ekarri omen zuten izurriaren kontra hartutako neurriek.
Monteanok esan berri du elkarrizketa batean, gaur egungo izurritean duela mendetako fenomeno sozial berberak ageri direla funtsean.
​
PARADISUA INFERNUAN
D.S. Pandemiak gure onena ekarriko du azalera, edo zer nolako jarrera espero daiteke?
Gai horren harira, Rebecca Solnit idazlearen lan bati heldu nahi nioke. Un paraíso en el infierno izeneko liburu bat atera zuen orain dela hamar urte inguru; zera aztertu zuen: zer-nolako eskuzabaltasun-sareak sortzen diren gizakien artean hondamendi naturalak, edo gerrak, edo bestelako lazgarrikeriak gertatzen direnean, adibide historiko ugari hartuz (San Franciscoko lurrikara handia XX. mendearen hasieran, Londreseko Blitz-a…). Interesgarria iruditzen zait, normalean gauza txarrak azpimarratzen direlako, ez onak. Zer iruditzen zaizue? «Erosten» duzue Solniten hipotesia? Ala eszeptikoagoak zarete?
E.G. Solnit-ek aipatzen dituen gertakari horien dimentsiorik ez dute, baina gogora datozkit 1983ko uholdeak, Bilbon: Aste Nagusia bertan behera geratu zen, eta parranderoek izugarrizko erantzuna eman zuten, brigadak osatuta, hondamendiari buelta ematen.
Pandemiaren hasieran hainbat herritan gazte boluntarioak antolatu ziren adinekoei erosketak egiteko, eta abar. Osasungintzako langileen portaera ere eredugarria izan da. Baina hortik aurrera… bakartzeak desmobilizazioaren alde jokatzen du.
Aukeratu dudan lehen adibidea ez da batere optimista. Gogoeta liburu bat da: Miguel Sánchez-Ostizen Breves del desconcierto (2020).
Hasteko, Sánchez-Ostiz bezalako idazle sendo, gotor eta kategoriko bat, bere ahuldadea aitortzen ageri da: “Ziurgabetasuna, ezinegona, urduritasuna… Kutsatzen gara birusaz eta egonezinaz, eta itxaropen eta ziurtasun faltsuez. Zertaz fidatu, norengan izan konfiantza? Egia esan, ez dakit zer pentsatu, zalantzak harrapatzen nau, uste baino arma gutxiago daukat itxialdiaren eta ziurgabetasunaren aurrean”.
Itxialditik irteten ari den gizaberearen deskripzio borobila egiten du: “Normaltasun berrirantz doazen itxialdi eta irteera-baimeneko egun hauetan, kalean gurutzatzen dudan jendeak badu halako tankera bat, furtiboa izatearen eta jota egotearen artekoa, kirolariaren bularra erakutsi arren”.
Furtibitatea. Itxialdian nor ez da sentitu furtibo modura momenturen batean? Ez da bakarrik ertzainekin edo beste polizia batzuekin topo egitea kontroletan; furtibitatea sentiarazi dute balkoietatik kaleko jendea zaindu dutenek –polizia bihurtuta–. Bilbon, lagun bati gertatutakoa: igande batean, goizean goiz, Radio Euskadira lanera zihoala, atentzioa deitu zion norbaitek balkoitik. Gertaera barregarriak ere eragin ditu furtibitate sentipen horrek: Donostian, bi emakume auzokide, batak besteari legamia eman behar etxean ogia egiteko, eta, beldurrez, non elkartuko? Zabor edukiontzietan!
Nolanahi ere, Sánchez Ostizengana itzulita, errematea: “Utopien egunak atzean geratzen joan dira, urrutiko bihurtu arte”.
​
Bide beretsutik abiatu eta haratago doa beste pentsalari hau: Franco Berardi Bifo, El umbral: crónicas y meditaciones (2020) liburuan. Filosofo italiarra, autonomoen mugimendukoa da, ezkerrekoa.
Lehen ideia: ez dugu itzuli behar normalitatera, normalitate kapitalistara. “Normalitatera itzuli nahi badugu, biolentzia, totalitarismoa, sarraskiak, eta mendea amaitzerako, giza arrazaren desagertzea izango dugu”.
Bigarren ohartarazpenak hau dio: ”Izututa baldin bagaude, masaila masailera eta ezpainak ezpainetara hurbiltzeko gai ez bagara, beldur naiz basakeria gailenduko zaiola zibilizazioari, eta suntsipena izango dela gure etorkizunerako aukera bakarra”. Ikuspegi katastrofista dauka Berardik, edo behintzat hala adierazten ditu bere ideiak, katastrofearen ertzetik.
