top of page

BATZARRETIK AKELARRERA
Mundua erroz gora

Asisko ​

PUSKA

BELTZAK

                                                             
1525ean Auritzen gertatu zen lehenbiziko exekuzio kolektiboa sorginkeriagatik. Sekta Satanikoa aurkitu berri baitzuten, eta purga adibidegarriak ezarri zitzaizkien akusatuei. 
Sarraski harek zabaldu zuen mende bateko sorgin-ehiza Nafarroako mendialdean, 
zeinean milaka eta milaka herritar lazki zigortu baitzituzten. 

                                                                        …………………………

 « Oroitarazi beharra da prozesuaren eta exekuzioaren helburua 
ez dela neholaz ere akusatuaren arima salbatzea, 
baina populua izuaraztea»

Francisco Peña, Inquisidorearen eskulibura 1578.

​

Narratiba nazionalak ematen duen ikuspegi independentea falta dugu, eta horren eskasean, jarraitzen dugu bertzeenak fotokopiatzen, leku komunez beteriko kontakizun deslaietan galduak, mistika zahar eta berrien saski-naski. Mito batek dio, konparaziora, sorgin-ehizaren akaballa inkisidore humanista batek (inkisidore...eta humanista ?!) ekarri zuela, metodologia enpirikoa (!?) aplikatuz. Ikertzaile serioren batek agerian utzi beharko du ipuin horren barregarritasuna. Hori gertatu bitartean, hona hemen oinarrizko kronografia historikoa, gure lan-hipotesi gisa; alegia, maila goreneko zio geopolitikoek eraiki zutela Sekta Satanikoaren alibi juridikoa, eta zio geopolitikoek zutela, behar orduan, bertan behera utzi.

​

HASMENTA
-1513:  Inkisizioa ezarri du Fernando katolikoak Nafarroa okupatu berrian. Inkisizioburua kargu politikoa da, espainiar erregeak izendatua eta Erromak berretsia. Urte hartakoa da Julius II.aren Exigit Contumacium bulda: “Joanes eta Katalina, behinola Nafarroako errege-erregina izandakoak, Espiritu Malignoaren sugestioei amore emanik, Satan-en ministro berri gisa bilakaturik”. 


-1516: Nafarroa gibel askatzeko bigarren kanpainaren porrota. Inkisizio Supremoa da arduratu geroko errepresioaz: “Inkisidoreek jaso bezate informazioa jende horiez, zeintzuak saiatu baitira Nafarroa ematen Joanes Labriti”.


-1521: Nafarroa bi hilabetez liberatua: askatzaileek inkisizio-jauregia eraso, presoak askatu eta inkisidoreak Ebrora bota dituzte. Noaingo porrotaren ondoren, Ofizio Santuko Kontseilua da arduratu herritarren errepresioaz (eta emakumeen gauzifikazioaz): ”Ezar zigorra iheslarien emazteei. Hala, bertan daudenei justizia hobeki erakuts, eta ez daudenek, arrazoi gehiago eduki dezaten etxera itzultzeko”.


Geroztik, enperadoreak lekualdatu du betirako jauregi inkisitoriala, Nafarroatik kanpo. Eta nahiz Aragoiko barrutikoa izan, Gaztelan du ezarri: Calahorran hasmentan, Logroñon gero. “Espainiako Inkisizioaren manipulazio politikoaren adibide arraroena » (William Monter, 1990). Nafarroako tribunal horrek bere baitan hartzen dituelarik, Hego Euskal Herriaz gain, Santander eta Errioxa; alabaina, inkisidore guztiak gaztelarrak izaki eta akusatu gutiz gehienak euskaldunak. Bertan hil da preso gehiago, barrutiko bertze edozein tribunaletan baino . Sekta Satanikoan berezitua, sorginkeriaren delitua zigortzen jarraitu du luzaz, bertze auzitegi inkisitorial guztiek jarduera hura baztertu eta.


-1522: Amaiurko batailaren ondotik, sumario anitz Traizioaz eta Errebelioaz, herio zigorraz puniturik: “Pertsuasio diabolikoak mugiturik, Berorren Maiestatea desobeditzeko asmo sendoaz”.


-1524: Carlos V.ak ohartarazi du gogor eginen duela sumisiorik erakusten ez dioten nafartarren kontra.


-1525: Espedizio militarra Erronkaribarrera*, Balantza epaile beaumondarra buru; Iruñeko kartzelatik ihes egin duten prozesatuen bila doa , “delitu oso larriak leporatzen zaizkie, heriotza-zigorra eta ondasunak konfiskatzea merezi dutenak.” Nonbait ez dira bazterkinak, zeren “Erresuma honetan ibiltzen dira, eta leku askotan hartzen eta harbabesten dituzte".


