GENEROAZ

Ez dakit benetan genero beltza maite ote dudan. Edo Raymond Chandlerren eleberriak gustatzen ote zaizkidan, besterik gabe. Nire zaletasunean misterio bat argitu beharko balitz ni neu genero ariketa baten protagonista bihurtzeko, horixe litzateke. Genero beltzari buruz zer sentitzen dudan jakitea. Maite dut, bai, baina Chandlerretik haratago… zenbat?

 

Generoa edo generoaren aita, zein maite dut gehien?

 

Hamasei urte inguru nituen bere liburu bat irakurri nuen lehen aldian (Betiereko loa, gaztelaniaz). Nerabea nintzen, beraz, eta hala ere -lotsa ematen dit aitortzeak, baina- oraindik buruz dakit bukaera (“de camino a la ciudad paré en un bar y me tomé un par de whiskis dobles. No me hicieron ningún bien. Todo lo que hicieron fue recordarme a Peluca de Plata. Nunca más volví a verla”).

 

Jarraian irakurri nituen beste guztiak, denak sukarretan. Bakarra aukeratu beharko banu Ez adiorik litzateke. Negarretan maitemindu ninduen baina ezin dut esan zergatik, bukaera kontatzea litzateke eta inork ez badu irakurri ez diot izorratu nahi. Irakurtzeko esan nahi diot. Zoaz! Alde hemendik! Irakurri! Philip Marlowek lagun bat egingo du, berak ere ez daki zergatik edo nola baina ez du lagun hori borroka triste eta luze bat eman gabe galduko. Ez behin, birritan baino.

 

Chandlerren eleberriak maskulinitatearen nobleziari egindako kantuak dira. Hiri sortu berriek egiten dituzten zauriei buruz hitz egiten dute eta rock and rollaren hiri-epopeia errebeldeen atariko dira, neurri handi batean.

 

Protagonista ezinezko heroi bat da, benetan funtzionatu duen azken arketipo erromantikoa, agian. Autorearen sentimentalismoak eta generoaren gogortasunak egin zuten posible eta testuaren literatur maila paregabeak egin zuen, betiereko, loa bezala.

 

Horregatik, ze inporta dio generoa maite badut edo zu zeu maite bazaitut? Adiorik ez, Chandler. Genero beltzak kontakizun kaskar asko utziko dizkigu eta errealiteateak narrazio beltz ugari. Baina zu hortxe mantenduko zara, ezta? Zeure arimaren jabe.

 

Eta neure bihotzaren jaun.

EZ ADIORIK

( Raymond Chandler )

ezadiorikbai.jpg

Argazki

beltzak

Irati Jimenez

aitzinekoak...

arnaldur eta erlendur

Itxaro Borda

          

uzta gorria: dashiell

hammett

Xabier Olarra

ripley trebea

Alberto Ladron Arana

imabelleren amodioz

Eneko Aizpurua

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

This site was designed with the
.com
website builder. Create your website today.
Start Now