​
Miranderen narrazio laburra euskal literaturaren historian
​
Jon Mirande (1925-1972) euskal idazlea Parisen jaio, bizi eta hil zen. Bere izena aski ezaguna da euskal kulturaren eta literaturaren historian, hainbat arrazoirengatik. Asko hitz egin eta idatzi da Mirandez. Gutxiago, beharbada, Miranderen literaturaz. Are gutxiago Miranderen literatura beltzaz. Agian idazlearen biografiak eta izaera polemikoak eklipsatu dutelako bere obra, hein batean. Dudarik ez dago Miranderi egokitu zaiola gure literaturan mauditaren lekua, idazle madarikatuarena, alegia. Espezie horretakoen artetik asko poetak izan ohi dira, eta horixe izan da preseski Miranderi aitortu zaion tokia euskal literaturaren historia orokorren baitan: Arestirekin batera, euskal poesigintza modernoaren bide-urratzailearena.
​
Denbora luzez olerkigintza izan da idazle honen obran erabateko aitortza jaso duena eta akademiaren eskutik sistematikoki aztertu dena. Haur besoetakoa (1970) eleberri polemikoa oso ezaguna da, baina orain gutxi arte ez da ere akademian sakonki landu. Azkenik, hor dago Miranderen prosa laburra, denetan ezezagunena eta literatur kritikak gutxien aztertu duena, ez baina interes eta balio literario eskasagokoa. Zein ote da honen guzti honen arrazoia? Zaila da galdera horri erantzutea, baina errazagoa da baieztatzea zein ez den arrazoia: kalitate literarioa.
​
Euskal literaturaren historia orokorrek ez diete Miranderen narrazio laburrei espaziorik eskaini, eta hori egin ohi da idazle baten lanekin bi arrazoirengatik: lehena, literatur tradizioan eraginik izan ez dutelako, beraz, ez dauka zentzu handirik eragin-garrantziaren araberako aldez aurreko galbahe lan sakona eskatzen duen historiografian biltzeak; bigarrena, ez dela aski ikertu eta ez dagoela ez obraren garrantzia ez honen ezaugarriak behar bezala finkatzeko moduko oinarririk. Imaginagarriak dira ere bi faktore horien askotariko nahasketak. Miranderen ipuinen kasuan, batetik, ez dago inolako lan kritiko monografikorik, eta bestetik, Jon Kortazarrek (2011, 30) baieztatzen du 80etako euskal ipuingintza modernoaren aurrekari garrantzitsuena izan zirela Miranderen ipuinak, baina idatziak izan zirenean ez omen zutela eragin handirik izan, eragin hori gerora etorri zela, Jean Etchepare, Martin Ugalde eta Gabriel Arestiren ipuinekin gertatu bezala. Nolanahi dela ere, azterketa monografikoak egin ezean, nekez erabaki ahalko du literatur historialariak nolako eta zenbaterainoko garrantzia eta eragina izan duten Miranderen narrazio laburrek euskal literaturaren bilakaeran.
​
Azterketa xume honek gonbidapena luzatu nahi zaio euskal irakurleari, Miranderen narrazio beltzak irakurri eta ikerlari-detektibe rola har dezan, 50 eta 60ko euskal ipuingintzaren testuinguruan idazleak egindako ekarpenen tamaina eta ondorengo euskal idazleengan izandako eragina neurtzeko. Hemen gako gutxi batzuk baino ez dira eskainiko, eta norberak jarrai dezala irakurketa. Horrek egiten baitu klasikoa klasiko: etengabeko berrirakurketak.
