top of page

LIBURU AIPAMENAK ETA ERREFERENTZIAK

ALJERIAKO TRILOGIA 

Yasmina Khadra

​

​

  

    Yasmina Khadra Aljeriako Armadako ofizial baten ezizena da. Haren egiazko izena Mohammed Moulesshoul da. Antza denez, Armadan izanda jasaten zuen zentsura saihesteko hasi zen ezizenez idazten, eta aski ezagun egin eta gero, Aljeriako Armada utzi, Frantziara bizitzera joan eta  bere egiazko nortasuna zein zen aitortu zuen. Hala ere, harrez gero Yasmina Khadra izenarekin segitzen du argitaratzen.

​

    Aljeriako trilogiarengatik (Morituri, Zuri bikoitza eta Kimeren udazkena, 1997an eta 1998an argitaratuak) da ezaguna. Esan behar da frantsesez idazten duela, eta ez arabieraz. Horrek kritikak eta polemikak ekarri omen dizkio. Kolonizatzaileen hizkuntzan idazten duten idazle afrikarren kontu zaharra, badakizue. Berak oso modu bitxian azaltzen du: bere arabierazko irakasleak desanimatu egiten zuen, gaizki idazten zuela esanez; aldiz, frantseseko irakasleak animatu egiten zuen. Hori dela-eta, frantsesez idaztea erabaki omen zuen.

​

    Hori noraino izan egia, edo aitzakiatzat erabilitako egiatxoa, nik ez jakin; baina zer pentsatua ematen du, ezta?

​

    Bestalde, ezagutuko genuke Khadra arabieraz idatzi izan balu? Horren erantzuna badakigu. Eta egilea Frantzian bizi da, lehen ere esan dugun bezala.

​

    Trilogiari dagokionez, esan behar da “nobela beltzaren” eskema erabiltzen duela. Aljeriako Poliziako Llob komisarioa da protagonista, Lino bere laguntzailearekin eta, bigarrenetik Aurrera, Edwig bigarren laguntzailearekin.

​

    Zaila da nobelei buruzko iritzi bat ematea Aljeriako historiaz ezer jakin gabe. Gogoratu behar da Aljeriak 62an lortu zuela independentzia Frantziatik, Pontecorvok zineman kontatu zigun FLNko militanteek irabazi zuten “Aljeriako bataila” loriotsua eta gero. Horren ondoren Ben Bella lehendakariak herrialdea sozialismorantz eraman zuen. 65ean Boumediennek kendu zuen Ben Bella, eta sozialismoaren aldeko joera areagotu. Alderdi bakarreko sozialismoa zen hura. 88an alderdi politikoak legeztatu ziren, eta 91n FISeko islamistek irabazi zituzten hauteskundeak. Akabo, ordutik gerra zibila hasi zen, islamistak ez zirenek ez zituztelako emaitzak onartu.

​

    Gerra giro horretan daude kokatuta Khadraren nobelak. Horregatik gordinak dira. Mota guztietako bortxakeria, tortura eta gertaera indarkeriazkoak ugariak dira.

​

    Khadrak, FLNko militantea izandakoa berau frantziarren aurkakoan, aski tesi politiko argia ematen digu: lehenagokoa itxurazko sozialismoa baino ez zen izan; haren abaroan elite bat ikaragarri aberastu zen, eta elitek horrek berak puztu du islamismoa, iskanbila horren erdian are aberatsago bihurtu direlako.

Aski argia eta aski sinplea, ez duelako ukitzen beste hainbat arazo: Kabiliako amazig baztertuak, islamisten beren arteko borrokak…

​

    Llob komisarioa da benetan “ona” eta justua den bakarra.

Liburuak aise irakurtzen dira, erritmoa daukate. Batetik bestera garapen bat dago pertsonaietan eta historietan, eta horri esker hobetzen doaz (niri lehena iruditu zitzaidan eskasena).

​

Gero Khadraren beste liburu bat irakurri dut, Atentatua (2005ekoa, oker ez banaiz), eta genero beltzetik aparteko bada ere, gehiago gustatu zitzaidan.

​

​

​

Bizarbeltz pirata

 

 

aitzinekoak...

INTERROGATORIOS

DASHIELL HAMMET

​

​

Jean Patrick Manchette

​

Le Carréren

Nobelagintzaz

​

Itzal bat gauean

Dashiell Hammet

​

​

¿Hay arboles en Guernica ?

Antonio de Blas

​

Zaldi beltzak zeruan

Txomin Peillen

​

The eye of the beholder

Marc Behm

​

Laidlaw

William McIlvanney

​

Emakumezko heroi eta gorri baten heriotza

Qiu Xialong

Argazki

beltzak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page