Argigarria da bilakaera semantikoa arras denbora laburrean: 


-Urtarrilean abiatu da Balantza iheslarien xerka. 


-Otsailean, Errege Kontseiluko presidenteak idatzi dio Iruñetik, gatibu dauzkan “sorgin errudunez (femeninoan) eta bertze errudunez (maskulinoan)” galdezka. (Las bruxas culpadas y los otros culpados que teneis presos).* Salatutako bruxak eta preso dituzuen bertze errudunak


-Martxoan, batzuk eta bertzeak, oro sorgin bilakatu dira: Balantzak jaso baitu baimena atxilotu, epaitu eta exekutatzeko “harrapatu dituen sorgin gizakumeak eta emakumeak” (los bruxos e bruxas).


Orduantxe da atzeman Sekta Satanikoa Euskal Herrian, lehendikotz eta sei hilabetez, komisioak askatasun erabatekoa ukan du menditarren prozesatu, torturatu eta garbitzeko. Urte horretan Izabako erretoreak (zeina legitimista baita, Nafarroako kleroaren gehiengo nagusiaren gisara) ohartarazi du “Ez ezazuela sinets sorginik badenik, ez baitago! Ez emakumezkorik, ez gizonezkorik! » Balantzak, ordea, ezin konta ahala herritar akabatu du bertan, edo Calahorrara preso eraman ; Agoitzen erosi dituen esku-burdin, soka eta bertzeren kontabilitate prosaikoren arabera, haur franko tartean . « Habil hoa  etsai zaharraren hazia bera suntsitzera » ziotsan Cruzat, Kontseiluko epailekideak.

 

Nafarroako Tribunal Gorenaz (Errege Kontseiluaz) bi hitz: 


Erregeak ditu jujeak hautatzen: 1516az geroztik, 6 epailetatik 2, eta Kontseiluko presidentea arrotzak dira, hau da, espainiarrak; gaineratekoak naturalak, edo nafartarrak; eta hauek “beti oso gogotsu Espaniakoaren etxera eta Beamonteko partzialtasunera”. 


Balantzaren kanpaina bitartean, Iruñean ez daude 2 juje baino gelditu: gainerateko denak Toledora deituak izan dira, Gorte Inperialera. 5 hilabetez han ari izan baitira Nafarroako sorgin-ehiza diseinatzen, jerarkia gorenarekin, Florencio Idoateren arabera: buru direla batetik,  Nafarroako Goreneko presidentea Diego de Avellaneda (Espainiako handiki, Gaztelako Kontseiluko kide, geroko apezpikua Galizan) eta bertzetik Alonso Manrique Espainiako Inkisidore Nagusia (Sevillako artzapezpikua, eta ondoko inkisidore nagusi baten aita).


Kontzilio horrek eman dio hasmenta mende bateko jazarpenari: “Atzeman ditugu sorgin aunitz, gizakume nahiz emakume, eta egun guztiz ari gara gero eta gehiago atzematen, eta atxilotzen”. (Villagomez epailea, 1575). Ondoko urteetan sarekadak egin dituzte  Aezkoan, Zaraitzun, Luzaiden, Anotzibarren, Erroibarren, Odietan, Anuen, Burundan, Sakanan, Arakilen, Artzibarren , Ultzaman, Amezkoan, Leitzaldean, Ezkabarten, Baztanen, Olaibarren, Bidasoaldean, Erronkaribarren, Larraunen… Mugalde marraztu berriaren inguruko eskualdeak horiek guztiak. Izan ere, « Botereak etsai baten eta bakar baten beharra dauka, zeinak ahalbidetzen baitio bere muga-eskualdeen garbiketa, eta bere absolutismo kultural eta politikoaren ezartzea. Boterearen asmaketa estonagarria bezain modernoa da etsai diabolikoa eta haren sektarena” (Sophie Houdard, 2005). Bestalde, Diarmaid MacCullochek bi giltza eman dizkigu taigabeko jazarpen hartaz : 


1-“Sorgin-zahar-hezurtsuaren estereotipoak ez du islatzen egitate historikoa: prozesatuak buruzagi nabarmenak edo eta prosperoak izaten baitziren haien komunitateetan, otzanenak ez baziren ere ». Baieztapen honetan bat heldu dira ordu hartako epaile inplakableenak : Sabbatean [Akelarre hitza Logroñoko inkisidoreak asmatua da] elkartzen omen ziren Lapurdiko “Jaun eta andere handiak eta bertze jende aberats eta puxantak”, «Apez gutiz gehienak sorginak dira, parrokia onenetarikoetakoak » (De Lancre, 1613). “Akusatuak izaten ari dira [Nafarroako] Erresuma hartako jende ospetsuenak eta nobleenak”. (Salazar Frias, 1614). 