​
Miranderen ipuingintza beltza
​
50 eta 60ko hamarkadetan argitaratu zituen bere narrazio laburrak Mirandek Gernika (1945-1953), Euzko-Gogoa (1950-1959), Egan (1948-…) eta Igela (1962-1963) aldizkarietan, baita E. A. Poe, F. Kafka edo H. H. Munro “Saki” moduko ipuingile modernoen lanen itzulpenak ere, horietako zenbait genero beltzekoak. Horixe zen Miranderen xedea, moda berriko ipuinak euskal irakurleriaren esku jartzea, harrera ona izango zutelakoan baitzegoen. Honela esan zion Koldo Mitxelenari 1957ko azaroaren 5ean igorritako gutunean:
​
(…) nahi nituzke euskarazko ipuin-laburrak idatzi. Daukat albainan literatura-sail hortan balio zerbaiteko lanak egin daitezkela gure hizkuntzan, lehenik uste baitut agrada litzaikiela euskaldun irakurleei, bethidanik ipuinak gustatzen zaizkiolakotz euskal-jendeari eta moda berrikoak ere gusta lekiozke nazki; gero, nahiz genre hori ez den batere batzuek uste duten bezain aisa ongi erabiltekotz, hala ere ez dituelakotz elheberri luze baten egiteak dituen zailtarzunak. Orain arte idatzi izan diren lanegin gehienak (euskarazkoez mintzo naizela erran gabe doa), ez ditugu irakurtzen atsegin hartzea gatik bainan, hoberenean, zerbait ikastea gatik eta hau, luzara, aspergarri baino aspergarriago da. Ene ustez, irudimenezko idazkuntza baten sortzeari ekhin behar dugu azkenaz bertze. Egoki lizateke, ahalaren araura, iphuin-laburrei soilki eskeinia lizateken aldizkari baten egitea (…). (Mirande, 1995, 132)
​
Hala, Miranderen helburua irakurleriari plazerra sorraraztea zen, eta ipuin modernoa iruditu zitzaion horretarako genero egokia. Kortazarrek (2011, 20) ipuin modernoaren harira aipatzen duen moduan “ipuina ezkutuko zerbait argitara ateratzeko eraikitzen da, bai eta era artifizialean eraiki ere”. Beraz, esan genezake ipuinak irakurketa detektibeskoa eskatzen duela, nolabait. Horregatik, ez da harritzekoa maiz ipuinen materia detektibeen antzekoa izatea: krimena. Ipuinek biltzen dute Miranderen alderdi beltzena.
​
Jon Miranderen idazlan hautatuak (1976) antologian “Jon Miranderen literatura beltza” deritzon atal bat dago, umore beltza darien testu laburrak biltzen dituena, besteak beste. Hala ere, badira bertan agertu ez arren genero beltzaren ezaugarriak dituzten beste zenbait ipuin kutsu poliziakoa dutenak, atmosfera itogarria eta bortizkeria handia irudikatzen dituztenak, ardura soziala erakusten dutenak, pertsonaia galtzailez betetakoak, eta abar. Ezaugarri horiek guztiek konbinazio ezberdinak dauzkate Miranderen narrazio labur askotan, hala nola “Ametsa” (1952), “Maitarien arnoa” (1956), “Eresi kantari” (1960) eta “Gauaz parke batean” (1963) ipuinetan, besteak beste. 1976ko antologiaren ostean, ipuinok Gauaz parke batean (1984) liburuan bildu zituen Elkar argitaletxeak, eta honen argitaraldien bidez izan dute zabalkundea gerora.
​
Miranderen literatura beltzean murgiltzea aukera paregabea da haren alderdi ezezagun eta arras interesgarri zenbait deskubritzeko; pertsonaia galtzaileen egoerek islatzen duten kezka soziala eta euskal literatura idatzian lehen agerraldia egin zuten zenbait pertsonaia femenino tarteko.
​
Jendarteari kritika, galtzaileak, antiheroiak
​
Mirandek genero beltza deritzon narrazio mota idatzi zuen, batetik, baina baita umore beltza ere. Zalantzarik gabe baieztatu dezakegu berea izan dela euskarazko umore beltzaren lehen bilduma, harritzekoa ez dena, kontuan hartuta generoaren ezaugarri nagusiak politikoki zuzena ez izatea, probokazioa eta gai gordinen erabilera direla. Ezaugarriok guztiz bat datoz Miranderen asmo eta jarrera literarioekin. Gizarte arauei erronka eta kritika egiten zieten Miranderen testu gehienek, baita umoretik ere. Adibide gisa har genezake 1962an Igela aldizkariaren bigarren alean argitaratutako “Kofesio ona” (1976, 74-76) testu zinez gordin eta polemikoa, Elizari (izan protestante, zein katoliko) kritika zorrotza egiten diona. Ederki eraikitako testua da, narratzaileak hiltzailearen tokia hartzen baitu baina ironia beteko urruntze sotil batekin. Gizon protestante batek emaztea hil du eta kontzientziako zama ezin kenduta Pastorearengana doa egindakoa aitortzera, baina hark, eskandalizatuta, paretik bidali egiten du. Beraz, gizonak erabakitzen du Apez batengana joatea, emaztea erahil duela aitortu ostean, zera galdetzen diona: “Zenbat aldiz, ene aurra?”. Umorezko narrazioari amaierako ohar batek ipintzen dio kolofoia:
