top of page

LIBURU AIPAMENAK ETA ERREFERENTZIAK

Epailea eta haren borreroa 

Friedrich Dürrenmatt

IDOIA SANTAMARIA

aitzinekoak...

Friedrich Dürrenmatt Suitzako idazlerik ezagunenetako bat dugu, Max Frischekin batera. Dürrenmatt antzezlanek egin dute ezagun batik bat literaturan. Esaterako, Adineko damaren bisita (Der Besuchderalten Dame, 1956) behin eta berriz antzezten da oraindik ere Europako antzoki nagusietan, eta Bertolt Brecht alemaniar dramaturgo ospetsuaren lanekin alderatu izan dira Dürrenmaten antzezlanak. Baina, antzerkiaz gainera, beste genero askotako lanak ere idatzi zituen Dürrenmattek: besteak beste, nobela beltzak, saiakerak, kritikak eta istorio laburrak.

​

Nobela beltzari dagokionez, Epailea eta haren borreroa da (Der Richterund sein Henker, 1952) da Dürremattek idatzi zituen hiru nobela beltz ezagunenen arteko lehenengoa. Familiaren diru-premiak bultzaturik, enkarguz idatzitako lan bat da, liburu gisa argitaratu aurretik Suitzako Der Schweizerische Beobachter egunkarian atalka argitaratu zena, eta arrakasta handia eta berehalakoa lortu zuena.

​

Liburuko pertsonaia nagusia Bärlach komisarioa da, 60 urteko polizia eszeptiko eta buruargia. Nobela beltz asko bezala, hilotz batekin hasten da hau ere. Baina badu ezaugarri bat nobela beltz ohikoetatik bereizten duena: ustez istorio nagusia dirudienari —hilketa bera eta hilketa argitzeko prozesua— beste istorio aztoragarriago batek hartzen dio gaina nobelak aurrera egin ahala, eta Dürrenmattek maisuki harrapatzen du irakurlea bilbe horretan.

​

Suitzan gertatzen dira, 1948ko azaroaren 3tik 8ra bitartean, nobelako pasadizo guztiak; zehazki, Bieleko aintziraren inguruko herrixketan eta Berna hirian. Landa-ingurunean murgiltzen du Dürrenmattek irakurlea, eta herri txikiz zipriztindutako bazter idiliko bateko bizimodu askotan ez hain idilikoari buruzko zertzeladak ematen ditu. Errealitatetik bere horretan hartuak dira liburuan agertzen diren herri-izenak eta mendi, hiri, ibai eta errepideen deskribapenak. Izan ere, liburua idatzi zuen garaian, inguru horretantxe bizi zen Dürrenmatt, nobelan aipatzen den Ligerz herrian.

​

Liburu honetan, eta Dürrenmatten besteetan ere bai, nabarmena da Suitzari eta, bereziki, haren ustezko neutraltasun politikoari egiten zaion kritika, ironiaz betea beti. Bestalde, aintzat hartu behar da Dürrenmattek Epailea eta haren borreroa idatzi zuenean urte gutxi joanak zirela Bigarren Mundu Gerra amaituz geroztik. Nahiz eta Alemania, iragana atzean utzi nahian, «mirari ekonomiko»aren garaian murgilduta zegoen, handia zen oraindik ere erregimen naziaren oihartzuna, eta hari buruzko aipamenak tartekatzen ditu Dürrenmattek han-hemen liburuan. Bestalde, ongiaren eta gaizkiaren arteko talka eta bien arteko muga lausoa maiz agertzen da nobela beltzetan. Hemen, baina, muga lauso horretatik askoz harago garamatza Dürrenmattek istorio benetan aztoragarri baten bidez.

​

Itzulpena dela eta, liburuko deskribapen ugariak sinesgarri egitea izan da zailtasun handienetako bat. Deskribapenak arriskutsuak dira maiz itzulpenetan, nahikoa baita adjektibo desegoki bat esaldi batean, deskribatu nahi duzun irudi, eszena edo paisaia bat zurrun eta kartoizko bihurtzeko. Begira zer dioen Anjel Lertxundik adjektiboaz Itzuliz usu begiak liburuko «Izenlaguna ala adjektiboa» atalean:

​

Sarri bai sarri adjektiboek gutxi izaten dute izenaren lagunetik, badakite iseka egiten guk haiengan jarritako gehiegizko konfiantzari. Perpauseko hitz-klaseen zerrendan bera da arriskutsuena, zeren perpausaren osagai guztietatik bera baita subjektiboena, gure gorroto eta gustuen, kemen eta ahulezien berri zuzenena ematen duena. Eta adjektiboa da, halaber, lasterren zahartzen eta iraungitzen dena. Ihartzen da, erortzen eta usteltzen da, eta gure irudimenak forma berriak asmatu behar ditu gure emozioak lore jaio berrien freskotasunaz manifesta daitezen. Izenlagun gisa portatu ordez, adjektibo batek […] badaki izen-etsai bihurtzen; kontakatilu jokatzen; sentimenduaren eta sentimentalkeriaren arteko marra gorria pasatzen; gaur leial eta bihar traidore portatzen; perpausetako lotsagaldua izaten, auzo lotsa emateraino. […] Hizkuntzaren opariak dira […] baina eskarmentuak esaten dit hobe dela distantzia mantentzea adjektiboarekin, sentimenduak kontrolatzea, zuhurra izatea desengaina ez gaitzaten: lagun minenek egiten dute min gehien, izenlagun minenek mintzen dute testu bat garratzenen. Adjektiboa ondo kontrolatzea da estiloaren oina. […] Idazle batentzat zaila da adjektiboen administrazioa, zaila hitz-klasearen bere berezko subjektibotasuna bridatzea. […] Zaila baldin bada norbere hizkuntzako adjektibo baten zirrikitu adierazkor guztiak kontrolatzea, are zailagoa itzuli beharreko testuaren hizkuntzako adjektiboen kontrola.

​

Irakurlearena da hitza orain. Berak esango du zenbateraino zaizkion atsegingarri Suitzako Biel aintzira ingurutik eta Konstantinoplatik ekarritako euri-erauntsi, eguzki-izpi, bihurgune, ardo, pattar eta datilak.

INTERROGATORIOS

DASHIELL HAMMET

 

Jean Patrick Manchette

​

Le Carréren

Nobelagintzaz

​

Itzal bat gauean

Dashiell Hammet

​

¿Hay arboles en Guernica ?

Antonio de Blas

​

Zaldi beltzak zeruan

Txomin Peillen

​

The eye of the beholder

Marc Behm

​

Laidlaw

William McIlvanney

​

Emakumezko heroi eta gorri baten heriotza

Qiu Xialong

​

Aljeriako trilogia

Yasmina Khadra

​

Terroristak

Maj Sjöwall & Per Walhöö

​

El baile ha terminado

Julian Ibañez

​

Batzuk

Donald Westlake

​

Batzuk

Ross Thomas

​

Krimena Kolonakin

Yannis Maris

​

Batzuk

Carlos Zanon

​

Percival Everett.

The trees

​

Booktegi

Argazki

beltzak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page