Loriagarria, ikaragarria, liluragarria, kaptibantea, abanguardista. Eta ezezagunegia. Abentura-dama handi baten berri emanen dizuet: Marga D'Andurain gisa ezagutua izan zen usaiaz kanpoko emaztearena. Eta, haren euskarazko idatziarena, ezusteko presenta, urrezko lekukoa.
​
Dena abiatu zen Battitta Guiresse adiskide mauletarrak deitu ninduelarik. Mauleko Andurain gazteluan sortu eta hazia da bera, ama bertako sukaldaria baitzen. Oraingo eguneko jabeek, konfinamendu denboran, garbiketa lanak egin zituzten gazteluko sabaia monumental horretan. Euskarazko orri horitu batzuk ediren zituzten orduan, bazterreko kutxa ahantzi batean. Battittaren esku utzi zituzten, zeinak, eni helarazi baitzizkidan, ene zorionerako.
​
Hau izan zen ene ikerketaren detonantea: hautsek gatibaturiko kaier horrek baitaramatza Marga Andurainen bizipenak, alegia, bere egunerokoa da, euskaraz. Ezin sinetsia.
​
Izan ote zuen zerikusirik amaren aldetik Arño Oihenart idazle handiaren ondorengoa zela? Edo Pierra d'Andurain senarraren otto Clément d'Andurain idazlea izateak zeinak izkiriatu baitzuen Uskaldunak Ibañetan pastorala?
​
Ikus dezagun Marga nondik datorkigun. Hasteko, Marguerite Clérisse Iriarte zuen izena. Baionako Victor Hugo karrikaren 25ean sortu zen, famili burges, estriktu eta arras katolikoan. Alta, badirudi ez zela gogortasun horretan biziki ontsa moldatzen: errotik errebeldea baitzen. Hiru urterekin jada eskapatu omen zen eta denak asaldaturik zubi pe batan atzeman zuten. Inguruko ikastetxe erlijioso guzietan ibili zen, baina bakar batek ere ez zuen kausitu Marga zentzatzen. Hainbertzeraino, non 13 urte ukan zituelarik Baionako katedralean exorzitatu baitzuten. Amak sufritu omen zuen alabaren libertate nahi horrekin.
​
Gauzak hola, azkenean, Hondarribiko Ursulinetan hartu omen zuten, eta han, nonbait, lortu zuten atxikitzen. Handik du Marga diminitiboa, amodio adierazle.
​
Ezin egona omen zen, beti jakin minez, abentura egarriz. Bide lagun egokia biziki goizik atzeman zuen: senarra izanen zen Pierra d'Andurain Maytierekin, bera baino zaharragoa, tituluduna, baina dirurik gabekoa. Alta, hori bai, Mauleko gaztelua bai familiarena zutela. Margaren gurasoen nahikeriaren kontra esposatu ziren, 17 urte baizik ez zituela: negoziaketa gogorren ondotik lortua: aitari sinetsarazi baitzioten eztei bidaiaren ondotik senarra seguruetan hasiko zela lanean. Horretan parte hartu zuen gogorki amak, alaba gobernaezinaz libratzeko.
​
Iberiar penintsulan barrena ibili ziren, Aljeriaraino. Lehenbiziko bidaia izan zuten. Luzatu zuten egonaldia, eta haien lehen semea han sortu zen: Peio. Alta, eztei dote guzia xahuturik, Euskal Herrirat itzuli ziren, dirurik gabe, baina seme batekin altzoan.
​
Margaren aitarekin berriz negoziaturik, Argentinarat jauzi egin zuten, fortuna egiteko asmoz, zaldi hazkuntzari esker, hori baitzuen afizio Pierrak. Alta, gauzak ez ziren pentsatu bezala gertatu, La Pampako ordoki bakartiek bizimodu latza ekarri baitzieten. Lehen Mundu Gerla orduan piztu zenez, Pierrak Frantziaren alde gudukatzerat deliberatu zuen. Hortaz, Amerika utzi eta etxeratu egin ziren. Senarra gerlarat abiatu zen bitartean, Marga Biarnoko herrixka batean zuten etxe handi batean egon zen ama eta ahizparekin batera.