​
Badakigu IGELA-ri buruz uste zoroak zabaldu direla lurrean eta zeruan: besteen artean, antiklerikal omen direla aldizkari eder eta sakon horren idazle jaun batzu. Beharbada baten batek pentsatuko du goiko ipuin horrek ere antiklerikalismuaren kutsua daukala. Baina ez da hala! Hain zuzen ere, kontrarioa da. Ipuinak argi erakuste du apez katolikoaren nagusitasuna pastorearen aldera, azkenengo honek ez bezala lehengoak humorearen zentzua gordetzen baitaki bekatu kontuetan ere. Bekatu ariñak direnean behintzat, hala nola baita norberaren emazte zunenezkoa hiltzea. (Mirande, 1976, 75-76)
​
Testua astakeria kate bat da, eta ezin daiteke ongi uler goitik-beherako tonu ironikoa eta amaierako sarkasmoa detektatu eta testua klabe horretan irakurri ezean. Egon da testua irakurrita Mirande emaztea hiltzearen alde zela interpretatu duenik…
​
Erlijioari lotutako eta ondoren sekularizatutako arauei kontra egiteko maiz hartu ohi zuen Mirandek ezkontzaren gaia, goizon-emakume bikote harreman konbentzionala. Hori argi eta garbi ageri da Haur besoetakoan, baina baita narrazio labur beltzetan ere, “Maitarien arnoa” (1976, 158-162) eta “Ametsa” (1976, 145-152) testuetan, besteak beste. Bi narrazio laburrotan giro ilun eta itogarri bat agertzen da, eta Miranderen narrazioetan maiz errepikatzen diren lau elementu konbinatzen dira: gizon-emakume bikotea, bortizkeria, alkohola eta eldarnioa. Kutsu psikologiko-errealistaz idatzitako narrazio horietan agertzen dira euskal literaturan lehen aldiz euren bikotekideak erahildako emakumeak erabateko gordintasunez, bikote-harremanaren errepresentazio idilikoaren antitesiak. Baina berritasunik handiena kondatzeko eran datza: bi kasuetan istorioa gizonaren ikuspegitik kondatzen da, istorioaren momentu batetik aurrera eldarnio egoeran den gizonaren ikuspegitik eta, hala, irakurlea ere egoera horretara ekartzen da, ezin jakin zer gertatu den, emaztea hila dagoen ala ez, ametsa ote zen, mamurik ba ote den. Istorioak elipsi ugari ditu, irakurleak bete beharreko hutsuneak, detektibeak nola.
​
Aipagai ditugun bi narrazioetan gertakari bortitz bat jazo da, baina “Maitarien arnoa”-n kontaketa bere elementu minimoenetara eramaten da, errealismo zikinaren estilora, eta, aldiz, “Ametsa” ipuinean gizonaren hausnarketak azaltzen dira, bere bizimoduari buruzkoak. Dibagazio horietan agertzen da jendartearen konbentzioekiko problematika eta, zehazkiago, burges txiki bilakatu nahi duen langile mailako matrimonioarena. Itxuraz zoriontsu den bikotean, bat-batean gizona zalantza egiten hasiko da: “behar bada, ez zen Marcellez maitemindu, baina bidezko da ‘neska bat eukitzea’ hogei eta lau urteko mutil batentzat” (Mirande, 1976, 146). Ondoren kanta malenkoniatsu bat alkoholarekin nahastu eta zalantzak haserre bilakatuko dira, “gertakari haundiak jazo ziren munduan, gudak, borrokaldiak, baina berak ez zuen haietan parte hartu, ezertan ere ez parte hartu. Noren erruz?” (1976, 150) eta jo-puntuan ipintzen ditu familia, eskola eta Marcelle emaztea. Eroaldiaren erdian emaztea ito egiten du, baina esnatzean ohartzen da dena ametsa izan dela, zorionez. Ala ez..?
​
Pertsonaia femenino gogoangarriak
​
“Kofesio ona”, “Maitarien arnoa” eta “Ametsa” narrazioetan gizona da hiltzaile. Umorearen eta errealismo psikologikoaren bitartez, jendarte modernoaren alderdi ilunak eta izugarriak ekarri zituen Mirandek testuetara, distantziamendu eta kritika ariketa eginez. Gizonak emaztea bortizki tratatzen du, erahil arte, baina gizona ez da heroi gisa erretratatzen. Gizon hori erabateko galtzailea da, munduan ere non den ez dakiena, gauza handiak amestu zituena eta ezdeus sentitzen dena. Bere errealitateagandik urrundu nahi, baina hori soilik alkoholaren bidez egiten ausartzen dena. Familia, eskola eta emazteak bere zorigaitzaren errudun egiten dituena, haur bat balitz bezala, borondaterik eta bere biziaren ardura hartzeko gaitasunik ez baleuka bezala: gixon bat, galtzaile bat, antiheroia. Emakumeak itzal bihurtzen dira narrazio beltz hauetan, gizonak ere ez daki akabatu ote dituen. Zalantzazko hilotzak, fantasmak, gizonari barre egiten dioten fantasmak.