​
NOLA (ETA ZERTARAKO) KONTATU IZURRIA DENBORA ERREALEAN
D.S. Pandemiaren jarraipena kazetaritzan; analisiak azkar bai azkar egin beharra; oraindik konfinamenduan egon arren pandemiari buruzko analisiak argitaratzea (Paolo Giordano, Slavoj Zizek…). Zer deritzozue horri? Aldiberekotasunaren eta distantzia tenporalaren gauza onak eta txarrak (Anjelen iruzkina: nazismoari buruz «Guztiz gehiena gero idatzi da, fenomenoa urrutiratu ahala gero eta fribolitate handiagoarekin»). Zer iruditzen zaizkizue Giordanoren eta Zizeken ekarpenak? Zer azpimarratuko zenukete pandemiaren garaian pandemiari buruz argitaratu diren beste liburu batzuetan ageri diren gogoetez?
E.G. Hedabideen abiaduran ibili diren idazleak –eta itzultzaileak– izan dira. Horien artean Paolo Giordano, Kutsaldian liburuarekin. Berriak 2020ko apirilaren 19 eta 20an obra hori sarean jarri zuen: pandemiari buruz iritsi zitzaigun lehen liburua izan zen, eskertzekoa momentu hartan. Erein-ek argitaratu zuen, Fernando Rey eta Xabier Olarrak egindako itzulpena.
Eguneroko moduko bat da; zientzia –fisikaria da Giordano–, kronika soziala, analisia eta zentzu komuna nahasten ditu. Aitzindaria izan zen liburua eta irakurlearekin oso erraz konektatzen zuen. Giordanok egiten duen baieztapen oinarrizko bat: ohartu omen gara “ez garela bakarrik gizateriaren partaide, baizik eta ekosistema hauskor eta bikain bateko espezierik inbaditzaileena”.
Zientziari buruz, bere arloari buruz: “Kutsaldian zientziak desilusionatu egin gaitu. Ziurtasunak nahi genituen eta iritziak aurkitu ditugu. Ahaztua genuen zalantza sakratuagoa dela zientziarentzat egia bera baino”. Giordanok ez dauka arazorik zientziaren mugak seinalatzeko. Zientzia ez da ahalguztiduna.
​
Politikara hurbilduta, “harreman akastun bat” seinalatzen du, horrela esplikatuz: “Triangelu sentimental bat da, modernitatean ongi ez dabilena, hiru hauek ez baitugu elkar maitatzen: gu herritarrak, erakundeak eta adituak”. Ez du gehiago sakontzen horretan, baina markatuta uzten du herritarren eta erakundeen arteko arrakala.
Eremu horretan zeresan gehiago dauka pentsalari honek, Slavoj Zizekek, Pandemia: la COVID-19 estremece al mundo (2020) liburuan. Hasteko, aholku praktiko baliagarri bat ematen du: “Garrantzitsuena zure eguneroko bizitza modu egonkor eta esanguratsuan egituratzea da”. Alegia, ziurgabetasunak ez gaitzala irentsi.
Segidan, bere gogoetaren muina: “Egungo krisiak erakusten du elkartasun eta kooperazio globalaren helburua gutariko bakoitzaren biziraupena ziurtatzea dela”. Hurrena, agintariak eranzten ditu: “Estatuaren ardura dutenak izuak jota daude, badakitelako egoera ez daukatela kontrolpean, eta gu, hiritarrok, horren jakitun garela”. Eta agintariek darabilten jokamoldeetako bat salatzen du: “Norbanakoaren ardurari horrenbesteko arreta ipintzeak ideologia modura jokatzen du, beste gai batzuk ezkutatzeko balio baitu, esaterako gure sistema ekonomiko eta soziala aldatu beharra”.
​
Bide beretik, beste ohartarazpen hau ere egiten du: “Hedabideek koronabirusari buruz bakarrik hitz egitea aukera ideologikoa da”. Eta susmoak jota, galdera formulatzen du: “Agintari horiek ez ote dira ari izurria gupidarik gabe erabiltzen gobernantza modu berri bat inposatzeko?”.
Hortaz, Zizekek infodemiaren erabilpenaren atzean gobernantza modu berri bat ezartzeko maniobra susmatzen du. Norbanakoaren ardura horrenbeste azpimarratze hori estalki modura ikusten du, aldaketa ekonomiko eta soziala eragozteko.
