top of page

ELKARRIZKETAK

Martin eta Xabier Etxeberria

Martin

-Noiz zaletu hintzen eleberri beltzekin?

Aurretik, oraindik gazteago eta berdeago ginela, generoaren mugetan zebiltzan hainbat liburu irakurriak nituen arren, generoarekin bataiatzera eraman ninduen lehendabiziko liburua Raymond Chandler handiaren Ez Adiorik izan zela esango nikek. Hamabost urte izango nizkian eta uda zela diat gogoan. Gimlet edari kristo hura zer zuan ez nian erabat ulertu, baina niretzat izugarrizko aurkikuntza izan zuan. Gerora, makina liburu irakurri dizkiat, baina hark adina inork ez naik inpaktatu seguruena. Hemen, Igela argitaletxeari ere omenaldia egitea, derrigorrezkoa: genero beltzeko maisu lanak euskarara ekartzeko izugarrizko ahalegina egin ditek eta; biba zuek!

 

- Zer eskatzen diok eleberri beltz bati, edo beste modu batera esanda, zer gustatzen zaik irakurtzea genero horretan?

 

Ño, galdera zaila duk… Tentazioa diat, gauza bakarra eskatzen dudala erantzuteko: dena. Hala ere, batez ere eskertzen dudana inteligentzia dela esango nikek. Edo bere sinonimo anitzetako bat, umorea, adibidez. Izan ere, genero beltzak badik bere-berea duen fatalismo kutsu handi bat, Bukowskik Pulp liburuan esaten zian bezala: “Zapata zaharrak ditut eta ez nau inork maite, baina gauzak ditut egiteko; detektibe pribatua naiz.” Gizartea ez duk zuzena eta bizitzari ustel kiratsa zeriok, eta genero beltza errealitate hori bere gordinean azaltzen duen ispilu bat duk, baina era berean, pauso bat aurrera emateko gai dena. Hori egiten zaidak erakargarri batez ere eleberri beltzetatik, puntu  kijotesko hori.

 

- Zer egiten saiatu haiz hi idatzi dituan bi eleberri beltzetan, zer ditek bereizgarri?

 

Beno, nik uste idazle guztiek egiten dutena egiten saiatu naizela (garela) gure liburuetan: miresten ditugun liburuen plajio ahalik eta txukunena. Eta hau, noski, ez duk txantxa bat. Dena dela, plajio hori ahalik eta gutxien nabaritu dadin, gure-gureak diren zenbait ezaugarri ere txertatzen saiatu garela esango nikek: galtzailearen benetako arma bakarra den ironia, galtzen eta ahazten ari diren bizibide eta jarreren aldeko joera retro samar bat, eta baita elkarrizketen bizitasuna eta idazkeraren txinparta bilatzeko grina ere.

 

-Eta hori horrela izanda, zer arraiogatik idazten duk poesia?

 

Badakik, inor ez duk perfektoa eta gutxiago hi. Baina tira, esan dezagun hire galdera baldarrari erantzute aldera, ez dudala uste inolaz ere bateraezinak diren bi alderdi direnik. Jendeak badik dena eta denok etiketatzeko joera gorrotagarri bat, pertsonak kuadrikula bakar batean sartu ahal bagina bezala. Zapaldutako euliekin izan ezik, hori ez duk inoiz posible (eta horiekin ere, kasu!). Hiru poema liburu argitaratu dizkiat oraingoz eta laugarrena ari nauk orain mamitzen. Beste hark esaten zuen moduan: sasien azpitik bezala, hodeien gainetik ere ibili beharra zegok.

 

- Aitor ezak, literaturaren kontu hau guztia, nirekin bazkariak egiteko aitzakia hutsa duk noski.