Sumarioetan hala agertzen prozesatuak: (Zaraitzun) “bizi eta ospe oneko jendeak”, “jende printzipala” (Baztanen)  « Famili onekoak » « parte oneko hidalgoak» «Jende nagusia eta noblezia nabarmenekoa » (Araitzen) « hidalgoak eta morrontzatik libreak” (Bortzirin) Maria Endara “ola-anderea, printzipala eta aberatsa” (Senperen) Katerina Elizalde “ogasun handiko alarguna” (Malerrekan) « etxekoandre nagusia»... 

 

Bortxaz inposatzen ari den Orden Berriari erresistentzia zegion lidergoa ordeztu beharra zen:  Zaraitzuko buruzagi gorena (alkate eta epaile), Azkaingo andere ahaltsuak, Zugarramurdiko auzapeza, Arabako erretoreak, diakonoak... Sorginak! Eta horiekin batera, marinelak, ikazkinak, artisauak, laborariak, artzainak. Herria, alo. Aunitzetan, familia bereko hainbat partaide, infamaturik.


Mitoa da, bada, sorgin-zahar-hezurtsuaren estereotipoa. Lapurdiko akusatuez ari dela, Iruñeko apezpikuak dio, bazirela “asi muchachos como mujeres viejas, y mozas, y hombres”,“asi clerigos como legos”. Eta jarraian, pista argigarria damaigu: “Todos ellos eran enemigos de Monzieur de Urtubie”. Hau da, errepresialatuen izendatzaile nagusia ez da “emakume” edota “alarguntsa” kategoria [mutil, atso neskatxa eta gizon, laiko eta apez jendeak baitzeuden] baina “Monzieurren etsai” izatea. Horixe akabatu beharreko kolektiboa.

​

Nafarroan, bertze aldetik, inkisidoreek zioten “biztanleen 4 partetatik, 3 direla sorgin”. Hau da, garaiko erregeordeak salatzen duen portzentaia, guti goiti beheiti: 
“Que hay mucha voluntad a don Enrique de Labrit, de tres partes del Reino las dos, y de los pueblos casi todas las tres”. Geroztik, herritar gehienak, susmagari: ”De 300 vecinos de Lesaka, los 200 estaban infamados” (Solarte, 1611). Garai haietan, 1.721 “sorginek” 8.474 bizilagun akusaturik zeuzkaten... Mendialdeko biztanleria 10.000ekoa izaki!  Feminizidioa baino gehiago, genozidioa ez ote? Endlösung-ez mintzo da Gustav Henningsen...


Generoaz ari garela, datu fidagarrienak dira hondar prozesukoak (1609-1610):
Zugarramurdiarren kontrakoan, 20 emakume eta 12 gizakume dira akusatuak, adin guztietakoak. Lapurdin badakigu 51 emazteki eta  39 gizonki izan zirela garbituak. 

Ororen buru, emakume gehiago. Zergatik, bada?


De Lancrek eta Castañegak garatu dute puntu hau haien idazki barroko-pedanteetan. Bai eta Andosillak ere; baina, aitzinekoek ez bezala, nafartarrak deklaratzen du ez duela sorginkerian sinisten, eta hortaz, misoginiak ez dio biderik ehiza justifikatzeko.


Garai hartan ari direlarik Europa modernoaren oinarriak finkatzen:


Trentoko manuz emakumea botere-guneetatik uxatu beharra, autoritarismoa, politikaren judializazioa, eta hura absolutismoaren jurisdikzio unibertsalaren arabera, iritzi-delituen kontrako jazarpena, mugalerroen militarizazioa,  hizkuntz armatuen eta desarmatuen arteko indar-jokoa, borreroaren biktimizazioa, herritarren diziplinamendua. 


Eta historikoki, diziplinatzeko ohiko tresnak izan dira: eskola eta armada. Gainera, Felipe II.ak itxi egin zuen Europan ikasteko bidea (Parise, Bordele, Bolonia): geroztik, Alcala, Salamanca edo Valladolidera jo beharra zen, ezinbertzez, gaztelar frantziskanoetara eta dominikoetara. Andrazkoak, ordea, debekatua dauzka bai fakultaterako bidea, bai eta armeetarakoa. Nola eskolatu, bada, De Lancreren hitzetan “burmuinik gabeko” “gizonaren eta basapiztiaren arteko” “izaki biskoso” hori? Horra edirentza probidentziala: Sekta Satanikoa! 


