GENEROAZ
Generoen arteko mugak gero eta lausoagoak direnez, eta genero beltza deitzen den horretan ere askotariko aukera eta joerak daudenez, ez da zeregin samurra nobela beltza zer den edo zer ez den esatea. Hortaz, horren ordez, nahiago dut nabarmentzea zein diren nik gogokoen ditudanak eta zergatik. Bada, eleberri horien artean dago, zalantzarik gabe, Chester Himes-en Imabelleren amodioz.
​
Alde batetik, argumentu xume bezain erakargarria duen eta jakin-minari bikain eusten dion kontakizun bat delako –New Yorkeko Harlem auzoa ez da kaikuentzako leku gomendagarriena. Baina Jackson, pertsonaia nagusia, gizajo totala da, eta garesti ordainduko du bere xalotasuna: diru guztiak galdu eta ataka gaiztoan jausiko da maite duen neskaren eta inguruan dabilkion iruzurgile saldoaren erruz–. Gertaera zein baino zein harrigarri, barregarri eta irrigarriagoak bata bestearen atzetik harilkatzen ditu Himesek deabruzko abiaduran.
​
Eta, bestetik, aho zabalik uzten zaituzten gertaerekin batera, panfleto bat egin gabe, Estatu Batuetako beltzen ghettoetako errealitate beltzaren berri ematen digulako idazleak Harlemgo jendea, beren bizi-baldintzak eta auzoan nagusi den arrazakeria maisutasunez azalduz.
​
Laburbiltzeko, beraz, jakin-mina pizten duen kontakizun bat, hizkera bizia eta gizarte-kritika, guztiak beren tamainan eta umore garratzez onduak, nobela beltz batez gozatzeko ezinbesteko osagaiak dira nire iritzian.
IMABELLEREN AMODIOZ
( Chester Himes )
aitzinekoak...
arnaldur eta erlendur
uzta gorria: dashiell
hammett
​
ripley trebea
​
Argazki
beltzak
eneko aizpurua