Argazki
beltzak
Piney Falls zubitik aurrera, bide bazterrean, auto bat zegoen, sedan bat, argiak itzalita. Aurreratu nuenean, neska batek burua agertu zuen leihotik, eta esan zuen:
​
- Mesedez!
​
Larritasunezko tonua zen, baina ez desesperatua edo guztiz etsitua. Energia falta zuen horretarako.
​
Frenatu eta atzera martxa sartu nuen. Maniobra egin bitartean, morroi bat jaitsi zen autotik. Ez zen argi askorik, baina hala ere morrosko gazte bat zela ikusi nuen. Keinua egin zuen neraman norabiderantz, eta esan zuen:
​
- Segi zure bidetik, aixkide.
- Mesedez, hirira eramango nauzu? –galdetu zuen neskak. Sedanaren atea zabaltzen saiatzen ari zela iruditu zitzaidan. Txanoak begi bat estaltzen zion.
​
- Bai horixe –erantzun nuen.
​
Errepideko gazteak urrats bat egin zuen niregana, lehengo keinua errepikatu eta zera agindu zidan:
​
- E, hi, alde hemendik.
​
Gaztea niregana ibiltzen hasi zenean, sedan barnetik gizonezko ahots lakar eta larderiatsu bat entzun zen:
​
- Lasai, Tony, lasai. Jack Bye da.
​
Atea zabaldu zen eta neska jauzi batez jaitsi zen.
​
- E! –oihu egin zuen Tonyk, segurtasuna galduta eta norabide zehatzik gabe ibiliz. Neska nire autora zetorrela ikusirik, garrasi egin zuen, haserre: Aizu, ezin duzu alde egin, zera… zerarekin.
Neska ordurako nire autoan zen.
​
- Gabon –xuxurlatu zuen.
​
Tony aurrean jarri zitzaidan, burua temaz higitu zuen, zerbait esaten hasi zen:
​
- Zu bezalako batek niri…
​
Egurra eman nion. Zartako ona izan zen, indarrez jo nuen, baina uste dut nahi izan balu zutitzen ahalko zatekeela. Segundu batzuk geroago, oraindik ere ikusi ez nuen sedaneko morroiari galdetu nion:
​
- Ongi iruditzen zaizu?
- Tony ongi jarriko da –erantzun zuen berehala–. Zaindu egingo dut.
- A zer detailea, zure aldetik.
​
Nire autora sartu eta neskaren ondoan eseri nintzen. Euria hasi zen eta hezurretaraino mela-mela eginda amaituko nintzen berriz. Hirirantz gindoazela coupé batek aurreratu gintuen. Barruan gizon bat eta emakume bat zihoazen. Zubia haien atzetik gurutzatu genuen.
​
- Benetan jator portatu zara –esan zidan neskak–. Egia esan, ez nengoen arriskuan, baina… ez da batere atsegina izan.
- Ez dira arriskutsuak, baina ez dira batere atseginak –arrazoia eman nion.
- Ezagutzen dituzu?
- Ez.
- Haiek ezagutzen zaituzte, ordea. Tony Forrester eta Fred Barnes dira –ez nuen ezer esan. Neskak beste hau gaineratu zuen–: beldurra dizute.
- Etsai publikoa bainaiz.
​
Neskak irri egin zuen.
​
- Gaur gauean oso atsegina izan zara. Bakar batekin ez nintzen inola ere joango, baina pentsatu dut, biekin joanez gero… –berokiko lepoa igo zuen–. Bustitzen ari naiz.
​
Berriz geratu nintzen eta kopilotoaren aldeko errezelatxoa bilatu nuen.
​
- Beraz, Jack Bye duzu izena –esan zuen, errezelatxoa jartzen nuen bitartean.
- Eta zu Helen Warner zara.
- Nola dakizu hori? –txanoa buru gainean egokitu zuen.
- Ikusi izan zaitut inoiz. –errezela jartzen amaitu nuen eta nire bi eserlekuko autoan sartu nintzen berriz.
​
- Deitu dizudanean, bazenekien ni nintzela? –galdetu zuen, errepidera berriro sartu ginenean.
- Bai.
- Ez nuen horiekin elkartu behar.
- Dar-dar zaude.
- Hotz egiten du.
​
Nire petaka hutsik zen, damurik.
Hellman Avenueko mendebaldeko muturretik sartu ginen. Laurel Streeteko kale kantokiko bitxi-denda ondoko erlojuaren arabera, hamarrak eta laurdenak ziren. Xira beltz bat zeraman polizia bat erlojuan bermatuta zegoen. Nik ez nekien aski lurrinez, neskak zein erabiltzen zuen jakiteko.
