Hasier Etxeberria.
​
Pertsonaia literario bat da Damian Arruti, Hasier Etxeberria idazlearen Eulien bazka (2003) eta Mutuaren hitzak (2005) nobeletako protagonista nagusia.
Elgoibarren jaio zen Hasier Etxeberria, 1957. urtean. Eta 2017an hil zen; datorren astelehenean, martxoaren 29an, beteko dira lau urte.
Elgoibar, Donostia, Hondarribia, Hendaia, Gaztelu herrietan bizi izan zen Hasier Etxeberria. Maite zituen literatura, arte plastikoak, itsaspea, onddoak, gastronomia, komunikazioa.
Pertsonaia literario bat asmatzea izaten da idazlearentzat erronka berezienetakoa. Batzuk gogoan geratzen zaizkigu denbora askoan; esate baterako: Jon Alonsoren Enekoitz Ramirez, Koldo Izagirreren Metxa Agirre, Itxaro Bordaren Amaia Ezpeldoi, Harkaitz Canoren Diego Lazkano, Uxue Alberdiren Nagore Vargas, eta abar.
Hasier Etxeberriaren Damian Arruti pertsonaia Bidasoa-Baztan ardatzean (eta Donostian) ibiliko da Eulien bazka eta Mutuaren hitzak nobeletan. [Oharra: Euskal Herriko udalerri handiena da Baztan].
Damian Arrutirentzat hirugarren nobela ere bazeukan buruan Hasierrek. Hendaiako badian Damian urpekari dabilela, leherketa handi bat gertatzen da, eta haren ondorioz sute bat ere bai. Uste dut halaxe hastekoa zela hirugarren kontakizuna. [Beharbada arrastoren bat egongo da Hasierren paperen artean].
Hain zuzen ere, Hendaian bizi zenean idatzi zituen Hasier Etxeberriak Damian Arrutiren asmazioak eta txundidurak.
Zergatik esaten dut asmazioak eta txundidurak?
Damian Arrutik trebetasun bitxia daukalako gauzak imajinatzeko, lotzeko kontu logikoak eta ustezkoak maila bertsuan, gehiegi kilikatzeko bere deskubrimenduekin. Eta sarritan traizioa egiten dio errealitatearen eta pentsamenduaren arteko konexioak.
Damian Arruti.
​
43 urte ditu Damian Arrutik, ezagutuko dugun lehendabiziko aldian. Dibortziatua da (Jaione Lizartza edo Urdanpilleta anderearekin ezkondu ondoren banandua). Ez du seme-alabarik.
Hondarribiko golfaren erdian dauka etxea: Zoriona du izena. Zaindariak ditu han (senar-emazte heldu batzuk). Txakur lasai bat dauka: Argos izena du, Ulisesen txakurrak bezala. Jeep Wrangler auto bat gidatzen du.
Euskalduna da, eta lurraldetasunaren kontzientzia du. Egunkaria da erosten duen egunerokoa.
Idazle klasikoak irakurri zituen, aipatu egiten baititu maiz. Hiru hizkuntzatan irakurtzen daki. Ondo samar idazten du, detailerako gustuarekin, dotorezia apal batekin.
Jaione bere emazte ohiaren aburuz, gorputzaren plazeraren praktikan asko dauka ikasteko.
Gizon zintzoa da, ez da-eta gaiztoa. Matxista da, gizon guztiak bezala. Ego handia du: bere neurriaren arabera neurtzen ditu munduko gauza ia guztiak.
Biologoa da, zoologia arlokoa, entomologoa zehazki, intsektuen zientzialaria, eulietan espezializatua. Euli hil eta bizien bilduma itzel bat dauka etxeko sotoan. 3200 euli mota baino gehiago ditu bilduman. Eta bizirik milaka eta milaka eta milaka (jaten ematen die, noski).
Damian bera ere zomorro arraro eta sinple bat da. Izen bitxia du: Damian. Eta abizen arrunta: Arruti.
Jendea sailkatu egiten du ikusi orduko, euli motatako baten multzoan: musca albina, aurea, argentea, domestica, erratica, alighieri.
Enpirikoa da Damian. Temosoa ere bai.
Unibertsitatean zoologiako irakaslea izan zen, baina handik atera egin zuen Urrutikoetxea komisarioak, jakintsua delako eta aholkulari oso praktikoa Ertzaintzarentzat. Urrutikoetxea komisarioak gizon arrarotzat dauka zientzialaria, artistak bezalaxe iruditzen zaizkio bereziak zientzialariak.
