Film handi bat egiten ari dira Baztanen. Amodiozko istorio gartsu bat da, orain dela 500 urte setiatua izandako Amaiurko gazteluan, Nafarroako erresuma menderatzeko gerran. maitaleen desira eta ustekabeko heriotza bat dira Jon Alonsoren nobela berri hau azkartzen dutenak. Zinema giroaren xarma beti erakargarria gertatzen da kontakizun literarioan: fikzioaren ondoko errealitatea intrigaz pizten da, aktorean bi bider bihurtzen dira protagonistak, arazo bitxiez konplikatzen da produkzioa.
​
Nobelaren zati bat irakurtzeko aukera, aitzinamendu gisa:
​
Nere Azpiazu
(Txandrio, txandrio itzela, Ezkai. Hasiko nintzateke burukadaka pareten kontra, Jauregizar jauregia lurrarekin berdintzeraino).
Film bat aurrera ateratzea den zailarekin, sakatu behar diren teklekin, egin behar den ahalegin ekonomikoarekin, seduzitu behar diren borondate-multzoen handiarekin, eta hau gertatu behar zitzaigun. Ez da Pernan Zotzen heriotzak, plano humano batean, ez nauela ukitzen, ez da hori; baina Amaiur filma aurrera eramateko ardura hartu duen ekoiztetxe taldeak izendatutako produktore kudeatzailea naizen aldetik –irudi hori ezinbestekoa zen dirulaguntza batzuk jasotzeko–, hori une honetan gutxienekoa da, nahiz eta dagoeneko badakigun Pernando Zotzen, hau da, Fernando Sosen familiak salaketa jarri duela auzitegian, kalte-galeren erreklamazioa eginez filmaren produktoreen aurka, zuhurtziagabekeria ausartegiagatik (ikusteko dago oraindik horrek noraino eragingo dion produkzio-taldea osatzen dugun ekoiztetxe eta partikular bakoitzari); eta hori, ahaztu gabe Poliziak ez ote duen ardura penalik ere eskatuko, hori ere ikusteko baitago, Manzanaresen helburua horixe dela iruditzen zait-eta.
(Ezkai, errukitu zaitez).
Filmaketa ez zen erraza izan, hasieratik. Esango nuke gauzak okertzen hasi zirela nabarmen Amaiurko setioa itxuratzeko kanoiak iritsi zirenean, Ozpinkirekin eduki nuen sesio horrekin. Ez, ez da egia; egia handiagoa da esatea Ozpinki bera kontratatu behar izatea izan zela lehen okerbidea. Nik ez nukeen sekula kontratatuko, eta bizitzaren kasualitate horietako batengatik kontratatuta ere, ez niokeen sekula gure filmean eduki zuen eskua eta pisua emango, eta tratatuko nukeen gidoilari bat film batean tratatu behar den moduan: eskerrak eman ondoren distantzian edukiz, eta gehienez ere gidoi-aldaketak idazteko eskatuz horrelakorik egin behar denean. Baina Ozpinki kontratatzea inposatu zitzaigun zerbait izan zen, nork inposatu eta gure filmean diru parrasta bat jartzeko prest agertu zen enpresari batek. Enpresaria, Ezkai izenekoa, baztandarra izan gabe Baztanen etxe bat zeukan, eta klabea izan zen proiektua gauzatu ahal izateko. Diru mordo bat jartzeaz gain, Amaiur eta Nafarroako erresumaren independentzia galtzea galera historiko deitoragarria izan zela uste zutenetakoa zen, eta horrenbestez sintonia ederrean zegoen euskarazko telebista bakarra kudeatzen duten jerifalteekin. Gaur egun telebisioen parte hartzerik gabe ez dago horrelako proiektu bat aurrera ateratzerik. Beraz, alde horretatik, Ezkaik proiektuaren alderdi ekonomikoa bermatzen zuen ehuneko handi batean, eta horren jakitun, pribilegio batzuk zeuzkala uste zuen. Horien artean, Johannes “Ozpinki” Goñi gidoilari eta aholkulari gisa jartzeko erregu-eskaera egitea, bere adiskide min baten semea zelako, asko balio zuena (haren hitzak dira), baina “zorte txarraren” metaketaren ondorioz langabezian zegoena. “Zorte txarra” kakotxen artean ahoskatzen zuen, Ozpinkiren egoera injustizia askoren ondorioa zela garbi uzteko. Ideia ona iruditu zitzaigun; ona, ona... ona ez, baino onargarria, beharko, ikusirik Ezkaik jartzen zituen txekeen zeroen segida. Ez genekiena zen Ozpinki delakoa barrutik jaten zaituen minbizi bat baino txarragoa zela: ekina, bere ustez orojakilea, desegokia eta matxista.
(Ezkai, egia da, arazoak eskuetatik ihes egin dit).
Hasteko, gure filmeko botere faktikoak alde zituelakoan, denaren gainean iritziak emateko moduan zegoela uste zuen. Hala gertatu zen kanoiak iritsi zirenean. Sekulakoa antolatu zidan, ekipo guztiaren aurrean, zer zela-eta, ez zirelako XVI. mendekoak. Eskerrak Naroa zuzendaria etorri zen ordena jartzera. Deitu zidan, bakarka, zer gertatzen zen galdetzeko, zer zela eta horrenbesteko iskanbila kanoi batzuengatik. Paper bat aurkeztu nion eta berehala ulertu genuen elkar. Papera Nafarroako Aldizkari Ofizialaren ale bat zen, non argitaratua baitzen Nafarroako Gobernuak zinema bultzatzeko ematen zituen dirulaguntzen 5.2 oinarriaren b) puntua, dirulaguntza kobratzeko baldintza hau jartzen zuena: “Ekoiztetxearen kontura onartutako aurrekontuaren %40, gutxienez, Nafarroan egin beharreko gastuekin bat etortzea. Horretarako, hau da, ekoiztetxearen gastuak Nafarroan egindako gastutzat jo ahal izateko, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ezarritako irizpideei jarraikiko zaie, hala ezartzen baitu Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren maiatzaren 7ko 69/2021 Foru Aginduak.”