​
- Hotzak akabatzen nago –esan zuen–. Zergatik ez goaz kopa bat hartzera?
- Seguru zaude horixe dela nahi duzuna?
​
Nire ahotsaren tonuak ustekabean harrapatu bide zuen, burua azkar mugitu baitzuen argi hitsaren azpian niri begiratzeko.
​
- Jakina nahi dudala. Ez bada presaka zabiltzala –erantzun zuen.
- Ez, ez nago presaturik. Mack’sera joan gintezke. Hemendik hurbil dago, hiru edo lau kalera, baina… beltzentzako lokal bat da.
​
Neskak barre egin zuen.
​
- Ez naute pozoituko, ezta?
- Ez horixe. Ziur zaude joan nahi duzula?
- Zalantzarik gabe –dardarizoa esajeratu zuen–. Izoztuta nago, eta goiz da oraindik.
​
Toots Mackek ireki zigun atea. Ikusirik nola apaldu zuen bere buru beltz, burusoil eta biribila, eta gabon esateko erabili zuen tonua, jakin nuen pena zuela ez genuelako erabaki beste taberna batera joatea, baina bost axola niri bere sentimenduak zein ziren. Hauxe esan nuen, aztoratuegi, beharbada:
​
- Kaixo, Toots. Zer moduz gaua?
Bezero gutxi batzuk baino ez zeuden. Mahai bat hartu genuen, pianotik urrunen zegoen txokoan. Bat-batean, neskak nigan iltzatu zuen begirada, eta haren begi urdinak biribilago bihurtu ziren.
​
- Autoan iruditu zait konturatu egin zarela –esan nuen.
- Nola egin duzu orban hori? –moztu zidan, eta eseri egin zen.
- Hau? –masaila eskuz ukitu nuen–. Duela pare bat urte, liskar batean. Bularrekoa ikusi beharko zenuke.
- Egunen batean igeri egitera joango gara –erantsi zuen, alai–. Eseri behingoz eta eskatu trago horiek.
- Ziur zaude…?
​
Kanta-marmarrean hasi zen, hatzekin mahai gainean joaz eutsi zion erritmoari.
​
- Trago bat, trago bat, trago bat nahi dut –aho txikia zuen, eta ezpainak beteak, eta ahoa goranzko kurba egiten zuen irribarre egiten zuen bakoitzean.
Tragoak eskatu genituen. Azkarregi mintzatu ginen. Txisteak egin genituen, barrez aritu ginen graziarik gabeak baziren ere. Galderak ere egin genituen –horien artean, haren lurrinaren izena–, eta arreta gehiegi egin genien erantzunei, edo batere ez. Uste zuenean ez genuela ikusten, Tootsek barra atzetik larderiaz begiratzen zigun. Dena aski txarra zen.
Beste trago bat hartu genuen. Zera esan nuen:
​
- Tira, goazen.
​
Neskak ongi jokatu zuen, ez zuelako agertu presarik joateko, ezta gelditzeko ere. Ile hori hauskararen puntak txanoaren hegalaren inguruan kiribiltzen zitzaizkion garondo aldean.
Atera iristean, zera esan nuen:
​
- Kale kantoian taxi geltoki bat dago. Ez zaizu inporta etxera laguntzen ez badizut, ezta?
Besotik heldu zidan.
- Horixe inporta zaidala. Mesedez… –espaloian argi gutxi zen. Haur batena bezalako aurpegia zuen. Eskua besotik kendu zuen–. Baina zuk nahiago baduzu…
- Nahiago dut, bai.
​
Neskak hauxe gaineratu zuen, poliki mintzatuz:
​
- Jack Bye, gogokoa zaitut, eta eskertu nahi dizut…
- Ongi da, ez kezkatu –moztu nion. Elkarri bostekoa eman eta ni edaritoki klandestinoan sartu nintzen berriz.
Tootsek barraren atzean jarraitzen zuen. Hurbildu zitzaidan, eta zera esan zuen, burua arduraz mugituz:
​
- Niri ez egin honelakorik.
- Badakit, damu naiz…
- Ez egin zure buruari ere –zehaztu zuen, lehengo tristura berarekin–. Motel, hau ez da Harlem eta Warner epaile zaharrak jakiten badu bere alaba zurekin dabilela eta hona datorrela, biok izorratzen ahal gaitu. Tipo jatorra zarela iruditzen zait, baina gogoratu behar duzu zure larrua aski argia den arren, eta unibertsitatera joan zaren arren, beltz bat baino ez zarela.
- Eta zer uste duzu, ba? –erantzun nion– Txinatarra izan nahi dudala, ala?
​
​
​
​
BIZARBELTZ PIRATA