Damian Arruti ETAko kidea izan zen gaztetan. Orain (nobela hauetan) Ertzaintzarentzat eta epaileentzat lan egiten du, forentseekin batera.
Ardo onak edaten ohituta dago Damian. Eta dexedrinak hartzen ditu (anfetamina moduko bat). Erretzailea da, hamabi urterekin hasita.
Klaustrofobikoa da.
Ez da hipokondriakoa, baina guk ezagutu dugun aurreneko momentutik larrituta dago.
Kartzinoma du ahots kordan: kantzer bat.
Gehiegi hitz egiten duelako agian? Oker hitz egiten duelako akaso? Gauzak egoki esaten asmatzen ez duelako?
Aldaba doktoreak operatu egingo du Donostiako Poliklinikan. Eta operatu ondoren, hitz egin ezinik geratuko da bolada batean.
Nola bizi behar da minbiziarekin?
Biziminez, esaten du Damianek.
Maitaleak.
Jaione, emazte ohia. Jaione Lizartza da lehendabiziko nobelan. Jaione Urdanpilleta da bigarrengoan. Sofistikatua da. Zantzu guztien arabera, hil egin dute. [Jaione... bai izen berezia hildako batentzat].
Veronique, Ziburukoa. Damianen etxera etortzen da aldian behin. Damianek bere bilduman falta duen eulia ekarriko dio Veroniquek.
Lupe Latasa, ertzaina. 33 urte inguru ditu. Azkarra eta bizkorra da.
Ezberdintasunak.
Lehen nobelan Damianen sexu praktikak garrantzia berezia dauka. Bigarrenean ez.
Lehen nobelan emazte baten gorputza da parte printzipala, eta bigarren nobelan gizon zaharren gorputzak (eta sexu aukera).
Lehen nobelan Jaione emaztearen gorpua da kezka edo zalantza; bigarren nobelan, Lupe maitalearen haurdunaldia da kezka edo zalantza.
Lehen nobelan eulien bitartez da enpirikoa Damian; bigarrenean belarren bitartez.
Eulien bazka.
2002an idatzi eta 2003ko martxoan argitaratua. Zortzi kapitulu ditu.
GERTAKARIA: Hilketa afrusa.
Zortzi zatitan moztutako emakume baten gorpua agertu da Izarraizko leize zulo batean, 86 metro sakonean. Zortzi pakete plastifikatutan.
Burua eta eskuak falta dira ordea.
35 urte ingurukoa da emakumea.
7 labankadaz hil zuten.
3 gizon ezberdinen esperma du azalean.
Ostrak jan zituen egun hartan.
Motozerra elektrikoz zatikatua izan da.
Damianen emazte ohia Jaione ote da hildako emakumea?
Brasilgo eltxo batek betiko utzitako marka dauka besoan gorpu honek, Jaionek bezalaxe.
Damianek uste du Jaione endredatuta dabilela Oxford Klub delako elkarte bateko kide aberatsekin.
Mutuaren hitzak.
​
2005eko urrian argitaratua.
Hamabi kapitulu ditu.
Damian Arruti Arizkunen dago azken 4 hilabeteetan, eztarriko minbizia operatu ondoren. Leon Karrika margolariaren etxean: Otsoenea. Atseden luze bat hartu beharra dauka.
GERTAKARIA: Domingo Senperena zaharra hilda topatu dute errekan. Hil egin ote dute? Aurpegiko zati batzuk janda dauzka hildakoak.
Senperenak ez du seniderik. Damianek laguntasun txiki bat izan zuenez gizonarekin, gezurra esan du: iloba dela bera (Damian).
Joaquin Aldaz (Tarrat) eta Senperena adinkideak ziren, biak kontrabandistak izandakoak.
Aldaz da Elizondo inguruko baserri guztien jabea, eta honi erosi zion etxea Leon Karrika pintoreak.
Aldaz jaunak gordeta dauka Lakoizketa apaizak XIX. mendean egindako herbarioa edo belar bilduma, Europako bigarren bilduma handiena omen dena. Lakoizketa bi libururen egilea ere izan zen, horietako bat hiztegia: Sendabelarren izenak, 1888.
​
​
Gorka Arrese​
​
​
aitzinekoak...
BELTZ GUZIAK EZ DIRA BELE
( Gotzon Garate oroimenean )
​
​
ILBELTZEKO HITZ
BELTZAK
SINESGARRITASU-NAREN AUZIAZ, BERRIZ ERE
​
​
BELTZA GENEROARI BEGIRA,....
​
LANDA EREMU
BELTZAK
​
HOLLYWOODEKO ARGI -ITZALAK
​
MIRANDE BELTZA