top of page

LIBURU AIPAMENAK ETA ERREFERENTZIAK

THE EYE OF THE BEHOLDER, “Behatzailearen begia”

MARC BEHM,1980

​

​

aitzinekoak...

      Ez duzula sekula entzun idazlearen izen hori –Marc Behm–, eta are gutxiago “Behatzailearen begia” izeneko nobela  batena? Bada, oso gaizki zabiltza, adiskide, baldin eta hortik zehar nobela beltzaren zale amorratua zarela esaten baduzu, harro. Zergatik? Bada, gutxi batzuk, minoria eskisito bateko partaideak, hortik zehar ari direlako handiago nork botako, nobela hau generoaren bost nobela onenen artean dagoela, Behm Hammet edo beste edozeinen mailan dagoela, nobela guztiz asaldatzailea eta apurtzailea dela, ezinbestekoa dela, harribitxi bat dela, eta halako beste batzuk. Ia inork ezagutzen ez dituen arren, nobela eta idazlea.

Alegia, Behm kultuzko autorea da, eta Behatzailearen begia, generoaren barruko kultuzko nobela. Kultuzkoa izatearen fenomeno hau beti gertatzen dira, lehenago edo geroago, nobela beltza bezala, oso zabalduta dauden eta publiko askoren arreta jasotzen duten produktuekin. Eta segurutik ona da hala gertatzea. Bestela, nola bereiztuko zara, zu bezala, nobela beltzaren zale eta irakurle amorratua dela esaten duen beste morroi batengandik?

​

      Behm amerikarra zen, antza ez oso mediatikoa eta aski berandu publikatzen hasia. Bigarren munduko gerran aritu zen, eta Frantziara bizitzera joan zen. Frantziako emakume batekin ezkondu eta han hil zen. Idazlea izan baino lehen aktore-lanen bat egin omen zuen, eta Hollywoodeko gidoiren bat edo beste ere bai, tartean Charada film aski ezagunarena, edo Richard Lesterren Help Beatlesen filmarena ere bai.

​

      Gaztelaniaz argitaratuta dago Paco Taibo II.a idazlea eta Jucar argitaletxeko Etiqueta Negra bildumako zuzendaria enpeinatu zelako. Gero RBA argitaletxeak berriz argitaratu du, duela ez hainbeste, eta hauxe izango da, noski, errazen eskuratzen ahal den edizioa.

​

      Nobelaren argumentua guztiz topikoa da: zapata denda kate baten jabe den bikoteak detektibe bat kontratatzen du –Begia, alegia–, beren semearekin ezkontzekotan dagoen emakumeari buruzko informazioa jaso dezan. Abiapuntu arrunt horrek, ordea, oso egoera, paisai eta eszena bitxi eta ustekabe samarretara eramango gaitu.

​

      Eta, hainbesterako al da? Ez. Ez dakit. Ez dut uste. Hasteko, dauzkan 37 urteek beren pisua badute. Baina bestalde, egia da nobelak baduela zerbait, eta itxurazko sinpletasunaren azpitik, bigarren irakurketarako edo bigarren interpretazio baterako bidea ematen duela, eta zerbait transmititzen duela. Eta hori ez da hain ohikoa, ez eta hain erraz lortzen den helburua ere.

Argumentuaz, tramaz eta gertaerez ez dut ezer esango, pistarik ez emateko. Jakin nahi duenak irakurtzea dauka.

​

      Beraz, adi, nobela beltzaren zale amorratu hori: nobela E-ZIN-BES-TE-KO baten aurrean zaude: nobela irakurri ez duten beltzale guztiei –gehien-gehienei, alegia– gehiagotasunaz eta goitik behera begiratzeko ezinbestekoa. Gero ez etorri kexatzera. Nik abisatu egin zaituztet.

​

​

Bizarbeltz pirata

 

 

INTERROGATORIOS

DASHIELL HAMMET

​

​

Jean Patrick Manchette

​

Le Carréren

Nobelagintzaz

​

Itzal bat gauean

Dashiell Hammet

​

​

¿Hay arboles en Guernica ?

Antonio de Blas

​

Zaldi beltzak zeruan

Txomin Peillen

Argazki

beltzak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page