top of page

LIBURU AIPAMENAK ETA ERREFERENTZIAK

¿Hay arboles en Guernica ?

Antonio de Blas

Jucar,1987

​

aitzinekoak...

     Noizen behin arkeologia pixka bat egin eta iraganeko tituluak aztertzen ditugunez gero (Marc Behmen “Behatzailearen begirada” izenburukoarekin egin genuen bezala), gaur Antono de Blasen ¿Hay arboles en Guernica? (Ba al da arbolarik Gernikan?)  aipatuko dugu.

​

     De Blas Burgosko Roa herrian jaiotako kazetari bat zen, 42an jaioa, duela urte eskas hil dena, eta Asturiasen bizi zena. Esan behar da Burgosen txiripaz jaio omen zela, txiripaz edo, bestela esanda, bere aitaren ofizioaren ondorioz, guardia zibila baitzen, eta han baitzegoen destinatua.

​

     Liburu honen bitxikeria, eta hona ekartzeko arrazoia, da oso-osorik Bizkaiko kostaldean gertatzen dela, batez ere Lekeition, baina baita Ea, Elantxobe, Ondarru eta Bilbon ere. Beraz, ez pentsatu, baztandar harrook, Baztan izan dela, Dolores Redondo mediante, nobela beltz espainiarraren lehen agertokia, ez; aurretik dago Bizkaiko kostaldea.

     Liburu honek ez zituela lortu Redondorenek lortu dituzten ospea, salmenta-zifrak eta entzutea, hori begi-bistakoa da. Zergatik? Uff, hori… Nik baneki… Baina esan dezadan (Redondorenak ez ditudala ezagutzen aitortu eta gero), nire ustez badela liburuaren aurka jokatu zuen faktore bat. Bat, gutxienez. Bat, batez ere. 

​

Ikus dezagun:

​

     Tramaren aldetik, liburua txukuna da; gertatzen den jokaldia ongi azalduta dago, eta ustekabez beterikoa izan gabe ere, bere intriga dosia dauka, baina argia, arina eta eraginkorra da.

​

     Lekeitioren deskribapena –deskribapen geografikoaz ari naiz– ongi eginda dago; alde horretatik, ikusten da egileak txikito batzuk hartu zituela bertan, liburuaren aitzakian (edo hainbeste txikito hartu eta gero liburua idazteko gogoa etorri zitzaiola).

​

     Lekeitioren deskribapen humanoari dagokionez, gauza bat aitortuko dizut; zuri, irakurle, eta niri, putapenikoak irudituko zaizkigu; ordea, publiko espainiarrari begira, oso egokia behar du izan, topiko ia guztiak betetzen dituelako (euskaldun basati-kazurroak, beren hizkuntza arraro horretan hitz egiten enpeinatzen direnetakoak, hatxebero fanatiko-analfabetoak, etc). Euskadin larrua jotzen ez delako topikoa izango da, segurutik, betetzen ez den bakarretakoa, baina hori, kasu honetan, euskaldunen ohitura sexualei baino, protagonistaren enkanto irresistibleei egotzi behar zaie.

​

     Badira, baita ere, “behar bezalako euskaldunen” nolabaiteko nostalgia baten ukituak (badakizue: arrantzale heroiko haiek, bai nobleak eta onak, horiek bai, eta ez oraingo etar asesino kobarde nazkagarri eta EAJko kapitalista igualmente nazkagarri hauek).

​

     Protagonista, Silveiro Garcia, detektibea da eta gorria izandakoa da, baina azkenean, gogoz kontra bada ere, guardia zibilen besoetara botatzen du bere burua, Guardia Zibila baita azkenean irabazlea (Burgosko herrixka hartako Kasakuartelean pasatako haurtzaro baten aztarna?).

​

     Pertsonaiak oso eskematikoak eta planoak dira, baina hori, liburu batek arrakasta izateko (zer nolako liburuaz eta zer nolako arrakastaz ari garen), akatsa baino, bertutea dela esango nuke, arintasunez irabazten delako.

Orduan? Arina bada, dekoratua aski ongi adierazita badago, abertzaleak subnormal batzuk badira, eta guardia zibilak triunfatzen badu, orduan, non dago arazoa, zerk egiten du huts?

​

     Ba… nire ustez, guztiarekin ere, arazoa da egileak ez dituela etarrak aski kondenatzen, ezta orduan kondenatu behar ziren bezala eta kondenatu behar ziren hitzekin ere. Pentsa, ibili-ibilian, azkenean nobelako kapitalista gaiztoagoa da etarrak baino. Hori, batetik. Eta bestetik, egileak ez dauka oztoporik, ezta ere, behi sakratu batzuen aurkako harrikada gogorrak botatzeko, esaten duenean bezala (adibide bat baino ez), Savater zaletu dela hipikarekin konturatu delako zaldi gainean paratuta altuagoa ematen duela.

Hitz batez, mundu guztiarekin gaizki gelditzeko trebezia zeukan elementu baten liburuxka bat.

​

     Irakurri edo ez, zuek ikusi. Bitxikeria arkeologiko moduan, tira… Liburutegi publiko gutxi batzuetan aurkituko duzue. Irakurtzeak ez dizue denbora askorik kenduko, hori bai.

​

​

​

​

​

​

BIZARBELTZ PIRATA

 

 

INTERROGATORIOS

DASHIELL HAMMET

​

​

Jean Patrick Manchette

​

Le Carréren

Nobelagintzaz

​

Itzal bat gauean

Dashiell Hammet

 

Argazki

beltzak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page