Senarraren bisitan joan zen, trintxeretara, eta handik laster sortu zen Jakes, bigarren semea, 1916ean. Gerlatik kolpaturik sartu zen senarra.
​
Hortik goiti, Margak hartu zuen etxeko ekonomiaren ardura: deliberatu zuen Pariserat alde egitea, apartamentuak erosi eta berriztu ondoren berriz saltzen hasi zen, modan ere ibili zen, eta, perla artifizialak ekoizten eta sal-erosten. Trebea izanen zen, lortu baitzuen aski fite bizimodu erosoa, luxuzkoa.
​
1925ean, bizimodu aisa hura utzirik, Cairorat joatea erabaki zuen, asmaturik bizkondeak zirela. Toki estrategikoan kokatu zuen salon de beauté-a, bere gustuz apaindua, nortasun handiz, garaiko goi mailako emazte guziak hortik pasatzen baitziren: frantziar eta ingeles kolonoen bidegurutzean, ekialde hurbila biltzeko lanetan, elkarren lehian. Espiotza lana egitea leporatu zioten, bertan biltzen zuen informazioaz baliatuz, ingelesen inteligentzia zerbitzuen alde. Ingeles inteligentzia zerbitzuetako Palestinako buru Sinclair Maiorea amorante ukan zuen, bidaia bat eta guzi egin zuten elkarrekin: Haifa, Jerusalem, Damasko eta Palmiraraino. Tokiaz enamoratu zen Marga, basamortu erdian zeuden aurri horietaz batez ere. Elkarrekin hor bizitzeko planak egin bazituzten ere, Marga senarrarekin itzuli zen eta Zenobia hotela berrizten hasi ziren eta martxan ezartzen, apainketarako gustua galdu gabe, Angeluko Bernardinen klausulako serorek brodatu zioten oihaleria. Ospe handiko jendea iragan zen bertatik: Agatha Cristhie edota Alfonso XIII.a Espainiako erregea, zeinaren maitalea ere izan omen zen Marga. (Hemen kokatzen da Margaren euskarazko idatzia: euskalkien nahasketa uler daiteke Baionan sortu, baina Hondarribian ibili zela eta zuberotar batekin esposatu). Artetik errateko, Sinclairek bere buruaz bertze egin zuen.
​
Margaren ideia berritzaileek akuilaturik, kausitu zuen basamortu erdian hozkailua ezartzea 1930ean, energia sortzen zuen eoliko bati esker. Basamortuko Beduinoekin harreman biziki onak ukan zituen Margak, salerosketan ibilki zen eta errespetu handia zioten elkarri. Errateko, haien oihal etxeetan lo egiten zuen tarteka.
​
Mekara joateko ideia sartu zitzaion Margari, hara joandako lehen emazte mendebaldarra izanen zelakoan. Alta, gauzak ez zitzaizkion nahi bezala atera. Senarrarekin dibortziatu zen lehenik, eta Soleiman beduinoarekin esposatu, diruaren truke, senar-emazte harremanik sekulan ukanen ez zutela adostu ondotik, hortik argitaratu zuen frantsesezko egunerokoaren izenburua: Le mari passeport (senar pasaportea). Perlek ere itsutua zuten Marga, preseski, senar berriaren familiak baitzuen hazkuntza bat itsaso gorrian, eta bidaiaren helmuga hura zen.
Hala, islamera konbertitu zen eta Neyeden egon ziren Mekara sartzeko jekearen baimenaren zain. Alta, ez zioten sekulan eman eta Yiddako gobernadorearen jauregiko harenean gatibu hartu zuten, senar berria hiri saindura joan zen bitartean. Frantses diplomatikoei laguntza eskatu zien. Hartan, frantses diplomataren semearen maitale egin zen. Zer erranik ez, emazte musulman batendako onetsi ezinezkoak egin zituen Margak: senarrik gabe ibiltzea, maitalearekin gainera... senar berria Mekatik itzuli zelarik, pozoitu egin zuen, hartaz libratzeko. Ordea, pozoitzea leporaturik preso sartu zuten, baldintza ezin gogorragoetan, epaitu zuten eta harrikaturik hiltzera kondenatu. Frogarik ez zutenez atzeman, eta frantses diplomaziaren laguntzari esker, bizia salbatu ahal izan zuen.
