LIBURU AIPAMENAK ETA ERREFERENTZIAK
TERRORISTAK
( Maj Sjöwall & Per Walhöö )
Los terroristas, RBA ediciones, 2013
​
​
Hil berri da Maj Sjöwall, 85 urterekin, duela hilabete bat. Nor zen Maj Sjöwall? Suediako emakume bat, idazlea eta itzultzailea. 1962. urtean, hor nonbait, Per Walhöö izeneko beste idazle bat ezagutu zuen, suediarra bera ere. Bikote osatu ez ezik, hamar liburu idatzi zituzten elkarrekin ordutik 1975era arte, (Walhöö hil zen urtera arte). Liburuek Martin Beck inspektorea dute protagonista, eta kritika, irakurle eta are idazle guztiek esaten dute, aho batez, bi hauek direla Europako iparreko herrialdeetatik –Suediatik bereziki– datorren nobela beltzaren gurasoak.
​
Gurasoak izanagatik lehenago ezagutu ditugu beren seme-alabak (Larsson eta konpainia) haiek baino. Beren nobelen gaztelaniazko itzulpenak aski berantiarrak dira eta, hasieran behintzat, ingelesetik itzuliak. Konparazione, “Terroristak” hau 1975ekoa da, eta itzulpena 2013koa. Ordurako Walhöök 38 urte zeramatzan lurpean.
​
Biak marxistak ziren, Suediako Alderdi Komunistakoak, eta beren nobelagintzaren bidez Suediako ongizatearen mitoa birrintzen dute, zeren, berek esaten zutenez, beren nobelagintza “bisturi bat bezalakoa da, ideologia pobretu baten sabela irekitzeko eta ongizate gezurrezko baten moral burgesa badaezpadakoa erakusteko”.
​
“Terroristak” honetan bi istorio kontatzen zaizkigu, egia esan uztarketa-puntu handirik gabeak, pertsonaia batzuek biak bizitzen dituztela ez bada (bereziki Martin Beck protagonista): bizi den gizartearen morala ulertzen ez duen neska gazte eta inadaptatu baten gorabehera, eta, bereziki –horixe baita fikzioaren hari nagusia–, Estatu Batuetako senatari batek Suedian zehar egin behar duen bidaia baten kontua, zeinean –Martin Beckek eta bere kideek badakite– talde terrorista batek atentatu bat egin behar baitu aipatu senatariaren aurka. Talde terrorista horren motibazioaz edo ideologiaz ez zaigu ezer esaten. Ezkerrekoak dira? Eskuinekoak? Zer helburu lortu nahi dituzte? Ezer ez. Krimenaren multinazional bat bezalakoak dira, antza, atentatuak kirola balitz bezala egiten dituztenak.
​
Izan ere, hori aitzakia bat baizik ez baita Sjöwallek eta Walöök Suediaz pentsatzen dutena esateko. Hor bai, hor gogotik saiatzen dira, oso emaitza onekin gainera: poliziak ustelak, lotsagabeak eta inutilak dira; funtzionarioak orokorrean, alferrak eta ergelak; konstruktoreak, lapurrak eta dirugoseak; Armada amerikanoen aurrean belaunikatzen eta ezkertiarrak jazartzen eta espiatzen aritzen da; Estokolmo prostitutez, trafikanteez eta droga mendekoez beteta dago… eta segi. Alegia, Suedian ere txakurrak oinutsik, toki guztietan bezala. Bete nitzake hamaika orri mitoaren dekonstruitzen dituen aipuekin. Bihoa bat, denen laburpen moduan: “Honen guztiaren atzean, bere buruari sozialdemokrata izena ematen zion alderdi batek gobernatzen zuen, zeina, urteak pasata, ez baitzen ez sozialista eta ez demokratikoa, ez eta inoiz batean izan zen neurri txikian ere; izan ere, izen hori ke-errezela bat zen, gero eta meharragoa, botere estatal kapitalista bat ezkutatzeko”.
​
Norbaitek, hemen –eta arrazoi handiagorekin– gaur egun halakorik botako balu, segituan desagertuko litzateke panorama editorialetik (hori argitaratzea lortuz gero). Gero beharbada kartzelara eramango zuten. Igual horregatik pasatu dira 38 urte liburua ezagutu dugun arte.
​
Eta, jakina, 38 urte urte asko dira, baita liburu gehienentzat ere. Terroristak, gaur egun, irakurtzen ahal da neke handirik gabe eta aspertu gabe, baina segurutik nabariago zaizkio ajeak argia lehen aldiz ikusi zuenean baino.
​
Sjöwallek beste liburu batzuk egin zituen Walhöö hil eta gero. Horietako bat, “Greta Garboren antza zeukan emakumea", beharbada ezagun egingo zaizue.
​
​
​
​
​
​
Bizarbeltz pirata
aitzinekoak...
INTERROGATORIOS
​
​
Jean Patrick Manchette
​
Le Carréren
​
Itzal bat gauean
​
​
¿Hay arboles en Guernica ?
​
Zaldi beltzak zeruan
​
The eye of the beholder
​
Laidlaw
​
Emakumezko heroi eta gorri baten heriotza
​
​
Aljeriako trilogia