MacCullochek bigarren gakoa eman digu : 


2-« Sorgin-ehizaren intzidentzia nagusia eman zen Europako herri jakin batzuetan, sistema biziki efikazak garatuak baitzituzten diziplina judizialean, zeintzuen saihestea oso zaila izaten baitzen”. Eta Euskal Herrian, Forua zen indarreko lege kontraktuala, populuak berak egina agintarien gehiegikerietatik babesteko. Herritar bati leporatzen bazitzaion delituren bat, berak jakin behar zuen nor zuen salatzaile, zein akusazio, eta berak aukeraturiko abokatuarekin prestatu bere buruaren defentsa, epaile aitzinean pasatzeko berme prozesal guztiez. Garantismo soberaxko, ezartzen ari den kultura politiko berriaren arabera: “Ezein erresuma kristauk ez dauka, eta gizalegez ez dezake eduki, ez forurik ez liberataterik heretikoen alde »  (Fernando Aragoikoak eta Isabel Gaztelakoak Nafarroako Tutera hiriari, 1486). Eta horra hor Sekta Satanikoaren birtualtasuna : « Akusatuak ez du abokatuaz kezkatu beharrik, zeren fede aferetan, prozedura behar du sinplea, konplikaziorik eta antzespenik gabea ». (Francisco Peña, Manual del Inquisidor, 1578). « Sorginkeria-krimen hauek guztiak gauez egiten dira, eta gordeka beti, eta horretaz tratatu behar da ezohiko prozeduraz, behatu gabe ez ordena juridikoari, ez eta usadioko legeari ere... » (De Lancre, 1612).  Sorginaren kontrako delazioa isilpekoa da, eta, usu, saritua eta induzitua (Norbaitek ikertu beharko du Euskal Herriko haurren kontrako instrumentalizazio eta koertzio masiboa)**. Sorginkeria, bertzalde, delitu larria da, salbuespeneko tribunaletan ebatzi beharrekoa, atzerrian, Logroñon edo Bordelen  (Nafarroako Gorteek deklaratu zuten Inkisizioa tribunal arrotz, eta legez kontrakoa zela epaile atzerritarrek naturalen kausarik epaitzea, Gaztelan gainera) . Prozesuaren instrukzioan xeheki arauturik dago tormentuaren aplikazioa, akusatuak bere gain har ditzan kargu fantasmagoriko horiek guztiak : kanibalismoa, profanazioa, vanpirismoa... Zaharrak, epileptikoak, haurdunak, haurrak (« mutikoak torturagarri dira 10 urte eta erditik goitik, neskatoak 9 eta erditik », Manual del Inquisidor), izaki bakoitzak dauka bere tormentu pertsonalizatua  directorium inquisitorum haietan. Eta tortura-saioa ez baita gelditzen sektakide gehiagoren izenak bildu arte… Nor salatu ? Kinka larri horretan, torturatuak aletzen ditu bere komunitatean kostu sozial txipien daukatenak: alargunak, eroak, donadoak… Eta bistakoa dena: horien ondotik, galdekatzaileek irakurtzen dizkioten zerrendakoak ere ; izena, deitura eta kargua ; Akelarreko errege, erregina, danbolindari, Satanen kaudatario...« Inkisidoreek tormenturako joera handiagoa behar baitute bertze jujeek baino, ezen heretismoaren krimena izkutukoa baita, eta frogatzeko zaila » (Diego de Simancas). Maiestate Dibinoari Traizioa frogatuz gero -akusatuak ukatu baleza ere, aski dira 4 lekukotasun anonimo haren kondenatzeko- jasotzen den zigor posible bakarra heriotza da.  Hala-hala joan zaizkigu milaka arbaso, tormentu-ganberetan, presondegi sekretuetan, dekadentziak (depresioak) akabaturik, eta ez dira gutxi bere buruaz bertze egin dutenak, ezin jasanez akusazio faltsuak eginik herrideen aurka. Eta sugarretan bukatu dutenek (Ni ez naiz sorgina eta ez dakit nola egiten den sorgin bat) punizio gehigarria jasan dute: damnazio memoriae, gorputzarekin batera haien memoria bera ere, errea eta kixkalia, “sekula izan ez balira bezala”. 


Honenbertzez, herritar ehizatuen informazio gehiena galdu bada ere, egin dezagun argi pixka bat ehiztarien gainean, hauek bai utzi baitute arrasto lodia, mesede-zerrendetan, agiri militarretan eta kontabilitate-kaieretan: nortzuk izan ziren, bada, sarraskiaren profitatzaileak?

​

Petri Balantza: Untzueko jauregiko nagusia eta Espainiako enperadorearen zerbitzari maitea:
“Gure on maite eta leialak ongi eta leialki zerbitzatu gaitu, 1521ean Gaztelan 'gobernadoreei eta haiei zerbitzua' eman eta Eskiroz eta Noainen arteko guduan eman zen. Eta gudua gainditu ondoren, Enrique de Labritek hartu zuen seigarren merindadean berriro ere probintzia hori gure zerbitzura murrizteko balio izan zigun..”


