top of page

LIBURU AIPAMENAK ETA ERREFERENTZIAK

YANNIS MARIS

Krimena Kolonakin

aitzinekoak...

YannisMaris (1916-1979) nobela poliziakoa idatzi zuen kazetari eta idazle greziar bat zen, Yannis Tsirimokos egiazko izenez. Europan ez da batere ezaguna. Alferrik saiatuko zara haren izena aurkitzen Camarasaren edo Lemaitreren hiztegietan. Haren aditzea baldin badugu, Petros Markarisen bidez izan da. Markarisek, Jaritosen sortzaileak, esan zuen elkarrizketa batean Maris dela Greziako nobela poliziakoa sortu zuena. Gaztelaniaz liburu bakarra dauka –edo nik bakarra baino ez dut aurkitu–, Krimena Kolonakin izeneko hau. Valentziako El Nadir ediciones argitaletxeak argitaratu zuen 2011n.Jatorrizkoa 1953koa omen da, hor nonbait.

​

Markarisek dio elkarrizketa horretan Marisek toki okerrean eta garai okerrean idatzi zituela bere liburuak, Grezian nobela poliziakoa gutxietsita zegoelako; bestela, demagun, frantsesez idatzi izan balu, gaur egun mundu guztian izango zela ezaguna. Hamarnaka liburu idatzi omen zituen. Beraz, ez naiz liburu bakar batengatik –estreinakoa, gainera–Maris jaunaren produkzio osoa epaitzeko bezain ergela izango; baina –sentitzen dut esatea– Markarisen komentarioa gehiegizkoa iruditzen zait; besterik ez bada, Maris hasterako frantses hizkuntzak bazuelako bere idazle poliziako kanonikoa, Georges Simenon, Maigret inspektorearekin, zeinengatik ematen baitu edaten dutela Marisek eta hark sortutako Bekas komisarioak.

​

Krimena Kolonakiren trama korrektoa da; baina idatzi zenetik urte asko pasatu dira, eta irakurleak ez gara lehengoak. Honelako liburuetan hamaika ikusi/irakurri ditugu, eta dagoeneko liburuko ezerk ez du inor harritzen, ez ustekabean harrapatzen, ez ezer. Argitaratu zenean tentsioa edukiko zuen eta jakin-mina piztuko zuen, ez dut ukatzen; gaur egun, hurrengo orrialdeetan zer etorriko den aise igartzen da. Atenasi eta Greziari buruzko noizean behinkako apunteek salba zezaketen liburua, ausaz, baina zoritxarrez, urri eskaintzen ditu horrelakoak Marisek. Eta pena bat da, giro sozialari buruzko zerbait apuntatzen duen bakoitzean interesaren maila igotzen baita. Bueno, tira, ez da beti horrela: orduko Grezian emakumearen papera zein zen aski argi uzten du, eta darion matxismoa gure herriko garai kabernarioenetatik datorren ni bezalako bat gorriarazteko modukoa da.

​

Marisen nobela irakurrita, behin baino gehiagotan Hamabost egun Urgainen etorri zait burura, –Ereinek berriki berrargitaratu du Loidiren nobela–, garai beretsukoa baita, eta erreferentzia-mundua –Simenon– oso urruti ibiliko ez delakoan.

​

Laburbilduz, generoa zinez maite duten eta beren erudizio maila igo nahi duten –leitu duzu Maris? Ez duzula leitu Maris!!??– espezialistentzako gomendagarria. Hortik aurrera… Hori bai, nahiago nuke edozein Tsirimokosek gaur Hamabost egun Urgainen grezieraz irakurtzeko aukera edukiko balu, nik Marisen hau gaztelaniaz irakurtzeko eduki dudan bezala.

​

Bizarbeltz Pirata

 

INTERROGATORIOS

DASHIELL HAMMET

​

Jean Patrick Manchette

​

Le Carréren

Nobelagintzaz

​

Itzal bat gauean

Dashiell Hammet

​

¿Hay arboles en Guernica ?

Antonio de Blas

​

Zaldi beltzak zeruan

Txomin Peillen

​

The eye of the beholder

Marc Behm

​

Laidlaw

William McIlvanney

​

Emakumezko heroi eta gorri baten heriotza

Qiu Xialong

​

Aljeriako trilogia

Yasmina Khadra

​

Terroristak

Maj Sjöwall & Per Walhöö

​

El baile ha terminado

Julian Ibañez

​

The hook

Bank Shot The hot rock

Two much

Donald Westlake

​

(Guiso caníbal –Missionary stew-, 1983,

Al borde del pacífico -Out on the rim-, 1987, 

Ross Thomas

Argazki

beltzak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page