LIBURU AIPAMENAK ETA ERREFERENTZIAK
EL BAILE HA TERMINADO
( Julian Ibañez )
Roca Editorial, Barcelona,2009
​
​
Paco Camarasa zenak hil baino lehen utzi zigun nobela beltzaren "vademecum"ean, esaten da Julian Ibañez (Santander, 1940) "kultuzko idazlea" dela. Inoren gainean "kultuzko idazlea" (edo zine zuzendaria, edo kantaria, edo musikaria, edo artista, orokorrean) esaten denean, malo. Esan nahi izaten da gizajoa arrakastarik eduki ez duen frakasatu bat dela, baina beren ofizio kideek (arrakasta eduki dutenek-eta) sinpatia hartu diotela, edo lastima, edo, orokorrean, bere adiskideak direla, eta konturatzen direla beroriek ere “kultuzkoa” dagoen egoera miserablean egon litezkeela, zorteak, edo lagunak aukeratzeko abildadeak, edo zirkunstantziek, lagundu izan ez baliete. Alegia, beren burua ezagutzen dute gizajo horrengan, eta bere alde zerbait on esatera behartuta daudela iruditzen zaie.
Familiarik onenetan gertatzen da (jakingo ez dut ba!).
Azak ontzeko, Camarasak biribiltzen du esanez Ibañezek ez diola sekula argitaratzeari utzi, baina aldiz, sekula ez duela pitorik saldu.
Liburu honekin “LH Confidencial Saria" lortu zuen, 2009. urtean, bederen. Hasierako planteamendua erakargarria da: kidego berezi bateko polizia bat Bilbora bidaltzen dute, neska gazte bati jarraitzeko, jakin gabe zergatik edo zertarako (alegia, bere buruek agindua ematen diote azalpenik eman gabe). Bilbon dagoela, berehala jartzen dizkiote bi ertzain (emakumea bata, gizona bestea) bere zerbitzura.
​
​
Poliziak neskaren atzetik pasatzen ditu, demagun, lehenengo 30 orriak, eta hainbestean; baina liburua aurrera ahala, orriak eta orriak pasatzen dira eta egoera ez da aldatzen, eta irakurlea hasten da aspertzen.
Jarraipen luze eta aspergarri hori goxatzeko, ertzainekiko harremana daukagu; emakumezkoa ez da indiferentea kanpotik etorritako polizia segail eta azkarraren xarmen aurrean, baina ertzain gizonezkoak –nork daki horregatik beragatik ote den– ezin du ikusi. Gainera, zoritxarrez, polizia madrildarrak aurkitu ditu euren artean euskaraz hitz egiten omen duten munduko ertzain bakarrak, eta ezin eramana zaio, harik eta (77. orrian gaude), zera esaten dion arte ertzain gizonezkoari: Tú y yo no necesitamos intérprete. No vuelvas a dirigirte a mí en una lengua que yo no entienda.
Zeina baita “Háblame en cristiano” famatuaren azken (edo azkenetako) bertsioa.
​
​
Gertaera honek gogor kaltetzen du liburuaren sinesgarritasuna: denek sinesten dugu madrildarraren erantzuna; ordea sinestezina zaigu ertzain batek Madrilgo polizia bati euskaraz zuzentzea, jelosiak jota izanik ere.
Bestalde, polizia honek ohitura handia du, handiegia nire ustez, bere polizia karneta erakusteko. Hainbeste aldiz erakusten du nobelan zehar, ze errealitatean polizia batek hori egingo balu, astebeteko epean Bilboko umeek ere ezagutuko bailukete. Arreta deitzen duen beste ezaugarri bat da zein erraz aparkatzen duen. Jarraipen gehienak autoz egiten ditu, baina Bilbo, Bilbo Handia eta inguruko herri guztietan dabilelarik (jendez eta autoz mukuru egon ohi direnak, dakigunez), di-da aparkatzen du inolako arazorik gabe (eta arazorik suertatuz gero polizia karneta erakusten du, eta aire).
Liburua finitzeko orri gutxi falta direnean, argitzen da polizia madrildarra zergatik bidali duten jarraipen luze horretara; ordurako irakurleari berdin zaio arrazoia (esna badago, bederen).
​
​
​
Bizarbeltz pirata
aitzinekoak...
INTERROGATORIOS
​
​
Jean Patrick Manchette
​
Le Carréren
​
Itzal bat gauean
​
​
¿Hay arboles en Guernica ?
​
Zaldi beltzak zeruan
​
The eye of the beholder
​
Laidlaw
​
Emakumezko heroi eta gorri baten heriotza
​
​
Aljeriako trilogia
​
Terroristak
​
El baile ha terminado