Euskal Herrian nabarmentzeko ekimen bat izan da: COVID-19 Liburu Zuria, sarean zabaldu zena 2021eko udaberrian. Lantaldean ia 50 emakume eta gizon aritu ziren: osasungintzakoak, ekonomistak, soziologoak, legelariak, gizarte arloko profesionalak, komunikaziokoak… Diziplinartekoa, anitza eta transbertsala da taldea. Hiru unibertsitateetako irakasle eta ikerlariak daude bertan: EHU, Deusto eta Mondragon Unibertsitateetakoak. 175 proposamen zehatz planteatzen dituzte, lau esparrutan: osasungintza, ekonomia, hezkuntza eta arlo soziala -komunikazioa barne-.
Proposamen horietako bat, komunikazioaren arlokoa: “Komunikazio emozionala zaindu egin behar da. (…) Egunetik egunerako bilakaera itogarritik haratago, egoeraren eta bilakaeraren ulermen zabalagoa zein neurriei zentzua ematea ahalbidetuko duten kontakizunak behar dira”.
Hedabideetan, infodemia bizi izan dugu: errepikapena, kale inkesten inflazioa populismoaren bidetik, onak eta gaiztoak bereiztea, agintarien aldetik mezu kontraesankorrak… Anabasa horren erdian, eskerrak aditu eta zientzialariek paper duina jokatu duten.
Euskadi Irratian eta Berria egunkarian ahalegin berezia egin dute zentzu horretan. Adibide bat: Berriak 2021eko abuztuaren 3-8 bitartean “Sei gogoeta izurriaz” seriea argitaratu zuen. Sei aditu elkarrizketatu zituzten, beste hainbeste arlotakoak: ekonomia, zuzenbidea, psikologia, komunikazioa, antropologia… Lehen elkarrizketatua Ignacio López-Goñi izan zen, Nafarroako Unibertsitateko mikrobiologoa eta dibulgatzailea hedabideetan. Liburu pare bat behintzat argitaratu ditu izurritearen inguruan. (Aurrerago helduko diogu liburu horietako bati).
​
IZURRIAK XXI. MENDEAN
​
D.S. Pasa den ekainean, Eneko Barberenak elkarrizketa bat egin zion Xamarri, Etxera bidean liburuaren harira. Konfinamenduko bizipenez galdetu zion, eta zera erantzun zuen Xamarrek: «Berrogeialdia umiltasun kanpaina izaten ari da. Ustez eta gure gizartea Erdi Aroko izurriteen gainetik zegoela, eta hara non gauden. Honek oroitarazten digu zein hauskorrak garen, ez izatetik zein hurbil gauden. Zartako ederra "gizarte aitzinatu"arendako». Otto Petteko izurriarekin alderatuta, erlijioaren tokia guztiz desberdina da. Gai hauen inguruan hitz egin nahi nuke: konspirazio-teoriak, zientziarekiko fedea, fede erlijiosorik eza, zientziarekiko mesfidantza… Konspirazioaren teoriak jainkorik ezaren eta zientziarekiko mesfidantzaren ondorio dira?
E.G. Zeharo bat Xamarren “umiltasun kanpaina”rekin. Ez bakarrik berrogeialdian, prozesu osoan bizi izan dugu umiltasun kanpaina hori. Piztu dizkigun beste sentipen eta ideia batzuk: globalitatearen pertzepzioa bere alde on eta txar guztiekin, zaurgarritasunaren kontzientzia eta etengabeko hazkundearekiko mesfidantza.
Baina umiltasun kanpainaren alboan, bestelako kanpaina bat egon da indarrean: deabrutzearena. Deabrutu dira adinekoak, zahar-etxeetan gaixotu eta hiltzen hasi zirenean. Deabrutu dira gazteak, eta ez bakarrik botiloiengatik. Eta deabrutu dira etxeko langile atzerritarrak, latinoak batez ere. Estigma ezarri zaie giza-talde horiei. Bide horretatik gure gizartearen arrakala batzuk azaleratu egin ditu birusak, modu sibilinoan nahiz erabat agerian.
​
PANDEMIA-OSTEKO LITERATURAK
​
D. S. Pandemia honek «literatur generorik» sorraraziko du? Nolakoa izango da literatura hori? Harkaitz Canoren hau ere ekarri nahi nuke gogora: https://www.diariovasco.com/culturas/libros/harkaitz-cano-20200331193321-nt.html. Titularrak dio: «El peligro es que nos dé a todos por hacer 'la gran novela del coronavirus'»
E.G. Harkaitz Canok dioen hori –idazle guztiek koronabirusaren nobela handia idazteko tentazioa izatea– ez dut mehatxutzat hartzen, alderantziz: literaturak bizitakoa eta jasandakoa askatzeko balio dezake, balio izan behar du; eta literaturarekin batera, beste diziplina batzuek lagundu dezakete: kantagintzak, antzerkiak, zineak…
Dolua, esperientziak, gogoetak, analisiak… dena behar du egungo gizabanakoak eta gizarteak, eta ea ondare taxuzkoa uzten zaien hurrengo belaunaldiei. Literaturaren sendatzeko ahalmenean sinisten dut.