​
Alta, prentsan agertu zen bere kasua, emazte europar musulmandu bat kartzelan... Bazituen honezkero etsai batzuk bildurik. Hartaz, ezin izan zen Palmirarat itzuli. Senarra eta semeek hotelaren ardura hartu zuten bitartean, Beiruten egon zen Daniel Schulumberger arkeologo maitale gaztearekin batera. Arte horretan ez zuen denborarik galdu: hegazkin pilotu baimena atera baitzuen. Goiti-beheitiak goiti-beheiti, bizi guzian bidaide izaten segitu zuen Pierra d'Andurainek, 1936an esposatu baitziren berriz ere. Alta, egun gutitara, Zenobia hotelean hil egin zuten. Margari leporatu zioten senarraren hilketa hura ere.
Gertakariaz geroztik, hamaika urteren buruan, Siriatik Pariserat joan zen, Suzie Carpentier goi jostuna eta koinataren gana. Bigarren mundu gerlak harrapatu zuen han Marga, baina ezinago hobeki moldatu zen ekonomikoki: frantses zein alemanekin kontrabandoan aritu baitzen, bizimodu erosoa kausituz, batez ere opioaren sal erosketari esker. Erran beharra da, arte horretan, Jakes semea erresistentzian sartua zela eta, diotenez, Margaren Browning pistolarekin egin zuen Erresistentziak bere lehen atentatua.
​
Espioitza lanetan aritu zen, nola ez, ingelesendako, frantsesendako eta alemanendako. Alta, joko lanjeros horretatik ihesi joan behar izan zuen, norat-eta Markinako Uberuagako bainuetxerat, zeinean ezagutu baitzuen Poniatowski politikari eta erresistentziako kidea. Markinatik Algeriara joan zen, 1944an. Tarte horretan, Raymond iloba egon zen bere Pariseko apartamenduan. Alta, Margak etxea berreskuratu nahi izan zuelarik, ez omen zituen lekuak hustu nahi izan. Pozoitua hil zen iloba. Hilketa hori ere ez zitzaion leporatu ahal izan, froga eskasez, baina polizia beti gibeletik zuenez Nizara joan zen bizitzerat. Hala eta guziz ere, kartzelan sartu zuten, eta laster aske utzi.
​
Horiek hola, korsikar mafioso batzuekin tratuan hasi zen, belaontzi bat haiekin batera erosiz. Tanger inguruan hil omen zuten Marga, 1948ko azaroan, baina ez zuten sekulan bere gorpurik atzeman.
​
Lerro honetaraino heldurik, irakurle, aitortuko dizut abentura hau guzia egiazkoa dela, salbu, tamalez, euskarazko testuari dagokiona.
​
Esker mila, bihotz-bihotzetik (H)ilbeltzako guziei abentura eder honetan parte hartzera gomitaturik, loriagarria izan baita.
​
Maite Berrogainek jada idatzia duen pastoralak merezi luke plaza bat: noizko?
​
Gehiago jakiteko, M.A. Elustondoren artikulua: «Munduko prentsak hila nintzela erran zuen, baina bizirik nintzen»
(berria.eus 2022ko abuztuak 28)
​
​
aitzinekoak...
BELTZ GUZIAK EZ DIRA BELE
( Gotzon Garate oroimenean )
​
​
ILBELTZEKO HITZ
BELTZAK
SINESGARRITASU-NAREN AUZIAZ, BERRIZ ERE
​
​
BELTZA GENEROARI BEGIRA,....
​
LANDA EREMU
BELTZAK
​
HOLLYWOODEKO ARGI -ITZALAK
​
MIRANDE BELTZA
​
DAMIAN ARRUTI
​
PANDEMIAK ETA LITERATURA - I -
Danele Sarritugarte eta Elixabete Garmendia
​
PANDEMIAK ETA LITERATURA - II -
​
GAIZKILEAK (H)ILBELTZAN -