 

Bazen garaia galdera inteligenteren bat egiteko! Bai noski. Hau guztia, artifizio bat duk. Elkarrekin batera bazkariak, afariak, eta are, kafe torero egiteko aitzakia hutsa baino ez. Nahiz eta egia esan, horretarako ez dugun inoiz aitzakia handirik behar izan…

 

 

Xabier

- Esan dezagun egia: daltonikoa haiz, ez dituk koloreak bereizten. Beraz, seguru idatzitako eleberria, Gizon gogorraren sekretua,  beltza dela? Niri berde samarra ere iruditu zaidak...

 

Badik puntu erotiko bat ere, bai. Eleberria kokatua dagoen industriagunearen inguruan putetxe bat zegok –Burdel King- eta han lan egiten duen prostituta bat istorioaren pertsonaia nagusietako bat duk. Emakumezko atzerritar honek –Eme izengoitia ipini zioagu- Erre protagonistarekin harreman berezi samarra dik, sadoaren edo dominazioaren jirakoa. Greyren itzalik ez dezala espero irakurleak hala ere, galtzaileen arteko larru jotzea duk gurea, ez multimillonario apainen ohe jolasa.

 

- Eta koloreen gai honekin jarraituz, helduentzako hire liburu guztiek, ongi begiratuta, ez al ditek gehiago edo gutxiago kutsu beltz bat?

 

Bai, agian bai, norbaitek esana zidaan aurretik. Beharbada aspalditik nizkian izurri beltz honen sintomak, ohartu gabe ere. Izatez, hirekin batera idatzitako lau eleberrietatik, azken biak beltzak dituk argi eta garbi, baina aurreko biek ere baditek halako kutsu bat seguraski, thriller petoak ez badituk ere.

Bakarka, bestetik, bi eleberri zeuzkeat argitaratuak orain artean, eta bietan zegok trama poliziakoa deitu genezakeenaren arrasto bat. Sekretu edo ezkutatu nahi den gertakizun bat bat zegok bi liburuotan, eta pertsonaietako bat hura argitzen saiatzen duk, estropozuka baduk ere. “Egun denak ez dira berdin” nire lehen liburuan, gainera, protagonistak, bukaeran, eleberri poliziako bat idazteko asmoa duela esaten dik.

 

- Berez nahiko motza haizela kontutan izanik, ipuinekin hasi huen hire literatur-ibilbidea. Ipuina zer duk, poesia idazteko gaitasunik ez dutenen prosazko ordain baldarra?

 

Ipuinekin hasi ninduan eta, zenbait literatur lehiaketetan zortea eduki eta gero, eleberrira egin nian jauzia, “Egun denak ez dira berdin”ekin. Ordutik, eleberria besterik ez diat  idatzi. Helduentzat, esan nahi diat, haur literaturan makina bat ipuin argitaratu baitizkiat hirekin batera. Kontua duk, saiatuta ere, beti eleberriak ateratzen zaizkidala. Bakarka atera nian azken liburua, esate baterako, ipuin bilduma izateko asmotan hasi nian, baina gero, oharkabean, ipuin ezberdinak elkarren artean korapilatzeari ekin nioan eta, bukatzerako, eleberri bat huan. Kuentista izan nahi zian nobelista naizela esan beharko hortaz.

 

- Aurreratu al dezakek, kazetari eta telebisten uholde izugarririk sortu gabe, beste zein egitasmotan habilen?

 

Une honetan, sekula baino gauza gehiago dizkiat esku artean. Batetik, bakarka idatzitako liburutxo bat bukatzear nabilek, zuzenketa fasean, datorren urtean argia ikusiko dik zorte pixka batekin. Bestetik, bien artean egitea sobera konplikatua ez eta sei eskuetara idatziko den liburu batean ari gaituk: lagun bat, hi heu eta hiruok. Eta azkenik, bion artean idatzitako gidoi batekin, bortz lagunen artean burutzen ari garen komik proiektu oso interesgarri bat ere – Buyan izenekoa- aurreratu samartua zegok. Aspertzeko asti handirik ez beraz.

Argazki

beltzak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page