Sei hilabeteko sarraskia egin du Ekialdeko mugalerro berri hartan 1525ean. 
Ehizatuei bahituriko ondasunak partekatu ditu Lukuzeko jaunarekin.

​

-Araizko Jauna: Ibarreko alkate eta epaile betierekoa. Jarlekua dauka Gorteetan. Kargu horiek guztiak aitatxirengandik altxatuak: 
400 soldadu ekarri zizkion Albako Dukeari Iruñea okupatzeko.
1516an kolaboratu zuen Mariskala atxilotzeko, Izaban.
1521an askapen kanpainaren kontra egin zuen.
1522an Amaiurreko batailan.
1525ean Garazi eta Amikuzeko errepresioan nabarmendu zen Balantzarekin. 
Azken aldi honetan herrikideak altxatu zaizkio haren gehiegikeri feudalen aurka…

 

Eta hor aurkitu Sekta Satanikoa . Arribeko bere dorrean giltzapetu du hameka « sorgin », 1595ean.

​

-Frai Leon Aranibar: Urdazubiko abadeburua. Monasterioa estrategikoa da, Iruñea-Baiona ardatzean izaki, eta Lapurdiko muga gainean. Horregatik Fernando katolikoak bereizi du Gaskoniako zirkaria aberatsatik, eta Gaztelakoan sartu. Monasterioa errege-patronatu bilakatu da: geroztik, koroak du hautatzen abadeburua. Aranibarrek pentsio bitalizio gizena altxatzen du Espainiako Estatu-Kontseilutik (10 aldiz Zugarramurdiko etxe aberatsaren errentak), espioitza-sarearen Burua baita Nafarroa okupatuan. Paueko gazteluan ere, agentea dauka. Baiona militarki hartzeko plana diseinatu. Ainhoan junta bat ahalbidetu du frantses juje eta espainiar inkisidoreen artean, herritarrak su biren artean harrapatzeko xedez. “Aranibar ez inora lekualdatu, konfidantza handiko gizona baita” (Felipe II.ak eta III.ak). Inkisizioko komisario-kargua estreinatzeko, Logroñorat igorri ditu zugarramurdiarrak 1609an -alkatearengandik haste- zeintzuek urte batzuk lehenago sinatu baitzuten herriaren sezesioa Urdazubiko “bere” monasteriotik.


-Urtubiako Jauna: Frantziako erregearen Ordezkari Militarra Lapurdin. Lurjabe handia Bera eta Ziburu arteko eremu zabalean. Prozesu zibil eta kriminal andana batean nahasirik herritarren aurka : Hendaia, Biriatu eta Ziburu independizatu egiten ari baitzaizkio Urruñari. Sabelgorri bandokoa da (oinaztar=beaumondar).

-Senpereko Baroia, Frantziako erregearen Epailea Lapurdin, Guienako Almiranteordea, Landetako Seneskala. Herri -lurrak beretu egin nahi ditu, baina Lapurdiko Biltzarrak galarazten dio, Forua eskuan. Hameka auzi eta liskar herritarrekin. Urtubiarekin batera, Sekta Satanikoa atzeman Lapurdin, eta bi aristokratek komisio judiziala eskatu dute herrialdea « sorginez » garbitzeko, 1609an. 

​

Handiki hauek guztiek ederki baliatu ziren sorginkeriaren alibiaz Zuzenbidearen gainetik pasatzeko,  legezko juntetan kontra egiten zieten herritarrak paretik kentzeko; ikerlari batzuen arabera, Akelarrearen estetika kontzeptuala bera ere ez da herritarren batzarraren karikatura groteskoa baizik, komunitatearen herri-boterea kriminalizatzeko xedez asmatua.

​

 “Herria juntatu dute bizpalau aldiz, eta Erronkaribarren bi alditan jo dute deiadarra: herritarrak oldarrarazi nahi dituzten deabruaren ministroak dira horiek guztiak ” (Balantzak, 1525.)

​

“Lurralde honetako umorea ulertzen dut, norberak ukitzen duena denei dagokiela eta kontzeju gisa hartzen dutela. [Gipuzkoan] Urtean bi batzar nagusi egiten dituzte, gauza arriskutsua, eta beren batzar nagusietan ausartu dira Inkisizioa probintzia honetan sartzen ez uztera, eta sastakada eman diote Inkisizio honetako aguazil nagusiari " (Moral inkisidorea, 1567.)


Nolanahi ere, eta kronologian aitzinerat egin aitzin, ohar teknikoa: Nafarroa okupatuan herritarren kontrako milaka prozesu irekitzen ari diren bitartean, Nafarroa Librean, hau da, Donapaleu hiriburu daukan Estatu Subiranoan, ez da sumario bakar bat ere abiatu mende batez (1527-1620). Hots, ez da Nafarroako sorgin-ehiza ulertzen ahal, konkista-logikatik at; Amikuzen eta Baigorrin abiatu da ikerketa bedera, baina Joana III.aren funtzionariek ondorioztatu dute fantasia hutsa baizik ez zela, eta ez da ekinbiderik izan.


