Ross Thomas 1926an jaio zen, Oklahoman, eta 1995 urtean hil, Kalifornian. Hogeita bost nobela argitaratu zituen, horietako bost Oliver Bleeck ezizenarekin. Horietaz aparte, fikziozkoak ez ziren liburu batzuk ere argitaratu zituen.
Ameriketan aski idazle ospetsu izan omen zen. Gaztelaniaz ez da batere ezaguna. Paco Taibo II.ak –nola ez– ekarri zuen gaztelaniara, Jucar argitaletxe ospetsuan. Alferrik bilatuko duzu euskal wikipedian edo gaztelaniazkoan: ez dago. Ingelesezkoan bai, badauka artikulu bat. Are gehiago, Paco Camarasaren Sangre en los estantes-en (gazteleraz beltzean argitaratu denaren egiazko vademecum-a) ere ez da haren aipurik.
Nik pista harrapatu nion Manchetteren La Princesse du sang irakurri nuenean. La Princesse… Manchettek amaitu gabe utzi zuen nobela bat da (amaitu gabe hil zelako; gaztelaniaz ez dago). Nobela horren hitzaurrean, Manchetteren semeak kontatzen du bi idazleak 1988an ezagutu zutela elkar, adiskidetu egin zirela eta, horren ondorioz, Manchettek Rossen bizpahiru nobela itzuli eta Frantzian argitaratzea lortu zuela. Manchetteren semeak aitortzen du Thomas irakurri ondoren, Patrick Manchette idazleak (aitak) aurkitu zuela bere obra aurrera bultzatzeko bide bat; izan ere, La Princesse du sang delakoari ekin baino lehen, Manchettek ez zuen ezer argitaratzen La Position du tireur couché nobelatik, eta nobela hartan aski nabarmen geratzen da Manchettek jada ez zuela sinesten nobela klase horietan (La Position du tireur couché nobela eder baino esajeratu samar bat da, une batzuetan oso-oso ona, baina azken kapituluan Manchettek, nolabait –eta nahita, noski– “apurtu” egiten duena).
Bon, Ross Thomas irakurri ondoren, zentzu betea hartzen du Manchetteren La Princesse du sang horrek. Ikusi egiten da zein zen Manchettek hartu nahi zuen bidea.
Ross Thomasen bi nobela hauek irakurtzeak goxatu dit azken udazkena. Thomasek nazioarteko politikaren txoko ezkutuetan egosten diren negozioak eta txapuzak eta egiten diren txandrioak kontatzen dizkigu, eta badaki zertaz hitz egiten duen. Bere bizitzan kazetaria, Estatu Batuetako administrazioko maila ertaineko langilea, sindikatu baten eta GKE batzuen bozeramaile, edo prentsa arduraduna, edo horrelako zerbait izan omen zen. Roger L. Simon delako batek Guiso caníbal-en hitzaurrean esaten duen bezala, “espioien jarduera klasikoak, nahiz eta ez dudan inoiz jakingo bera inoiz espioia izan ote zen; ez nuen aurrez aurre galdetzeko kemenik eduki”.
Thomasen liburuak dibertigarriak dira. Elkarrizketen txinparta, erritmoa eta ironia gozatu hutsak dira. Guiso Canibalen laugarren kapituluak, esaterako, zeinean bi lagunen arteko elkarrizketa batean CIAk bere agenteei tapaderak eman ahal izateko erabiltzen duen modus operandi-a deskribatzen baita, liburu osoa justifikatzen du. Are, generoaren maisulan bat dela esango nuke. Maisulan hitza erabili dudala, horrek ekarri dit burura Chandler… Ross Thomas ere, Chandlerren gisa, poeta zalea eta kultua zen, Al borde del pacífico-n (Out on the rim) ikusten den bezala, non Kipling, Browning, Auden… aipatzen baititu. Munduko gatazkak eta konfliktoak aintzat hartzen dituelarik ez ditu euskaldunak ahaztu (Al borde del pacífico horren esandako edizioaren 30. orrian ikusten denez). Egia da tramak konplikatu samarrak direla, eta galtzeko arriskua dagoela, baina atentzioz aztertzen badira, ikusten da aski sendoak direla eta ez duela efektismo errazari kontzesio gehiegi egiten.
Azkenik, inork ez dezala pentsa Thomas Le Carré denik, ez. Tonuak eta paisaiak guztiz desberdinak dira. Le Carréren giroak ilunak dira. Thomasenak, aldiz, eguzkitsuak, gertatzen diren eszenatokiekin bat (Filipinas, Hegoamerika, Afrika…). Filipinasen gertatzen den Al borde del pacífico nobelako pertsonaia nagusietako bik Sandokan eta Yañez ekarri didate gogora, eta horrek eraman nau pentsatzera abentura-nobela bat dela azken finean. Nazioarteko politikaren xake-taulan gertatzen diren abenturak.
Ohar bat itzulpenari buruz. Nik esango nuke orokorrean aski ongi daudela, baina… Tarteka inkoherentziak edo zentzu handiegirik gabeko gauzak atzematen dira, eta batek ez du inoiz jakiten itzulpenari egotzi behar zaizkion, edo… Gutxi batzuetan, hutsak nabarmen samarrak dira. Guiso caníbal-en, esaterako: “A la luz observó que el edificio de apartamentos era de madera de secuoya y guijarros, materiales que podían arder facilmente en cuanto alguno de los incendios que asolan con frecuencia la montaña de Santa Monica saltaban la autopista” (Argitan ikusi zuen apartamentuen eraikina sekuoia eta harri-koskorrez egina zela. Material horiek erraz su har zezaketen Santa Monica mendia maiz astintzen zuten suteetako batek autobidera saltatzen zuenean”) Harrikoskorrak su hartu?? Kalifornian bai, antza.
Liburuok irakurtzeko gogoa badaukazue, nire gomendioa da hurrenkera kronologikoa segitzea: lehena, Guiso caníbal, eta gero Al bor del pacífico. Baina ez da oso garrantzizkoa.
Horra Ross Thomas, alderdi hauetan ia inork ezagutzen ez duen idazle on eta interesgarri bat. Zergatik izango ote da…
​
​
Bizarbeltz Pirata
INTERROGATORIOS
​
Jean Patrick Manchette
​
Le Carréren
​
Itzal bat gauean
​
¿Hay arboles en Guernica ?
​
Zaldi beltzak zeruan
​
The eye of the beholder
​
Laidlaw
​
Emakumezko heroi eta gorri baten heriotza
​
Aljeriako trilogia
​
Terroristak
​
El baile ha terminado
​
The hook
Bank Shot The hot rock
Two much
​
​
​
​