Joseba Sarrionandiak bere hitzaurre beti jakingarrian esaten duen bezala, Txomin Peillen (Paris, 1932) idazle-orkestra bat da. Etnologiaz, hizkuntzez, umoreaz (eta umorez), fantastikoaz, politikaz, erotismoaz idatzi du. Dena zen beharrezkoa, dena behar zuen euskarak. Polizia nobelak ere bai, jakina.
​
Duela mende erdi bat baino gehiago argitaratutako Gauaz ibiltzen dena da, preseski, Zaldi beltzak zeruan liburuaren abiapuntua edo aitzakia. Liburu hartako hiru kapituluri Peillenek beste une batzuetan egindako narrazio beltz batzuk gaineratu zaizkie. Dena (H)ilbeltzaren antolatzaileek bildu eta Pamiela etxeak argitaratu du.
​
Egin dezagun begiratu arin eta azaleko bat, ikusteko zein zen euskal literaturaren egoera Gauaz ibiltzen dena atera zenean (1967an atera zen, nahiz, berez, 1964an idatzia izan): euskara batua sortu gabe zegoen, gerra aurreko belaunaldia ia desagerturik zen, hiru urte falta ziren Mirandek Haur Besoetakoa argitaraturik ikusi ahal izateko (idatzita baitzeukan ordurako, baina inork ez baitzuen atera nahi, gaia zela-eta) eta bost bere buruaz beste egin zezan, bost urte luze ziren Yon Etxaidek bere azken lana argitaratu zuenetik, Martin Ugalderen Iltzaileak lanak sei urte zituen, eta Caracasen argitaratua zen; urte hartako Egan aldizkarian –orduko euskal literaturaren termometroa, egiaz–, Villasantek Axularri buruz idatzi zuen, Ibon Sarasolak poema batzuk argitaratu, Mitxelenak Andima Ibiñagabeitiaren obituarioa egin –Andima, euskal prosisten sustatzaile sutsua–, eta Juan San Martinek, Andimaren lekukoa hartu nahi izan balu bezala, kritika hiperlabur bat egin zion Peillenen Gauza Ibiltzen Dana liburuari, hitz hauekin amaitzen zena: “Ikusten da Peillenek baduela doairik aski nobelagintzarako. Ta euskal literaturan horren premia handia dago”.
​
Horixe zen panorama. Guztiz prekarioa. Bizirautea zen xedea.
​
Handik bi urtera Saizarbitoriak Egunero hasten delako atera zuen, eta hortik aurrera Lertxundi, Irigoien, Atxaga, Izagirre, Sarri etorri ziren. Eta gero, gainerako guztiak (baita gure aldeanismo idiosinkratikoa aldea globalaren aldea nagusira, hots, New Yorkera, eraman zutenak ere).
​
Esan nahi dudana da ezin daitekeela Peillenen liburu baten kritika bat egin hau guztia gogoratu gabe. Hau da, jokatu behar izan zuen paper historikoa (belaunaldien arteko lokarria, literaturaren autonomiaren erreibindikazioa, euskara batua sortu beharra, liburuak idatzi eta produzitu beharra aurkako giro hitsean, edotariko gaiak jorratu beharraren aldarria…) kontuan hartu gabe.
​
Barkatuko zait hala esatea, orduko edozein testuri gaurko aparato kritikoa aplikatzea Tuthankamonen momiari erresonantzia magnetiko bat egitea bezalakoa litzateke.
​
Eta hala ere, egia da, San Martinek esaten zuen bezala, Peillenek nobelarako doaiak dituelakoa iristen zaiola gaurko irakurleari ere. Narratzaile bizia eta erritmo handikoa da, eta hori, lehenengo Gauaz ibiltzen dana liburuaren hiru kapituluetan izan ezik, ondoren datozen ipuinetan ere ongi ikusten da (Aldjezairia askatuta liburuan ere erakutsi zuen bezala). Idazle bizia, batez ere ekintza-eszenak emateko oso gaitua.
​
Apunte etnografiko-linguistikoek kontakizunak edertzen eta janzten dituzte (etxegaraia zer den azaltzen duenean bezala, esaterako).
​
Bestalde, ipuinotan ematen dituen gaiak ere (infantizidioak, desagertze kasuak eta beste), benetan latzak iruditu zaizkit; egiazko gertaerak, egiazko gertaeretan oinarrituak, eta gero ahoz ahoko transmisioak puntu bateraino desitxuratuak?
​
Lastima ez duen horietako batzuen inguruan derrigor korapilatu beharko luketen sentimenduen eta zirkunstantzien matazan gehiago arakatzen; baina segurutik, amaitu orduko beste proiektu premiazko bat edukiko zuen gure Dominikak ate joka.
​
Beste instrumentu bat jo beharra, alegia.
​
​
​
Jon Alonso
INTERROGATORIOS
​
​
Jean Patrick Manchette
​
Le Carréren
​
Itzal bat gauean
​
​
¿Hay arboles en Guernica ?