Zentzu horretan, Margarita Nafarroakoak argitaratu zuen “Inkisidorea” izeneko fartsa dramatikoa, ofizio haren trufagarri bezain salagarri.

​

AKABAILA

 

« Inkisidorea : -Zintzo nahiz gaizto, aferaren zabala,
Surat igortzen ditut presentatu zalu;
Etsenpluaren begiratzea dut lana
Eta guztien torturatzea ez zait trabailu. »

​

Margarita Nafarroakoa, 1535.


-1610 : Erregezidioa :  Parisen garbitu egin dute erregea. Frantziako erregina berriak bere burua koroatu zalu, Estatu-Kontseilua desegin du, eta berri bat eratu [Maria Medici erregina, Florentziako bankarien alaba, papista, eta espainiarren guztiz aldekoa Italiako gerletan]. Kontseilu berriaren eginkizun nagusia : Espainiarekin bakea sinatzea.  Horrenbertzez, fini da bi erresumen arteko etsaigo hereditarioa, eta akabo Nafarroa berreskuratzeko aldarri historikoa.


Aizue, orduantxe desagertu euskal sorginak ! 


Zugarramurdiarren kontrakoa da azken prozesua, ordurako poliki abiatua baitzen, kondena irmoez, eta akusatu gehienak hilik presondegi sekretuetan. Espainiako Felipe III.ak argi markatu du politika berria, eta ez da Logroñoko autodafe horretan agertu ere egin -arras hurbil badago ere- aurreikuspen guztien kontra.   

​

-1611 : Nafarroako mendialdean, alta, bortz mila kausa irekirik zeuden sorginkeriaz. Zer egin, alabaina ? Grazia-Ediktua izenpetu du Felipe III.ak, eta Salazar inkisidoreak irakurri, Donezteben; Dekretu horren  bidez barkatu egiten zaio deklarazioan gibel egin nahi zuen orori [Ordura arte erretraktaze hutsak herio zigorraz punitua zen]. Milaka euskaldun eraitsi dira inkisidoreengana, salaketa faltsuak izan zirela konfesatzera, mehatxu eta torturapean eginaraziak.  « Ni ez naiz sorgina, eta ez naiz izan, baina su ematen zidaten parteetan, eta izterretan, eta lepoa tinkatzen zidaten eta erraten zidaten hil eta akabatu behar nindutela ez banuen konfesatzen ...» (Grazia Berroetaran). Garai berrien igarle, Iruñeko apezpikuak ebatzi du denek zekiten hura : "Bortzirin eta bertze lekutan jende zahar anitz badago ere, inork ez daki zer den sorgin izatea, ez eta zer den akelarre ere ». Baionako apezpikuak ospatu du koiuntura, komentu berria eraikiz Lapurdiko eskualde zifrituenean : Bakearen Andre Dona Maria eman dio izena.

​

-1614 . Herritar zenbaitzuek ez dute askietsi barkazioa, eta erreparazio eske hasi zaizkie inkisidoreei : ehizatu egin gaituzue, ebatsi, giltzapetu, torturatu, bortxatu, elbarritu, familiak hiru belaunaldiz zigortu (debekua ezein lanbide publikorako, arma eramateko, zaldiz ibiltzeko, Ameriketara joateko), deserriratu, galeretaratu, sutan txokarratu… Damu-domaiak behar ditugu. Inkisizio Supremoa, baina, ez da aisa uzkurtzen  jendaila diaboliko horren soberbia dela bide  (Aranibarrek), eta Isiltasun-Ediktua du dekretatu : “Sekretua atxik biz Ofizio Santuak ezarririko gaztigu eta punizio kasuetan, eta hala kunpli dadila, edo bertzela, salatzailearen inobedientzia eta transgresioa zigortuak dirate zuzenbidearen araberako laztasun guztiaz. 

​

1615 – Anartean, De Lancreren, Etxauzen, eta Frantziako bertze Estatu-kontseilari berrien politikak eman ditu bere fruituak, eta bi inperioen arteko ezteiak eszenifikatu dira muga garbitu berriaren gainean, Nafarroaren zatiketa santifikatuz: Arnegin sinatu: « herio-zigorra ezarriko zaio Nafarroa Garaiaren eta Nafarroa Beherearen arteko mugalerroa markatzeko ezarriak izan diren zedarriak etzanarazten, kentzen, hausten edo mugitzen dituenari ». Eta Pausun bi printzesa nerabe trukatuak izan dira Bidasoa gainean : Isabelle Bourbon abian da Espainiako Felipe printzearekin esposatzera, eta Ana Aubsbourg Louis XIII.arengana.