​
PANDEMIAREN HIZKERAK
D.S. COVID-19aren aurkako borrokan, hizkera militarra nagusitu da; batzuek, ordea, «ikuspegi ekologikoa» duen hizkera bat ateratzen saiatu dira.
E.G. Zizekek, beste askok bezala, birusaren kontrako borrokari gerra deitzea ez du ondo ikusten, baina alde honetatik: birusa auto-erreplikatzen den mekanismo ergel bat delako. Etsaia da, baina ez etsai militarra. Dena dela, hizkera belikoak baino gehiago kezkatzen naute mise en scène militarrek: pandemiaren hasieran Madrilen egiten zituzten prentsaurreko uniformedun haiek eta itxialdietan ertzainek egindako sobreaktuazioek (Donostiako kaleetan ziztu bizian, semaforoak gorrian pasaz, argi urdinak piztuta eta sirenak martxan).
​
PANDEMIAREN ERAGIN MATERIAL LITERARIOAK
D.S. Pandemiak liburu kontsumoa emendatu du? Zer irakurtzeko? Zer-nolako eragina sortzaileetan eta kultur sisteman?
E.G. Ez dakit neurtzen zer ondorio ekarri dizkion pandemiak liburu kontsumoari, baina bada itxialdiarekin zerikusia duen albiste eder bat: Margarita Angulemakoaren Heptamerona euskararatzen hasi direla. Itxialdi batean idatzi zuen Nafarroako erreginak liburu hori, eta Fito Rodriguez idazleari itxialdian bururatu omen zitzaion itzulpenaren asmoa. Booktegiak eta Nafarroako Ateneoak bultzatzen dute ekimena. Berrian irakurri nuenean, ekainaren 30ean, albiste benetan ona iruditu zitzaidan.
​
ONDORIOAK ETA ETORKIZUNERA BEGIRA
D. S. Ba al da ondoriorik –literariorik edo bizipen mailakorik– ateratzerik honetatik guztitik? Hurrengo pandemian, zer? (Hementxe aipa dezakegu Preparados para la próxima pandemia, Ignacio Lopez-Goñirena).
E.G. Lehen agindutako liburua, etorkizunera begirakoa: Ignacio López-Goñiren Preparados para la próxima pandemia (2020).
Zientzialariaren ikuspegitik heltzen dio gaiari, baina laborategian itxita geratu gabe. Hasteko: “Krisi garaian, zientzia komunikatu eta partekatzen ikasi behar dugu, beharrezkoak ez diren larritasuna eta izua ez eragiteko”. Gainera, dio: zientziaren aldeko apustu sendoa behar dela, gutxienez defentsan adina gastatu behar dela zientzian, “etsaia askoz arriskutsuagoa” delako.
Hortik aurrera beste bi ohartarazpen egiten ditu, zientzialari engaiatuaren bidetik. Lehenengoa: “Planetaren osasunak zuzen-zuzenean eragiten dio gure osasunari. Pandemiak zalantzan jarri du planetan posible ote den eustea etengabeko hazkunde ekonomikoari”. Bigarrena: “Gaixotasun infekzioso berriak kontrolatzeko gizateria unitate modura hartu behar dugu. Osasun arazoak eta erronkak arazo globala dira”. Hortaz, etengabeko hazkundea zalantzan jartzeaz gain, dimentsio globala azpimarratzen du.
Nik ez diot inori opa izurriterik, baina alderdi positiboak ateratzen dizkiot bizi izandako esperientziari: gizateriaren iraganarekin konektatu gaitu, oso modu organikoan, gainera; eta etorkizunera begira erronka jartzen digu: hausnartu, lezioak atera eta norabidea zuzentzeko.
​
​
​
Danele Sarriugarte eta Elixabete Garmendia
​​
​
​
aitzinekoak...
BELTZ GUZIAK EZ DIRA BELE
( Gotzon Garate oroimenean )
​
​
ILBELTZEKO HITZ
BELTZAK
SINESGARRITASU-NAREN AUZIAZ, BERRIZ ERE
​
​
BELTZA GENEROARI BEGIRA,....
​
LANDA EREMU
BELTZAK
​
HOLLYWOODEKO ARGI -ITZALAK
​
MIRANDE BELTZA
​
DAMIAN ARRUTI