top of page

ELKARRIZKETAK

Patxi

Larrion

Patxi Larrion

​

Patxi Larrion idazlea izan da gurekin Arizkunen, bere liburuari buruz hizketan. Hauek hartu dizkiogu.

 

Zinea eta Urbasa

69an aitak erosi zuen auto bat, “850 especial” bat. Gu Bergaran jaioak gara, jatorriz Etxabarrikoak izan arren, aita hara joan zelako lanera. Urbasa ia astero zeharkatzen genuen, Bergaratik Etxabarrira, eta buelta, egiten genuenean. Urbasan Patton filma grabatu zuten, liburuan garrantzia duena. Ni horretaz zerbait gogoratzen naiz, baina gehiago gogoratzen naiz Hiru mosketariak edo Robin eta Marian filmen gainean. Kontua da filmak egiten zirela Urbasan, eta beti lotu izan ditut Urbasa eta zinea. Patton 69an errodatu zen, eta 70ean estrainatu. Oroitzapena daukat gurasoak, eta osaba-izebak-eta, Lizarrara joan zirela ikustera, eta gero etxeko atarian hizketan egoten zirela, “eta irudi hau halako tokian hartuta dago”, “eta beste irudi hori halakoan, eta…”. Feriatzaileak nobelaren jatorrian horixe dago: zinea eta Urbasa

​

Feriatzeak

Jatorrietako bat hori bada, bestea feriatzea da; nik nire bizitzan feriatze batzuk eta feriatzaile batzuk ezagutu ditut. Feriatze hitzak berak feriarekin du zerikusia, jakina, baina zabalpen semantiko bat eginez, zentzu hau hartu du hitzak: zerbait lortu, ez beharbada modu ezkutuan, baina ez oso modu garbian ere. Nik zentzu horretan erabiltzen dut. Feriatze batzuk kontatu nahi nituen nobela batean.

​

Planteamendu batzuk garbi hasieratik

Hasieratik oso garbi neukan ez nuela nahi heriotzarik nire nobelan, zer gerta ere; nork daki, beharbada hor kontatzen direnetako batzuk oraindik ez dira preskribitu. Garbi nuen halaber, ez nuela nahi bukaera dramatikorik.

​

Protagonistak

Protagonistak Luis eta Martin dira. Badira beste pertsonaia batzuk, noski, baina protagonistak haiek dira. Biak nahasita daude gasolinarekin egiten duten iruzur batean, biak alferez-gai dira, OPUSen ikasten ari direlako. Badakizue ikasten ari zinenean, garai horietan, soldadutza epeka egiteko modu berezia zela alferez izatea. Beraz, txortak dira (soldadutza egiten ari direnei esateko erabiltzen den hitza). Biak ongi kokatuta daude orduko gizartean. Luis irunshemea da, familia onekoa, eta Martin, ameskoarra, lur jabe txikien semea, Ameskoan askotan gertatu ohi zenez. Biek amarrua egiten dute gasolinarekin. Gasolina erosten dute eta gero zerbitzatutakoaren doblea kobratzen dute, eta diferentzia erdibana eginda gasolindegikoarekin, beren erdia poltsikora eramaten dute. Nik feriatze hori kontatu nahi nuen, eta ibilgailuekin loturiko beste feriatze batzuk ere.

​

Koktela

Orduan lagun min batek erakutsi zidan 69ko Diario de Navarra. Adiskideak bazekien zertan nenbilen, eta erakutsi zidana izan zen koktela. Orduan Estatu mailan koktel txapelketa bat egiten zen, baina aurretik probintziako fasea izaten zen. 69an hirugarren saria eman zioten Patton koktelari. Lizarbe izeneko barman batek prestatu zuen. Banekien koktelaren osagaiak, eta banekien zer zela-eta Lizarbe barmanak prestatu zuen koktel hau: Patton filmean aritutakoak egon zirelako Maissonave hotelean. Koktelaren osagaietako bat vodka zen, eta horrek ematen dio hasiera liburuari.

​

Hirugarren gizona

Hirugarren pertsonaia Pete Domezain da, teknikari lanetan ari den Ameriketarako aezkoar bat. Protagonistek txama egiten dute Domezainekin, eta ikusten dute feriatze handiagoa egiteko aukera: bi jeep eta kamioi bat. Eta gero bada hirugarren feriatze bat, baina hori ez dut kontatuko, spoilerrarena ez egiteko.

​

Pattonen aukeraren bigarren irakurketa

Pattonen filmaketa aukeratu izana atrezzoa baino ez da. Nik nobelan frankismoaren azken urteei buruzko gogoeta egin nahi nuen; eta gero, karlismoaz ere hitz egin nahi nuen. Asko idatzi da karlismoaz, baina nik uste nuen hemen nire ekarpena egin nezakeela. Izan ere, hiru amarru hauen bidez erakutsi nahi nuen karlismo ideologiaren gainbehera. Hemen ez dago horri buruzko tesirik, baina bai flash batzuk horren inguruan, eta hori ez da atrezzoa, hori funtsezkoa da nobelaren barruan.