​

-1616  Felipe III.ak eta Maria Medicik, bakoitzak bere aldetik, misioilari tropak igorri dituzte euskal mendietara, segida eman diezaioten herritar shockatuen burmuin-garbiketari. Mendetan iraunen duen praktika eraginkorra: “Etsaiak jainkoaren iustiziaren borreroak dira. Beraz, ez gara haien kontra haserretu behar. Haiek pazientki pairatzen dituzula, Jainkoak pagamendu handi bat eman nahi deratzu: Zeruko loria”. Axular, 1643.

​

Sorgin-ehiza orduan bukatu baldin bada ere, Inkisizioak jarraitu du lanean 1834ra arte, espainiar koroapeko ministerio ahaltsua den ber : Supremak Madrileko Real Alcazar-en dauka egoitza, bertze ministerioekin batera, eta inkisidoreak (elizgizon nahiz laiko, jurista nahiz teologo) estatuko funtzionario dira;  Espainiako Kontseiluaren ondotik, botere handiena daukan gobernu-egitura da, baina hark ez bezala, Inperioko lurralde guztietan dago ezarria***, beti present eta erne, « Ezen Ofizio Santuko tribunalek ongi loturik atxiki baitituzte, eta atxikitzen beti, berorren Maiestatearen erresumak » (Pedro Medina inkisidorea, 1655). Horra eginkizuna.


Mulatoak matxinatzen ari direla « La Española » irlan ? Ofizio Santuak du inkeritu, eta vanpirismoz, profanazioz eta kanibalismoz akusaturik, zizpildu egin ditu. Hemen bezalaxe. William Lampartek aldarrikatu duela independentzia Mexikon, eta esklaboen askatasuna dekretatu? Inkisizioak preso hartu, eta  heretismoa eta sorginkeria leporaturik, kiskali egin du, adibidegarri. Hemen bezalaxe. Portugaldarrek  espainiarren uztarria kendu nahi dutela gainetik ? Salazar Friasek, inkisidore humanista-enpiriko harek, garrapinatu egin ditu bakoitzak autodafe ikusgarrian, Felipe III.a -orain bai- bertan dagoela. Hemen bezalaxe.


 « Inkisidoreak fede-aferez arduratzen dira, beren nagusiengandik bertze manurik jasotzen ez dituzten bitartean»
(Carlos V, 1533.)


« Inkisizio Supremoko Tribunalaren zorroztasuna eta haren gaitzeko larderia balia litezke bertze deseinu batzuen erdiesteko, eta bertze hainbat delitu zigortu, zeintzuak ez baitziratekeen epaitzen ahalko bide arruntetik”

(Leonardo Donato, 1573.)


“Inkisizioaren Kontseilua... Espainiako Koroaren kontseilurik absolutuena da, erlijioaren buruan Espainiako Gobernuaren maximarik intimoenei eusten dielako.”.
(Veneziako enbaxadorea, 1649.)


Gaur, mende batzuen ondotik:

​

Narratiba nazionala edukitzeko eskubidea irabazi duten herriek -kolonia izatetik errepublika subirano izatera pasatu diren horiek- nola interpretatzen dute Inkisizioaren pasaia haien herrian ? 

​

-Portugal : “Ez da dudarik Inkisizioak kolaboratu zuela espainiar koroarekin edozein disidentzia politikoaren akabatzeko”. Ana Isabel López-Salazar, 2011.

​

-Mexiko: “Ez da behar bezainbertze ikertu Inkisizioaren izate politikoa eta poliziakoa”. Natalia Silva Prada, 2016. 

​

 -Italia : “Inkisizioa izan zen tresna izugarri eraginkorra siziliar herriaren eta   irlako instituzioak politikoki kontrolatzeko”. Oracio Cancila, 2001. 

​

-Filipinak: “Behin indar militarrez erresumak garaiturik, eta  bertako buruzagiak garbiturik, Inkisizioak ezartzen zuen kolonialismo espainiarraren orden politiko eta erlijiosoa”.  Mordechai Arbell, 2007. 

​

Hemen bezalaxe. 

​

Kontua da ez dagoela narratiba nazionalik ez dagoen herririk ; hori bai, norberarena aktibatua ez baldin bada, manatzailearena da ezartzen, bortxaz berdin (Isiltasun-Ediktuak lau mende). Horregatik ari gara hemen gure mito modernoak eraikitzen, 
orden suntsitzaileak asmatu zizkigun bidegabeko gezurren gainean. Eta hor, fikzio interesatuak bai, teorizazio mistikoak ere bai, baina gertaturiko historiaren memoriarik ez.


