top of page

ELKARRIZKETAK

Juan Mari

Mendizabal

Juan Mari Mendizabal

Mankelli buruz

Zure ustez, zer dela-eta eduki izan du, Mankellek bereziki, baina Suediako nobela beltzak, orokorrean, hainbeste arrakasta, halako “boom” bat izateraino? Zer arrazoi dago horretarako?

​

Agian bereizketa bat egin beharko litzateke Suediaren eta munduaren artean. Suediari dagokionez, Maj Sjöwall eta Per Wahlöö kazetariek osatutako bikotea aitzindaria izan zen, 60ko eta 70eko hamarkadetan hamar nobela idatzi baitzituzten Martin Beck inspektorearen inguruan, nobela beltz petoak denak. Horrek halako oinarri bat finkatu zuen herrialdean. Henning Mankellek Wallander inspektorearen sortako lehena argitaratu arte urte batzuk joan ziren, baina ordurako lurra ongarrituta eta prest zegoen. Gerora etorriko ziren Larsson, Läckberg, Jungstedt… denak idazle finak. Eleberri beltz suediarrak munduan izandako arrakastaz ari bagara, horretan eragin duten faktoreen artean kalitatea dago, inolaz ere, testuen kalitatea; suspensea sortzen ere iaioak dira, eta egun nagusi den kontsumorako literatur industriak eskatzen duen ekoizpen oparoa eskaintzeko gai izan dira. Antzeko gauza esan liteke Eskandinaviako gainerako herrialdeetako nobela beltzaz, hain “boom” handia ez izan arren.

​

Zer hizkuntzatatik itzuli duzu Mankell?

​

Euskaratu ditudan Mankellen liburuak suedieratik itzuli ditut.

​

Mankellek Suediako ezaugarri ez hain positibo batzuk ikusarazi egin dizkigu: II. Munduko Gerra garaian naziekin eduki zuten konplizitatea, arrazismoa…

​

Bai, halaxe da. Zurikeria agerian uztea da nobela beltza idazten duen edozein egileren zereginetako bat, hala izan da hasierako maisuen garaitik, eta horixe da, nire ustez, nobela beltzaren arrakastaren beste arrazoi bat. Eta zurikeria nonahi eta noiznahi gertatzen baita, nobela beltzak etorkizun ederra izan dezake.

​

Mankellen estiloan nabarmenduko zenukeen ezaugarri pare bat.

​

Testu nahiko soilak idazten ditu, irakurterrazak, pulpen garaitik datorren tradizioari jarraiki, eta bertan pertsonaia nagusiaren barne gogoetak txertatzen ditu, kritika sozial zorrotzez beteak. Baina niri paragrafoaren kontua iruditzen zait interesgarriena. Aditua ez banaiz ere, nire iritziz oso era finean erabiltzen ditu paragrafoaren tamaina eta segida irakurketa arindu eta erritmoa ezartzeko, suspensea sortzeko. Gerora beste batzuek ere erabili ohi dute.

aitzinekoak...

Martin eta Xabier

Etxeberria

​

Koro Nabarro

          

 

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

Argazki

beltzak

bottom of page