top of page

GAIZKILEAK (H)ILBELTZAN

Beñat Hach Embarek Irizar ( ZuZeu )

PUSKA

BELTZAK

​

​

   Patxadaz pentsatuz gero, harrigarria iruditzen zait nola deabru sortu ahal izan genuen Euskal Gaizkileak podcasta. ZuZeu hedabidea da ekoizlea, eta bere tamaina ongi kokatzen ez duenarentzat, azalpen motza eta hotza: lau lagun, lanaldi erdian. Txikiak gara. Ipotxak. Eta ziurrenik kakanarru izateak ematen digun malgutasuna eta zirrikituetatik igarotzeko gaitasuna probestua, podcasten mundura egin genuen jauzi.

 

   Hasier Etxeberriak krimenen inguruko abestiei buruzko sarrera batzuk argitaratu zituen ZuZeun urte batzuk lehenago, eta horrexek sortu zuen nigan gaiarekiko interesa. Bere heriotzaren ondotik krimen ezberdinen inguruko artikuluak idazten jarraitu nuen. Audiogintzan murgildu ginenean Euskal Herriko krimenak, hauen inguruko kantak eta podcastak uztartzeak sekulako potentzialtasuna zeukala baloratu genuen, eta lanari heldu.

 

   Esan bezala, txikiak gara, eta hasiera batean, txikitik irudikatzen genuen proiektua. Guztia aldatuko zuen osagaia errezetara batu zen arte: BIEUSE. Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea gogobetez, eskuzabaltasunez eta bere onena emanez batu zen egitasmora, Xabier Alkiza buru. Horrek errotik aldatu zuen guztia. BIEUSEn elkartu ziren EITB-n tripazorriak egindako hamaika aktore bikain, eta haiek jarri zieten ahotsa paperean zeuden hitz mutuei. Nor Alkiza baino hobe, gainera, ze aktorek ze pertsonai antzeztu behar zuen erabakitzeko.

 

   Hogei aktore inguruk hartu zuten parte grabaketetan. Euskaraz hori egitea superprodukzio bat zela jabetzen hasi ginen.

 

   Baina ez ziren soilik aktoreak izan BIEUSEren eskutik etorri zirenak. Soinu teknikaria ere haiekin agertu zitzaigun: Iñigo Etxarri, IN Estudioak-ekoa. Iñigo teknikari izugarria izateaz gain, musikaria ere bada (LIHER taldeko gitarjolea), eta horrek aurretik irudikatzea ezinezko zitzaigun modu batean aberastu zuen proiektua. Euskal Gaizkileak serieko atal bakoitzak berak konposatutako soinu banda ezberdinak dauzka. Musika propioa. Atal bakoitzak. Atal bakoitzak! Musika propioa!

 

   Guzti hau patxadaz eta sakonago kontatzeko parada eskaini zidaten (H)ilbeltzako lagunek Anizeko elkartean, eta aurkezpena non egiten ari ginen kontutan hartuta, Belateko lapurren istorioan zentratu nintzen apur bat gehiago. Zirraragarria baita.

 

   Belateko lapurrek krimena krimenaren atzetik egiten ziharduten, eta horren ondorioz, garaiko agintariek gaiztaginei aurre egingo zien talde bat sortzea bultzatu zuten: Lantzeko guardianoak. Eta nork osatuko zuen zaintzaile talde hori, eta lapurrak eurak. Harrigarria da zenbait urtez eutsi ahal izan zioten amarruari, 1809 eta 1817 artean. Estatubatuarrak, frantziarrak edo espainiarrak bagina Belateko lapurrei buruzko bi pelikula eta telesail bat izango genituzke.

 

    Beno, podcast bat badugu bederen, eta gozatzeko gonbitea luzatzen dizut. Esteka honetan dauzkazu orain arte publikatu ditugun hamabi atalak:  https://podcast.eus/category/euskal-gaizkileak/

 

    Gure lana ekonomikoki babestu nahi bazenuPatreon bidez egin dezakezu zure ekarpena: https://www.patreon.com/zuzeupod

 

    Gaizkileen inguruko istorio gehiago dauzkagu zain, eta haiekin batera, gure estilora eta gure hizkuntzan sorkuntza berriak gauzatzeko parada.

 

    Hurrengo ilbeltzean ikusiko garelakoan, ondo izan eta milesker.

 

 

​

​

​

​

​

​

​

​

​

Beñat Hach Embarek Irizar ( ZuZeu )

​​

​

​

aitzinekoak...

JIM THOMPSON

NERE BAITAN

      Miel.A. Elustondo

 

NOBELA BELTZA ETA

SINESGARRITASUNA

             Jon Alonso

 

BELTZ GUZIAK EZ DIRA BELE

( Gotzon Garate oroimenean )

       Miel A. Elustondo

​

​

ILBELTZEKO HITZ

BELTZAK

       Itxaro Borda

 

SINESGARRITASU-NAREN AUZIAZ, BERRIZ ERE

             Jon Alonso

​

​

BELTZA GENEROARI BEGIRA,....

             Irati Jimenez

​

LANDA EREMU

BELTZAK

             Itxaro Borda

​

HOLLYWOODEKO ARGI -ITZALAK

            Xabier Olarra

​

MIRANDE BELTZA

            Amaia Elizalde Estenaga

​

DAMIAN ARRUTI

            Gorka Arrese

​

PANDEMIAK ETA LITERATURA - I -

            Danele Sarritugarte eta Elixabete Garmendia

​

PANDEMIAK ETA LITERATURA - II -

            Anjel Lertxundi

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page