Argazki
beltzak
Lehenengo nobelak dira famatuenak, Gerra Hotzaren garaian idatzitakoak, Le Carréren obraren barruan, hain segur. Hotzetik etorri zen espioia, Smyleren jendea, Satorra edo Alproja, jostuna, soldadua, espioia dira, ezbairik gabe, idazlea famara eraman zuten liburuetako batzuk. Nik interesarekin eta gustuarekin irakurri nituen lehen aldiko horietako batzuk.
​
Gero Gerra Hotza finitu omen zen (finitu da benetan inoiz, edo tenperaturaz aldatu?) eta ematen zuen Le Carrek gairik gabe gelditu behar zuela. Ahaztu egin nuen bolada luze batez. Urteak geroago Panamako sastrea (1996) erori zitzaidan esku artera, eta liburu hori irakurtzeak nire aurreiritzi horiek tinkoagotu zituen. Fantasmada sinesgaitza iruditu zitzaidan, esajerazioan oinarritutako kontsumoko literatura.
Ordea, gero Irakeko inbasioa gertatu zen (2003), bere suntsipen handiko armekin, eta konturatu nintzen Le Carrék zazpi urteko aurrerapenarekin esplikatu zigula inbasioak nola gauzatzen diren, batzuetan behintzat, eta ni nintzela itsua, zer kontatzen ari zen konturatzera iritsi ez nintzena.
​
Harrez gero beste errespetu bat diot Le Carreri.
Orain utz dezagun Le Carré alde batera eta eman diezaiogun 180º-ko bira bat artikulu honi. Puntu eta aparte.
​
Duela gutxi Eric Toussaint ekonomialari frantziarraren liburu oso gomendagarri bat irakurri dut. Bancocracia du izenburua (Icaria argitaletxea, Bartzelona, 2014), eta aski tonu didaktiko eta ulergarrian azaltzen ditu bankuek, oro har, egiten dituzten tranpak, iruzurrak eta mota guztietako gehiegikeriak. Liburuak ez du ezer fikziotik, ekonomiari buruzko saiakera bat da, baina merezi du, epelena sutan jartzeko moduko jutrukiak kontatzen dituen arren, edo beharbada, horrexegatik.
​
Toussaintek kontatzen du, Bancocraciako kapitulu batean, lord Stephen Green izeneko baten historia. Banku bateko zuzendari nagusi izatetik Britania Handiko ministroa izatera, diru-zuritzea tarteko, bi hitzetan esanda. Ojo, hau ez da fikzioa, errealitatea, edo errealitatearen narrazio bat baizik. Bukaeran hauxe dio Toussaintek: “hau nobela beltz batean irakurriko bazenute, egilea esajeratzen ari dela esango zenukete”.
Orain elkar ditzagun Le Carré eta Bancocracia, artikuluaren hasiera eta 180º-ko bira. Kontua da Le Carrék kontatu digula, dagoeneko, Lord Stephen Green horren historia, edo, hobe esan, Lord Green hori bezalako politikariak pertsonaia dituen nobela bat. Nobela horrek Gurea bezalako traidore bat du izena eta 2010ekoa da. Egia da Lord Green bezalako pertsonaiak ez direla nobelako protagonistak, bigarren mailako arizaleak baizik; baina egia da, halaber, arizale inportanteak direla. Trama guztiari zentzua ematen diotenak.
Toussaintek ez du Le Carre irakurri.
​
Gurea bezalako traidore bat motako nobeletan askotan izaten da goren puntua, edo goren puntuetako bat markatzen duen dialogo bat. Honetan ere bai. Britaina Handiko inteligentzia zerbitzuetan ez daude konforme traidore errusiarrarekin, diru-zuritzaile nagusiarekin alegia, hartu behar duten jarreraz. Errusiarrak Britainia Handian erretiro doratu bat nahi du, berarentzat eta bere familiarentzat, diru zuritzearen tramaz dakiena –ia jakiteko den guztia, alegia– salatzearen truke (Lord Green bezalako denak barruan direla). Inteligentzia zerbitzuetako batek –gauzak ikusteko modu bat ordezkatzen duena, inondik ere– errusiarrak saldu nahi duen informazioa erosi nahi du, kosta ahala kosta, egia jakiteko; zerbitzuetako beste batek –gauzak ikusteko modu antagonikoaren ordezkaria–, ez du hain argi ikusten egia jakitea komeni ote den ere. Bion arteko dialogo gogoangarri batean, elkarri botatzen dizkiote beren filosofia guztiak. Eta finean, errealistak, egiazalearen aurka:
​
- Baina zuk zer nahi duzu? Zer da hobe, diru beltz horrek guztiak zirkuitu klandestinoetan mugitzen segitzea, beti beltz, edo Estatuko Aurrekontu Orokorretan sartzea, zuritzea alegia, ospitaleak eta eskolak finantzatzeko balio dezan?
​
Zalantzarik gabe, Graham Greenen –ez Stephen Greenen– ondorengo duina da Le Carré. Zoriak opa diola bizitza luzea eta idazteko gogoa ez galtzea, batzuen onerako.
​
​
​
BIZARBELTZ PIRATA
aitzinekoak...