​
Badira, baina, bestelako pertsonaia femenino biziki interesgarriak Miranderen ipuin beltzetan, pertsonaia aktiboak, hiltzaileak hauek ere. “Eresi kantari” (1976, 167-184) eta “Gauaz parke batean” (1976, 152-156) narrazioak dira andrazko pertsonaia horiek azaltzen direnak, eta gizonezko baten heriotza probokatzen dute. Bi kasuetan, aurreko bi ipuinetan bezala, misterio bat dago ebazteko, eta irakurketak aurrera egin ahala argitzen zaio misterioa irakurleari. Ezaugarri hori Miranderen narrazio beltz guztiek konpartitzen dute, modu batera edo bestera. “Eresi kantari”-ren kasuan, misterioa “Goizian goizik jeiki nündüzün” euskal olerki tradizionalaren esanahia asmatzearekin lotuta dago, eta esanahi hori argitzearekin batera, modu paraleloan garatzen da istorioan gertatuko den krimena. Gizon-emakume ezkongaiak dira, berriz ere, pertsonaia nagusiak, gizona frantsesa (Gaston) eta emakumea euskalduna (Helena), istorioak aurrera egin ahala, Gaston-en emazte izateko interesa txikiagotzen zaiona… Bikain jositako istorioa izateaz eta bertso zahar batzuen esanahiaren berrinterpretazio argi dibertigarri bat eskaintzeaz gainera, istorioan agertzen diren pertsonaien karakterizazioa oso berritzailea da garaiko euskal literaturaren testuinguruan, emakumezko figurarena bereziki. Hiltzaile izanik ere, Helenarekiko konplizitatea sorrarazten du ahots narratiboak, amaieran bereziki, eta gizonezkoarekiko, aldiz, mespretxu gisako bat; halako pertsonaiekiko tratamendu ezezaguna, ordura arteko euskal literatura idatzian.
​
“Gauaz parke batean” ipuinean ere emakumezko edadetu bat da hiltzailea. Kasu honetan, gainera, pertsonaiaren ezaugarri horiek -generoa eta adina- dira irakurle-detektibea despistatzen dutenak. Baten batek neskatilak akabatzen dituen auzoko banku batean, atso zaharra eta gizon gazte bat daude eserita. Ez gizonak ez irakurleak espero ez dutena da atso hori izatea neskatilak erahiltzen dituena -bide batez, hori ere gertakari berria zen erabat euskal literaturaren ibilbidean-, eta are gutxiago neskatila horiek hiltzeko duen arrazioa. Hala, pertsonaiaren generoa eta adina amaierako ezustekoaren giltza garrantzitsu dira, estereotipoekin erabat apurtzen delako. Tradizioak finkatutako emakume zahar ezindu, samur eta onberaren arketipoaren antitesia da parkeko amona asmo-txarreko eta krudela. Esan liteke emazte pikaroaren eta atso ankerraren pertsonaia femenino hauek izan zirela arketipoetatik erabat aldentzen lehenak euskal narraziogintzaren esparruan.
​
Umorea, misterioa eta lau zertzeladarekin eraikitako petsonaia berri eta harrigarriak. 50 eta 60ko hamarkadetan zehar argitaratu zituen narrazio beltz hauek Mirandek, 1976eko antologian lehen aldiz bilduta agertu aurretik. Orduan ezagutu zuten gaurko euskal idazle zenbaitek, eta baten bat liluratuta ere utzi zuen. Ez da harritzekoa, oraindik ere irakurlea harrapatzen eta aho zabalik uzten duten narrazioak baitira Miranderenak, literatur kalitate handikoak. Aurten Haur besoetakoaren argitalpenaren 50. urteurrena da, baina 60 urte dira “Eresi kantari” argitaratu zela. Beharbada heldu da ezezagunagoak diren Miranderen narrazio beltzetan murgiltzeko ordua.
​
Amaia Elizalde Estenaga​
​
Aipatutako iturri bibliografikoak
​
Kortazar, Jon. (2011). Egungo euskal ipuingintzaren historia. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzua.
Mirande, Jon (P. Urkizu arg.). (1995). Jon Miranderen gutunak (1948-1972). Zarautz: Susa.
Mirande, Jon (P. Urkizu arg.). (1984). Gauaz parke batean. Donostia: Elkar.
Mirande, Jon (Tx. Peillen arg.) (1976). Jon Miranderen idazlan hautatuak. Bilbo: Gero.
BELTZ GUZIAK EZ DIRA BELE
( Gotzon Garate oroimenean )
​
​
ILBELTZEKO HITZ
BELTZAK
SINESGARRITASU-NAREN AUZIAZ, BERRIZ ERE
​
​
BELTZA GENEROARI BEGIRA,....
​
LANDA EREMU
BELTZAK
​
HOLLYWOODEKO ARGI -ITZALAK