Liburuxka xume honek lau atal ditu: lehena, Dashiell Hammeten bizitza eta konpromisoari buruzko artikulu bat da, oso interesgarria, hain ezagunak ez diren xehetasunak ematen dituelako, toki guztietan ematen den ohiko informazioetatik aski bereiz.
Ondoren interrogatorioak datoz. Hammet bitan deitu zuten Mccarthyren Jardun Antiamerikarren Epaitegira deklaratzera. Lehena, 1951ko uztailaren 9an izan zen. Deklarazioak ez dauka ezer apartekorik: Hammetek eta beste hainbatek preso egondako komunista batzuen baldintzapeko askatasunerako fiantza ordaindu zuten; komunista presoek, behin kalean, ospa egin omen dute erabat eta epaileak fiantza ordaindu zietenak kartzelaratu nahi ditu. Interrogatorioan, Hammetek uko egiten du, behin eta berriz, fiantzen dokumentuan dauden izenpeak ezagutzen dituela, formula errepikakor bat erabiliz: “Uko egiten diot galdera erantzuteari, erantzunak inkriminatzen ahal nauelako, Estatu Batuetako Konstituzioaren bosgarren enmiendak ematen dituen eskubideen babesean”. Deklarazioak ez dauka ezer apartekorik Hammeten tinkotasuna ez bada: eutsi egin zion eta kartzelara eraman zuten interrogatorio honen ondorioz.
Bi urte geroago, 1953ko martxoaren 26an, berriz deitu zuten. Oraingoan Mccarthyk berak hartu zuen parte interrogatorioan, eta galdera-erantzunak askoz interesgarriagoak dira. Esaterako (neure modura itzuli-moldatua):
Mccarthy: Beste galdera bat egingo dizut, Hammet jauna: zuk gastatu izan bazenu urtean ehun milioi dolar baino gehiago, guk gastatu dugun bezala, komunismoaren aurka borroka egiteko programa batean, eta zu bazina programa horretako burua, erosiko al zenituzke hirurogeita hamabost egile komunistaren obrak, eta mundutik zehar zabalduko zenituzke, gure zigilu ofizialarekin, onespena emanez? Edo nahiago duzu galderari ez erantzun?
Hammet: Komunismoaren aurka borrokatzen ariko banintz, ez nion jendeari libururik irakurtzen utziko, ez egile horienik ezta beste inorenik ere.
Liburua osatzeko, Hammeten ipuin antirrazista bat dago, Nightsadhe (Itzal bat gauean) izenekoa, alegia.
BIZARBELTZ PIRATA