top of page

ELKARRIZKETAK

Koro Navarro

Koro Navarro

Oso irakurzalea omen zara gaztetatik. Zer nolako irakurlea zara? Zer irakurtzen zenuen gaztea zinenean? Noiz egin zenuen topo nobela beltzarekin?

 

Ez naiz irakurle serioa, usadiozko irakurlea-edo naiz gehiago. Alegia, lotarako irakurraldi behar bat duen horietakoa, oheratzeko erritualaren osagai baten gisa, aurpegia eta hortzak garbitzea bezala. Oso-oso berandu bada ere, edo oso-oso nekatua banago ere, orri bat besterik ez, baina irakurri beharra izaten dut.

 

Umetan, etxean zegoen guztia irakurtzen genuen, hau da, gutxi, orduan etxe gehienetan oso liburu gutxi izaten zen-eta; baina haiek askotan irakurtzen genituen, umeek egin ohi duten bezala. Gazte-gaztetan, txoratuta geunden denok Enid Blytonen liburuekin. Duela gutxi bat hartu eta irakurtezina iruditu zitzaidan… Guillermo Brownen liburuak ere bai, eta horiek zoragarriak dira orain ere; baita orduan gure etxean maiz irakurtzen genituen Agatha Christierenak ere.

 

Aurrerago, zeudenak eta ez zeudenak irakurtzeari ekin genion: esan litekeela uste dut frankismoak ikaragarri egin zuela gure liburuzaletasunaren/keriaren alde, liburu debekatuak zirenean batez ere. Orain gutxi liburu-garbiketa bat egin dut etxean, eta sinestekoa ere ez da gaien nahaste-borrastea: marxismoa, psikoanalisia, sexualitatea, feminismoa, hirugarren mundua, kapitalismoa, ekonomia… idazle hegoamerikarrak… eta horien guztien konbinazio guztiak. Eta euskaraz, ateratzen zen guztia, edo gehiena. Gero, pixkana-pixkana normalizazioa etorri zen, gustuko liburuetara heltzeraino.

 

Nobela beltzera Agatha Christieren bidetik ailegatu nintzen nik uste (nahiz eta Agatha Christierena nobela beltza izan ez, baina elementu batzuk badira komunak). Ez naiz inoiz nobela beltzaren oso-oso zalea izan, egile jakin batzuk kenduta beharbada: Patricia Highsmith, esate baterako. Eta egile bakoitzarengan ere gorabehera handiak izan litezke. Oraintxe irakurri ditut Vázquez Montalbánen bi nobela: bat bikaina zen, bestea ikaragarri txarra. Misterioak. Dena dela, oraingoak oro har ez zaizkit asko gustatzen. Eta are gutxiago azkenaldi honetakoa, nere lagun batek “nobela beltz etnikoa” deitzen duena… Gehiago gustatzen zait suspentseko nobela, Agatha Christieren tankerakoa alegia, josteta intelektual baten modukoa eta beti ere ironia handiaz idatzia. Nolanahi ere, batzuek eta besteek deskantsatzeko balio izaten didate.

 

Filologia Hispanikoa ikasitakoa zara. Hitz egiguzu hortik itzultzailea izan arteko prestakuntza nola osatu duzun.

 

Gauza bat ezagutzen duzunean zaletzen zara harekin… Neri holako zerbait gertatu izan zait beti. Ez nuen Filologia egin behar, baina egin nuen eta hizkuntzarekin/hizkuntzekin zaletu nintzen. Uste ez nuela, Itzultzaile Eskolan sartu, itzulpenaren ingurukoak lantzeko (hizkuntzalaritza, literatura) eta azkenen itzulpenak berak tentatu ninduen, hasi nintzen orain 30 urte eta hortxe jarraitzen dut… Eta prestakuntza teorikoa bai –informala beraz, baina gainerakoan neure kabuz prestatu naiz. Prestaketa etengabea eta amaiera gabea; eta are gehiago euskaraz gabiltzala. Baina nik uste dut langintza gehienetan antzera gertatzen dela, gustatzen bazaizu behintzat…

 

Zer hizkuntzatan lan egiten duzu? Zenbat ezagutzen dituzu, eta zer mailatan?