“Populu perbertso hori, zeinari zure epaiek hartu baitiote mendeku zuzena”.

                                                Jean Espagnetek Pierre de Lancreri eskeini sonetoa, 1612.

​

 Espagnet Bordeleko Epaile Nagusia da, Frantziako Estatuko kontseilukidea eta Lapurdiko kanpainako arduraduna: Ainhoako bileran parte hartu du espainiar inkisidoreekin batera, euskaldun “sorginen” zerrendak elkarbanatzeko. Bertzela ere, isilpeko eginkizun geopolitikoa zekarren Euskal Herrira: Bidasoako mapa militarra marraztea,  bi potentzien arteko mugalerroaren markatzeko; Zokoako gaztelua, halaber, haren obra da, Frantziak ukan dezan gotorleku bat Espainiaren aitzinean. Eta Pierre de Lancreren nagusia den aldetik, berau da Euskal Herrian egin diren krimenen izenpetzailea. Lau hilabeteko sarraskiak lau mendeko herexa utzi baitu jendearen gogoan : “Gure xaharretatik zenbat aldiz ez dugun geronek De Lancre famatu haren izena aditu!”

(Jean Elizalde azkaindarra, 1951). 


Espagnetek bete egin zituen eman zizkioten misioak: Bordelera itzuli delarik, populu perbertso hau errotik izuarazia utzi du, tribunaleko komisio judizialak berekin daramatzala 300 preso gehiako Hâ-ko gaztelu gogorrera...

​

*Eskualde latza zen Fernando katolikoarentzat: “Erronkaribarko guztiak, edo biztanle gutiz gehienak, aiher zaizkit” (1513).

​

**Inkisizioko juristek luzaz debatitu zuten jakileen gutxieneko adinaren inguruan,  bai eta ebatzi ere ume txipiek testifikatzen ahal zutela herrikideen kontra.


Salazar Friasek 6 urtetik beheitiko 1000 konfidente zeuzkan Nafarroan.
Gipuzkoan, Johanikot Agirre umeak amaren izena errateko gai ez, eta 147 sorgin izendatu ditu, izen, deitura eta akelarreko karguak emanik. 
Berako komisarioak agindurik, haur andana giltzatu dute herriko apezetxean. Bortizkeria fisikoa (batzuk biluzik, sokaz loturik eta gogor zafraturik) eta psikologikoa (garrasiak eta hiltzeko mehatxuak) jasan dituzte. 40 egunez eta 40 gauez.

​

Ez naiz sorgina izan egundaino, baina behartu egin ninduten hala erratera, nahiz eta nik ez nekien zer den hori; eta erakutsi ere zidaten nor akusatu behar nuen  sorgintako, eta behin eta berriz errepikatzearen errepikazioz nik horien guzien izenak ikasi, nekezia eta negar asko eginik .
Maria Korres (Araba).


***Espainiako Inkisizioak 21 tribunal eduki zituen Inperioak kudeatzen zituen menpeko herrietan,    Herbeheretan izan ezik.


Joanes Uitzik, zapela eskuan eta belauniko dagoela, malko handitako negarrez erantzun zuen euskaraz: Ez Jaungoicoric, ez Andre Dona Mariaric, ez Paradisu Santuric eta ez santaric ezta, ni sorguina banayz”  (Azpirotzen, 1576.)

aitzinekoak...

JIM THOMPSON

NERE BAITAN

      Miel.A. Elustondo

 

NOBELA BELTZA ETA

SINESGARRITASUNA

             Jon Alonso

 

BELTZ GUZIAK EZ DIRA BELE

( Gotzon Garate oroimenean )

       Miel A. Elustondo

​

​

ILBELTZEKO HITZ

BELTZAK

       Itxaro Borda

 

SINESGARRITASU-NAREN AUZIAZ, BERRIZ ERE

             Jon Alonso

​

​

BELTZA GENEROARI BEGIRA,....

             Irati Jimenez

​

LANDA EREMU

BELTZAK

             Itxaro Borda

​

HOLLYWOODEKO ARGI -ITZALAK

            Xabier Olarra

​

MIRANDE BELTZA

            Amaia Elizalde Estenaga

​

DAMIAN ARRUTI

            Gorka Arrese

​

PANDEMIAK ETA LITERATURA - I -

            Danele Sarritugarte eta Elixabete Garmendia

​

PANDEMIAK ETA LITERATURA - II -

            Anjel Lertxundi

​

GAIZKILEAK (H)ILBELTZAN -

            Beñat Hach Embarek Irizar (ZuZeu)

​

MARGA ANDURAIN

            Ainize Madariaga

​

AMAIUR BAT URTERO            Jon Alonso

​

EUSEBIO ERKIAGA

            Miren Agur Meabe

​

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page