​

Dokumentazio lana

Historialaria naiz ikasketez, eta artxibategiko lana ez zait arrotza. Hemeroteka-lan handia egin izan dut. Iruñeko Udal Artxibategian oso ongi tratatu naute. Gero, Nafarroako Liburutegi Nagusian ere dezente ibili naiz. Nire nahia zen fikzionatu nahi nuen hori gertagarria zela frogatu. Esaterako, Lizarra kaleko Intendentzia eta Ingenierosen kaxernen argazki zaharrak bilatu nituen (egun Corte Ingles dagoen tokian zeuden), nik nolabait, segurantza ematen didaten horrelako irudien beharra sentitzen dudalako. Horrela jakin nuen Pattoneko azkeneko eszenak Lizarrako kalean grabatu zirela, 69ko maiatzaren 16an, nahiz eta nik nobelan maiatzaren 2an izan zela esaten dudan.

​

Idazteko prozesua

Ezin izan dut tarte bat hartu horretara dedikatzeko; beraz, egunero goizeko 5:00etan jaiki eta ordutik eta lanera hasten nintzen arte hor ibili naiz, egunero, hainbat hilabetez.

​

Elkarrizketak

Irakurri dutenek azpimarratu dute elkarrizketek hartzen duten garrantzia. Hori nahita egin den zerbait da, nahi nuelako nobela bizia izatea eta tramaren parte bat elkarrizketen bidez ematea. Nahita alboratu ditut ahots orojakilea edo deskribapenak bezalako baliabideak, argi neukalako elkarrizketen bidez eman nahi nuela tramaren parte bat. Hori dela eta, lagun batzuek esan didate nobelak kriston abiadura duela, eta alde horretatik, speed-en apologia bat dela. Baliteke, baina hartaraz gero esan behar da, baita ere, nire nobelan lo gutxi, baina jan, oso ongi egiten dela.

​

Nobela maskulinoa

Hori ere esan izan didate, oso nobela maskulinoa dela, eta hori ere egia da, nahita bilatuta dago eta garaiarekin eta kontatzen denarekin lotuta dago, ezinbestez.

​

Hiztegia

Hiztegi berezia dauka nobelak, eta editoreekin negoziatu behar izan dut, sekula hiztegietan agertuko ez diren hitz batzuk nobelan sartzeko, baina orduko gaztelaniaz erabiltzen zirenak: klikol, txorta, txama…

​

Hari solteak nobelan

Nobelan, une batean, hilik jaiotako haur bati buruz eta moja batzuei buruz ari naiz; baina irakurle ohartua konturatzen da hilik jaio omen zen haur hori ez zela benetan hilik jaio. Nobelan halako hari solte batzuk daude, zerbait iradokitzen duten eta garatu ez diren hariak. Hor gelditu dira, beharbada hurrengo batean berriz hartu eta horiek garatzeko zain, beste historia batean. Berdin Iparraldeko bankaria, eta beste batzuk, edo Zigaren koadro bat... Badaezpada ere, hor daude.

​

Berrogeita hamahiru urteko idazle hasiberria

Nik aurten berrogeita hamahiru urte beteko ditut, dena normal badoa. Nik, literaturzale izanik ere, zeregin editoriala beste aldetik ikusi izan dut orain arte beti: editorialean jatorrizko testuak pasatzen zizkidaten, irakurri eta inkoherentziak eta raccord arazoak atzemateko. Halako batean, ordea, historia hau kontatzeko beharra sentitu dut, eta une batetik aurrera, zalantzak hasi zitzaizkidanean, editorialeko lagunek berek bultzatu naute, kale edo bale esanda.

 

Atsegin eta azkar pasatu da denbora solasean Patxirekin, ez baita zaila harekin barre goxo batzuk egitea. Bat-batean, bere maletatik koktelak egiteko osagaiak eta tresnak atera eta Patton batzuk prestatzen hasi da, trebezia eta barman estilo handiz, bertan geundenon pozerako (idazlea ezagutzen hasi gara, baina ez al gara barman handi eta oraindik ezezagun baten aurrean izango?)

Jakin ezazu zer aterako duen hurrengoan, sekula aldetik kentzen ez duen maleta horretatik.

​

Bizarbeltz pirata

​

​

aitzinekoak...

Martin eta Xabier

Etxeberria

​

Koro Nabarro

          

Juan Mari Mendizabal

​

Iñaki Irasizabal

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

Argazki

beltzak

bottom of page