 

Ba gutxi eta ez oso ondo. Gaztelania eta euskarazko itzulpenak, bi aldetara: ia beti gaztelaniatik euskara, baina joan den urtean Asun Garikanoren Kaliforniakoak gaztelaniara itzuli dut euskaratik –ea noiz kaleratzen duten, liburu aparta da–, eta hasieran oso bitxia gertatzen bazitzaidan ere, ohitu ahala, oso interesgarria gertatzen da. Ingelesetik euskarara itzuli dut asko, eta beti iruditzen zait oso ingeles gutxi dakidala, gauza berriak agertzen zaizkidala etengabe… Eta zerbait frantsesetik eta italieratik; asko ez dakidan arren, gaztelaniaren antza dela-eta, batzuetan errazagoak gertatzen dira ingelesa baino. Dena dela, itzultzaileok sen berezi bat osatzen dugula esango nuke. Neri behintzat hala gertatzen zait. Orain errumanierazko liburu bat ari naiz itzultzen, gaztelaniatik eta frantsesetik; estilo-kontuetan bat ez datozenean, bururatzen zait errumanierazkoak nola izan behar duen, jatorrizkoa begiratu, errumanierazkoa, eta asmatu egiten dut. Nolanahi ere, azkenean jomuga hizkuntzarekin topo egiten duzu: gutxiago edo gehiago kostata, ulertu duzu itzulgaia, baina hori bera adieraztea, batzuetan oso zaila izaten da. Eta euskarak arazo erantsiak ekartzen dizkizu etengabe: hau egokia ote da, amak hola eta hola esaten zuen, aditz hau, esaldi hau, parrafo hau… entendituko duen kristaurik ez dago, Euskaltzaindiak debekatu egin du, EIMAk ez, non demontre dago arau hura? Eta beti horrela.

 

Genero beltza, edo beltzaren ertzean dagoen hainbat idazle itzuli dituzu: Capote, Hammet, Le Carré, Higsmith, Donna Leon... Zailtasun berezirik ematen dizu genero horrek, itzultzeko orduan? Generoaren barruan, zer liburu euskaratuko zenuke gustura?

 

Nik uste nuen genero beltza gutxi landu nuela, eta hara nolako zerrenda atera didazun… Ez, nik itzuli ditudanetan ez dut aparteko zailtasunik topatu, hizkuntza gardena izaten da, zuzena, hizkuntza-bitxikeriarik ez da izaten. Bizitasuna, erritmoa izan daitezke problema, baina euskarak baliabide onak ditu horretarako. Eta lagunarteko hizketa; neri oso gutxitan egokitu zait, baina hori arazo larria izan liteke. Beltzak baserritarren moduan hizketan jarri? Aukera bat da…

 

Nik gustura euskaratuko nituzke Donna Leonen dozena erdi bat liburu, Venezian barna ibiltzea dela iruditzen zait-eta… Baina gutxieneko kalitate bat izanez gero, nobela guztiak itzultzen ditut nik gustura. Beltzak eta beltzak ez direnak. Imajinatu, udalaren txosten bat edo eskolako eskuliburu bat itzuli beharrean, abentura batean sartzea, nolako aldea!

 

Gizon argala 1934koa zen; 55 urtek, ozeano batek eta hizkuntza batek bereizten gaituzte hartatik. Euskaraz irakurtzen duguna jatorrizkoaren antzekoa dela sinesten ahal dugu? Alegia, itzulgarritasunari buruzko gogoeta bat eskatzen dizugu.

 

Galderaren erantzuna: bai, dudarik gabe.

 

Ez dakit ondo azalduko dudan, baina laburtuz: zer distantzia dago, adibidez, “Nere bordatxotik” (Inazio Manterola, “Basarri”, 1992) eta gari bereko Saizarbitoriaren “Hamaika Pauso” irakurtzen duenaren artean? Zuk aipatzen duzun kasukoa baino laburragoa? Ez dut uste; eta ez gaiaren aldetik bakarrik, bi euskara badirela ere esan daiteke.

 

Itzulpenari berari dagokionez, esan behar da itzulpena irakurketa/interpretazio modu berezi bat dela; izan ere, liburu bat hartu, eta irakurketa jakin bat egiten da beti, interpretazio jakin bat, baita hizkuntza bakar baten baitan ere. Alegia, horrexegatik itzul daitezke liburuak: inoiz ez direlako itxiak, interpretazio asko ametitzen dutelako.

 

Eta, hizkuntzak alderatuz gero, hizkuntzen arteko aldeak oso handiak dira, bai; baina baita elementu komunak ere. Duela 3 urte edo itzuli nuen serbieraz idatzitako nobela bat, ingelesetik eta espainoletik (eta serbierazko bertsioa aurrean nuela). Neroni ere harrituta geratu nintzen, banekien igual-igual zihoazela laurak!

 

 

Argazki

beltzak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page