(Ezkai, ez da zuk uste duzuna).
Papera eskuan, Naroak modu estrainio batez begiratu zidan, gauza handirik ulertu ez balu bezala, eta normala da, aldizkari ofizialetako hizkera entenditzea ez baitago edozein oinezko soilaren esku, eta zera esan zidan, pixka bat eramana galtzen hasita beharbada, ea, Nere, zer esan nahi du horrek. Horrek esan nahi du –jakinarazi nion–, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza kobratzeko egiaztatu behar dugula egin dugun gastuaren %40 Nafarroan egin dugula. Nafarroan ez zegoen eskuragarri beste kanoirik, Ozpinkik modernoegi jotzen zituen horiek baino; baina kanoien gastua sartu gabe, ez ginen iritsiko gutxieneko %40 horretara, beraz... Hauek nondik atera dira? Hauek Orokietako bataila antzezteko erabiltzen dituztenak dira. Egon trankil, esan zidan. Moldatuko gara kanoi horiekin, eman minutu bat Ozpinkirekin hitz egiteko.
(Ezkai, hasieran ez zirudien ideia txarra).
Kanoiren gorabeherak bereziki mindu ninduen, batez ere jendaurrean agertu zelako desadostasuna, eta jendaurrean jarri zuelako Ozpinkik nire autoritatea ezbaian. Film baten ekipoa begiratzen duzunean, bai hemen, bai nonahi, ekipoen buruen ehuneko 80 gizonezkoak dira. Emakume bat ardura handiko postura iristen bada –ni bezala– ozenago hitz egin behar izaten du jaramon egin diezaioten. Nekagarria da, guztiz, eta bakarrik falta da Ozpinki bezalako bat obarioak ukitzera etortzea egoera jasanezina izan dadin. Ezkai aitabitxiarengatik ez balitz, hemen egongo zatekeen, bai zera; nahiz eta, Zotzen heriotzak dakarren panorama berriarekin, beharbada aukera gehiago zabaltzen dira Ozpinki zaldien ferren azpian jartzeko. Galeraren penak ez dezan pragmatismoaren bertutea galaraz. Izan ere, heriotzaren ikerketa egitera etorritako Manzanaresek ez du ezkutatzen gogo bizia duela Ozpinki zeozertan inplikatzeko, eta alde horretatik, beharbada... Ezkairekin hitz egin beharko da horretaz, kabreoa pasatzen zaionean oraindik nirekin hitz egin nahi badu. Izan ere, ekoizleak, produktoreak, ez dira denak berdinak, eta ni hasiera-hasieratik filmaren proiektuarekin oso inplikatua egoten den produktorea naiz. Inplikazio horri esker ongi zaintzen dut nork egingo duen lan filmean, hasteko zuzendaria aukeratuz, eta zorrotz kontrolatzen dut filmaketan gertatzen den guztia. Filmari beste jite bat eta proiekzio komertzial bat ematen lagunduko duten aldaketak sartzearen aldekoa naiz, gidoiaren gaineko ikuspegi dinamikoa daukat eta esku-hartzearen aldekoa naiz maila guztietan. Esan ohi dudan moduan, produktorea sormenaren munduaren eta mundu ekonomikoaren arteko zubia da, xaman bat bezalakoa. Ordea, ez naiz The Bad and the Beautiful filmeko Kirk Douglasek egiten duen produktorea bezalakoa, manipulatzailea, berekoia eta eskrupulurik gabekoa. Filmaketek tentsio handiko dinamikak izaten dituzte, estres egoerak sortzen dira, ez da arraroa izaten produktoreak gatazkak edukitzea zuzendariarekin edo ekipoko batekin edo bestearekin, edo ekipoko taldeko batzuen artean gatazkarik sortzea, baina hori ez da txarra berez; aitzitik, krisi txiki horietatik indartuta atera daiteke, baldin eta filmaren alde egiten bada, eta ez inoren “ego”aren alde. Beti egin behar izaten dira kontzesioak, ez dago denean norberaren iritzia inposatzerik, baina normalean, ibili naizen filmetan, emaitza orokorra nahiko ongi kontrolatutako kaos batena izaten da. Hala izan zatekeen Amaiur filmean ere, Ozpinkiren presentziaren disonantziak perturbazio iraunkor bat ekarri izan ez balu.
(Asumitu beharra dago arduragabekeria itzela izan zela, Ezkai).
​
aitzinekoak...
BELTZ GUZIAK EZ DIRA BELE
( Gotzon Garate oroimenean )
​
​
ILBELTZEKO HITZ
BELTZAK
SINESGARRITASU-NAREN AUZIAZ, BERRIZ ERE
​
​
BELTZA GENEROARI BEGIRA,....
​
LANDA EREMU
BELTZAK
​
HOLLYWOODEKO ARGI -ITZALAK
​
MIRANDE BELTZA
​
DAMIAN ARRUTI
​
PANDEMIAK ETA LITERATURA - I -
Danele Sarritugarte eta Elixabete Garmendia
​
PANDEMIAK ETA LITERATURA - II -
​
GAIZKILEAK (H)ILBELTZAN -
Beñat Hach Embarek Irizar (ZuZeu)
​
MARGA ANDURAIN